Zergatik panpox

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zergatik panpox
Datuak
Idazlea Arantxa Urretabizkaia
Argitaratze-data 1979
Generoa Eleberria
Jatorrizko izenburua Zergatik panpox
Argitaletxea Hordago
Herrialdea Euskal Herria
Orrialdeak 63 (lehen edizioa)
ISBN (lehen edizioa) 84-7099-086-1 (lehen edizioa)

Zergatik panpox Arantxa Urretabizkaia idazlearen eleberri laburra da, 1979an lehen aldiz argitaratutakoa. Eleberria bere senarrarengandik banandutako emakume baten egun bateko bizipenak eta burutazioen haritik garatzen da, barne bakarrizketa moduan eta lirismo nostalgiko nabarmenaz, panpox deitzen dion seme txikiarekin eta ezkontide ohiarekin harremanen inguruan eta Txema senarra itzultzeko aldarri eginez. Bere lehen eleberria izan zen eta harrera bikaina izan zuen euskal literaturan; hain zuzen, idazlearen lan hoberentzat hartu izan da.[1] Seme txikiaren eta alde egindako senarraren haritik, bakardadea amatasunean, seme-alabenganako maitasuna, hirietako bizimoduak dakarren alienazioa eta emakumeek euren gorputzarekin duten harremana ere ditu gaitzat. Feminismo diferentzialistaren ikuspuntutik idatzita dago, emakumearen ezaugarriak nabarmenduz eta gizonarengandik bereiziz. Emakumea lehen aldiz subjektu moderno moduan hartuz, euskal literaturaren mugarri garrantzitsutzat jo da.[2][3]. Virginia Woolfen Mrs. Dalloway liburuarekin alderatu izan da, han ere barne-bakarrizketaz emakume baten eguna kontatzen baita. Zinemarako bertsio bat egin zen 1985 urtean Xabier Elorriaga zuzendariaren eskutik.[4]

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume batek gauean izan duen amets falikoa gogoratuz hasten du bakarrizketa. Ametsa etxetik alde egindako Txema senar galduarekin lotzen du. Burutazio horiek baztertu behar ditu bere seme txikiaren eztula aditzean. Jaiki eta egunaren gurpil itogarrian sartzen da, umearekiko kezka eta eguneroko zeregin eta arazoetan murgilduz, hala nola gosaria, garbiketa, arropa, erosketak, semea ikastolara eraman beharra eta bera ere lanera joan beharra. Haurra ikastolan utzita, lanera abiatzen da eta senar ohiarekin gogoratzen da bereziki. Laneko kontuei ezer gutxi aipatzen du, denbora hutsa bailitzan, eta senar ohiarekin bizitakoak ekartzen ditu gogora. Lana eta gero, ile-apaindegira doa, emakumeen fisikoari buruzko kezkak ekarriz gogora. Ikastolara haurra jasotzera joan behar du, ordea, eta berandutu egiten zaio. Egonezina eta erru sentimendua areagotu egiten dira seme txikia berandu heltzea aurpegiratzen dionean. Etxera heltzean, semea bainatu, afaria eman eta lotara eramaten du, ipuinak kontatuz. Tartean, etxetik alde egindako senarrarekin gogoratzen da behin eta berriz. Haurra lo, Txemarekin pentsatzen hasten da berriz. Bainatu egiten da eta egun osoan kezka izan duen hilerokoaren lehen arrastoak ikusten ditu, emakume moduan beti izan duen arazotzat. Bainatzen ari delarik, umea esnatu egiten zaio minez eta lasaitzera joan behar du berriz. Umea lo berriz, Txema berarekin itzultzeko desira azaltzen du; bere fisikoaren gainbeherari eta gizonaren sexu gogoari behar bezala ez erantzuteari egozten die alde egina. Azkenean, bere burua madarikatzen du senarra bere ondoan gordetzen jakin ez duelako. Lirismo handiz Txemaren itzulera irudikatzen du azkenean, baina etsipenez ametsak baztertu eta ama bakarti moduan bere bizitza irudikatzen duen negu hotza ikusten du bere aurrean.

