Zerrenda:Manifestazioetan edo protestetan hildako euskal herritarrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Manifestazioetan edo protestetan hildakoa euskal herritarrak euskal gatazkan hildako euskal "zibilak" dira. Askotariko manifestazio eta mobilizazioen esparruan, Legea Betearazteko Ardura duten Funtzionarioentzako Jokabide Kodean eta Legea Betearazteko Ardura duten Funtzionarioek Indarra eta Su-armak Erabiltzerakoan bete beharreko Oinarrizko Printzipioetan bilduriko printzipioak urratu ziren egoerak. Gehienak Euskal Herrikoak dira baina ez guztiak. Asko arrazoi politikengatik hil zituzten baina beste batzuk ez dute arremana politikarekin.

Hildako guztiek duten gauza amankomuna zera daː beraien hiltzaileek izan zuten inpunitatea. Polizi hiltzaile hauek gehienetan ez zituzten epaitu eta are gehiago epaitu izan ez eta askotan soldata eta postua igo zitzaien.

Zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969/10/29ː Erandion. 31 urteko gizonezkoa, ezkondua, Josu Murueta bi seme-alabaren aita. Polizia Armatuaren agente batek gertutik botatako tiro batek sabelean jotzearen ondorioz hil zen; atmosfera-kutsaduraren aurka herriko lantegiek, eta batez ere Remetal eta Indumetal lantegiek, egindako greba orokorra (hilak 28) igaro eta egun batera zauritu zen (hilak 29).[1] Ospitalean hil zen 30ean. La Gaceta del Nortek honela zioen 31n: “Tamalgarria izango litzateke zorigaiztoko gertakari hauetan sortutako tentsioa iraultzaileek baliatu nahi izatea, beti prest baitaude ordena publikoko arazo gehiago sortzeko, eta agintariek ezin diete utzi. Baina, agintea dutenek beren bidezko eta legezko lanean neurri zapaltzaileak erabiltzea ere tamalgarria da, tentuz erabiltzen ez badituzte, larriak izango diren egoerak sortuko baitituzte, eta gu guztiok horiek saihestu behar ditugu, oso larriak direlako” [2]. Gaur egun erandion bere omenez plaza batek eta bertan dagoen Kultura Etxeak bere izena darama.[3]

1969/11/12 Erandion. Anton Fernandez 55 urteko gizonezkoa, ezkondua, bi seme-alabaren aita eta bi biloben aititea. Urriaren 28an Guardia Zibilak jaurtitako tiroek larriki zauritu zuten, auzokoek, eta batez ere Remetal eta Indumetal lantegiek, atmosfera-kutsaduraren aurka eginiko greba orokorrean. Bekain baten gertutik sartu eta burmuineraino iritsi zen bala. La Gaceta del Nortek honela zioen: “Zauritua laugarren solairuan bizi zen eta etxeko balkoira irten zen eta emazteari etxe barrura sartzeko eskatu zion, arriskuak saihesteko. Kasualitatez, bala galdu batek bekokian jo zion”. Beste lau pertsona ere balaz zauritu ziren, eta bat hil egin zen. Egun horietan, Polizia Armatuaren zalditeria konpainia hainbat auzotatik ibili zen; auzo horietako etxeetako balkoietan, zintzilik zeuden dolu-xingola zeramaten maindire zuriak. Erantzukizunak ez dira argitu.[4][5].

1970eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970/12/08 Eibarren. 21 urteko gizonezkoa, Roberto Pérez Jauregi aitaren lantegian lan egiten zuen argiketari gisa. PCEko kidea zen. Kale-jantzian zihoan polizia batek gertutik balaz zauritu zuen abenduaren 4an, Burgosko Epaiketaren aurka protestatzeko manifestazio batean. Ondoren, kategoriaz igo zuten polizia hori, eta Valladolidera eraman. Greba orokorraren bigarren eguna zen. Bere anaiak Deian honela zioen: “Eibar Guardia Zibilez josita zegoen eta kale-jantzian zihoazen polizia batzuk herriko kale batetik iritsi ziren eta ‘parean zuten guztiari tiro egiten zioten’. Manifestazioa desegin eta batzuk mendira ihes egin zuten. Beste batzuk, berriz, ahal zuten tokian ezkutatu ziren. ‘Etxera iritsi nintzenean jakin nuen anaiari tiro egin ziotela. Oso gertutik tirokatu zuten, eta zen bala galdu bat izan, agintariek esan bezala’. Gibela txiki-txiki eginda eta osatu ezinik, lau egun geroago hil zen Donostian”.[6][7]

