Howard Hughes

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Howard Hughes
Howard Hughes
Datu pertsonalak
Izen osoa Howard Robard Hughes, Jr.
Jaio 1905eko abenduaren 24a (Bataio agiriaren arabera, irailaren 24an)
Houston, Texas (AEB)
Hil 1976ko apirilaren 7a)
Houston (AEB)
Sinadura Howard Hughes signature.svg

Howard Robard Hughes, Jr. (Houston, Texas, AEB, 1905eko abenduaren 24a (Bataio agiriaren arabera, irailaren 24an)- Houston, 1976ko apirilaren 7a) Estatu Batuetako munduko gizon aberatsenetakoa, injeniari autodidakta, abiadore, zinemagile, zinema-ekoizle eta industria-gizona izan zen. Ospe handiko filmak egin zituen: The Racket (1928), Hell's Angels (1930), The front page (1931), Scarface (1932), The Outlaw (1943), The big sky (1952) eta beste asko. Diseinuan egin zituen ekarpenengatik hegazkingintzan ere izena hartu zuen -Hughes H-1 eta Hercules hidrohegazkinaren eraikuntza- eta abiadura eta hedaduran lortutako lastertasun-markak arrakasta handikoak izan ziren.

Hughe Pan Am ipar amerikar aerolinearen monopolioari aurre egiteagatik ere nabarmendu zen. Legeak babesten zuen aerolinea indartsua eta hegaldi trasantlatikoak egiteko baimena zuen bakarra zen, baina Hughek legeak aldatzea lortu zuen eta bere Trans World Airlines airelinea hasi zen bide ura egiten Lockheed Constellation hegazkinekin.

NOK (Nahaste Obsesibo-Konpultsiboa) desorekaren eraginez, maniak eta jokabide xelebrea erakustarazi zion eta pertsonaia polemikoa izan zen. Hala ere, jeinu bereziko pertsona zen eta errekonozimendu hori jaso zuen.

Eduki-taula

[aldatu] Biografia

Howard Hughes Humblen jaio zen, Texasen, 1905eko abenduaren 24an (Bataio agiriaren arabera, irailaren 24an)[1]. Aita Howard Robard Hughes industriaria zen eta petroleo putzu zailenetara iristaraztea ahalbidetzen zuen barauts berezia patentatu zuen. 1908an, Hughes Tool Company enpresa sortu zuen, asmakizun hau merkaturatzeko xedean. Howard nerabeak negozioa oinordetzan jaso zuenean, Baker enpresarekin bat egin zuen. Rupert Hughes zinemagile eta idazlearen iloba ere izan zen aitaren aldetik.

Ama, berriz, Alene Hughes izan zuen[2]. Misofobiaz gaixo, zinkinkeria edo kutsaduraren beldur bizi zen eta eragin handia izan zuen semearengan, gehiegi babestu eta inguruko germenetatik isolatzeko joera zuelarik. Bere obsesioan, amak zorrootz zaintzen zuen bere seme-alaben osasuna, umearen gorputz bilutsia miatzen zuen, hortzak, belarriak, genitalak, ukondoak edo belaunak arakatuz. Deposizioak ere aztertzen zizkien eta eguneroko lana zen umea bainatzea, gorputza lejiazko xaboiaz igurtzitzen zion bitartean. Sukar edo ondoeza nabaritu bezain pronto, mediku bat baino gehiago etorriko zen etxera umeari zer gertatzen zitzaion jakiteko, zein ordu zen begiratu gabe.

11 urte besterik ez zituen Houstoneko lehen irrati-etxea eraiki zuenean. Honekin, Mexikoko Golkoa zeharkatzen zuten ontziekin harremanetan jartzea lortu zuen. Mezuak jaso eta grabatzen zituen eta Morse kodean zetozen soinuak interpretatzen gau bakarrean asmatu zuen. Hurrengo egunerako, ontzietako ofizilekin komunikatzeko gai zen.

