A Clockwork Orange (filma)

A Clockwork Orange, literalki Erlojutegiko laranja da, baina euskaraz Laranja mekanikoa itzulia, 1971ko Stanley Kubrick ingelesak idatzi eta zuzendutako distopi eta krumen film bat da. Malcolm McDowell, Patrick Magee, Adrienne Corri eta Miriam Karlin aktoreek antzeztu zuten.
Anthony Burgessen nobelaren moldaketa da Nobelaren antzera, fimak garai hartako gizartea eta kritika aztoratu zuen sexuari eta bortizkeriari egiten zien tratamendua zela eta. Filmak urte haietako gazteriaren alderdirik ilun eta maltzurrena erakusten du. Bortizkeria eta gizarteari moldatzeko gaitasunik eza beste film batzuetan agertu zuen hurrengo urteetan Kubrickek. Gizarte horiri eginiko kritika islatzen du, guztiok daukagun baina ezkutatu egiten dugun alderdia erakutsiz. Bilbea XX. mendearen bukaeran kokatuta dagoenez, zientzia-fikzio satirikoa da. Era batez, etorkizuneko distopia irudikatzen du.
Argumentuaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberriaren izenburua ulertzeko, bi azalpen eman dira. Burgessen esanetan, batetik, eleberriaren izenburua cockney (Londres hegoaldeko hizkera) esaera zahar batetik datorkio: As queer as a clockwork orange ("Erlojutegi / Erloju-denda bateko laranja bezain arraroa / ezohikoa"). Burgess, bestetik, Malaysian urte asko ibili zen eta malaysieraz, orang hitzak "pertsona" esan nahi du.[1]
Filma Alex izeneko gazte bati buruzkoa da: haren interesak bortxaketa, bortizkeria eta Beethovenen musika dira. Gozamena lortzen du eta estasira iristen da bere oldarkortasuna besteen kontra deskargatuz, besteen tragedia eta zorigaitzez bizi da. Bere lagun taldearen burua da, haren moduan, bortxaketez eta jipoiez gozatzen duten gazte banda batena. Hala ere, Alexen burujabetza horrek bere lagunen traizioa dakar eta, ekintza batean, poliziak harrapatzeko moduan jarri dute. Behin atzitu eta kartzelaratutakoan, protagonistak tratamendu psikologikoa jaso du, goitik beheraino aldatu duena.
Filmaren garapenak hainbat fase jorratzen ditu. Hasieran, protagonista gaizkile moduan ageri da, eta haren bilakaera erakusten du, hiritar zibilizatu eta gizartean murgildutako batenganantz. Bilakaera hori bere ultrabortizkeriaren arazoak zuzentzeko jaso duen tratamendu psikologiko baten ondorioz gertatzen da.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingalaterra, 1995. urtea (baina 1965 urteko ikuspuntutik ikusita), hemezortzi urteko Alex DeLarge gaztearen (Malcolm McDowell) zaletasun nagusiak Ludwig van Beethoven konposatzailearen musika, sexua eta ultrabortizkeria dira. Alex gaizkile psikopata, soziopata eta karismatikoa da, eta trauskil talde bateko burua ere bada. Talde horretako kideek beren buruei "drugoak" (errusieraz, "друг" –drug– hitzak "adiskide", "lagun" esan nahi du) deitzen diete. Taldekideak hauek dira: Pete (Michael Tarn), Georgie (James Marcus) eta Dim (Warren Clarke). Alexek eta bere drugoek janzkera oso berezia erabiltzen dute: atorra, tiranteak eta galtza zuriak, barrabiletako babesa, botak, onddo itxurako ingeles kapela edo txapela, zenbait unetan mozorroa, Alexen kasuan gezurrezko betileak, eta, azkenik, beren gaiztakeriak egiteko, gezurrezko sudur luzeak; haietaz gain, makilaz, labanez eta katez armaturik doaz.
Alexek filmean zehar istorioa nadsat hizkeraz azaltzen du. Hizkera horrek eslaviar hizkuntzak (bereziki, errusiera), ingelesa eta cockney hizkera nahasten ditu: adibidez, drugoz gain, rozzer ("polizia"), txabalko ("mutila") eta laktaka ("esnea").
Alex lotsagabea da eta besteez baliatzen da: eskolara ez joateko gurasoei gezurra esaten die; bere ohean gomazko titiz estalitako ohe-estalkia du, Basil izeneko sugea eta bere lapurretetan lortutako gauza ugariz beteriko gela bat ere bai.
