Java (uhartea)

Koordenatuak: 7°29′30″S 110°00′16″E / 7.4916666666667°S 110.00444444444°E / -7.4916666666667; 110.00444444444
Wikipedia, Entziklopedia askea
Java

Java uhartearen mapa topografikoa.
Bertako izenaJawa
Geografia
KokapenaHego-ekialdeko Asia
UhartediaSondako uharte handiak
Azalera124.413 km2
Punturik garaienaSemeru
Politika
Herrialdea Indonesia
Gizartea
Biztanleria141.289.028 bizt. (2015)[1]

Java[2] (indonesieraz Jawa; javeraz: ꦗꦮ; sonderaz: ᮏᮝ) Indonesiako uhartea da. 124.413 kilometro koadroko eremua du, eta 2015ean 141 milioi biztanle zituen, herrialdeko biztanleriaren %56,7[1]. Munduan jende gehien bizi den uhartea da. Hiri nagusia Jakarta da, Indonesiako hiriburua.

Geografia

Java Sondako uharte handiak izeneko uharte-katean dago, Sumatraren ekialdean dago, Baliren mendebaldean, Borneoren hegoaldean Christmas uhartearen iparraldean. Javako itsasoa du iparraldean, Sondako itsasartea mendebaldean, Indiako ozeanoa hegoaldean eta Baliko zein Madurako itsasarteak ekialdean. Munduko hamahirugarren uharterik handiena da, 128.297 kilometro koadroko eremuarekin.

Uharteak jatorri bolkanikoa du. Kono itxurako 38 mendi ditu, antzina sumendi aktiboak izan zirenak.

Orografia eta hidrografia

Semeru eta Bromo mendiak, ekialdeko Javan.

Insulindiako sumendi mendikatea eratzen dute Javako mendiek, Sondako itsasartearen eta Baliko itsasoaren artean daudenek. Sumendirik garaiena Semeru da (3.676 m), eta aktiboena Merapi (2.930 m). Haran gehientsuenak hegoaldean daude.

Ibairik luzeena Solo da (600 km); Lawu sumendian du iturburua, erdialdeko Javan, eta Javako itsasoan ahoa, Surabayatik hurbil. Beste ibai aipagarri batzuk Brantas, Citarum, Cimanuk eta Serayu dira.

Klima, landaredia eta fauna

Tropikala da Javako klima, beroa eta hezea. Batez besteko tenperatura 22°C eta 29°C artekoa izaten da, eta hezetasun erlatiboa %75 ingurukoa. Bi urtaro bereizten dira: urtaro hezea, azarotik apirilera, mendebaldeko montzoi haizeak eragiten duena, eta urtaro lehorra, ekainetik urrira.


    Datu klimatikoak (Surabaya, ipar-ekialdeko Java)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 31.8 31.5 31.6 31.4 31.6 31.2 31.3 30.1 32.7 33.4 33.1 31.9 31.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 24.1 24.2 24.0 24.8 24.1 23.5 23.0 22.5 22.9 23.7 24.1 23.8 23.7
Euria (mm) 327 275 283 181 159 101 22 15 17 47 105 219 1751
Euri egunak (≥ 1 mm) 17 18 19 15 13 11 7 3 4 5 12 23 147
Iturria: World Weather Information Service[3]

Landaredia eta fauna oso aberatsak dira. Dibertsitate biologikoa arront handia da, eta espezie endemiko ugari dago: Javako errinozeroa[4], Sus verrucosus basurdea, Nisaetus bartelsi arranoa, Pavo muticus hegazterrena, Hylobates moloch eta Trachypithecus auratus primateak, Tragulus javanicus eta Rusa timorensis artiodaktiloak eta Javako lehoinabarra. Erdialdean eta mendebaldean oihan tropikal zabalak daude.

Historia

Aspalditik bizi da jendea Javan; hala erakusten dute han aurkitu diren fosilek. Yavdvïpa izenaz agertzen da Indiako epopeian eta Iabadiu izenez Ptolomeoren geografian. Kristau aroko lehen mendeetan, hinduismoaren eragina zen nagusi. Aginpidea printzeen esku zegoen. Haiek zergak kobratzen zizkieten nekazariei eta nekazaritza gaiak kaietara eramateko garraiobideak egokitzeko ardura zuten.

Te-saila, herbeheretarren kolonizazio-garaian, 1926 aldean.

732an sortu zen estatu gisa antolatutako lehen lurraldea, Sanjaia, dinastia budistako erregearekin. Javako literatura lanik zaharrenetarikoa idatzi zuen Airlangak lurraldea batu zuen 1028 eta 1035 artean. Airlanga hil zenean, bi erreinu sortu ziren: Janggala mendebaldean eta Panjalu edo Kediri ekialdean. Azken honek indar handia hartu zuen eta Javako artearen eta literaturaren garapena ekarri zuen. 1293tik aurrera, Majapahit Inperioaren bitartez, iritsi zuen urrezko aroa, garai hartan lortu baitzuen benetako nagusitasuna Sondako gainerako uharteekiko.

