Gian Lorenzo Bernini

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gian Lorenzo Bernini
Gian Lorenzo Bernini
Autoerretratua, 1623 aldean
Datu pertsonalak
Izen osoa Gian Lorenzo Bernini
Jaio 1598ko abenduaren 7a
Napoli, Napoliko Erresuma (egungo Italia)
Hil 1680ko azaroaren 28a
Erroma, Aita Santuen Lurraldea (egungo Italia)

Gian Lorenzo Bernini (Napoli, 1598ko abenduaren 7a - Erroma, 1680ko azaroaren 28a), Gianlorenzo edo Giovanni Lorenzo ere deitua, italiar arkitekto, eskultore eta margolari barrokoa izan zen, gehienbat Erroman lan egin zuena. XVII. mendeko eskultorerik handiena eta arkitekto bikaina izan zen. Berak sortu eta garatu zuen Barrokoko eskulturaren estiloa[1].

Ikaslea zenetik, trebetasun handia agertu zuen marmolean, errealismo eta dramatismo harrigarriaz, une narratibo baten esentzia itxuratzeko. Horrek Michelangeloren ondorengo bilakatu zuen. Bere talentua, eskulturan ez ezik, oso nabarmena izan zen arkitekturan eta margolaritzan ere. Arrunt gizon erlijiosoa zen, eta artea Kontrarreformaren zerbitzutan jarri zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gian Lorenzo Bernini 1598ko abenduan jaio zen Napolin, aita Toskanakoa eta ama Napolikoa zituela. Aita, Pietro Bernini, pintore eta eskultorea zen, eta haren lantegian trebatu zen alor horietan. 1605ean, familia Erromara aldatu zen, izan ere Pietro, Paulo V.a aita santuak deiturik, Santa Maria Nagusia basilikako Assunzione della Vergine marmolezko erliebea egitera joan baitzen. Antzinako Erromako arteak, batetik, eta Inazio Loiolakoaren erlijiozko espiritualtasunak, bestetik, eragin handia izan zuten Gian Lorenzorengan, eta artearen miresmena eta erlijioaren gurtza elkartzen zituen gaztetako giro hark betiko izan zuen eragina bai berarengan eta bai arteari buruz zuen ustean.

Apolo eta Dafne, 1622-1625, Galleria Borghese, Erroma

Artegintzako lehen urratsak pinturan egin zituela diote aditu batzuek baina, 1682an Florentzian argitaratu zen biografia baten arabera, zortzi urterekin hasi omen zen eskulturak lantzen. Artean oso gaztea zela, Paulo V.a aita santua eta Annibale Carracci margolaria haren iaiotasunaz ohartu ziren, eta Scipione Borghese kardinalaren babesa lortu zuen. Hasierako lanetako bat Villa Borgheseko Amaltea ahuntza (1615) da; eskultura horretan aise antzematen da Berninik gazte-gaztetatik marmola lantzeko zuen bikaintasuna, eta erabateko betetasunerako zuen joera, baita ikusleari eskulturaren ingurunearen sentipena aurkezteko trebetasuna ere.

Borghese kardinalaren babesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berniniren lanaren lehen aldian (1618-1625) aipatzekoak dira Scipione Borghese kardinalarentzat Villa Borghesen sortu zituen lau eskulturak, ospe handia eman baitzioten lehen mailako eskultore gisa -hala hasi ziren Erroman esaten Bernini «bere mendeko Michelangelo zela»-. Era berean, nabarmena da nola eskultura horietan Berninik manierismoaren garaiaz geroztik bazterturik zeuden forma klasikoak berriz ere aintzat hartu zituen.

Eneas, Ankises eta Askanio (1619) da eskultura horietan lehena; Berninik marmolean irudikatu zuen Eneasen ihesaldia Troiatik. 1622koa da Pluton eta Proserpina eskultura, Proserpina jainkosaren bahiketa irudikatzen duena. 1623koa da David Goliaten aurka, non David bakarrik agertzen baita, aurretik ikusita eta harria botatzeko jarreran. Apolo eta Dafne (1622-1625) eskulturak Ovidioren Itxuraldaketak idazlanean deskribatzen den gertaldi bat irudikatzen du: Apolok, maiteminetan, Dafne harrapatu nahi du, baina driade hori zuhaitz bihurtzen ari da, eta ikusleak orduantxe bere begien aurrean gertatzen ari dela sumatzen du, hain baita zehatza eta ondo irudikatua mugimendu hori.