Arantxa Urretabizkaia, egilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Arantxa Urretabizkaia»

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947-) Lur argitaletxearen taldean hasi zen idazten, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin batera besteak beste. Bere lehen lan literarioa San Pedro bezperaren ondokoak olerki bilduma izan zen 1972 urtean. Zergatik panpox (1979) bere bigarren lana izan zen eta guztietatik laudatuena. Berritzailea ere izan zen euskal literaturan, feminismoaren ikuspuntutik idatzia zelako bereziki, berak emakume aurretik pertsona dela baieztatu arren.[5] Ondorengo lanetan ere —besteak beste, Koaderno gorria (1998) eta 3 Mariak (2012)— emakumeak pertsonaia nagusiak dira, landutako gaiak ,aldiz, amatasuna eta maitasuna. Urretabizkaia kazetari eta hedabideetan ere nabarmendu izan da eta zineman ere jarduna da, bereziki gidoilari moduan. Euskaltzaina ere bada.[6]

Idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barne bakarrizketaz eleberri lirikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik bukaerara ama abandonatuaren barne bakarrizketaz idatziriko lana da. Egoera, sentimendu eta kontzeptuen arteko lotura aske eta berehalakoek eta esaldi diglosikoek batzuetan barne bakarrizketaz haratuago kontzientzia-jarioz eraturik dagoela frogatzen dute, bereziki narratzaile autodiegetikoa aritzen den emakume protagonista[A 1] bere seme txikiarekin dagoenean, bere pentsamenduak eta burutazioak modu automatikoan islatuz. Kontzientzia-jarioa nabarmentzen duen beste baliabide bat kontakizunean amak bere buruari hitz egitea da, narratzaile izateaz gainera narratario edo narrazioaren hartzaile ere bihurtuz horrela.[A 2] Liburuaren hasieran eta bukaeran, egunaren hasieran eta bukaeran hain zuzen, non atsedena hartzen ari den, emakumeak modu ordenatuago batez azaltzen ditu gogoetak; une horietan idazkera barne bakarrizketa lasai eta lirikoago batera iragaten da. Hala eta guztiz ere, bakarrizketan zehar bada beste ahotsen presentzia ere: Antxoen semearen ahotsa bereziki, baina baita eguneroko bizimoduan topatzen dituen beste pertsonen esanak eta oroitzapenetako ahotsak — senarrarenak eta amarenak — ere bere egiten ditu egileak tarteka, baina beti bere interpretazioak egiteko, perspektibismo ikuspuntu batetik. Modu horretan, lirismoa dario eleberriari hasieratik bukaerara, emakumeak bere pentsamenduak eta sentimenduak azaleratzen baititu etengabe. Horrela, irakurlea aurrez aurre geratzen da emakume protagonistarekin, bere gogamen-mugimenduekin hain zuzen.[7] Aldi berean, eleberriak bereziki gogoetak, hausnarketak eta oroitzapenak biltzen dituela jaso da eta ez egoera eta gertaera jakinak.[A 3]

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahozkotasuna nabaria da eleberri osoan zehar, barne solasak berak eta haurraren eta beste pertsonen hitzen bereganatzeak eraginda. Hizkera horretan bi hizkuntza erregistro bereizten dira batik bat: haurrarena eta erregistro diglosikoa. Bakarrizketan zehar, haurraren ahotsa errepikatuz eta horri erantzunez, maiz agertzen dira haur hizkerako esamoldeak: haurrari deitzeko erabiltzen duen panpox, potxolo, muxontzi, pirulo, txotxolo eta lehoikume deitzaile maitagarriak. Erregistro diglosikoa nabarmena da bereziki beste pertsonekin dituen harremanak bereganatzerakoan (ile-apaindegian, esaterako, ile-apaintzailearen hitzak gaztelaniaz erreproduzitzen dira hainbat tartetan: esaterako, Debería darse mechas, a su pelo le irían muy bien y le dulcificarían los rasgos), agian horien arroztasuna nabarmentzeko, nahiz haurrarekin dituen solasaldietan, indarrean dagoen errealitate diglosikoa naturaltzat hartuz (magia-boragia, Antxon pirulero gaztelaniazko haur kanta moldatuz, tardona deitzailea hartuz haurrarengandik eta horri pirulo edo pirulero deituz).[8] Beste alde batetik, erregistro diglosikoa irudi errealistak (kolakao, blandiblup, omega) sortzeko ere erabiltzen du, kontrastez lirikotasunez beteriko tarteak indartzen dituztenak. Ahozkotasuna indartzeko euskararen ahozkotasunean ohikoak diren esamoldeak (a ze tximak, tira), onomatopeiak (iapa, ale-hop), interjekzioak (jo, a, ai, kaka zaharra, ale), errepikapenak (panpox, musu (...) panpox, muxu) eta zerrendak (Porruak eta galtzetinak, gailetak eta botak zapatariarengandik.) ere erabiltzen ditu.