Aitarengandik jaso zituen gauza mekanikoekiko jakin-mina eta inteligentzia eta, 12 urterekin, mutikoaren argazkia atera zen Houstoneko egunkarian inguru hartako lehen bizikleta motorizatuaren jabe izan zelako, berak eraiki zuelarik, gainera.

1922an, Alene Hughes hil egin zen haurdunaldi ektopiko baten arazoen ondorioz eta Howardentzako zartarako izugarria izan zen hura, betirako geratu baitzitzaion horrenbeste babesten zuen ama galtzearen tristura.

Bi urte geroago, 1924ko urtarrilean, bihotzeko batek aita hil zion. Howardek 18 urte zituen umezurtz geratu zenean, ez aita eta ezta amarik ere. Heriotza haiek eta bere fobia propioek ikerketa medikora zuzenduko zen laborategia sortzera eramango zuen gerora[3].

Aitak nahi bezala, Howard izan zen dirutza itzelaren %75areb oinordeko eta petrolio aztarnategietan ateratzen zenaren jabe egin zen[4].

Pasadenako California Institute of Technology ikastetxean egona zen, baina ez zuen inongo titulurik lortu. Aita hil eta berehala, Houstoneko Rice Institute of Technologyra joan zen.

1925eko ekainean, Rice unibertsitatea utzi zuen eta Ella Ricekin ezkondu zen. Bikotea Hollywoodera joan zen bizitzera, Howardek pelikulak ekoizteko itxaropena baitzuen. Ezkondu eta gutxira, bikotearen arteko gorabeherak hasi ziren, beste arrazoiren artean, Howard oso zorrotza baitzen etxeko arauekiko. 1929an, Hughesek emaztea aste batzuk izan zuen isolatuta etxean eta, horren ondoren, Ricek -paniko eta klaustrofobia krisiak jasan zituen- Houstonera alde egin zion, dibortzioa eskatuz.

[aldatu] Nortasuna eta amodioak

Itxura ona eta inteligentzia handikoa, nortasun erakargarria zuen Howardek, baina bazituen jokabide arloteak, askotan geratzen baitzen etxean sartuta atera gabe. Ezinezkoa zen zerbaiten aurrean nola erantzungo zuen jakitea, irrikitan proiektu berri bat hasterako orduan, hurrengoan erabat ahaztuta eta alboratuta uzteko. NOK (Nahaste Obsesibo-Konpultsiboa) zuen eta ez zuen sekula tratamendu egokirik jaso.

Nortasunak eta diruak, emakume ugari ekarri zizkioten ondora. 30 eta 40ko hamarkadan, Hollywoodeko dama askorekin izan zituen harremanak, baina berehala aspertzen zen haiekin edo, are gehiago, hauek Howarden maniekin.

Lehen dibortzioaren ondoren, Hughes zinemako izarrekin ibili zen eta askori eskatu zien ezkontza, maitale eta laguna zuen Katharine Hepburn tartean. Bette Davis, Rita Hayworth, Gene Tierney, Ava Gardner, Olivia de Havilland, Yvonne DeCarlo, Jane Greer, Kathryn Grayson, Ginger Rogers, Billie Dove (Hughes honen senarrari dirua eman omen zion dibortzioa lortzeko) eta beste izen asko aipatu ziren Howarden maitaleen artean. Joan Fontainek behin baino gehiagotan egon zela Hughesekin onartu zuen bere autobiografian (No Bed of Roses) eta Bessie Love lehen ezkontzan izan zuen maitaleetako bat.

Jean Harlow izan zuen lagun Hell´s Angels filmaren estreinaldian, baina Noah Dietrich laguntzaileak idatzitako Howard: The Amazing Mr. Hughes liburuan, harreman profesionala besterik ez zela esaten da. Jane Russell ere aipatu behar da; ezkonduta zegoen hau Howard berarekin oheratu nahi izan zuenean (horrela kontatu zuen, behintzat, bere autobiografian); uko egin zion emakumeak, baina lagun izaten jarraitu zuten.