Urbano VIII.aren eta Inozentzio X.aren aitasantualdiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitekto gisa 1623an hasi zen lanean Urbano VIII.a aita santuaren enkarguz. Santa Bibiana eliza berritzeko eta Erromako San Petri basilikako baldakina egiteko agindu zion. Baldakinoaren proiektuan Francesco Borrominirekin batera jardun zuen. Bestalde, Barberini jauregiko fatxada nagusia eta izen bereko kalera ematen duen fatxada egin zituen. Lan horiez gainera, Urbano VIII.ak beste agindu asko egin zizkion: Quirinaleko ataria, Done Joan Laterangoaren basilikaren aurrealdea eta bataiotegiaren kupula, Castel Gandolfoko lorategiko atea, eta Raimondi kapera San Pietro in Montorion.

Constanza Buonarelliren bustoa, 1637-1638, Bargello, Florentzia

San Petriko baldakinoa egiten ari ziren bitartean, Urbano VIII.a aita santuak gurutzadurako lau zutabeetan eskulturak jartzeko agindua eman zuen, eta haietako bat Berniniri egitea egokitu zitzaion: San Longinos (1629-1638), Kristo gurutziltzatuari saihetsean lantza sartu zion ehuntaria. Berniniren eskulturan Longinos kristautu zen unea dago irudikatua, besoak zabal-zabalik dituela. Michelangelok eskultura marmolezko bloke bakarretik «askatu» beharra zegoela esaten bazuen, oso bestelakoa zen horri dagokionez Berniniren iritzia eta jardunbidea, lau bloke behar izan baitzituen gutxienez ia lau metro t'erdi garai den eskultura hori egiteko.

Gaztaroko eskulturetan trebatu ondoren, hurrengo urteetan bustoak egin zituen, batik bat; arkitekturarekiko eta horma-zuloekiko lotura manieristatik askatu zituen, eta goi mailaraino eraman zuen erretratu eta eskultura mota hori. Erretratatuaren zati bat baizik erakusten ez badute ere, Berniniren bustoek bete-betean eta oso modu adierazgarrian irudikatzen dute erretratatutako pertsonaren nortasuna. Hark eginiko bustoen artean aipagarria da, ez bakarrik bizitasun handia duelako, baita ere Berniniren bizitza pribatuari dagokion bakarra delako, Constanza Buonarelli haren laguntzaile Matteo Buonarelliren emaztearen bustoa (16361637, Palazzo Bargello, Florentzia) Bernini zeharo maiteminduta zeukana.

1644an, Urbano VIII.a aita santua hil eta Inozentzio X.a haren ordezko izendatu zutenean, Berniniren eragina gutxitu egin zen: San Pedroko arkitektoaren titulua kendu zioten, eta aita santu berriak Borromini arkitektoa eta Alessandro Algardi eskultorea hobetsi zituen. Orduan, Bernini bezero pribatuentzat hasi zen lanean. 1647an ekin zion bere eskulturarik ospetsuenari, Santa Teresa Avilakoaren estasia, Cornaro familiak Santa Maria della Vittoria elizan zuen kaperarako.

Alexandro VII.aren aitasantualdia eta azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro VII.a aita santu egin zutenean, Berniniri eman zion hark, berriz ere, Vatikanoko lan nagusiak egiteko kargua: San Petriren plazako zutabedia, eta Castel Gandolfoko eliza (1658-1661), Sant'Andrea al Quirinale eliza (1658-1670) eta Aricciako Santa Maria dell'Assunzione (1662-1664).

Haren ospea horrenbestekoa zen, ezen 1665ean Luis XIV.a Frantziakoa erregeak Parisera joateko deitu zuen, Louvre jauregia handitzeko lanak egin zitzan. Zirriborro batzuk aurkeztu bazituen ere, azkenean uko egin zioten. Berninik, zapuzturik, Parisko artea arbuiatu zuen hiri gotikoa zela esanez. Bidaia horretan Luis XIV.aren soingaina egin zuen (1665, Versaillesko jauregia). Erromara itzuli zenean, nabarmen gelditu ziren haren sormena eta maisutasuna San Petri basilikako Sakramentu Santuaren aldarean, Santa Maria Maggioreko absidearen berrikuntzan eta Lamporecchioko Villa Rospigliosin.

Berniniren azken lanetako bat Alejandro VII.aren hilobia (1671-1678) izan zen. Aita santua erdian dago, belauniko irudikatua, beste munduan. Marmolez landutako oihal handi bat du azpian, eta ohial horren azpian ate misteriotsu bat dauka, benetakoa, eta orobat Herioren irudia, oihal horren artetik ageri dena hareazko ordularia duela eskuan. Inguruan ditu Egiaren eta Karitatearen alegoriak.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berninik eskala ezberdinetako lan arkitektonikoak egin zituen: hirigintza, leku sakratuak eta eraikin barneko proiektuak, eraikin zaharren berriztapenak eta lan berriak ere egin zituen. Haren arkitekturak ospe handia lortu zuen bere garaikideen artean, nahiz eta barrokoaren arkitektura adierazkera berriari dagokionez, haren ekarria aski mugatua den.