Denbora eleberrian: kronos eta kairos[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriak emakume protagonistaren barne bakarrizketa jasotzen du egun batean zehar, jaikitzen denetik oheratzen denera arte, atal zenbaitetan banaturik; hain zuzen,

  • ametsaren denbora,
  • gosariaren, haurra ikastola eraman eta lanera joatearen denbora,
  • lanaren denbora (goizetik arratsaldera luzatu arren, denboraren iragate hutsa dena),
  • ile-apaindegi eta haurra jasotzearen denbora,
  • afaldu eta haurrak lo hartzeko denbora,
  • emakumearen bainuaren denbora,
  • haurra esnatu eta berriz ere lo hartzeko denbora,
  • senarraren itzulera ezinezkorako denbora.

Harrapaturik egunbeteko denborako lanetan, denboraren iragate hutsa den kronos horretan hain zuzen, protagonistak flash-back etengabeak baina labur eta azkarrak egiten ditu bere kontzientzia-jarioan alde egindako senarrari buruz, eguneko bizipen eta irudi guztiak, baita haurrarenak ere, harekin lotuz eta horrela Txemak alde egitea historiako mugarri bakartzat hartuz. Historiako mugarri horren indarra emakumeak egunean zehar izandako gertaera hutsalen kontakizunak areagotzen du. Izan ere, liburu hasierako ametsaren kontakizuna eta egunaren hasiera Txemak alde eginez gero esaldiarekin dator, liburuan zehar maiz errepikatzen dena. Nostalgia eta, egunerokoan harrapaturik, kairos delako denbora historikoa berreskuratzeko ezintasuna dira modu horretan liburuko gai nagusiak. Liburuaren azken atalean, emakumea kontziente da historia amaitu eta etorkizunik ez dagoela; Txema bueltatuko balitz esaldiarekin hasi arren, bukaerako lerroetan emakumeak akabo dio etsipenez, betirako erlojua galduta erreferentziarik gabe, neguan zehar bere burua amiltzen ikusten duelarik.[ohar 1]

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amatasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste guztiaren gainetik, bere gogoz kontra bada ere, eleberriko emakume protagonista ama da. Emakumea izenik gabe azaltzen da eleberri osoan eta bera identifikatzeko erreferentzia nagusia ama da, amak bere semearen ahotsa jasotzen duenean, horrek horrela deitzen baitio beti. Beste batzuetan, ama hutsa izatea negatiboki baloratzen du (Txemaren emaztea Antxonen ama bilakatu denean, ez da bitartekorik jaio.). Ama izaera bestelako erreferentzien ezak indartzen du; adibidez, ile-apaindegira joatean, "Señora de?" (euskaraz, Noren andrea?) galdetzen diote soilik, eta galdera erantzunik gabe uzten da. Hala eta guztiz ere, bere baitan senarraren beharra aldarrikatzen du behin eta berriz, familia berrosatzearen aldera; azken atalean, hain zuzen, emakumeak familiaren batasuna irudikatzen du eszena lirikoen bitartez.

Senarraren ausentziak betetasuna eragozten badio ere, ama eta semearen arteko harremana funtsezkoa da, protagonistari guztiz eta sakon eragiten diona, era positiboan nahiz negatiboan (Ama izateko diziplina gogorra izan da niretzat. Axolagabekeria guztiak Antxonen irribarreen baten truke. Diziplina gogor bat dohain miresgarri batzuk lortuko baditut). Harreman hau kosmikoa dela aipatu izan da,[9] egunerokoaren gainetik amaren eta semearen arteko batasuna eta jarraitutasuna, naturako beste elementu batzuekin batera, nabarmentzen baita (Landare bat naiz, eta nire sustraiak lurraren sabeleraino jaisten dira (...) Lurraren sabeleko suzko odola sustraien muturretatik sartzen zait, zuri loa sudurreko hegaletatik sartzen zaizun bezala (...) Ni bizitza naiz, eta ukitzen dudan guztia bizirik egongo da.), amaren eta semearen gorputzen ukipen fisikoak indartuta (Ama, beti egongo nintzateke ni zure masailaren eta ilearen kontra).