Istorioa Korova taberna lakteoan hasten da. Bertan, Alex, Pete, Georgie eta Dim plus-esnea dastatzen ari dira, esnea eta velozeta, synthemesko edo drenkromina nahasiak dituen edaria, jokabide oldarkorra areagotzen dieten substantziak. Bitartean, gaueko ateraldietan egiten dituzten gaiztakeriak prestatzen doaz. Filmaren hasierakoan lehenbiziko biktima kalean botata dagoen etxerik gabeko irlandar agure mozkorti bat da, Paul Farrell. Solasaldi labur baten ondoren, Alex eta drugoek irlandar gizajoa bortizki kolpatu dute eta hasiera eman diote gaueroko erritualari. Ondoren, antzoki abandonatu batera doaz. Han beste talde bat dago, Billyboyrena (Richard Connaught), Wehrmacht edo Alemania naziko gudarostearen antzeko jantziekin. Talde hori neska bat bortxatzekotan dago, baina bi taldeak elkarri joka hasten direnean, neska biluziak ihes egiten du. Alex eta haren lagunak garaile dira.
Antzokitik atera, automobil bat lapurtu eta ziztu bizian aurkako bidetik gidatzen duten bitartean, lagunek sekulako adrenalina nabaritzen dute. Bidean etxe isolatu bat ikusi dute eta bertako jabeei ziria sartu eta gero, etxea hondatu eta, senarra kolpatu ondoren, emaztea haren aurrean bortxatu egin dute. “Sartu-atera” delakoa Alexek egiten du: horrek nagusitasun maila bat ematen dio protagonistari, taldeko buruzagia dela azpimarratzen du.
Gertaera hori eta gero, tabernara itzuli dira. Hor emakume bat hasten da Beethovenen 9. sinfoniako Alaitasunaren oda kantatzen. Alexek, horren melodia ederra entzutean, zirrara sentitzen du, baina bere lagunek emakumeari iseka egiten diote. Horretaz konturatzean, Alexek Dim jo du. Momentu horretan filmaren inflexio puntua da, desadostasuna eta haserrea sorrarazi baita. Segidan, Alex etxera itzuli eta bere logelan giltzaperatzen da: han, hainbat gauza arraro duzka, Ludwig van Beethovenen poster bat, besteak beste. Gaua amaitzen da Alex Bethoveenen Bederatzigarren sinfonia entzuten bortizkeriazko eszenak imaginatzen dituen bitartean. Gurasoei haren bizitza bost axola zaie: haien ustez, gauean boluntario ibiltzen da elkarte batean.
Alexen nagusitasunaren beste eszena erakusle bat sexu bila bi emakume gazterekin elkartzen denean gertatzen da. Alexek haiekin hitz egin du, eta hizkera maltzur bati esker, etxeko orgia batean parte hartzeko konbentzitu ditu.
Hurrengo eszenan, Alexen lagunak haren bila doaz taldeko arauak aldatzearren, guztiz desados baitaude. Tentsioa nabaria da eszenan zehar. Alexek, dena konponduta dagoela eta haien baldintzak onartzen dituela sinestarazi die, nahiz eta gaizki sentitzen den, bere lagunek alboratu nahi dutelako. Kairako bidean, lagunak jo ditu eta taldeari bere gustuko hierarkia inposatu, lagunak berriz menpeko moduan tratatuz. Segidan, bakarrik dagoen emakume bati eraso egiteko ados jartzen dira. Etxera sartzeko, lehen egindako taktika bera erabiltzen dute. Emakumea, jakinaren gainean zegoenez, mesfidati polizia deitu du. Polizia heltzen denerako, Alex etxe barrruan dago. Logelan jada, Alexek eta emakumeak borroka egin dute: emakumea Hermann Makkink eskultorearen zakil itxurako ornamendu batekin jo du buruan eta ihes egin nahi duenean, kanpoan dauden taldekideek astindu dute, poliziak aurkitu eta gertatutakoaren erantzule egiteko.

Komisaldegian ageri da hurrengo eszenetan: hor, protagonistaren jarrera eta begirada lehen bezain erronkaria da, babesik ez badu ere. Poliziei esaten die legedia ezagutzen duela eta bere abokatua heldu arte ez duela hitz egingo.
Alexek kontatzen du nola gartzelan hasten den bere bizitzako atalik triste eta gogorrena. Inguratzen duen guztiak giro jasangaitza sortzen du, baina Alex hori eta askoz gehiago jasateko gauza sentitzen da. Eszena batean, Biblia irakurtzen ageri da. Horrek bere sadismoa areagotzea besterik ez du lortzen, Kristo latigatua, emakume erdi biluziak sultan moduan zaintzen eta abar imaginatzen baitu irakurtzen ari den bitartean. Hala ere, Biblia irakurtzearen kontuak, nagusitasun posizio batean uzten du gai horretan interesatuta zeudenen aurrean. Apeza, adibidez, berari erreparatzen dio eta nolabaiteko estima dio Alexi, “ona” izateko erakusten duen interesagatik. Horri esker eta gartzelako ministro boteretsu bati esker, Alexek Ludoviko tratamendua lortzen du. Tratamendu hori presoa bi aste tratatzean datza, eta gero, aske uzten du. Tratamenduan Alexek bere burua aulki bati lotuta dakusa, begiak guztiz irekiak eta begiak bustitzen dizkiote tanta batzuen bidez. Tratamenduan hainbat eszena bortitz erakusten dizkiote, nazkatzen dutenak (terapia higuingarria).
