Pio X.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pio X.a
Pius PP. X
Pio X.a

Aurrekoa Leon XIII.a
Ondorengoa Benedikto XV.a
Jaiotzezko izena Giuseppe Melchiorre Sarto

Jaiotza 1835eko ekainaren 21a
Riese, Veneto
Heriotza 1835eko ekainaren 21a
Vatikano Hiria
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra

San Pio X.a[1] (latinez, Pius PP. X), jaiotzaz, Giuseppe Melchiorre Sarto (Riese, Lombardia-Veneto, gaur egungo Italia, 1835eko ekainaren 21a - Erroma 1914ko abuztuaren 20a), Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1903ko abuztuaren 4tik bere heriotza egunera arte. Pio V.aren (1566-1572) ondoren santu izendatu duten Aita Santu bakarra da momentuz.

Familia eta ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giovanni Battista Sarto postariaren eta Margarita Sanson jostunaren hamar seme-alabetatik bigarrena izan zen Giuseppe Melchiorre Sarto. Jaio eta hurrengo egunean bataiatu zuten. Familia apalekoa izan arren, bere gurasoak heziketa ona baloratzen zuten.

Bere lehen ikasketak herriko ikastetxean egin zituen. Egunero sei kilometro ibili behar zituen eskolara iristeko. Herriko parrokoarekin hasi zen latina ikasten. 1846an Venetoko Liceo Classicora bidali zuten. 1850ean Trevisoko gotzainak beka bat eman zion ikasketekin jarrai zezan.

1858an apaiztu zen. Tomboloko parroko izan ostean, kanonigo, seminarioko errektore eta bikario izendatu zuten besteak beste.

Gotzain eta kardinal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leon XIII.ak Mantuako gotzain izendatu zuen 1884an. 1893an kardinal eta Veneziako patriarka izendatu zuen Aita Santuak.

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leon XIII.a hil zenean konklabera deitutakoen artean izan zen. Lau egun behar izan zituzten Giuseppe Sarto Aita Santu izendatzeko.

Sendotasunez gidatu zuen Eliza Katolikoa sekularizazioa indartzen zihoan garaian. Modernismoa ere gero eta esanguratsuagoa zen, baita ikasketa biblikoen alorrean ere. Zentzu horretan modernismoa gaitzetsi zuen Pascendi Dominici gregis entziklikan (1907ko irailaren 8an).

Liturgian erreforma sakonak egin zituen, kristauek Eukaristian parte hartzea bultzatuz. Besteak beste haurrek lehen jaunartzea egin zezatela agindu zuen kristau ikasbidea behar beste ikasi ondoren. Zuzenbide kanonikoko kodea idatziz eta batuta argitaratzeko agindu zuen.

1904ko konstituzioaren bidez, estatu katolikoek Aita Santua aukeratzeko konklabeetan zuten beto eskubidea deuseztu zuen. Pio IX.aren Non Expedit entziklika leundu egin zuen, kristau italiarrei beraien estatuko politikan parte hartzeko eskubidea emanez.

Heriotza eta kanonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914ko abuztuaren 20an hil zen Erroman. Vatikanoko Grutetan hilobiratu zuten, 1951n beatifikatu zuten arte; ordutik aurrera bere gorpua San Petri basilikan dago fededunek benera dezaten.

1951ko ekainaren 3an beatifikatu zuen Pio XII.ak, eta 1954ko irailaren 3an santu izendatu zuen. Bere jaieguna abuztuaren 21ean ospatzen da. Erromes gaixoen zaindaria da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pio X.a Aldatu lotura Wikidatan