Emakume abandonatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, emakumeak senarraren falta nabarmena sentitzen du; hain zuzen, etengabe errepikatzen du liburuan, maiz kapituluen hasieran Txemak alde eginez gero esaldia, senarrak alde egitea bere bizitzan galera eta mugarri garrantzitsutzat (Txema galduz gero, egunek ez dute erritmo normal bat. Goizaren eta arratsaldearen artean dagoen denbora, tarte bat da, zulo bat.). Nostalgiaz gogoratzen du harekin emandako denbora eta irrikatzen du harekin itzultzea, kosta ahala kosta (Esango nioke: zatoz, nire ileari lore usaina dario, nire bizitza zure sabelaren truke, nire askatasuna zure ipurdi goxoaren truke.). Gizonak bere independentziaren alde utzi zuen, emakumeak aldezten duen familiaren batasun ihesi (Uste nuen guk-gure esaterakoan ez nuela ezer interpretatzen, egia hutsa. H2+O=ura, batasun kimiko bat.; gizonaren hitzak bereganatuz, haren erantzuna dator: ez dut hirukote baten atal hutsa izan nahi.). Kontziente da itzuleraren ezinaz, beste emakumeen aldean gutxietsita ikusten baitu bere buruan (Txema bueltatuko balitz, baina zeren bila, baina zergatik, aise aurkituko ditu bazterretan hamaika neska.), haiek ederragoak eta erotismo handiagokoak izanik ((...) hamaika neska, izterretan zelulitis izpi bat ere ez dutenak, besapeko ileak leun eta goxo eskaintzen dituztenak, alaitasuna kutsatzen ikasiak.), Txemarekin izandako sexu-harremanetan arazo zenbait iradokiz (kontuz, maite, atzera eta aurrera (...) A mina egiten didazu (...) kontuz, kontuz, sexua bustia badago ere. (...) kontuz, minik eman gabe, poliki, bai, seguru errua nirea dela, kontzentratuko banintz), horiek gainditzeko "liburuetako trebetasun guztiak" ikasiko lituzkeela baieztatzen badu ere, hain zuzen "orienteko jakinduria guztia berrogei durotan eta zazpi ordutan". Bere egoeraren interpretazioan protagonistaren erruduntasun sentimendua ere hautematen da ((...) madarikatua gizona gordetzen jakin ez duen andrea (...)). Azken atalean, emakumeak irrikatu baino erregutu egiten du Txema itzultzea, baina modu tragiko batean, guztiz etsita patu bakartiaren aurrean (nola ailegatuko naiz, panpox, beste negu baten hotz baten bukaeraraino.). Zenbaiten ustez, emakumeak Txemarekin duen maitasun-harremana anormala eta irreala da, nekez uler baitaiteke horrelako sentimendu hain denbora luzean irautea; kritika horren aurka, ordea, fikziozko lanetan izaten den anormaltasun orokorra aipatu da.[10]

Feminismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberria lehen aldiz plazaratu zen garaian goraldian zegoen diferentziaren feminismoa dario kontakizunari. Diferentzia fisikoez gainera (emakumeak guztiz arrotz ikusten duen zakil batekin duen ametsa baloratzean hau dio: Nahiago dut nire zuloa. (...) Baina zulo bat edukitzea arriskutsua da: edozer gauza sar daiteke barrura), gizonek gizarte rol desberdina dutela, boteretsuagoa, ere aditzera ematen da: emakumeak sentikorrak dira (Agian nik xamurkiago kontatua, jakina, emakumeon sentsibilitatea.) eta gizonak gogorrak (Beti pentsatu nahi izan dut egun batean Txemak gizonezkoen disfraza kenduko zuela, alamierda koraza eta armadura guztia.). Protagonistak emakumearen esentzia hobesten du gizonaren aldean ((...) esperantzatan nengoenean, neska bat nahi nuen (...) Eta mutil bat jaio zen, Txemaren pozerako, garaileen kastako kide bat (...)). Hala ere, protagonistak amatasuna proposatzen du emakumearen esentzia munduan ezartzeko (Hala ere, panpox, (...) zu izango zinen lehenengo gizon korazagabea (...)). Bi generoen artean nabarmentzen den beste ezaugarri bat familiarekiko jarrera da: Txemak independentzia eta askatasuna bilatzen dituen bitartean (horren bila egin du alde gizonak), emakume protagonistak bi generoen arteko elkarbizitza, familiaren baitan, lehenesten du.

