Henrik Ibsen

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Henrik Ibsen
Henrik Ibsen
Henrik Ibsen 2000an.
Datu pertsonalak
Izen osoa Henrik Johan Ibsen
Jaio 1828ko martxoaren 20a
Skien (Norvegia)
Hil Oslo
Norvegia (1906ko maiatzaren 23a)

Henrik Johan Ibsen (Skien, Norvegia, 1828ko martxoaren 20a - Oslo, Norvegia, 1906ko maiatzaren 23a) antzerkigile norvegiar emankorra izan zen. Norvegierazko idazlerik ezagunena da. William Shakespeare ondoren antzezlan gehien eman dituen egilea da mundu osoan (145 lan inguru). Alemanian eta Italian bizi izan zen hainbat urtez. 2006an hainbat ekitaldi ospatu ziren heriotzaren ehungarren urteurrena zela eta.

Henrik Ibsen

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henrik Ibsen seme-alaba askoko familia batean jaio zen. Aitak kiebra jo zuen espekulazioetan, eta zurrutari eman zitzaion; amak mistizismoan aurkitu zuen geriza; azkenerako bikote hura bereizi egin zen. Etxeko giroaren eraginez, eta izaeraz lagunarterako zuen joera eskasez, Ibsenek haurtzaro bakartia izan zuen, bere baitara hildua. Hamasei urterekin, Grimstadera hidali zuten, farmazia batean saltzaile-mutil.

Han igaro zituen sei urte, han izan zituen lehen maitasunezko harremanak, zorigaitzekoak, eta han idatzi zituen lehenengo poemak, erromantizismo malenkoniatsua zerienak. Irakurtzeari guztiz emana, norvegiar eta daniar erromantiko nazionalisten eragina izan zuen, hesteak beste: Henrik Wergeland eta A. G. Oeshlenschlager pentsalariena.

Anbizio handikoa eta autodidakta zen, batxilergoa Kristianian (Oslo) egin zuen, gero medikuntza ikasketak egiten hasi zen, baina berehala utzi zituen. Politikarako eta literaturarako zaletasun handia zuen ordea, eta, 1850ean, bere lehen antzerki lana argitaratu zuen, Brynjolf Bjarme ezizenez, Catilina, neurtitzetan ondutako drama. Urte hartan bertan Kjoempehoien ("Gerrariaren muinoa") idatzi zuen, Norvegiako folkloreari Ibsenek eskaini zizkion antzerki lanetan lehena. Kristianian zela, Andhrimmer aldizkarian jardun zuen lanean, olerkiak, kritikak eta parodiak idazten.

Artean ezezaguna eta baliabiderik gabe, Bergenen hartu zuen bizilekua, eta han sei urte egin zituen; oso garai emankorra eta garrantzi handikoa izan zen hura Ibsenentzat, "Norvegiako Teatroan" lan egin baitzuen, idazle eta zuzendariaren ordezko gisa, eta han ikasi baitzuen ofizioa. Diru laguntzak eman zizkioten Alemanian eta Danimarkan antzerki giroan ibil zedin. Aldi hartan Ibsenek beregan eragin handia izango zuten hiru autoreren obra irakurri zuen: Shakespeare -maitagarriei buruzko komedia bat egin zuen haren eraginez, Midsommernatt (1853, "San Juan gaua")-; Kierkeggard, haren filosofiak bizitza osoan izango zuen eragina Ibsenengan; eta Hermann Hettneren Das moderne Drama (1852, "Drama modernoa") bere lanbiderako oinarri-oinarrizko gauza batzuk irakatsi zizkiona: trajedia historiko batean pertsonaien arteko liskarrak psikologikoa behar duela, eta obra jakin bateko liskarrek eta gaiek garai guztietarakoak behar dutela.

Arau horiek Ibsenek berehala aintzat hartu zituen bere lehen obra garrantzitsuan: Fru Inger til Ostraat ("Inger Ostraateko andrea"), 1855ean idatzia eta antzeztua, eta 1857an argitaratua. Norvegiako historiatik ateratako gai baten bidez azterketa psikologiko eta moral bat egin zuen Ibsenek, eta egikeran Eugene Scribe frantses antzerki idazlearen eragina zuen, Ibsenek oso miresten baitzuen eta hura imitatzen saiatu baitzen bere bizitza osoan. Ibsenek 1856an saga islandiarretan oinarriturik idatzi zuen Gildet pa Solhaug ("Solhaugeko jaia") obrak arrakasta handia izan zuen; Olaf Liljekrans (1856) norvegiar herri kantetan oinarritutako obrak, berriz, porrot egin zuen. Bitartean, Ibsen genero guztietan eta estilo guztietan ari izan zen lanean.

1858an Susannah Thoresenekin ezkondu zen. Ibsen hiriburuko antzoki berriaren zuzendari artistiko izendatu zuten; islandiar sagatan oinarritutako beste antzerki lan bat idatzi zuen, Hoerrnoendene pa Helgeland (1858, "Helgelandeko gerrariak"), teatro horretan bertan antzeztu zenean arrakasta handia izan zuena. Urte hartan bertan antzokiak porrot egin zuen. Ibsenek arteaz zituen iritzi harroez haserre baitziren, haren etsaiek gogor gaitzetsi zuten. Ibsen depresioak jo zuen, zalantzan zegoen bere buruaz, arrunt erori zen azkenean, eta edaten hasi zen. Garai hartan jaio zen haren seme Sigurd.