1975/08/31 Donostiako Gros auzoan. 23 urteko gizonezkoa, Jesús Garcia Ripalda EMKko kidea. Polizia Armatuaren sarjentu batek, Gipuzkoako hiriburuko Marianistak ikastetxean Gorputz Hezkuntzako irakaslea zenak, taberna baten sarreratik tiro egin zion Garmendiaren, Txikiren eta Otaegiren epaiketen aurka protestatzeko pankarta bat zeramanean.[8]

1976/03/03 Gasteizen. 19 urteko gizonezkoa, Gasteizko Agrator enpresako langilea. Polizia Armatuaren zenbait taldek tiro egin zuten San Frantzisko Asiskoaren elizatik irteten ari ziren langileen eta herritarren aurka, M-3ko greba orokorraren egunean antolatutako batzarrean. Bost langile hil ziren eta ehun pertsona baino gehiago zauritu ziren, gehienak balaz. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian gertatu zen hilketa.

1976/03/03 Gasteizen. 17 urteko gizonezkoa. Ikaslea zen, eta aldi berean okindegi batean lan egiten zuen. Polizia Armatuaren tiroen ondorioz hil zen San Frantzisko Asiskoaren elizatik irtetean, M-3ko greba orokorraren egunean. Bost langile hil ziren eta ehun pertsona baino gehiago zauritu ziren, gehienak balaz. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian gertatu zen hilketa.

1976/03/03 Gasteizen. 27 urteko gizonezkoa, Forjas Alavesas enpresako langilea. Polizia Armatuaren tiro baten ondorioz hil zen, San Frantzisko Asiskoaren elizatik irtetean. Elizan greba orokorrari buruzko informazio-batzarra egin zuten. Bost langile hil ziren eta ehun pertsona baino gehiago zauritu ziren, gehienak balaz. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian gertatu zen hilketa.

1976/03/03 Gasteizen. 32 urteko gizonezkoa, Gasteizko Basa enpresako (Grupo Arregui) langilea. Polizia Armatuak larriki zauritu zuen martxoaren 3an, greba orokorraren egunean. Beste lau langile hil eta ehun baino gehiago ere zauritu ziren, gehienak balaz. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskian gertatu zen hilketa.

1976/03/08 Basaurin. 18 urteko gizonezkoa. Guardia Zibilaren agenteen tiroen ondorioz hil zen, Gasteizko M-3ko heriotzak salatzeko protesta-manifestazio batean.

1976/03/14 Erroman. 52 urteko gizonezkoa, ingeniaria. Espainiako enbaxadaren aurrean, martxoaren 3ko Gasteizko hilketen aurka egindako protestaren aurka Italiako poliziak jaurtitako tiroen ondorioz hil zen.

1976/04/06 Gasteizen. 30 urteko gizonezkoa, Grupos Diferenciales taldeko langilea. Martxoaren 3ko greban izandako zauriengatik hil zen ospitalean. Polizia Armatua Gasteizko San Frantzisko elizan sartu zen. Bertan langileen batzar bat egitea zegoen aurreikusia; parrokoaren erabakia eta konkordatuak zioena ez zituzten aintzat hartu, eta aterarazi egingo zituztela mehatxatu zieten. Segundo batzuk geroago, jendez gainezka zegoen eraikinera gas negar-eragileak bota zituzten, eta haserrea, eta batez ere, izua sortu zuten. Aurretik irten zirenak, erdi itota zeudenak eta ahoan zapiak zituztenak, jipoitu egin zituzten hegaletik, eta aurrean zihoazenak metrailetekin eta pistolekin tirokatu zituzten. Bost langile hil ziren eta ehun pertsona baino gehiago zauritu ziren, gehienak balaz.

