Kalkolito

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Historiaurreko aroak
Pleistozenoa

Paleolitoa

Behe Paleolitoa
Olduwaiar kultura
Abbevilliar kultura
Acheulear kultura
Erdi Paleolitoa
Mousteriar kultura
Goi Paleolitoa
Châtelperroniar kultura
Aurignaciar kultura
Gravettiar kultura
Solutrear kultura
Magdaleniar kultura
Holozenoa
Mesolitoa eta Epipaleolitoa
Aziliar kultura
Kebarar kultura
Natufiar kultura
Neolitoa
Halafiar kultura
Hassun kultura
Ubaid kultura
Uruk kultura
Kalkolitoa
Kurgan kultura
Brontze Aroa
Behe Brontze Aroa
Erdi Brontze Aroa
Goi Brontze Aroa
Burdin Aroa
Hallstatt kultura
La Tene kultura


Kalkolitoa (antzinako grezieratik: khalkos «kobrea», eta lithos «harria»), Kobre Aroa edo Eneolitoa (latineko aeneus «kobrezko, brontzezko» + grezierako lithos «harria») giza kulturaren garapenaren aroetako bat da, non gizakia kobrezko lanabesak erabiltzen hasi zen. Hau da, Kalkolitoan hasi zen gizakia metalezko lanabesak erabiltzen. Kalkolitoa da Neolitoaren hurrengo aroa, eta Brontze Aroaren aurrekoa. Izan ere, Neolitoko azken garaietako harrizko eta hezurrezko tresneriaren eta Brontze Aroan sortzekoa zen metalezko industriaren garapenaren arteko trantsiziozko alditzat jo ohi da Kalkolitoa. Kalkolitoan, urrearen, zilarraren eta kobrearen ustiapena bigarren mailako artisauen esku zegoen, tresneriaren oinarrizko materialak harria eta hezurra baitira.

Kalkolitoa askoz lehenago izan zen Ekialde Hurbilean Europan baino. Europan kobrearen erabilera ez zen oso zabala izan, eta eztainuarekin galdatzeko ahaleginak oso goiz hasi ziren. Beraz, Kalkolitoko kultura eta aroak bereiztea zaila da.

Oro har, Mendebaldeko Europan, Kalkolitoak K. a. 2.500tik K. a. 1.800 arte iraun zuen. Hasiera batean, kobrearen eskulangintzaren hedapena Egeo Itsasotik etorri zen, Danubioko salerosketarako bideari esker. Eta prozesu hori ere mugatua izan zen. Atlantikoko kostaldean, esaterako, brontzea etorri baino lehenagoko metalezko ekoizpen zabala urrezkoa izan zen. K. a. 1.800 eta K. a. 1.600 bitartean, kobrea eta eztainua galdatuz brontzearen metalurgia sortu zuen, metalezko benetako lehendabiziko garaia.

Kalkolitoa, Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Neolito eta Kalkolitoa Euskal Herrian»

Euskal Herrian kobrea lantzen hasi zen gizakiak egungo euskaldunaren antzeko ezaugarri morfologikoak eta antropologikoak zituen, artzaintzan ziharduen oro har, eta aztarna ugari utzi zituen bizi zen leizeetan eta harpeetan, hala nola hileta oroitarrietan (trikuharrietan). Euskal Herrian K. a. 2500. urte aldera hasi bide ziren lantzen metalezko lehen tresnak, kobrezkoak guztiak: eztenak, aizkorak, sastakaiak, gezi puntak. Sail eder bat agertu zen Gobaederrako leizean (Erriberagoitia, Araba). Jaso dira, halaber, garai hartako kobrezko apaingarri batzuk (eskumuturreko batzuen zatiak, eraztunak, lepoko batzuen hondarrak).

Kalkolitoak K. a. 1200. urtearen ingururaino iraun zuen Euskal Herrian; orduan hasi zen brontzearen erabilera nagusitzen. Kalkolitoan funtsezko aldakuntzak izan zituen euskaldunen zibilizazioak: beterrietan lehen laborariak azaldu ziren (Santimamiñe, Jentiletxeta, Sorginaren Txabola, Jaizkibel, Isturitze...), hegoaldeko (Millaresko kultura) eta ipar-mendebaleko (zelta indoeuroparrak) herriekiko harremanak areagotu ziren, eta, oro har, euskal gizartearen kultura ezaugarriak eta bereizgarriak itxuratu ziren. Bestalde, kobrearekin batera, beste metal batzuk ere lantzen hasi ziren, aleazioetan batzuk (eztainua, beruna, zilarra), eta hutsik besteak (urrea, zilarra).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kalkolito Aldatu lotura Wikidatan