1860 eta 1861 oso urte ilunak izan ziren Ibsenentzat: bere burua hiltzeko asmoa zebilkion behin eta berriz gogoan. 1861ean argitaratu zuen poema epiko batek, Terje Vigen, Ibsen bere onera etortzen hasia zela iragartzen zuen: borondatearen indarraz bere samina eta mendeku gosea ahaztera iristen den gizon baten eskuzabaltasun heroikoa kontatzen du. Hurrengo obrak, KjoerlighedensKomedie (1862, "Maitasunaren komedia"), bere aurreko obra baten moldaketa, Ibsenen ezkortasuna islatzen zuen eta bere garai handiko dramak iragartzen zituen. Maitasunaren eta ezkontzaren satira anker bat da, eta Ibsenek gogotik larrutu zuen "bizitzako gezur handi hura", geroztik ere maiz landuko zuen gaia; izan ere, Ibsen zapuztuta bide zegoen bere emazte gogor, autoritario, menderatzailearekin. Antzerki lan haren berritasunak harrituta utzi zituen ikusleak, eta Ibsenek ez zuen 1873 arte lan hura berriz antzezteko baimenik eman.

Hurrengo obrak, Kongsemnerne (1863, "Erregegaiak"), berriz, arrakasta handia izan zuen. Erdi Aroan Norvegiako bi erregeren arteko aurkakotasuna kontatzen zuen, baina Ibsenentzat guztiz ere garrantzitsua zen bokazioaren irrikaren eta zalantzak zapuztutako anbizioaren arteko borroka zen haren gai nagusia. Hasierako antzerki obra haiekin Ibsen trebatua zegoen ordurako, baina itota sentitzen zen Norvegia tradizionalista hartan; Kristianiako Antzokiko literatura aholkulari izendatu zuten, eta lan haren barnean bidaiatzeko aukera ematen zitzaion: Ibsen atzerrira joan zen beraz, hogeita zazpi unerako.

Ibsenek Erroman hartu zuen bizilekua. Gogoetari eman zitzaion eta argi ikusi zituen bere obrako ardatz batzuk, eta bere lanaren betebeharra: bere herria gidatzeko idatzi beharra zeukan, bere baldarkeriatik atera beharra zeukan, eta bere handitasunaren sena eman. Garai hartan bere lehen maisu lana idatzi zuen: Brand (1866), hasieran poema epiko bat izan zena. Obra nahasi eta kontraesanez betea zen, eta elkarren kontrako gauzenganako lilura adierazten zuen, bere garaian kritikari askok ulertu ez zuten eta Ibsenen teatro osoaren ezaugarri den anbiguotasunaz. Obra haren handitasun epikoak, uko egitez eta tirabirez beteak, arrakasta itzela izan zuen norvegiar ikusleen artean.

1867an Ibsenek Brand lanaren halako kontrako saio bat egin zuen: Peer Gynt. Olerkaria, harroputza, alproja, arduragabea da Peer Gynt, betebeharrari, borondateari eta errealitateari ihes egiten diona. Obra honetan Ibsenek nortasun sendoaren premia handia adierazi zuen, eta, bide batez, erromantizismo nazionalista kritikatu zuen. Bere alabaren heziketa zela eta, Dresden bizilekua harturik, Peer Gynt lanaren moldaketa moduko bat egin zuen: De Unges Forbund (1869, "Gazteen batasuna").

Ibsen Dresden bizi zen garaian.

Baina Ibsenek bazeraman bolada bat beste kontu batzuez kezkatuta. Gizabanakoaren aldeko grinak bultzaturik eta talde zentzuaren higuinez, joera anarkistak begiz jo zituen. Askatasunaren kezkak, erlijiozko kezkek eta Hegel, Schopenhauer, Renan eta Brandesen liburuetatik atera zituen irakaspenen eraginez, gizadiaren historiaz bere buruari galdezka aritu zitzaion: Nola interpretatu historia? Iritsi nahi diren helburuek ba al dute loturarik egindako gauzekin? Horiek dira, besteak beste, Coesars Frafald ("Zesarren apostasia") eta Kejser juliun ("Julian enperadorea"), Kejser og Galiloeer ("Enperadore eta Galilear") izenburuarekin 1873an batera argitaratu zituen bi obretako galdera nagusiak.

Ibsenek lau urteko geldialdia izan zuen bere lanean. Bidaia asko egin zituen, Munichen hartu zuen aldi baterako bizilekua, eta gero Erromara itzuli zen berriz. 1877an lan sail bat hasi zen argitaratzen, "Bere Garaiko Dramak" esaten zaienak, bere garaiko gertaerak lantzen zituztelako, benetako datuak, teoria sozial, politiko eta filosofikoak, ahalegin satirikoak eta harritzeko moduan egiazkoak ziren pertsonaiak nahasirik.