Horretaz gain, Howardek artista izan nahi zuten starlet gazte-gazteak kontratatzen zituen, formazioa eman eta, ia-ia atera gabe mantentzen zituen bere pean. Estatu guztian banatutako apartamentuetan zituela horrelakoak esan zen. Diruaren garrantzia aipatu ohi zuen askotan. Bereak dira hurrengo esaldiak:

« Munduko edozein gizaki erosi dezaket.  »
« Mundu guztiak dauka bere prezioa.  »

[aldatu] Aberastasuna eta dirua

Diru zainen desesperaziorako, Howardek eskua bete diru xahutzen zuen edozertan: amoranteak liluratu nahi zituen, luxuzko festak eskaintzen zituen, sobornoak... Errentagarritasun ziurtasunik gabeko proiektu eta enpresak ere hasten zituen eta inork ezin zion bere nortasun dominanteari aurre egin - zenbaitetan, Noah Dietrich laguntzaileari eginten zion kaso-.

1936ko ekainaren 11n, Gabriel Meyer izeneko oinezko bat harrapatu zuen bere autoan eta hil egin zuen Los Angelesen. Ospitalean, medikuak ziurrenik Howard edanda zihoala idatzi zuen informean eta atxilotu egin zuten. Lekuko batek Hughesen autoa noraezean eta abiadura handian ikusi zuela esan zuen eta, istripuaren aurretik, oinezkoa, geltokian, arriskurik gabeko tokian zegoela. Hala ere, ikerketak aurrera, lekukoak esan zuen guztia ukatu egin zuen eta Howarden bertsioa babestu zuen, autoa abiadura txikian zihoala eta oinezkoa etorri zitzaiola gainera, gelditzeko betarik izan gabe. Fiskalak, aske utzi eta gertatutakoaren gaineko erantzukizun guztiak kentzeko eskatu zuen.

Trebezia eta eskrupulo falta handia erakutsi zuen zergei ekiditekoan. Lehen urteetan, lortu ez bazuen ere, 1932an sortu zuen Hughes Aircraft konpainia aeronautikoa Kaliforniatik Nevadara lekualdatzen saiatu zen, zergak baxuagoak zirela-eta. 1953an, aktibo guztien donazioa egingo zion ikerketarako xedean sortu zuen Howard Hughes Institutu Medikoari, zergarik ez baitzuen ordaindu behar honek.

Urte asko bizi izan zen Kaliforniako etxean, baina hoteletan biziz gero, erresidentzia gastuak deklaratu gabe egon zitekeelaz konturatu zen eta horrela egin zuen. Handik gutxira, legea aldatu egin zen eta, 180 egun baino gehiagoz estutu batean egonez gero, zerga ordaintzeko derrigorra etorri zen. Horri alde egiteko, Hughes hotelez eta estatuz aldatzen hasi zen. Heriotzaren ondoren, Kalifornia eta Texaseko estatuek jarraipena egin zioten oinordetzaren inguruko zergak kobratu ahal izateko, baina ez zuten lurralde horietako erresidentzia egiaztatzerik lortu.

Enpresetako zuzendariekin ere aurkitu zuen aurrezteko bidea. Ez zien soldata handirik ematen lanean ari ziren bitartean. Zerga gehiegi zen hori. Enpresa utzitakoan, Hughesek deklarazio publiko iraingarriak egiten zituen haien aurka eta zuzendari horiek demandara jotzen zuten, difamazioa egiten zielako. Milionarioak epaiketa guztiak galduko zituen eta zor zien dirutza ordaindu, baina beste hainbat aurrezten zuen bere alde. Horrela egin zuen Noah Dietrich edo Robert Maheu fidelekin -azken honen kalteordaina 2,2 milioi dolarrekoa izan zen-.

