Edith Stein

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Edith Stein

Edith Stein(Wroclaw, garai hartan Prusia, gaur egun Polonia, 1891ko urriaren 12a - Auschwitzeko kontzentrazio esparrua, 1942ko abuztuaren 9a) filosofo judu-alemaniarra, moja karmeldarra eta Eliza Katolikoko santua izan zen. Ofizialki Gurutzeko Teresa Benedikta izenez kanonizatu zuten arren (moja zeneko izena, alegia), gehienbat jatorrizko izenez ezagutzen da (Edith Stein).

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edith Stein Wroclaw hirian jaio zen, garai hartan Prusiaren barnean zegoen herrian. Bere gurasoak judu sinestun eta praktikanteak ziren. Txikitatik argitasun handia erakutsi zuen eta horrek ikasketetarako erraztasuna eman zion. Umetatik bere amaren sinesmen sendoa miresten zuen, bereziki umea zela aita hil zitzaionetik amak hartu zuelako familiaren kargu guztia. Hala ere, gaztaroko lehen urteetan erlijiotik aldendu eta agnostizismora, lehenbizi, eta ateismora, geroago, hurbildu zen.

1913an Göttingeneko unibertsitatean sartu eta fenomenologiara gerturatu zen. 1916an Freiburgeko unibertsitatean filosofiako doktoretza lortu zuen (Alemaniako lehenengotariko emakumezkoa), Edmund Husserlen fenomenologia aztertuz (Enpatiaz izeneko tesia aurkeztu zuen). Tartean, Lehenengo Mundu Gerran erizain lanetan aritu behar izan zen. Gerra amaitu ondoren unibertsitate horretan filosofiako irakasle egin zuten, Husserlen laguntzaile.

Gerraren esperientziak bilaketa filosofiko eta erlijiosoan murgilarazi zuen; filosofia kristaura gerturatu zen pixkanaka, baina bere bizitzako aldaketa garrantzitsuena Avilako Teresaren autobiografia irakurri ondoren gertatu zitzaion (1921ean) eta, ondorioz, erlijio katolikoan sartzea erabaki zuen. Aldi berean, kristau filosofiaren eta fenomenologiaren arteko harremanak ikertzen aritu zen eta emakumearen egoerari buruzko hausnarketak plazaratu zituen. Besteak beste, Tomas Akinokoaren De Veritate (Egiaz) lana alemanera itzuli zuen.

Santa Teresaren autobiografiak eraginda, 1933an Koloniako karmeldarren komentuan sartzea erabaki zuen, Gurutzeko Teresa Benedikta izena hartuz. Komentuko zuzendariek Edith-ek idazten eta ikertzen jarrai zezala nahi zuten, baina ordurako nazien boterea handia zen eta judutar jatorrikoa zenez ezin izan zuen ezer gehiago argitaratu. Horrela, garai hartan idatzi zuen bere lanik garrantzitsuenetakoa, Endliches und ewiges Sein (Izaki finitua eta Izaki betierekoa), nahiz eta ez zen 1950era arte argitaratu.

Nazien arriskutik ihes egiteko, Edith eta bere ahizpa Rosa (hau ere katoliko bihurtu eta komentu berean sartu zen) Herbehereetako komentu batera bidali zituzten 1939an. Hala ere, hurrengo urtean naziak herrialde hura bereganatu zuten. Holandako eliz agintariek katolikoei naziekin ez kolaboratzeko deia egin zieten eta 1942ko uztailean juduen aurkako Holokaustoa gaitzesteko gutuna kaleratu zuten. Agintari naziek, horren aurrean, katolizismora bihurtutako juduak atxilotu eta kontzentrazio eremuetara eramateko agindu zuten. Suitzara ihes egitekotan zeudela, 1942ko abuztuaren 2an, atxilotu zituzten Edith eta Rosa ahizpak eta Auschwitzera eraman zituzten. Han gas-kameratan sartuta hil zituzten.

Beatifikazioa eta kanonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962an hasi zen Edith Stein-en beatifikazio prozesua. Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 1987an Kolonian, "Israeleko alaba, Kristoren fedearekiko martiria eta herri juduaren aurkako sarraskiaren biktima" zela esanez. Aita Santu berak santa izendatu zuen 1998an eta urtebete geroago Europako zaindari izendatu zuen, Nursiako Benito deuna, Zirilo eta Metodio deunak, Sienako Katalina deuna eta Suediako Brigida deunarekin batera. Bere jaieguna abuztuaren 9an ospatzen da, bereziki karmeldarren artean.

Eztabaidak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio katolikoaren arabera, martiria kristau fedea dela eta erailtzen duten norbait da. Aditu batzuek zalantzan jartzen dute Edith Stein hiltzeko arrazoia zein izan zen; judutar jatorria edo kristau sinesmena. Eliza Katolikoaren arabera, Edith Stein Herbehereetako Eliza Katolikoak argitaratutako gutunaren ondorioz atxilotu zuten, hau da, Elizak nazien aurka agertu zuen jarreraren ondorioz. Gutun horren aurretik, izan ere, naziek ez zituzten zuzenean eraso kristau bihurtutako judutarrak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Edith Stein Aldatu lotura Wikidatan