Argentinako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Argentinako historia oso lotuta dago Amerikaren kolonizazioarekin.

Río de la Platako aborigenak, Hendrick Ottsenek marrazki batean (1603)

Europarren etorrera baino lehenago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argentinan aurkitutako gizakien lehenengo aztarnak K. a. 11.000 urtekoak dira. K. a. lehen milurtekoan, artoan oinarritutako zibilizazioak Andeetako aldean (Santa María, Huarpes, Diaguitas, Sanavirones, besteak beste) garatu ziren.

1480an, Inka Inperioak, Patxakutek enperadorearen agintaldian, egungo Argentinako ipar-mendebaldea konkistatu zuen. Ipar-ekialdean, guaraniarrek jukan eta patata gozoan oinarritutako kultura garatu zuten. Erdialdea eta hegoaldea (Panpak eta Patagonia) kultura nomaden menpe egon ziren, harik eta XVII. mendean maputxeek batu zituzten arte.

Espainaren menpe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buenos Aires 1536an

Europarrak 1502an iritsi ziren. Buenos Aires behin betiko kolonia 1580an ezarri zen. 1776an Río de la Platako erregeordetza sortu zen.

1806an eta 1807an, Britainiar Inperioa Buenos Aires hartzen saiatu zen, baina kreolek bi erasoei aurre egin zieten arrakastaz.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1810eko maiatzaren 25ean, Napoleonek Fernando VII..a erregea postutik kendu zuen zurrumurrua zabaldutakoan, Buenos Airesko hiritarrek, egoeraz baliatuta, Lehen Junta (Maiatzeko Iraultza) sortu zuten. Espainiatik independentziaren aldarri ofiziala 1816ko uztailaren 9an iragarri zen Tucumanen.

1817an, Jose de San Martin jeneralak Andeak zeharkatu zituen Txile eta Peru askatzeko asmotan. Honela, Esapainiako mehatxua desagertu egin zen. Horren ondoren, zentralista eta federalista (gaztelaniaz Unitarios eta Federales) taldeen arteko gatazka etorri zen. Nazioaren batasuna 1853ko Konstituzioak ezarri zuen.

Estatu subiranoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Perón presidentea 1946an.

Atzerriko inbertsioek zein Europako immigrazioak nekazari-teknika modernoak ekarri zituzten. 1880ko hamarkadan, Basamortuaren Garaipena delakoak hegoaldeko Panpetan eta Patagonian bizi ziren tribuak desagerrarazi zituen. 1880 eta 1930 bitartean, Argentinak esportazioan oinarritutako ekonomia sendoa izan zuen, eta herrialdeko populazioa zazpi halakatu zen.

Atzerakoiek 1916 arte menderatu zuten Argentinako politika. Orduan, haien aurkariek, erradikalek, gobernua lortu zuten. Armadak Hipolito Yrigoyen boteretik kendu zuen 1930ean, eta beste gobernu atzerakoia jarri zuten agintean. Aldaketa politikoak Juan Peron boterera eraman zuen 1946an. Honek, langileen klasearen egoera hobetu nahi izan zuen, sindikatuak bultzatuz. 1955eko Askapenerako Iraultzak (Revolución Libertadora) kargutik kendu zuen.

1950eko eta 1960ko hamarkadetan, gobernua militar bigun eta zibil ahulen esku egon zen, ekonomiak gora eta pobreziak behera (1975ean %7 baino gutxiagokoa zen) egin arren. Bortizkeria politikoa areagotu zen. 1973an Peron agintera bueltatu zen, baina urtebetearen ostean hil egin zen. Hirugarren emazteak, Isabel Martínez de Perón presidenteordeak, boterea hartu zuen, harik eta 1976ko martxoaren 24an, estatu kolpe baten bidez, armadak postutik atera zuen arte.

Armadak osatutako eta izendatutako batzorde militarrak boterea bereganatu zuen. Ezkerreko oposizioa desagerrarazi zuten bitarteko bortitzak (gerra zikina zeritzona) erabiliz. Horretarako, Hego Amerikako beste gobernuen zein CIAren laguntza izan zuen Argentinako Armadak. Gerra zikinean parte hartu zuten buru militar andanak AEBak diru lagundutako "Ameriketako Eskolan" (School of the Americas) jaso zuten prestakuntza. Azkenean, arazo ekonomikoak, ustelkeria, giza-eskubideen urraketak eragiten zuen nazka publikoa, eta Erresuma Batuen kontrako porrota militarra zirela eta, gobernu militarren amaiera etorri zen.

Demokraziaren itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corralitoren aurkako protesta (2002)

Demokrazia 1983an bueltatu zen. Raúl Alfonsínen gobernuak "desagertutakoak" bilatzeko lehen urratsak eman zituen, armada zibilen esku jarri zuen, eta instituzio demokratikoak indartu zituen. Arazo ekonomikoak konpondu ezinean, Alfonsinek behar baino 6 hilabete lehenago utzi behar izan zuen boterea.

Arazo ekonomikoei aurre egiteko nahian (batik bat hiperinflazioa geldiarazteko), Carlos Menem presidenteak peso eta dolarren arteko truke-tasa finkatu zuen 1991n. Argentinako ekonomia babeszale tradizionala ere aldatu zuen, arautegi ekonomikoa arinduz eta pribatizazio programa abian jarriz. Hori dela medio, 1990eko hamarkadan prezioak egonkortu eta inbertsioak areagotu ziren.

Hala ere, Carlos Menem eta eta Fernando de la Rúa boterean zeudelarik, esportatzeko arazoak zirela kausa, Argentinako ekonomiak inportazio itzelari aurre egin behar izan zuen. Horrela, nazioko industria eta enplegu tasa kaltetu ziren, eta salerosteko tasa nahiz altxor publikoa defizitean zeuden. 1998ko Asiako krisialdiarekin batera, kapitalak herrialdetik alde egin zuen, Argentinako 2001eko azaroaren finantza-ikara eraginez. Hurrengo hilabeteetan herritarrak matxinotuta, de la Rúa presidenteak kargua laga behar izan zuen.

Bi astetan presidenteak ziztu bizian txandakatzen ziren, 2002ko urtarrilaren 2an Eduardo Duhaldek agintea hartu zuen arte. Orduan peso eta dolarren arteko baliokidetasuna bertan behera utzi zen, pesoaren depreziazioa eta prezioen inflazioa eraginez. Aldi berean, exportazioak areagotu ziren, eta industrializazioa suspertzeko politika martxan jarri zen. 2002ko bukaerako, Argentinako ekonomia egonkortzen hasi zen.

2003an Nestor Kirchner hautatu zuten presidente. Agintaldian herrialdearen Nazioarteko Diru Funtsarekiko zorra kitatu zuen, izugarrizko ordainketa egin ondoren. Lehen pribatizatutako hainbat industria nazionalizatu ere egin ziren. Gaur egun, Argentinako ekonomia zein politika egonkortu dira.

2014ko urriaren 8an, Buenos Airesko Campo de Mayo atxikitze zentroan torturatu eta hildako 58 langileren auzian, 23 urteko espetxea ezarri zioten Reynaldo Bignoneri. Aurrez beste bost zigor bazituen, bat bizi artekoa[1].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Argentinako historia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «23», Berria, 2014-10-09