Edukira joan

Australiako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
InternetArchiveBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:43, 13 martxoa 2023
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Australiako historia duela 40.000-45.000 urte hasi zen, lehen gizakiak iparraldetik Australiara iritsi zirenean. Australiako historia idatzia XVII. mendean hasi zen, esploratzaile holandarrak kontinentea lehen aldiz begiztatu zutenean.

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Uluru mendi sakratua

Hego-ekialdeko Asiatik abiatuta iritsi zen gizakia Australiara, egungo australiar aborigenen arbasoak izan zirenak. Hala ere, inolako loturarik topatu da herri asiar edo polinesiar ezagunekin. Iparraldeko Australia eta Ginea Berriaren artean hizkuntza- eta gene-trukaketak egon direla frogatu da, baina sal-erosketa eta ezkontza modernoagoei zor zaie.

Australiarainoko lehen migrazioa Australia eta Ginea Berria batuta zeudela gertatu omen zen. Baina itsasoa zeharkatuz heltzea ere badago. Izan ere, australiarren heldueraren data zehatza oraindik ere eztabaidagaia da arkeologoen artean. Oro har onartzen da duela K. a. 42.000 eta 48.000 bitartean gertatu zela.

Lehen gizaki gehien horiek ehiztari-biltzaileak izaten ziren. Ahozko kultura zabala edukita, Lurra gurtzen zuten. Tribu frankotan herrialde zabal horretan sakabanatuta ere, aborigenak ez ziren Harri Aro aldaezineko jendea, askotan europar kolonoek irudikatu duten bezala. Milurtekotan zehar euren burua egokitu behar izan zuten Australiako ohiko lehorte eta euriteen arabera.

Elikadura nork bere zonaldean eskuratzen bazuen ere, egungo antropologoek eta nutrizionistek orekatuta eta anitza zela iritzi zioten aborijenen dietari. Hala ere kostata lortzen zen janaria, batzuetan jardunaldiaren erdia edo bi herenak horretan emana. Ñame, sustraiak, fruituak, haziak, barazkiak eta intsektuak biltzen zituzten, eta gardatxoak eta beste tamaina txikiko animaliak ere hiltzen zituzten makilen laguntzaz. Ehizan txoriak, gardatxoak eta sugeak (hainbatetan eskuarekin) harrapatzen zituzten, baita kanguruak eta emuak ere (makila, bumerana edo harriak botata).

Habitat horretan egun desagertuta dagoen megafaunarekin (tamaina handiko animaliak) bizi ziren gizakiak. Haien inguruko istorioak ahozko kulturan gorde dira. Animalia horien desagerpena zerk eragin zuen eztabaidak argitu gabe dirau. Batzuen ustetan gizakia izan zen arduraduna, eta besteen ustez Izotz Aroa. Izan ere, horrexegatik duela 20.000 urte kontinentearen zati gehiena basamortu bilakatu zen. Garai horietan gizakien populazioa ere arras murriztu zen eta hainbat zonaldetan bildu eta aterpetu omen ziren.

Europarraren etorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
James Cook lotinantak 1770ean Australiako ekialdeko kosta Britainia Handiarentzat aldarrikatu zuen

Willem Janszoon nabigatzaile holandarrak Australia ikusi zuelako lehen aipamen fidagarria egin zuen 1606an, York lurmuturrako kosta ikusitakoan. XVI. mendean, holandarrek Holanda Berria deitzen zutenaren kosta kontrolpean zeukaten, baina koloniak kokatzeko saiorik ez zuten egin.

James Cook lotinantak 1770ean Australiako ekialdeko kostaren inguruan nabigatu zuen. Hegoaldeko Gales Berria (New South Wales) izena emanda, Britania Handiarentzat aldarrikatu zuen. Espedizioaren aurkikuntzek espetxe-kolonia ezartzeko gogoa piztu zuten.

Britania Handiko lehen kolonia Australian Arthur Phillip kapitainak kokatu zuen Port Jacksonen, 1788ko urtarrilaren 26an. Data hori Australiako egun nazionala bihurtzekoa zen.