1520 aldean sartu zen Islama Javan. Ondoren, portugaldarrek hartu zituzten lurralde gehienak; 1602 inguruan, herbeheretarren esku geratu ziren lurralde haiek guztiak. Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainia sortu zuten, eta hura izan zen uharteko agintaria bertakoen matxinadak zapalduta. Herman Willem Daendels gobernariaren erreformaren ondorioz, printzeei aginpidea kendu zitzaien, nekazariek Konpainarentzat lan egin behar izan zuten eta uhartearen defentsarako plana eratu zen.

1903an eman zitzaien javatarrei administrazioan parte hartzeko eskubidea, eta 1925etik aurrera legegintzan parte izan zuten. Javako itsasoko gatazkaz geroztik (1942), Japoniarrek hartu zuten uhartea. Gerraren ondoren, Java erdialdea eta mendebaldea Indonesiako Errepublikan sartu ziren; Herbehereek sortutako gainerako estatu autonomoek 1950ean batu ziren Indonesiarekin.

Banaketa administratiboa

Java eta inguruko uharteak batera administratzen dira; lau probintzia eta bi eskualde berezitan banaturik daude:

Lau kultura-eskualde bereizten dira:

  • Mendebaldeko Java (Banten, Mendebaldeko Java eta Jakarta)
  • Erdialdeko Java (Erdialdeko Java eta Yogyakarta)
  • Ekialdeko Java, Madura uhartea salbu
  • Madura Uhartea

Gizartea

2015ean Javak 141,3 milioi biztanle zituen[1], 124.413 kilometro koadroko eremuan (Java izeneko administrazio-eskualdeak, Madura uhartea barne hartzen duenak, 129.438 kilometro koadroko eremua du, eta 145 milioi biztanle zituen 2015ean). Munduko uharterik jendetsuena da, eta Indonesiako biztanleriaren %56,7 bizi da bertan. Munduan biztanle dentsitate handienetako eskualdea da: 1.136 biztanle kilometro koadroko. Dentsitate handiena uhartearen mendebaldean dago, alegia, Banten, Jakarta eta Mendebaldeko Java probintzietan.

Probintzia Hiriburua Eremua
km²[1]
Eremua
%
Biztanleria
2000ko errolda[1]
Biztanleria
2010eko errolda[1]
Biztanleria
2015eko errolda[1]
Biztanle
dentsitatea (2015)
Banten Serang 9.663 7,1 8.098.277 10.632.166 11.934.373 1.235
Jakarta - 664 0,5 8.361.079 9.607.787 10.154.134 15.292
Mendebaldeko Java Bandung 35.378 27,1 35.724.093 43.053.732 46.668.214 1.319
Mendebaldeko Java eskualdea
(gaineko 3 probintziak)
45.705 34,7 52.183.449 63.293.685 68.756.721 1.504
Erdialdeko Java Semarang 32.801 25,3 31.223.258 32.382.657 33.753.023 1.029
Yogyakarta Yogyakarta 3.133 2,4 3.121.045 3.457.491 3.675.768 1.173
Erdialdeko Java eskualdea
(gaineko 2 probintziak)
35.934 27,7 34.344.303 35.840.148 37.428.791 1.041
Ekialdeko Java Surabaya 47.800 37,3 34.765.993 37.476.757 38.828.061 812
Java administrazio-eskualdea Jakarta 129.438 100 121.293.745 136.610.590 145.013.573 1.120
Madura uhartea
- 5.025 3,3 3.230.300 3.622.763 3.724.545 741
Java uhartea[5]
- 124.413 96,7 118.063.445 132.987.827 141.289.028 1.136

Banaketa etnikoa

Indonesiako beste uharte handien aldean, Java etnikoki nahiko homogeneoa da. Bi besterik ez dira bertako talde etnikoak: javatarrak, biztanleriaren bi heren, eta sondatarrak, gehiengoa mendebaldeko Javan[6]. Maduratarrak, jatorria Madura uhartean dutenak, XVIII. mendean hasi ziren ekialdeko Javara emigratzen, eta egun biztanleriaren %10 dira. Betawia etnia kriolloa da, XVII. mendean Bataviaren inguruan bizi zen herri baten ondorengoa; malaysieraren dialekto bat erabiltzen dute.

Hizkuntzak

Hiru dira Javako hizkuntza nagusiak: javera, sondera era madurera. Beste mintzaira batzuk ere erabiltzen dira, hala nola, betawiera (malaysieraren dialektoa, Jakartaren inguruan mintzatzen dena), osingera, banyumasanera eta tenggeresera (javeraren dialektoak), baduyera (sonderaren dialektoa), kangeanera (madureraren dialektoa) eta baliera[7]. Indonesiera da biztanle gehienen bigarren hizkuntza.