Emakume alienatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizi den sistema sozioekonomikoan (1970eko hamarkadako Hego Euskal Herrian, hain zuzen) emakume langile moduan, eta haurra zaintzeko ardura hartzen duen guraso bakarra izanik, protagonista egunerokotasunean harrapaturik sentitzen da, bere sentimenduak adierazteko aukera emango liokeen denbora kontzienterik gabe gabe. Hain zuzen, bere sentimenduak azaltzen dituen pasarte lirikoak liburuaren hasieran eta bukaeran loaren baitan (lehen ataleko ametsa, hain zuzen) eta lo egiterakoan gertatzen dira. Denbora objektiboak ezartzen dion egunerokotasun horretan alienazioa nabarmena da: emakumearen kontzientzia-jarioa nahasia eta azkarra da eta ekintzen, kezken eta oroimenen arteko lotura labur eta azkarrak egiteko gauza da soilik, diskurtso koherenterik gabe. Idazkera azkarrak garbi azaltzen du aztoramena eguneko une batzuetan ( (...) labadoran sartu, nahiko betea dago, xaboia bota, martxan jarri, horrela arratsaldean, etxerakoan, arropa zabalduko dut, zortziak. Tea egiteko ura berotzen jarri, tea erosi beharko dut, a, eta arroza eta fruta). Erlojua eta bere denbora alienazioaren alegoria moduan agertzen da, kontakizunean zehar orduak markatzen behin eta berriz eta zereginak inposatuz emakumea menderatzen duen gailu moduan; hain zuzen, erabiltzen duen erlojua senarrak oparitu zion berarekin konprometitzean ( (...) el reloj de pedida, potxola, maite, omega bat, ia-ia zure eskumuturra bezain polita, betirako erloju bat), idazleak garbi utziz horrela ezkontzak emakumeari dakarkion morrontza. Emakumearen berezko autodiziplina eguneroko zereginetan ere ez da aski: semaforoek eta polizia-kontrolek, gainera, eragotzi egingo diote haurra ikastolara garazi eraman eta jasotzeari.[11] Horietaz gainera, emakumeak lanari egozten dio haurra garaiz ez jasotzea ( (...) lan asko nuen, jolin, nondik uste duzu aterako dugula dirua ba (...)), alienazioaren jatorria finean sistema kapitalista dela agerian.

Emakumearen gorputza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberrian nabaria gorputza sentsualitate iturri moduan (aurpegia leun leun edukitzeko da, panpox, baina ama, zurea beti suabe dago; nola gustatzen zaidan zaidan Antxonen ibilera, gerriaren mugimendua, sorbaldak ia mugitu gabe, zatoz, nire ileari lore usaina dario, nire bizitza zure sabelaren truke, nire askatasuna zure ipurdiaren goxoaren truke, Xamurtasuna, ipurdiko azal txuri leuna, eskuinarekin zure bizkarra, lepotik ipurdiraino laztantzen dudan bitartean). Hala ere, gorputzen sentsualitatearen iragankortasuna ere nabarmentzen da kontakizunean (non galtzen dira mutil koskorren ipurdiak), modernitatearen zantzu moduan[ohar 2], bereziki emakumeen gorputzari dagokionean, protagonistak bertatik bertara etsipenez pairatzen duena (Gorputza txukundu, ea kobratzerakoan erosten dudan zelulitisaren kontrako xaboia, madarikatua zimurrekin batera errespetagarritasuna lortzen ez duen emakumea, baina ni polita nintzen neska koskorretan, hobe gorputza analizatu gabe bizi dutenak, ni bezalako landare nekatuei ez zaizkie ostoak ateratzen) eta finean maitasun absolutua eskuratzeko ezintasuna adierazten duena (Zer egon daiteke emakume hauen kopetaren atzean, zahartzeko eta abandonatua izateko beldurrik ez duenak, bota dezala lehenengo harria).