San Petriko baldakina (1624-1633) ospetsuan, arkitektura egitura baten eta eskultura erraldoi baten ezaugarriak elkartzen saiatu zen. Brontzezko koloma salomoniko handietan tradizioaren eragina erakutsi nahi zuen, eta baita Kontraerreformako Elizaren indarra eta luxua ere; proportzioak lotura dute tenplu handiarekin, eta saiatu zen kontrastea egiten hormetako kromatismoaren eta brontzearen kolorearekin. Zutabeen espiraletan boluta ikusgarriak jarri zituen. Eta guztiari amaiera emateko, urre koloreko lurra, gainean Gurutzea duela. Gero beste zenbait lan egin zuen Vatikanoko basilikan: San Petriren katedra (1657-1666), scala regia delakoa (1664-1666) eta, batez ere, San Petriren plazako arkupea (1656-1665), Bernini arkitektoaren lan nagusia dena eta inguruko eraikuntzekiko espazio eta masa arazoak zehazki aztertuak ageri dituena.

Hirurogei urte inguru zituela Castel Gandolfoko San Tommaso da Villanova, Aricciako Santa Maria Assunta eta Erromako Sant'Andrea al Quirinale elizak egin zituen. Castel Gandolfoko eliza (16581661) Pizkundeko elizetan oinarrituta egin zuen; oina greziar gurutzekoa da, kupula dotorea dago gurutzaduraren gainean eta fatxada oso handia da. Aurrealdea San Petriko basilikan oinarritua da. Aricciako Santa Maria Assunta elizan (16621664), berriz, Erromako Panteoiaren kopia bat egin nahi izan zuen; elizara arku klasikoko arkupe batetik sartzen da, eta bi aldeetara arkitrabeak dituzten aretoak daude. Dena dela, hiru elizetan nabarmenena Sant'Andrea al Quirinale (1658-1670) izan zen: oin obala du, eta zeharreko ardatzaren muturretan kaperak jarri beharrean harroinak paratu zituen.

Horrezaz gain, Palazzo Chigi (Ariccia), Palazzo Barberini (Erroma) eta Palazzo Montecitorioko (Erroma) lanak gainbegiratzen ere jardun zuen.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskulturaren alorra da Berniniren produkzioaren alderik nabarmenena. Trebetasun tekniko aparta erakusten du gaiak erabiltzerakoan (oihala, haragia, ilea…). Bestalde, konposizioan ikuspuntu bakarra agertzen badute ere, haren lanak irekiak dira, mugimenduaren bizitasuna edo keinuaren tentsioa ematen dutenak.

Santa Teresaren estasia, 1644-1652, Cornaro kapera, Santa Maria della Vittoria, Erroma

Gaztetako lanen artean Pluton eta Proserpina (1621-1623, Galleria Borghese, Erroma), David (1623–1624, Galleria Borghese, Erroma) eta Apolo eta Dafne (1622-1625, Galleria Borghese, Erroma) nabarmentzen dira. Geroago onduriko eskulturetan oparotasuna nabarmentzen da: Bertutea, Zuzentasuna eta Karitatea, Urbano VIII.aren mausoleoan (1628, San Petri basilika); Egia (1642-1652, Galleria Borghese, Erroma).

Bere maisulanetako bat, Santa Teresa Avilakoaren estasia (1644-1652), Cornaro familiak Santa Maria della Vittoria elizan zuen kaperarako egin zuen. Kapera hori bizpahiru mailatan mailakatutako antzoki baten gisa dago egituraturik, eta balaustrada batek bereizten du leku hori elizaren gune nagusitik. Eskultura, berez, aldarearen atzean dago, horma-zulo eliptiko batean barruan, eta bi zutabe bikoitz ditu alde banatan. Irudi multzoak aingeru bat irudikatzen du, gezi batez Teresa Avilakoari bihotza zulatzen ari zaiona, Santa Teresak berak bere estasi batez egin zuen deskribapenari jarraiturik. Aingeruaren eta Santa Teresaren irudien gainera datorren argi izpien sorta urrekolore bat irudikatu zuen Berninik atzealdean eta, argiztatu ere, goian duen leiho ikusezin batek argiztatzen du eskultura osoa. Horrez gainera, kaperako alboko paretetanbeste giza irudi batzuk ere daude, Cornaro familiko kideak estasi hari begira. Multzo oso horretako elementuen arteko loturek eta aipamen sinbolikoek tankeratzen dute kapera hori.