[aldatu] Hegazkingintza

Bizitza guztian izan zen Howard Hughes hegazkin zale. 14 urterekin bere lehen hegaldia egin ote zuen esaten da, ziurra ez bada ere, baina piloto ausarta izan zen ezbairik gabe. Azkarra zen eta interesa zuen hegazkingintzan eta eta mekanikan eta bere kasa ikasiko zuen ingeniari airenautikoa izaten, eraikuntza eta diseinuan aurrerapen sakonak egingo zituelarik[5].

Hughes Aircraft konpainia sortu zuen eta marka mundialak hautsi zituen bere hegazkinak pilotatzen. Teknologian arrakastatsuena, Hughes H-1 Racer izan zen eta, 1935eko irailaren 13an, 566 km/orduko abiadura lortu zuen harekin aurreko laster-markak (505 km/orduko) gaindituz. Bada Mitsubishi A6M Zero abioi japoniarra modelo horretan oinarritu zela esaten duena.

Urtebete geroago, 1937ko urtarrilaren 19an, H-1 hegazkinaren diseinu berriago batekin bere kontinenteko abiadura laster-marka haustea lortu zuen, eskalarik gabe Los Angeles eta New York artean hagan egin zuenean. 7:28:25 behar izan zituen eta aurrekoan 9 ordu eta 27 minutu izan ziren. Abiadura 518 km/orduko izan zen[6].

H-1 ereduak berrikuntza ugari ekarri zuen diseinuan. Lur-hartzeko trena gorde zitekeen eta errematxe eta lotuneak zuzen finkatu ziren hegazkinean, handik nabarmendu gabe bateratuz, horrela frikzio zinetikoa minimizatu eta abiadura irabazteko xedean. Bigarren Mundu Gerran erabiliko ziren beste aireplano batzuen diseinuen oinarrian zegoen hori dena, Mitsubishi A6M-z gain, Focke-Wulf Fw 190 edo F6F Hellcat. 1975ean, H-1aren donazioa egin zion Smithsonian Erakundeari eta Washington, D.C.-en Aire eta Espazio Museo Nazionalean dago ikusgai.

1938ko ekainaren 10ean, marka berri bat hautsi zuen munduari 91 ordutan (3 egun eta 19 ordu) bira eman zionean -aurrekoa 4 egunetan zegoen-. Hegaldi hau ez zuen bere aireplanoekin egin eta Lockheed Model 14 Super Electra erabili zuen, lau tripulatzailek lagunduta. Irratia zuen eta teknologia modernoko ekipamendua. Hughesek teknologiaren garaipena erakutsi nahi zuen honekin, distantzia luzeko airebidaiak seguruak zirela fragatu nahian.

Sari asko jaso zuen, Harmon Trophy saria (1936 eta 1938an), Collier Trophy saria (1938an), eta Ocatve Chanute Award saria (1940an) beste batzuen artean. 1939an, Urrezko Domina eman zioten Legebiltzarrean Hegazkingintzaren zientzia aurrerarazi zuelako eta herri hau mundu osoan ezagutuarazi zuelako. New York Times egunkariak esan zuenez, Hughes ez zen Washingtonera domina jasotzera joan eta, Harry S. Truman lehendakariak korreoz bidali behar izan zion.

[aldatu] Hughes Aircraft

Hughes H-1
Hughes hac.jpg

1932an sortu zuen Hughesek Hughes Aircraft Kaliforniako Burbankeko Lockheed Aircraft Corporationeko hangar baten iskinean. Hasiera batean, H-1 Racer abioi militar bihurtu nahi zuen Hughes Tool Companyren atal bat besterik ez zen izan. II. Mundu Gerra garaian eta ondorengo urteetan, Hughesek Defentsa Departamentuaren kontratista izatea lortu zuen. 1947an sortu zuen Hughes Helicopters, Kellett fabrikatzaileak bere azken eredua Hughesi saldu zioenan ekoizpenerako<ref(Ingelesez)http://www.centennialofflight.gov/essay/Aerospace/Hughes/Aero44.htm</ref>.

Hurrengo urtean agertu ziren enpresaren beste atalak: Hughes Aerospace Group, The Hughes Space and Communications Group eta Hughes Space Systems Division. 1961ean batuko ziren, Hughes Space and Communications Company osatzeko.