Narrazioan kontatzen den gertaera nagusietakoa da emakumearen hilekoa, behin eta berriz asaldatzen duena desgaraiko neke moduan, beste arazoei gaineratuz. Beste egoerekin maiz harilkatzen den gertaera izateaz gainera, hilekoa emakumearen patuaren metafora ere bada: emakumeak atzeratzea nahi duen zirkunstantzia da, baina egunaren bukaeran saihestu ezin dezakeena, bere gainbehera emozional eta fisikoa islatuz.

Argitarapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Paperean,
    • Lehen edizioa: Hordago, Donostia, 1979.
    • Berrargitarapenak: Erein, Donostia, 1985, 1988, 1991, 1997.
  • Argitarapen elektronikoa, Erein, Donostia, 2010, EPUB formatua.
  • Itzulpenak,
    • katalanez, Per que menut?, Libres del Mall, Bartzelona, 1982.
    • gaztelaniaz, Por qué, Panpox?, Libres del Mall, Bartzelona, 1986.
    • gaztelaniaz, Por qué, Panpox? / San Pedro bezperaren ondokoak, Orain, Hernani, 1995.[A 4]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Antzinako Grezian, kronos gertaera inperfektuen denbora da, gertaerak hasi eta bukatu besterik egiten ez diren denbora iragate hutsa, non subjektua harrapaturik geratzen den. Kairos, berriz, denbora historikoa da, mugarrien denbora, ahaztezina, iraganezina eta beti present dagoena. Ikus: (Gaztelaniaz) Amanda Núñez: Los pliegues del tiempo: Kronos, Aión y Kairós.
  2. Charles Baudelairek adierazten zuen bezala: « Modernitatea iheskorra, iragankorra, kontingentea da, artearen erdia, beste erdia betierekoa eta aldaezina izanik » (Le Peintre de la vie moderne, "La Modernité").

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Iratxe Gutierrez, 2002: Malkoen mintzoa. Arantxa Urretabizkaia eta eleberrigintza, Utriusque Vasconiae.
  1. , 87 or..
  2. , 89 or..
  3. , 77-78 or..
  4. , 193 or..
  • Beste erreferentziak
  1. (Gaztelaniaz) Olaziregi Alustiza, Mari Jose. (2005). Arantxa Urretabizkaia. .
  2. www.gaur8.info. (2011-09-30). Gema Lasarte: «Sotana literatura izan den honetan, 'non dago emakumea?' galdetu nion neure buruari». .
  3. «Ehunka lagun 'Zergatik panpox' irakurtzen» Diario Vasco 2012-06-15.
  4. (Gaztelaniaz) Olaziregi Alustiza, Mari Jose. Narrativa vasca del siglo xx: una narrativa con futuro. ..
  5. (Gaztelaniaz) Alustiza Olaziregi, Mari Jose. (1999). «Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura» Oihenart (Eusko Ikaskuntza): 41.
  6. (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Arantxa Urretabizkaia. . Noiz kontsultatua: 2013-06-07.
  7. (Gaztelaniaz) González, José Ramón. (2010). «El perspektibismo lírico de Ramón Pérez de Ayala» Revistas - Anales de Literatura Española.
  8. Alustiza Olaziregi, Mari Jose. (1999). «Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura» Oihenart (Eusko Ikaskuntza): 47-48.
  9. (Gaztelaniaz) Lasarte Leonet, Gema. (2011). «La maternidad en el imaginario de las escritoras vascas» Feminismo/s..
  10. (Gaztelaniaz) Alustiza Olaziregi, Mari Jose. (1999). «Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura» Oihenart (Eusko Ikaskuntza): 42.
  11. (Gaztelaniaz) Flores, Gonzalo. (2011). «Kafka: La Razón de lo Absurdo» Contratiempo.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]