Samfundets Stotter ("Gizartearen euskarria") izan zen lan horietan lehena. Bere ideiak pertsonaia errealista eta bere garaikoetan gorpuztea erabakia zuen Ibsenek, baina drama horiek ez ziren bere garaiko ohituren erakusgarri soil, egileak kezkatuta zeukaten ideiak adierazi zituen han: egia eta askatasuna iritsi nahia. Drama sail horietan ezagunena eta ospetsuena Et Dukkehjent (1879, "Panpinen etxea") da, egunkarietan argitaratutako gertaera batean oinarritua. Laura Kieler irakasle baten emaztea da, senarra gaixorik du, eta hura salbatzeko diru kopuru bat hartu behar izan du maileguan, senarrari ezer esan gabe; senarrak kargu hartu dio horregatik, eta azkenean bikotea dibortziatu egiten da. Camilla Colletten ideia feministak indar handia zuten orduan Norvegian, eta Ibsenek, giro haren eraginez, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko liskarra adierazi zuen, eta gizonentzat eta emakumeentzat eskakizun moralak zeharo desberdinak izatea eta gizonezkoen ikuspegia nagusitu izana kritikatu zuen. Horrez gainera, obra horretan beste hainbat gai lantzen dira indar tragiko handiz: kontzientzien artean komunikatzeko ezintasuna, zorionaren eta zoritxarraren arteko dialektika estugarria, irudimenezko munduaren eta mundu errealaren arteko kontraesan beldurgarriak, eta iraganak pertsonarengan duen eragina eta hari sortzen dion larrimina. Baina, batez ere pertsonaien indarra, bizitasuna eta benetako izatea da mundu osoan, bai bere garaian eta bai geroztik, arrakasta handia izan zuen obra honen alderdirik bikainena.

Hurrengo bi obretan, Gengangere, (1881, "Heriotzatik etorriak") eta En folkefiende, (1882, "Herriaren etsai bat"), bide berari jarraitu zion Ibsenek, errealitatean oinarriturik, ideia ausartak pertsonaia indartsuen bidez adieraziz, trebe, zehatz eta soil.

Gengangere obrak eskandalu handia sona zuen gizabanakoak gizartearen konbentzio moralen kontra zoriontsua izateko eskubidea duela esateagatik, eta tabu asko gordingordinik aipatzen zituelako: sexu bidezko gaixotasunak, intzestua, mozkorkeria. En folkefiende-n, berriz, bere garaikoen oportunismoa eta utzikeria eta gehiengoaren ergelkeria eta eskastasuna salatu zituen.

Vildanden (1884, "Basa ahateak") drama sozial bat zen, pertsona ahulen zapalketa aipatzen zuen, baina pertsonaien psikologia nagusitzen zitzaien ideiei, giro ezkor eta garratz batean. Maila bereko maisu lanak dira Ibsenen hurrengo obrak: Rosmersholm (1886), Fruen fra Havet, (1888, "Itsasoko andrea") eta Hedda Gahler (1890).

1891n Ibsenek sekulako ospea zuen Eskandinavian eta Alemanian. Bere herritarrek mirespen osoz hartu zuten bere herrian, han kokatu baitzen berriro. Baina hala ere Ibsen ez zen zoriontsu, bere baitako zoriona eta bokazioaren grina elkartu ezinez. Geroztik hiruzpalau obra idatzi zituen: BygmesterSolness (1892, "Solness eraikitzailea"), Lille Eyolf (1894, "Eyolf txikia"), Jean-Gabriel Borkmann (1896), Nar vi dode vagner (1899, "Hildakoen artetik berpiztuko garenean"). 1901ean apoplexiak jo zuen, eta handik bost urtera hil zen, Oslon.

Lan ospetsu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (1850) Catilina
  • (1850) Kjæmpehøjen ("Muino ehorzlekua")
  • (1855) Gildet paa Solhoug ("Oturuntza Solhoug-en")
  • (1856) Olaf Liljekrans
  • (1857) Hærmændene paa Helgeland ("Helgelandeko vikingoak")
  • (1862) Kjærlighedens Komedie ("Maitasunaren komedia")
  • (1863) Kongs-Emnerne ("Erregenahiak")
  • (1865) Brand
  • (1867) Peer Gynt
  • (1869) De unges Forbund ("Gazteriaren Liga")
  • (1873) Kejser og Galilæer ("Enperadorea eta galilearra")
  • (1877) Samfundets støtter ("Gizartearen zutabeak")
  • (1879) Et dukkehjem ("Panpin baten etxea")
  • (1881) Gengangere ("Mamuak")
  • (1882) En Folkefiende ("Jendearen etsaia")
  • (1884) Vildanden ("Ahate basatia")
  • (1886) Rosmersholm
  • (1888) Fruen fra havet ("Itsasoko andrea")
  • (1890) Hedda Gabler
  • (1892) Bygmester Solness ("Etxegile maisua")
  • (1894) Lille Eyolf ("Eyolf txikia")
  • (1896) John Gabriel Borkman
  • (1899) Når vi døde vågner ("Hildakook berpiztuko garenean")

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henrik Ibsen Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]