Aurrez esan bezala, Howard zergak ordaintzeari alde egin nahian ibili zen beti eta Hughes Aircraft Nevadara lekualdatzeko ahaleginak egin zituen, presio fiskala baxuagoa zela-eta, baina ez zuen bere helburua lortu eta, 1953an, Hughes Aircrafteko aktibo guztien donazioa egin zion ikerketari zuzendutako Howard Hughes Institutu Medikuari, honek ez baitzuen zergarik ordaintzen.

[aldatu] XF-11ren istripua

Hughes XV-9A
XF11

1946ko uztailaren 7an, Hughesek istripu larria izan zuen Los Angelesen AEBko armadarentzat egiten ari zen XF-11 abioi espiaren lehen hegaldian. Froga era egokian zihoan, baina aire hartu eta 105 minutura, itzultzeko prestatu zenean, olio galtze xumea zian zuen eskuineko motorrean, presioa jaitsi eta helizeen kontrola galaraziz. Motorrak atzerantz egin zuen tira eta hegazkina, deskonpentsatuta erabat, altura galtzen hasi zen.

Hughes Los Angeles Country Clubeko golf zelaian lur hartzen saiatu zen, Beverly Hillsen, baina ez zuen lortu. XF-11a 3 etxeren kontra jo zuen eta erregaien deposituek eztanda egin zuten. Pilotoa larri zaurituta geratu zen. Nola edo hala, lortu zuen kabinatik irtetea, baina erredura larriak jasan zituen, sute itzela izan baitzen. William L. Durkin AEBetako Itsasarmadako sarjentuak lagundu zion infernu hartatik ateratzen.

Lesio larriak izan zituen barruan, fraktura ugari (klabikula, saihetsak...) eta 3. mailako erredurak gorputz osoan. Bizitza guztirako ondorioak geratu zitzaizkion. Handik aurrera, goiko ezpaineko orbainak estaliko zizkion bibotea eramango zuen beti.

AEBetako Aire Indarrak Hughesi bota zion ixtripuaren errua eta, irregulartasun asko egin zituela esan zuen: ez zuen aurreikusitako bidea egin, eman zitzaion irratifrekuentzia ezberdina erabili zuen... Informeak XF-11k erori baino lehen galdu zuela kontrola zioen eta hau ez zen Hughesen gustuko izan. Ez zuela kontrola galdu esan zuen, helizeen erruz galdu zuela altura baizik. Aire Indarren informea partziala eta injustua zela salatu zuen, militarrek ez zutelako helizeen sistemaren funtzionamenduaren akatsa erakutsiko zuen frogarik onartu nahi -Helize haiek ere esperimentalak ziren, abioia bezala, eta 4 palaz osatutako 2 helize ziren, bat bestearen atzean konektatuta-.

Ospitalean, Hughesek gorputza erabat hondatuta zuen, baina burua martxan jarraitzen zuen. Ingeniariei deitu zien bere neurriko ohe bat egiteko aginduz, diseinua ez baitzitzaion gustatzen. Bere aginduetara, 30 motore elektrikoz maneiatzen zen sistema hidraulikoa jarri zioten eta, botoiei eraginez, ohea nahi eran doitzeko aukera zuen, gaurko ospitaletako ohearen aitzindari[7].

[aldatu] Hughes eta bere H-4 Herkules handia

H-4 Hercules 2

Ospe handiena lortu zuen proeiektua H-4 Hérculesa izan zen. Aireontzi erraldoi honek marka berri bat hautsiko zuen: inoiz ezagututako hidroabioi handiena izan zen. Spruce Goose izena eman zitzaion eta hasiera batean gerrarako erabiltzeko xedean egin zen[8]. II. Mundu Gerran, urpeko alemaniarrei ekidinez, Atlantikoaren barrena tropa eta ekipoak garraitzako izango zen. Baina proiektu erraldoi eta zaila zen eta ez zuten garaiz amaitzea lortu, gerra bukatu zenean, %60a besterik ez baitzegoen egina[9].