Hiri nagusiak

Jakarta, Javako eta Indonesiako hiriburua.
Bandung, Javako hirugarren hiria.
Hiria Probintzia Biztanleria
(2010)[8]
1 Jakarta Jakarta 9.607.787
2 Surabaya Ekialdeko Java 2.765.487
3 Bandung Mendebaldeko Java 2.394.873
4 Bekasi Mendebaldeko Java 2.334.871
5 Tangerang Banten 1.798.601
6 Depok Mendebaldeko Java 1.738.570
7 Semarang Erdialdeko Java 1.555.984
8 Hego Tangerang Banten 1.290.322
9 Bogor Mendebaldeko Java 950.334
10 Malang Ekialdeko Java 820.243

Erlijioak

Biztanle gehienak musulmanak dira, baina hauetako askok ez dituzte betetzen islamaren bost euskarriak. Santriak islam ortodoxoaren jarraitzaileak dira, eta abanganak bertsio sinkretikoago bat praktikatzen dutenak, hinduismo, budismo eta animismoaren eraginarekin[9]. Gutxiengo kristauak, batez ere katolikoak, eta budistak daude.

Ekonomia

Nekazaritza da jarduera nagusia, horretarako baldintzak oso onak baitira (klima hezea eta egonkorra da, lurra emankorra, eskulana ugaria eta kontsumoko merkatua zabala). Arroza, artoa, kafea, kakaoa, kautxua lantzen dira, batez ere. Industria batzuk ere daude: azukre eta petrolio findegiak, eztainu eta beste zenbait metalen fundiziorako lantegiak...

Kultura

Artea

Borobudur tenpluaren ikuspegia.

Javako artean garai asko bereiz daitezke, historian zehar kolonizatu zuten herrien ezaugarriek mugatuak, baina urrezko aroa VII-IX. mendeen artekoa izan zen. Garai hartan Javako agintea Cailendra dinastiaren esku zegoen. Caliendra dinastia Indiakoa zen jatorriz, baina Indonesiako lurralde askotara hedatu zuen bere aginpidea; haren eraginez budismoak hinduismoaren tokia hartu zuen eta Javako erlijio nagusi bihurtu zen.

Garai hartako arte lan aipagarrienak hilobi budistak dira. Garrantzitsuenak dira Dieng ordokikoak (gaur egun zortzi gelditzen dira) eta bereziki, Borobudur santutegi budista (800. urte inguruan eraikia). Barabudur santutegia piramide formakoa da, oin karratuko bost solairu eta horien gainean oin biribileko beste hiru solairu ditu; barnealdean Budaren bizitzaren pasarteak aditzera ematen dituzten baxuerliebeak daude, gupta estilokoak. Barabudur santutegiak unibertsoaren harmonia eta izadiaren edertasuna, adierazten ditu eta Javako erlijiozko artearen gune garrantzi handieneko bat da. Horiez gainera aipatzekoak dira, besteak beste, Jabungo tenplu biribila, hinduista, Sewu tenplua eta Prambanan tenplua.

Urrezko aroaz gainera, garrantzizkoa izan zen XII-XIII. mendeetako artea, islamaren eragina nabarmen adierazten duena. Garai hartako arte lan nagusiak tenpluak eta bainuak dira.

Musika

Javako musikan aipagarria da gamelana, mendebaldean ezagutzen den orkestraren antzekoa. Jatorria Malaysian du, baina hinduismoaren, islamaren eta Ekialde Urruneko eraginak jaso ditu. Eskalen artean bi dira oinarrizkoak: slendro eta pelog.

Erreferentziak

  1. a b c d e f g Indonesia: Urban Population of Cities. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2016-9-9).
  2. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
  3. Surabayako datu klimatikoak. worldweather.wmo.int (Noiz kontsultatua: 2016-9-9).
  4. Javan Rhinoceros. edgeofexistence.org (Noiz kontsultatua: 2016-9-10).
  5. Uharte txiki batzuk barne: Nusa Barung 100 km², Bawean 196 km², Karimunjawa 78 km², Kambangan 121 km², Panaitan 170 km², Thousand Islands 8.7 km² - denetara 90.000 biztanle inguru
  6. Sundanese. everyculture.com (Noiz kontsultatua: 2016-9-12).
  7. Languages of Indonesia (Java and Bali). archive.ethnologue.com (Noiz kontsultatua: 2016-9-12).
  8. Indonesia: Provinces, Regencies and Cities. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2016-9-10).
  9. Javanese. everyculture.com (Noiz kontsultatua: 2016-9-10).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Java (uhartea) Aldatu lotura Wikidatan