Mapa biziduna, kolonien eratzea adierazten duena 1788-1911

Van Diemen's Land, edo egun ezagutzen den bezala, Tasmania, 1803an kolonizatu zen. 1825ean bereizi zen kolonia ezberdin bat izateko. Hegoaldeko Gales Berriatik beste kolonia bereizi batzuk sortu ziren: Hegoaldeko Australia (South Australia) 1836an, Victoria 1851n eta Queensland 1859an. Iparraldeko Lurraldea (Northern Territory) 1863an sortu zen. Hegoaldeko Australia probintzia aske bezala fundatu zen, hau da, ez zen presoak bidaltzeko lurralderik. Victoria eta Mendebaldeko Australia ere probintzia askeak izan ziren jatorrian, baina geroago presoak onartu zituzten. Presoen etorrera 1840 eta 1864 bitartean bukatu zen.

Australiako aborigen populazioa 350.000 lagunekoa izaten zen europarren etorreran. Hurrengo 150 urteetan izugarri egin zuen behera, batez ere gaixotasun kutsakorrak, berkokapen behartuak eta desintegrazioa zirela kausa. Aborigen gurasoei ere haurrak kentzen zizkieten. Hori dela eta, aborigenek zein historialari batzuek prozesu hau genozidioren hainbat definiziorekin bat egiten duela argudiatzen dute. Beste historialari batzuek, aldiz, interpretazio hori zio politikoek eraginda dela aldarrikatzen dute. Bien arteko eztabaidak hautsak harrotu ditu Australian.

Estatu burujabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Australiako Parlamentuaren lehen bilkura

1855 eta 1890 bitartean, sei koloniek barneko politikaren gaineko eskumen gehienak jasotzen zituzten poliki, Britaniar Inperioaren barnean jarraituta. Londresko Kolonia-Bulegoak nazioarteko harremanak eta defentsa bere esku gorde zituen.

Hala ere, hamar urte asmoak gauzatzeko eman ondoren, 1901eko urtarrilaren 1ean, koloniak federatu ziren eta Australiako Commonwealth (Amankomuneko oparotasuna) jaio zen, Britaniar Inperioko agindupeko lurra oraindik ere. Askoren ustez, nazioaren jaiotza Lehen Mundu Gerrako Gallipoli gudan sortu zen, Australia eta Zeelanda Berriko porrotarekin batera.

Tartean, 1913ko martxoaren 12an Canberra herrialdeko hiriburu bihurtu zen.

Bestela, 1931ko Westminster Estatuturekin Australia eta Britania Handien arteko legezko lotura gehienak amaitu ziren. Bigarren Mundu Gerran, gainera, Britania Handia garaituta suertatu zen Asian 1942an. Japoniaren inbasioak beldurtuta, Australiak Ameriketako Estatu Batuei eskatu zien laguntza. Izan ere, 1951z geroztik, Australia AEBen aliatu militarra izan da.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Australiak Europako inmigrazioa babestu zuen. 1970eko hamarkadaz geroztik, Australia Zuria politika bukatutakoan, Asiako eta munduko beste tokietako inmigrazioa ere ongietorria izan da. Horren ondorioz, Australiako demografia, kultura eta irudia irauli dira. Aborigenei dagokienez, 1967ko erreferendumen ondoren, Gobernu Federalak aborigenak errespetatzeko politikak abian jarri ditu. Aborigenen lur-jabetza tradizionala onartu zuen Epaitegi Gorenak 1992an.

Erresuma Batuarekin lotzen zuten azken lokarriak 1986an askatu ziren. 1999an, errepublika bihurtzeari uko egin zion %55eko gehiengoak.

2008ko otsailaren 13an Kevin Rudd lehen ministroak Legebiltzarraren izenean ofizialki barkamena eskatu zien aborigenei "Stolen Generations" direlakoengatik. "Belaunaldi galduak" 1869tik 1969 arte Gobernuak eta Elizak euren gurasoei lapurtutako ume aborigen edo mestizoak dira, ez argitutako arrazoiengatik egindakoa.

2014ko azaroaren 16an, G-20ak 800 neurri onartu zituen ekonomia bultzatzeko helburuarekin. Vladimir Putinek goi-bilera amaitu baino lehen alde egin zuen[1].

Abenduaren 19an, labana bidez hildako 8 adingaberen gorpuak aurkitu zituzten Australian. Biktimek 18 hilabete eta 15 urte artean zituzten[2]. Egun berean, labankadaz hilda aurkitutako zazpi umeren ama atxilotu zuten[3].


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]