Prentsak Howarden kritero faltaz hitz egin zuen eta diru publikoa xahutzeaz salatu zuen. Ezbaian jarri zen egun batean aireontzi hura egin zitekeenik ere. 193 tonako aparato bakarra egingo zen eta, jendearen esamesen aurrean, Hughesek, hegan eginaraztea ez bazuen lortzen, estatua betirako utziko zuela agindu zuen.

1947an, Legebiltzarraren Gerra Ikerketarako Batzordearen aurrean agertu behar izan zuen eta kontratuaren epeak ez betetzearen arrazoiak argitu. Hughesek gogor defendatu zuen bere burua eta Batzordea zuen azken informea elaboratu gabe desegin zen. Hughesek berea lortu zuen berriro ere eta, 1947ko azaroaren 2an, abioi erraldoiak Long Beachen, Kalifornian, hegan egitea lortu zuen. 30 bat metro eta milia batez (1,6 km) lortu zuen Herculesek uraren gainean altxatzea. Jendetza izugarriak ikusi zuen Hughes piloto, 130 km/orduko. Ez zuen sekula gehiago hegan egingo. Gerora argitu zuenez, Legebiltzarra eta iritzi publikoaren aurrean zergapekoie dirua behar bezala gastatu zela frogatzeko egin zuen. Gaur, Spruce Goose McMinnvillen dago, Oregonen, Evergreen Aviation Museoan.

[aldatu] TWA aireko bidaien enpresaren abenturak

1939an, Hughesek 7 milioi dolar inbertitu zituen akziotan TWA konpainian eta airelinea horren kontrolaz jabetu zen. Horrekin, lege federalaren arabera, Hughesek ezingo zituen bere aeroplano propioak eraiki.

Howardek lehiakide gogorra izan zuen, Panagra, gero Pan American World Airways (PAN AM) izango zena eta Juan Trippe zen bere ordezkaria, Ameriketako hegaldien gehiengoren ardura zuena. Trippek zuen zeruetako monopolio osoa eta Hughesen arerio amorratua zen.

TWAko Boeing 307k baino lan hobea egingo zuen aireplano baten bila, Hughes Boeingen lehiakide zen Lockheedenggana hurbildu zen. Egia esan, harremanetan zegoen berarekin, 1938an elkarrekin egin baitzuten munduari bira emateko erabili zuen abioia. Lockheedek baiezkoa eman zion Howarden abioia sekretuan eraikitzeko eskariari. Emaitza Lockheed Constellation dotorea izan zen eta TWAk erosi zituen ekoizpen katetik aterako ziren lehen 40 abioiak. Inoiz egindako abioi eskari handien eta garestiena izango zen hura.

Iraun zuen bitartean, Pan Am AEBetako airelinea nagusia izan zen eta TWA, berriz, bigarrena, baina barruko hegaldietan lehentasuna mantendu zuen eta horrek Pan Am baino handiagoa egiten zuen. Gainera, Hughes zen konpainiaren akzio askoren jabe eta, horregatik, AEBetako gizon aberatsena zen, 1.000 milioi dolar baino gehiago zuen lehen estatubatuar milionaria.

1956an, Hughesek 400 milioi balio zuten 63 Convair 880 eskatu zituen TWArentzako. Hughes oso aberatsa zen, baina kanpoko inbertsoreek TWAren agintaritza uztea eskatu zioten diru truk. PAN AMeko Trippe izan zen maniobra haietako askoren eragile.

1960an, TWA utzi beharrean izan zen. Konpainiaren %70aren jabe zen eta, hurrengo urteetan, kontrola berreskuratzeko ahaleginetan ibili zen. 1966an, tribunal federal batek akzioak saltzera behartu zuen, TWA eta Hughes Aircraft artean interes arazoak zeudela-eta. TWAreko partaidetza saltzean, 547 milioi dolar irabazi zituen. 70. hamarkadan, Hughes airelinien negoziora itzuli zen, linea berri bat erosi eta Hughes Airwest izena eman ziolarik berriro.

