Musulmanek Iberiar penintsula konkistatzea

Wikipedia(e)tik
Iberiar penintsulako konkista musulmana» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Musulmanek Iberiar penintsula konkistatzea 711-719. urteen bitartean bisigodoen erresuma desagerrarazi eta Hispania (Iberiar penintsula) musulmanen mende jarri zuen konkista da.

Damaskoko Al-Walid I.a kalifa omeiarraren agindupean eta Tariq ibn Ziyad buru zutela, islamera bihurtu berri ziren bereberrez osatutako armada Ipar Afrikatik Gibraltarra (Jabal Tāriq (جبل طارق), Tariq-en mendia etimologikoki) heltzean hasi zen konkista, 711ko apirilaren 30ean. Guadaleteko guduan (uztailaren 19an) Rodrigo errege bisigodoaren armada suntsituta, musulmanek nahiko aise eta azkar bere kontrolpera eraman zuen Hispania hurrengo urteetan.

Musulmanen agindua penintsula osora hedatu bazen ere, ipar-mendebaldean (Galizia eta Asturias) zein Pirinio aldeko lurralde euskaldunetan ahulagoa izan zen. Hala ere, Iruñeak 714ean, Huescak pixka bat geroago, eta Bartzelonak 719an onartu zuten musulmanen agindua. Are gehiago, Pirinioz bestaldera ere hedatu ziren, harik eta Karlos Martel buruzagi frankoa haiekin hainbatetan gudukatu eta omeiatarren oldea iparralderantz eta ipar-ekialderantz hedatzeari utzi zion arte (732. urtean Poitiersen izan ziren garaituak, eta 737an Arles, Nimes eta Avignonen). 759tik aurrera Iberiar penintsulara mugatu zituzten haien mendeko lurralde iraunkorrak, Pepin Laburra frankoaren kanpaina militarrak behartuta. Aldiz, musulmanek ez zituzten egungo Frantzian erasoak gelditu 975 arte.

Musulmanek mende luzez izan zituzten Iberiar penintsulan lurraldeak, Al-Andalus izenpean. Hala ere, domeinu horien agintariek erlijio berdina zuten arren (musulmana), lurraldeok desberdintasun handiak zituzten haien artean, nola populazioaren eta talde etnikoen ezaugarriei dagokionez, hala interes politikoei dagokienez. Domeinu horiek tarteka erresuma bakar batean elkartuta zeuden Kordoba edo Sevilla hiriburu zutela, baina beste askotan lurraldeetako jauntxoek beren bidetik jo zuten, erresuma txikiak sortuz (taifa direlakoak).

Errekonkista deitu izan zaio Iberiar Penintsulan VIII eta IX. mendeetan sortuz joan ziren erresuma kristauek hegoalderantz hedatzeko mugimenduari, betiere lurralde musulmanen lepotik. Benetan, ordea, erresuma kristauak hegoaldera ez ezik beste erresuma kristauei erasotzen zieten. XIX eta XX. mendean ondutako Errekonkistaren ideia horren arabera, erresuma musulmanak konkistatzeko mugimendu hori Pelayok hasi zuen 722ko Covadongako gudu mitikoan, eta 1492an baino ez zen amaitu.