Konstantino zaldi gainean (1654-1670, Scala Regia, Vatikano) barrokoaren zaldi eskulturarik onenetakoa da. Ludovica Albertoni dohatsuaren eskultura-n (1671-1674, San Francesco a Ripa eliza, Erroma) Berniniren espresionismoak mailarik gorena iristen du. Gainera, bere garaiko pertsonaia askoren busto-erretratuak egin zituen: Paulo V.a (1618, Galleria Borghese, Erroma), Gregorio XV.a (1621, Ontarioko Arte Galeria, Toronto), Urbano VIII.a (1632, Galleria Nazionale d'Arte Antica, Erroma[2]) eta Inozentzio X.a (Galleria Doria-Pamphilj, Erroma[3]) aita santuak; Escoubleau de Sourdis (1622, Akitaniako museoa, Bordele) eta Scipione Borghese (1632, Galleria Borghese, Erroma[4]) kardinalak; Karlos I.a Ingalaterrakoa (1636; 1698an sute batek suntsitu zuen) eta Luis XIV.a Frantziakoa (1665, Versaillesko jauregia) erregeak; etab. Pintore gisa nabarmentzekoak dira San Andres eta Santo Tomas (1627), David (1631) eta autoerretratu saila.

Bere garaikoen artean ospe handia izan bazuen ere, eskultore gisa bereziki, Bernini hil eta handik gutxira hasi ziren haren lanaren aurkako gaitzespenak, eta ia bi mendez gaitzetsia izan zen, harik eta XIX. mendearen bukaeran bere garaian izana zuen ospe handia eta izen ona berreskuratu zuen arte.

Erromako iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau ibaien iturria, Erroma

Arte barrokoko dekorazio dinamismoari zintzo, Berniniren sormen talentudunenen artean Erromako iturriak daude. Horiek, lan publikoak ez ezik, Aita Santuen monumentuak ere ziren. Aipagarrienak Tritonen iturria eta Lau ibaien iturria dira. Iturria izan ez arren, Santa Maria Sopra Minerva enparantzako Obeliskodun Elefantea monumentu interesgarria da.

Tritonen iturria (Fontana del Tritone), 1643an bukatu zuena, Urbano VIII.aren omenez egin zuen. Triton irudikatzen du, eta badu berezitasun bat, alegia, ez duela arkitekturako inongo elementurik, eskulturaz bakarrik baitago osatua.

Bere iturri famatuena, Navona enparantzako Lau ibaien iturria (Fontana dei Quattro Fiumi), Inozentzio X.aren eskariz egin zuena, lau kontinenteetako ibai nagusien pertsonifikazioa da. Hainbat forma eta elementu desberdin bildu zituen Berninik iturri horretan. Mendi gisako bat irudikatu, eta lau ertzetan jainko banaren irudia ezarri zuen, lau kontinenteen ordezkari; eskultura multzo haren gainean obelisko erraldoi bat jarri zuen, oso modu bitxian kontrastea sortzen zuena plazako eraikinekin. Kondaira baten arabera, Berninik iturriko irudiak Sant'Agnese in Agone elizako fatxadari bizkarra ematen ezarri zituen, eliza hori haren arerio Francesco Borrominik disenatu zuelako. Baina kondairak hala badio ere, fatxada artean amaitu gabe zegoen iturria egin zuenean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Hibbard, Howard, Gian Lorenzo Bernini, Encyclopædia Britannica, britannica.com, http://www.britannica.com/biography/Gian-Lorenzo-Bernini. Noiz kontsultatua: 2015-10-24 .
  2.   Bernini - Ritratto di Urbano VIII, Galleria Nazionale d'Arte Antica in Palazzo Barberini, galleriabarberini.beniculturali.it, http://galleriabarberini.beniculturali.it/index.php?it/140/bernini-ritratto-di-urbano-viii. Noiz kontsultatua: 2015-10-23 .
  3.   Busti di Innocenzo X, arte.it, http://www.arte.it/opera/busti-di-innocenzo-x-4881. Noiz kontsultatua: 2015-10-24 .
  4.   Bernini - Busto di Scipione Borghese, galleriaborghese.beniculturali.it, http://galleriaborghese.beniculturali.it/index.php?it/110/bernini-busto-di-scipione-borghese. Noiz kontsultatua: 2015-10-24 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gian Lorenzo Bernini Aldatu lotura Wikidatan