Tango

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tangoa1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Mota Kultura Ondare Immateriala
Erreferentzia 00258
Kokalekua  Argentina
 Uruguai
Eskualdea2 Latinoamerika eta Karibea
Izen ematea 2009 (XXXIII. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena
El Choclo (1903), Ángel Villoldorena

Tangoa musika eta dantza mota bat da, Rio de la Platan sortu eta garatua, Buenos Aires eta Montevideo hirietan bereziki. 2/4ko konpasean idazten da. Maitasun mina du gai nagusia, eta bertsoak edertasun handikoak izan ohi dira. Tangoa jotzeko talde ohikoa seikotea da, orquesta típica deitutakoa: bi biolin, pianoa, kontrabaxua eta bi bandoneon. Trikitiaren antzeko akordeoi diatonikoa da.

XIX. mende erdialdean sortu zen, Buenos Airesko auzune behartsuetan. XX. mendearen hasieran Buenos Aires osoan zabaldu eta Argentinako eredu bihurtu zen. Lehen Mundu Gerra hasi aurretik Europan hedatu zen arrakasta handiarekin. 2009an Unescok Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buenos Airesen, 1880ko hamarkadan, tango izeneko dantza eta musika estiloa sortu zen auzunerik xeheenetan. Tangoak habanerarekin partekatzen du genealogia, baina Rio de la Platako ibaiertzeko ukitu berezia du. Garai hartan, habanerak, polkak, mazurkak eta balsen bat entzuten eta dantzatzen zituzten hiriko biztanle zuriek; beltzek, biztanleen laurdenak, perkusioak markatutako kandonbea nahiago zuten. 1870ean, Argentinak bi milioi biztanle zituen eta 25 urtean, biztanleria bikoiztu egin zen. XIX. mendea amaitu baino lehen, Buenos Aires hiriburuak bi milioi biztanle zituen: erdiak, lehen belaunaldiko etorkinak. Giro hartan, erritmo berriak iturri askotatik edan zuen, mundu guztitik etorritako aireak arnastu eta Buenos Airesko taberna zulo ilunen eta putetxeen ukitua eman zien[1].

Ez zegoen doinu berria dantzatzeko araurik eta muga moralik ere, giro haietan emakume bakarrak prostitutak zirelako. Hala, probokazioa, gertutasuna eta sentsualitatea nagusitu ziren dantza berrian. Kanten hitzak ere bat zetozen dantza lizunarekin. Hona lehen tangoen izenburu argigarri batzuk: Dos sin sacarla ("Bi atera gabe"), Qué polvo con tanto viento ("Hori hautsa [= larru-jotzea] hainbeste haizerekin"), Con qué tropieza que no entra ("Zerekin egin du estropezu egin, ez baita sartzen"), Siete pulgadas ("Zazpi hazbete")...[1]

Buenos Airesko gazte aberatsak ez zuten erreparorik auzune xeheetara jaitsi eta doinu berriaz gozatzeko baina, noski, tangoa ezin zuten beren etxeetan entzun edo giro bereko andereñoekin dantzatu. Buenos Airesen ez, baina Parisen bai. Argentinar gazteek Europara eraman zuten tangoa. Beste hainbat lekutan onartezina zena gustura hartu zuten XX. mende hasierako Pariseko saloi irekietan, Montparnasseko Ba Bulierren edo Pierre-Auguste Renoirrek margotutako Moulin de la Galletten. Parisen gertatzen zen guztia chic zen Europako gainerako herrialdeetan eta, hala, modaren hiriburutik kontinente osora zabaldu zen tangoa. Gerra aurreko modako dantza izan zen. Pio X.ak debekatu egin zuen eta Gilen II.a kaiserrak bere ofizialei tangoa dantzatzea galarazi zien. Baina berandu zen: arrakasta lortua zuen ordurako[1].

Musikari eta kantari ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteak beste, Enrique Santos Discépolo (1901-1951), Francisco Canaro (1888-1964), Osvaldo Pugliese (1905-1995), Aníbal Troilo (1914-1975) eta Astor Piazzolla (1921-1992) tangogile ospetsuak izan ziren; eta kantariak, berriz, Carlos Gardel (1890-1935), Rosita Quiroga (1896-1984), Azucena Maizani (1902-1970), Libertad Lamarque (1908-2000) eta Carlos Acuña (1915-1999). 1920tik aurrera, musikagile askok beren lanetan sartu zuten: Igor Stravinskik, Darius Milhaudek, Paul Hindemithek, Alois Hábak, Ernst Krenekek, Carlos Chávezek, besteak beste.

Tango abesti ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Irazustabarrena, Nagore. Putetxe ilunetatik Unescoren argitara. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-12-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]