1976/09/08 Hondarribian. 24 urteko gizonezkoa, delineatzailea. Amnistiaren aldeko manifestazio batean hil zen, herriko jaietan. Tiroak egin zituen guardia zibila 1977/11/29an amnistiatu zuten, eta 1977/12/01ean kausa artxibatu egin zuten.

1977/01/09 Sestaon. 16 urteko gizonezkoa, Babcock Wilcox enpresako langile baten semea, CCOOn afiliatua. Bihotzekoaren ondorioz hil zen manifestazio baten aurkako polizia-karga batean; ke-potoak eta gomazko pilotakadak jaurti zituzten. Dirudienez, mahai-futbolak zituen lokal batean zegoen eta polizia bertara sartu zenean, ikaraturik, taberna batera joan zen, babes bila. Hala ere, gertakariak amaitutakoan, lurrean etzanda topatu zuten eta aurpegia ubelduta eta handituta zuen. Hilik eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Bere hileta-elizkizunean, meza eman zuen apaizak esan zuenez, “beldurrez ere hil gaitezke”.

1977/03/14 Donostian. 20 urteko gizonezkoa, Jose Luis Aristizabal enpresa-ikasketak egiten ari zen. Bi egun lehenago (martxoak 12), Polizia Armatuak botatako gomazko pilota batek larriki zauritu zuen, auto barruan zegoela, Amnistiaren aldeko I. Astean, eta horren ondorioz hil zen. Bera izan zen Euskal Herrian pilotakada batekin hil zuten lehena.[9]

1977/03/30 Donostian. 68 urteko gizonezkoa, Isidro Susperregi, Errenteriakoa, ANVko kidea. Martxoaren 15ean Polizia Armatuak manifestazio batean zihoazenen aurka botatako gomazko pilota batek zauritu zuen, Donostiako Kursaalaren parean. Bera izan zen pilotakada batez hil zuten bigarren euskal herritarra.

1977/05/12 Errenterian. Erretiratua, 78 urteko gizonezkoa. Pasai Antxokoa zen, baina Errenterian bizi zen. ELA sindikatuko kidea izana zen, eta nazien aurkako erresistentzian jarduteagatik kondekoratu zuen Frantziak. Zumardian zegoen, informazio-batzar batetik gertu. Greba orokorraren eguna zen. Panier Fleuri jatetxearen ondoan pilatutako guardia zibilen tiro batek eman zion; sei guardia zibil zeuden han. Balak toraxa zeharkatu zion. Gobernadoreak gertaerak argituko zituela agindu zuen, eta “lekukoek tiroak egin zituen agentea identifikatu” zuten arren, ez zuten ezer egin.

1977/05/13 Iruñean. 72 urteko gizonezkoa. Bihotzeko baten ondorioz hil zen balkoian zegoela, tiro batek bertan jo ondoren, amnistiaren aldeko manifestazioa egiten ari zirenean. Sekula ez zen jakin tiroa egin zuen poliziaren izena.

1977/05/13 Iruñean. 28 urteko gizonezkoa, Aranjuezekoa zen, eta haren familia Beraun auzoan bizi zen, Errenterian. Tipografo gisa jarduten zuen “La Voz de España” egunkariaren tailerretan. CCOOko txartela zuen. Gertaeraren lekukoen arabera –Nafarroako Antsoain herriko alkate ohia, besteak beste–, tiro bat jaso zuen lepoan Nafarroako hiriburuko Manuel tabernaren sarreran. Lurrera erori eta polizia batek kolpatzen jarraitu zuen. Lekukoek egilea identifikatu zuten (kabo-maila zuen), baina ez zuten prozesatu.

1977/05/23 Errenterian. 63 urteko gizonezkoa. Ospitalean hil zen; maiatzaren 13an balaz bularrean zauritu zen Biteri kaleko bere etxeko balkoian zegoela, greba orokorraren bigarren egunean. 22:30ak ziren, eta ez zegoen istilurik kalean. Dirudienez, Errenteriako Altamira menditik bota zuten tiroa, eta bertan Polizia Armatuaren patruila bat zegoen. Gobernadoreak kasua argituko zuela hitz eman zuen, baina inoiz ez zen jakin tiroa nork egin zuen.