[aldatu] Gaixotasuna eta heriotza

1950. urtearen amaiaerako, Howard Hughesen NOKak okerrera egin zuen eta Ameriketan agerpen gehien zituen gizona bizitza publikotik ezkutatzen hasi zen.

1957ko urtarrilaren 12an, Hughes urte batzuk lehenago ezagutu zuen Jean Petersekin ezkondu zen. Bigarren ezkontza hau ere gorabeheratsua izan zen, obsesioak okertu egin baitziren eta itxita egoteko joera areagotu, emazterekiko harremanak telefonoz bakarrik mantentzen zituen arte.

Behin baino gehiagotan argitaratu zuten, hiltzear zegoela edo hil zela. Morbo handia zegoen gizartean Howarden irudiaren inguruan. Bizitza guztiko zigorra izan zen nahastea eta 30. urteetan inguruko lagunek ilarren inguruan zuen obsesioa zabaldu zuten, bide bereziak eginez haiekin eta, jan aurretik, tamainaren arabera klasifikatuz.

The Outlaw ekoizten ari zen bitartean, Hughes Jane Russellen blusaren akats batekin obsesionatu zen, oihala joskuran pilatzen zela eta bi titi-puntua ikusten zirela esanez. Kezkaren kezkaz, arazoa konpontzeko memorandum bat eta guzti egin zuen, ekipoko kideen artean banatu zuelarik.

Gero eta itxiagoa zen bere bizitza, gela ilunetan sartzen zelarik. Botika eta drogen eragina jasan zuen eta pelukeroa izan zen mantendu zuen bisita bakarra. Ondo ordaindutako medikuak bizi ziren etxean, baina Hughesek ez zituen ia ikusten eta haien aholkuak baztertzen zituen.

Bizitzaren amaieran, mormoiak zituen inguruan. Bera ez zen erlijio horretakoa, baina ez zuten alkoholik kontsumitzen eta konfiantzazko jendea iruditzen zitzaion.

Gaztetan, sifilisak hartu zuen eta garaiko tratamendua esperimentala baino ez zen, ondorio larriak ekar zitzakeelarik. Nerbio Sistema Zentralean eragin zezakeen eta arazo psikiatrikoak eragin. Sendagileek ez zuten sendatzea lortu eta sifilia okerrera joan zen. Sintomen artean, eskuetan atera zitzaizkion babak izan ziren eta inori eskua ez luzatzeko aholkua eman zioten. Ez zuen sekula gehiago egingo eta, zerbait ukitu beharrean bazen, paperezko musuzapiak erabiliko zituen germenengandik babestearren.

Managuako hotel berezi batean bizi zen, Nikaraguaren hiriburu moderno hartan, Hotel Intercontinental -gaur, Crowne Plaza-. Hantxe harrapatu zuen 1972ko abenduaren 23ko Managuako lurrikarak eta izututa ihes egin beharrean izan zen. Badirudi Somoza familiaren palazioetako batean babestu zela lurrikararen ondoren.

1976ko apirilaren 5ean, 70 urte zituenean, hilzorian zegoen Hughes Acapulco hotel ospetsuan. Hegazkinean igo zuten Houstoneko Ospital Metodistarantz eramateko xedean, baina ez dago zer eginik jada. Hegaldian hil zen edo, agian, igo aurretik. Houstoneko sendagileek gorpu zaharkitu eta argala aurkitu zuten, bizar luze eta aspaldi moztu gabeko azkazalez hornitua. Itxituraren ondorioz, ez zegoen ezagutzeko moduan eta FBIk hatz aztarnak hartu behar izan zizkion identifika ahal izateko[10].

