Manuel Santa Kruz
- Artikulu hau Apaiz karlistari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Santa Cruz.
Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi (Elduain, 1842ko martxoaren 23a[1] - Pasto, Kolonbia, 1926ko abuztua), Santa Kruz apaiza izenez ezagunagoa, apaiz eta gerrillaria zen.
Eduki-taula |
Biografia [aldatu]
Gasteizko apaizgaitegian ikasi eta apaiztu bazen ere, militar ezaguna izan zen.
Hernialdeko parrokoa zen 1868ko Iraultzak Elisabet II.a Espainiakoa bota zuenean. 1870eko urrian atxilotu zuten karlismoaren aldeko propaganda aktiboa egiteagatik, baina urriaren 6an Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. 1872ko apirilean Hirugarren Gerra Karlista hasi zenean, muga igaro eta taldetxo armatu baten buru egin zen. Ez zuen Zornotzako ituna onartu, eta, abuztuan Aramaion berriro atxilotuta, ihes egitea lortu zuen, Ipar Euskal Herrian babesa lortuz. Abenduaren 2an berriro igaro zuen muga eta bere taldetxoarekin bildu zen.
Bere taldea Gipuzkoan aritu zen borrokan eta bera karlismoaren buruzagi agerikoenetako bat bihurtu zen. Ezagun egin zen batez ere bere ausardiagatik, baina baita bere ankerkeriagatik ere. Bere jokaera askea zela-eta gatazkak izan zituen karlismoaren buruzagi militarrekin. Gatazka horiengatik borroka utzi eta 1873ko uztailean berriro Frantziara alde egin behar izan zuen. Abenduan berriro Gipuzkoara itzuli zen, baina ez zen luzaro izan. Azkenean Nantesera, Lillera eta Londresa erbesteratu zen. Santa Kruz Jesusen Konpainian sartu eta misiolari aritu zen Jamaikan eta Kolonbian, azken herrialde horretan hil zen arte.[2]
Taldetxoa [aldatu]
Pio Barojak 1924ko Divagaciones Apasionadas liburuan taldetxoaren kideen zoria azaltzen du:
- Francisco Arbelaitz, ezizenez Praxku Bordagaraiko, Montserrat jeneral karlistak fusilatu zuen. Hala ere, Auñamendi Entziklopediak esaten du Santa Kruzek fusilatu zuela Endarlatzan.[3]
- Esteban Indart, ezizenez Lasalako turutajolea, karlistek fusilatu zuten.
- Oilarra, Ramon Cabrera gerrillari karlistarekin bat egin zuen Alfontso XII.aren alde.
- Jose Ramon Garmendia, ezizenez Lazkaoko ikaslea Frantzian bizitzen bukatu zuen.
- Portuetxe Parisen apaiz bihurtu zen.
- Kaperutxipi Argentinara erbestetu zen.
- Arroxko pelotari bihurtu zen.
- Lechugino Beran bizi izan zen.
- Juan Egozkue, Santa Kruzek fusilarazi zuen 1873ko apirilean.
- Soroeta guduan hil zen.
- Francisco Maria Aranburu Mendiaraz, ezizenez Beltza (Beasain, 1838ko abenduaren 20 -?) Pio Barojak desagertutzat eta liberalek hiltzat emana bazuten ere, haren senideek Frantziatik itzulita Bizkaian bizi izan zela diote[4].
Auñamendi Entziklopediak beste kideen zoriaz honako hau dio:
- Jose Zeberio, ezizenez Xendoia, bertsolaria liberalek harrapatu eta gero Cadizeko presondegian egon zen.[5]
- Orkaiztegi, Santa Kruzen aholkularia zen.[6]
Artea [aldatu]
- 1929an, Nikolas Ormaetxea Orixek Santa Kruz apaiza eleberria idatzi zuen.[7]
- 1990ean, Jose Maria Tudurik Santa Cruz, el cura guerrillero filma egin zuen.
- 1992an, Junes Casenavek Santa Kruz güdülari pastorala idatzi zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen iturrietako bat Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa da.
- ↑ http://liburutegidigitala.donostiakultura.com/Liburutegiak/download.php?fich=LA+CONSTANCIA%2F1926%2F12%2F03%2F0004.pdf&path=PDF
- ↑ (Euskaraz) Aita Karlos Arrizabalaga misiolariari eginiko elkarrizketa
- ↑ (Gaztelaniaz)Auñamendi Entziklopedia
- ↑ (Gaztelaniaz) Beltzaren biografia
- ↑ (Gaztelaniaz) Auñamendi Entziklopedia
- ↑ (Gaztelaniaz)Auñamendi Entziklopedia
- ↑ (Euskaraz) Armiarma.com
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Biografia
- (Gaztelaniaz) Auñamendi Entziklopedia
- (Gaztelaniaz) Biografia El Diario Vasco egunkarian