1978/07/08 Iruñean. 22 urteko gizonezkoa, German Rodriguez LKIko eta ikasleen CENeko kidea. Polizia zezen-plazara sartu zen, Sanferminetan, eta polizia-kargak izan ziren. Polizia baten tiroen ondorioz hil zen, zezen-plazatik gertu, polizien esku-hartzearen ondorioz sortutako protestetan, eta 80 bat pertsona zauritu zituzten.

1978/07/11 Donostian. 19 urteko gizonezkoa, Astigarragakoa. Nuklearren Aurkako Batzordeetako kidea izandakoa. Iruñako Sanferminetan hil zuten German Rodriguezen heriotzaren aurkako protesta batean parte hartzen ari zen Donostiako San Bartolome auzoan, kale-jantzian zihoan polizia batek Aldapetako aldapatik pistolarekin tiro egin zionean, eta hil egin zen. 1985/07/30ean, artxibatu egin zuten kasua, behin-behinean, hirurogei polizia baino gehiagok deklaratu ondoren, eta ez arma, ez eta tiroen egilea nor izan zen argitu gabe.

1979/06/03 Tuteran. 23 urteko emakumezkoa, Gladys del Estal, ikaslea eta langilea. Donostiako Nuklearren aurkako Batzordeetako eta Egiako talde ekologistako kidea. Energia nuklearraren aurkako eta Bardeetako tiro-eremuaren aurkako nazioarteko eguna zen. Kokotean tiro bat jaso zuen, bake-bakean eserita zegoenean. Tiroa egin zuen guardia zibilari 18 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Urte gutxiren buruan kondekoratu egin zuten bere “merituengatik”, Nafarroako Erriberan.

1979/06/29 Errenterian. 78 urteko emakumezkoa. Aurkako noranzkoan zihoan Polizia Nazionalaren ibilgailu batek harrapatu zuen, ibilgailua manifestazio bati aurre egitera zihoanean.

1979/09/01 Donostian. 18 urteko gizonezkoa, Antigua auzokoa (Donostia). Kale-jantzian zihoan polizia batek tiroa eman zion bularrean, Donostiako udaletxearen ondoko barrikada batean zegoela, eta horren ondorioz hil zen.

1980ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984/11/23 Bilbon. 53 urteko gizonezkoa, bi seme-alabaren aita, Euskalduna Ontzioletako langilea. Tentsioak eragindako bihotzekoak jota hil zen, ontziolen eremuaren barnean poliziaren kargatik ihesi zebilela. Langileek itsasadarreko ontzi batera jo zuten babes bila. Poliziak “galarazi egin zuen inor ontzitik ateratzea, hari laguntzeko” eta “atera genuenerako ezin izan genuen bizkortu, eta hil egin zen”.

1990eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994/05/14 Iruñean. 77 urteko gizonezkoa, Iruñakoa. Apirilaren 17an ospitaleratu zuten bihotz-biriketako gelditze baten ondorioz, egun hartan Polizia, Alde Zaharrean, manifestazio bat sakabanatzen ari zela jaurtitako ke-poto bat haren etxebizitzan sartu ondoren. Bere pisukidea ere ospitaleratu egin zuten arnastutako kearen ondorioz. Poliziak ez zuen tiroaren egilea identifikatu, eta Probintzia Auzitegiak salaketa artxibatu egin zuen.

1995/02/09 Ondarroan. 68 urteko gizonezkoa, Bizkaiko herri horretakoa. Bihotzekoak jota hil zen Ertzaintzako zenbait kidek herriko polizia-etxetik gertu astindu ostean. Amnistiaren aldeko batzordeetako kide bat asteko batzarra deitzera zihoan ibilgailu baten megafoniatik; ertzainek ahalegin hori oztopatu nahi izan zuten, eta hildako gizona gaztearen defentsan atera zen.