Autopsiaren arabera, giltzurrunetako arazo batek eragin omen zion heriotza. Desnutrizio larria ere erakusten zuen eta orratz hipodermiko muturrak ere bazituen besoko azal azpian. Horrela bukatu zen heriotzari behin baino gehiagotan alde egin zion enpresario milionario eta heroi nazionalaren bizitza[11].

Apirilaren 7an eman zioten lur Houstoneko Glenwood Hilerriko panteoi familiarrean.

[aldatu] Howard Hughesen zinema

Lehen bi filmak 1927an estreinatu ziren, Everybody's Acting eta Two Arabian Knights eta arrakasta itzela izan zuten, azkenak, Komedia zuzendari hoberenentzako Oskarra eman ziolarik. The Racket 1928an eta The Front Page 1931n izendatuta egon ziren sari horietarako[12].

1927 eta 1930 artean 3,8 milioi dolar gastatu zituen berak idatzi eta zuzendu zuen Hell's Angels ekoizteko -Luther Reedek lagundu zion-. Film erdia grabatuta zegoenean, The Jazz Singer estreinatu zuten eta soinuaren iraultza etorri zen zinemara. Hughesek teknologia berria sartzeko premia ikusi zuen eta, Greta Nissen artista norvegiarra despeditu eta Jean Harlow sartu zuen aristokrata britainiarraren paperean -aurrekoaren ahotsa ez zen sinesgarria geratzen oraingo teknologian-.

Hughesen mania eta xelebrekeriak nagusitu ziren ekoizpen lan hartan. Biplanoen arteko borrokak grabatu behar ziren airean eta 3 piloto hil ziren lan horretan. Azkenean, inor ez zuen azken eszena grabatu nahi izan, arriskutsua zela-eta, eta Hughesek berak egin behar izan zuen, filma bukatzeko. Lortu zuen, baina istripua izan zuen, zauri arinak jasan zituelarik.

3 urte iraun zuen lan erraldoi hark, Hughesek berriro grabatzen baitzituen abiadurarik gabe iruditzen zitzaizkion eszenak. Meteorologo bat ere kontratatu zuen, zerua lainotuta nahi zuelako. Lainoek erreferentzia bat ematen zioten ikusleari eta aireplanoaren abiadura hobeto pertzibituko zen horrela.

Los Angeleseko Grauman's Chinese Theaterren estreinatu zuten 1930eko maiatzaren 24an eta Charles Chaplin eta Buster Keaton izan zituen gonbidatuen artean. 8 milioi dolar irabazi zituen filmarekin, gaurko 90 izango zirenak.

1932an, Scarface ekoiztu zuen[13].

1943an, The Outlaw etorri zen, bere film ezagunena, Jane Russell izar.

[aldatu] Howard Hughes zineman

  • 1988an, Francis Ford Coppolaren Tucker: The Man and His Dream. Dean Stockwell aktoreak Tuckerri laguntzen dio, diseinu iraultzailea duen autoaren ekoizpenerako altzairua errazten dionean.
  • 1991ko Rocketeerren filman, pertsona propultsatzeko ahalmena duen suziria asmatzen duen Howard Hughes izeneko industriari airenautikoa agertzen da.
  • 2004an, Leonardo DiCapriok eman zion bizia Martin Scorsesen The Aviator filman.
  • 2007an, berriz, The Hoax filman agertu zen bere nortasuna. Richard Gerek antzezten duen pertsonaiak estafa handi bat burutuko du airenautikaren magnate handiaren aurka.

[aldatu] Ekoizturiko filmak

  • Everybody's Acting (1927)
  • Two Arabian Knights (1927)
  • The Racket (1928)
  • The Front Page (1928)
  • Hell's Angels (1930)
  • Scarface (1932)
  • The Outlaw (1943)
  • The Conqueror (1956)

[aldatu] Hegazkinlari bezala jasotako sariak

  • Harmon Trophy (1936)
  • Harmon Trophy (1938)
  • Collier Trophy (1939)
  • Congressional Gold Medal of Honor (1939)
  • Octave Chanute Award (1940)

[aldatu] Erreferentziak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak