Txikipedia:Itsas mihilu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Itsas Mihilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas mihilua (Crithmum maritimum) Apiaceae familiako landare belarkara eta halofiloa da, Crithmum generoko espezie bakarra.

Itsas Mihilua

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereizgarri ditu bere hostoak mamitsuak. Landare txikia da baina hainbeste hosto dituenez, haizeak nahiko gogor jotzen duen labarretan egoteko egokia den landarea da.

Bere hostoak, gainera, loditsuak, sukutsuak eta jangarriak dira. Usain berezi bat dute, anisaren antzekoa dela esan daiteke eta apio, perrexil eta mihilu usainak batera ere badituela esaten dute.

Oro har, landare hau oso adarkatua izaten da, 50 cm-ra irits daiteke. Lore ugari baina txikiak (2 mm-koak) ditu, eta berde-horixkak eta txapel formakoak izaten dira. Fruitu helduak berriz, berde-marroixkak izaten dira eta maiatza-ekaina bitartean loratzen dira. Hala ere, iraila arte iraun dezake loraldiak.

Familia honen barruan 50 genero pasatxo aipatzen dira Europan, horietako gehienak Euskal Herrian aurki daitezkeelarik. Kostaldean hazten da, besteak beste, Europa mendebaldean, Mediterraneoan, Ipar Afrikan eta Itsaso Beltzean.

Landarearen izenak adierazten digunez, kostaldeko landarea da, itsas inguruko habitat desberdinetan bakarrik hedatzen baita, batez ere labar eta ezpondetan. 200 metroko altueretan ere ager daiteke, eta geratzen diren azken dunetan ere topa daitezke. Kostaldeko itsaslabarretako arroken arrakalak eta zirrikituak itsas mihiluz okupatuta aurkitu ohi dira. Lur harritsuetan eta sakonera txikikoetan agertzen dira, itsasotik oso gertu.

Bere banaketa mugatua bada ere, nahiko arrunta dela esan behar dugu, eta homogeneoki zabaltzen da gure kostaldean.

Aurretik aipatu dugun bezala, bizi den ingurumen baldintzak nahiko muturrekoak dira. Gazitasun maila nahiko altuak jasan behar ditu. Kontuan hartu beharreko lehenengo gauza eguzkiaren esposizioa da. Landare honek udan Mediterraneoan izan ohi dituen tenperatura altuak nahiko ondo jasaten ditu. Egoki garatu dadin, eguzki-esposizio osoa beharko du, argi askoko eremuetan egon behar da eta itzalean ez du ondo irauten. Hemen izozte oso nabarmenak ez dauden arren, Crithmum maritimum izozteei aurre egiteko gai da -15 gradu arte.

Nahiko erresistenteak dira eta ez dute izurrite edo gaixotasun arazorik ere aurkezten. Ugaltzeko, nahikoa da udaberria itxarotea landarea hazi bidez ereiteko. Ez da transplantatu beharreko landarea.

Erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitxikeria bezala, olatuen eraginetik oso gertu daudenez, hostoen zaporea gazia dela diote eta entsalada-modura kontsumitzen omen dira. Batzuek apioaren zaporea gogorarazten diotela diote. Landareak dituen gai eta propietateak direla eta, marinelek eskorbutuari aurre egiteko hartzen zuten, bidaia luzeen ondoren eskorbutoak jota lehorreratzen zirenean. Izan ere, C bitamina ugari du eta oso baloratua zen itsasgizonen artean gaixotasunei aurre egiteko.

Bere hostoak jangarriak direnez, gero eta gehiago erabiltzen dira gaur egungo sukaldaritzan, baina esan beharra dago landare hau mendeetan zehar kontsumitu izan dela elikagai-iturri gisa. Zaporeari dagokionez, zainzuriaren eta perrexilaren ordezko gisa balio du.

Sendabelar gisa ere erabiltzen da Itsas Mihilua. Gainera, bere esentzia-olioa zenbait perfumetarako ere erabilia da.

Zenbait propietate sendagarri ditu, esate baterako, arazgarria, digestiboa eta diuretikoa da. Horrela, jende askok landare honen hostoak olibei gehitzen dizkiete.