1995/06/30 Donostian. 58 urteko emakumezkoa, Rosa Zarra, sei seme-alabaren ama, Gipuzkoako hiriburukoa. Ekainaren 22an Ertzaintzak gertutik botatako pilotakada bat jaso zuen sabelaldean, Amarako Bakearen Usoaren aurreko kontzentrazio batean, eta Donostiako Osasun Egoitzan hil zen, infekzio orokorraren ondorioz. Familiak salaketa bat jarri zuen tiroak egin zituena nor zen jakitera eman zezaten eta hau adierazi zuen: “ez dugu zalantzarik, tiroa nahita egindakoa izan zen, eta ez zion ihes egin, eraso bortitza izan zen, ez baitzen inolako probokaziorik izan eta inork ez baitzuen ezer oihu egin” (Gernikako seme-alabak, 536. or.) Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak mehatxu egin zuen, zorigaiztoko amaiera hura Ertzaintzaren erruz gertatu zela zioena auzitara eramango zuela esanez, eta heriotza eragin zuen pilotakada zirkunstantzialtzat jo zuen, hildakoak giltzurrun bat transplantatua baitzuen. Ez auzitegiko medikuek, ez eta epaileak ere, ez zuten loturarik ikusi polizien jokabidearen eta heriotzaren artean. Toxikologiako Institutuak ere ez zuen loturarik ikusi. Horri buruz, hildakoaren familiako medikuak hau erantzun zuen publikoki, eta profesionala zen aldetik: “garbi dagoena zera da, Rosa pilotakadaren egunera arte ongi zegoela, eta pilotakadak jo eta handik zortzi egunera hil zela”. Bestalde, familiako perituak esan zuenez, heriotza “sabeleko traumatismo batek eragindako shock septiko batek” eragin zuen, baina epaileak azkenean kasua artxibatu zuen urte hartako irailean

2000ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004/03/14 Hernanin. Herri horretakoa, 58 urtekoa; Kontxi Sanchiz hiru alabaren ama. Bihotzekoa jasan zuen, Ertzaintzak aurreko eguneko Angel Berruetaren heriotzarengatik protestatzeko manifestazio baten aurka karga egin ondoren. Herrizaingo Sailak ukatu egin zuen kausa-efektua erlazioa. Lekukoek, aldiz, karga “basatia” izan zela adierazi zuten, eta “ateratzeko astirik ez zutela izan”. Biktimak atari batera jo zuen babes bila, eta bertan “zerraldo erori zen”. Alabak adierazi zuenez, ertzain bati laguntza eskatu zion, baina ertzainak ukatu egin zion. Jarraian, bizkortzen ahalegindu ziren, eta anbulantzia ere etorri zen, baina alferrik. Familiari ukatu egin zioten, halaber, autopsian mediku partikular bat egotea. Karga noiz hasi zen eta nola garatu zen jakin daiteke, horren froga grafikoak baitaude.[10]

2009/07/31 Villabonan. 27 urteko gaztea, Remi Aiestaran Villabonako alkate-ordea bihotzekoak jota hil zen Etxeratek deituriko ekitaldia debekatu batean parte hartzen zegoela eta ertzain buru batekin izandako lizkarrak eta gero.[11]

2012/4/5. Bilbon. 28 urteko mutila. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuen 2012ko apirilaren 5ean, Bilbon, eta gaztea lau egun geroago hil zen.[12][13]

Atzerrian hildakoak euskal gatazkari lotutako manifestaziotan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976/03/08 Tarragonan. 19 urteko gizonezkoa. Gasteizko gertakariekiko manifestazio solidario baten aurkako polizia-karga batetik ihes egitean, altuera handiko eremu batetik erortzean hil zen, polizia atzetik zihoazkiola. Haiek izan ziren lekuko bakarrak, eta berria izkutatu zuten zenbait orduz.

Sakontzeko, irakurri: «Filtroko sarraskia»

94/08/24 Montevideon (Uruguay). Filtroko sarraskia deitu zitzaion gertakarian, Uruguayko bi gizonezko gazte tiroz hil zituen Montevideoko (Uruguay) poliziak, hiru errefuxiatu euskaldunen estradizioaren aurkako eta beren herrialdean asiloa izateko eskubidearen aldeko protestetan parte hartzen ari zirenean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]