Momentu jakin batean, Beethovenen Bederatzigarren sinfonia jarri diote. Une jakin horretan, Alex edozein gauza jasateko gai zela dio, edozein motatako eszenak jasatzeko gai zela, baina ezin zuela onartu Beethovenen bidez gaixotzea. Sendagileek musika hori tratamendua indartzeko erabili zuten, Alexi nazka eta mina sortarazten baitzion bere melodia bortizkeriazko ekintzekin lotzen baitu. Tratamenduaren emaitzak frogatzearren, Alexi gizon bat guztien aurrean umiltzsko agindu diote. Alex saiatu egiten da, baina min izugarria du eta bere burua lurrera bota du. Geroago, emakume erdibiluzi bat jarri diote aurrean: Alexek ukitu nahi zuen, baina mina eta oka egiteko gogoa sentitu du aldi berean.
Tratamendua eta gero, Alex etxera itzuli da; nolanahi ere, han sentitzen duen indiferentzia bere bizitokia abandonatzera darama. Triste dago, eta kaiatik paseatzean, bere buruaz beste egiteko gogoa du. Hasierako gizonarekin topo egin duenez, horrek sekulako jipoia eman dio. Geroago, bere drugoak agertu dira: polizia “ohoragarriak” dira orain eta Alex ia hil egin dute, lehen ez zielako inoiz bera baino hobeak izaten utzi, eta orain, egoera alderantzizkoa delako, boterea haiek baitute.

Segidan, lehen erasoaldiko etxera iritsi da. Jabeak eta berak ez dute elkar ezagutu, artean Alexek maskara bat baitzeraman. Etxean bainu bat hartzera gonbidatzen dute. Une horretan, Alexek emakumeari eraso egin zionean kantatu zuen melodia bera kantatu du. Etxeko jabea horretaz konturatu da, Alex ezagutu eta mendeku hartzea erabaki du. Orain Beethoven musikak sorrarazten dion nazkaren berri duenez, musikari horrexekin nazkatzea erabaki du, bere buruaz beste egin dezan. Alexek bere burua leihotik bota eta ia-ia hil egin da. Hurrengo esznenan, Alex erietxean da. Ahoa irekitzen duen bakoitzean gose dela esan nahi du. Horrek agerian uzten du argi berriz nola Alexek pertsonen gaineko boterea eduki nahi duen. Tratamendua ikusi zuen ministroak barkamena eskatzen dio Alexi, inoiz mindu nahi ez ziotela esanez, eta min egin nahi zioten pertsonak tratamendutik kanpo zeudela jada azalduz. Bien arteko elkarrizketa eta gero, kazetari ugari sartzen dira Alex ministroari besarkada bat ematen argazkiratzeko. Beethovenen musikaz lagunduta sartzen dira kazetariak, eta momentu horretan esaten du Alexek jada sendatuta dagoela.
Aktoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Malcolm McDowell: Alex DeLarge
- Patrick Magee: Frank Alexander jauna
- Michael Bates: Barnes zaindariburua
- Warren Clarke: Dim
- John Clive: antzerkiko aktorea
- Adrienne Corri: Mary Alexande andrea
- Carl Duering: Brodsky doktorea
- Paul Farrell: kaleko eskalea
- Clive Francis: Joe alokatzailea
- Michael Gover: espetxe zuzendaria
- Miriam Karlin: katudun andrea
- James Marcus: Georgie
- Aubrey Morris: P. R. Deltoid
- Godfrey Quigley: espetxeko kapilaua
- Sheila Raynor: amatxo
- Madge Ryan: Branom doktorea
- John Savident: konspiratzailea
- Anthony Sharp: Frederick, barne ministroa
- Philip Stone: aitatxo
- Pauline Taylor: Taylor doktorea, psikologoa
- Margaret Tyzack: Rubinstein konspiratzailea
- Steven Berkoff: Tom detektibea
- Lindsay Campbell: polizia inspektorea
- Michael Tarn: Pete
- David Prowse: Julian, Alexander jaunaren bizkarzaina
- Jan Adair, Vivienne Chandler eta Prudence Dage neska gazteak
- Peter Burton: ministro gaztea
- John J. Carney: detektibe sarjentua
- Richard Connaught: Billyboy, gaizkile taldeko buruzagia
- Carol Drinkwater: Feeley erizaina
- Cheryl Grunwald: bortxaketaren biktima
- Gillian Hills: Sonietta
- Virginia Wetherell: antzerkiko aktorea
- Katya Wyeth: Ascot Fantasyko neska
- Barrie Cookson
- Lee Fox: Desk sarjentua
- Craig Hunter: doktorea
- Shirley Jaffe
- Neil Wilson: espetxeko kontrolguneko ofiziala
- Pat Roach: esnetegi-tabernako zerbitzaria

Filmaren soinu banda musika klasikoaren eta musika elektronikoaren nahasketa da. Egilea Wendy Carlos izan zen (garai hartan Walter Carlos, sexua aldatu baino lehen).
Pisten zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Title Music from A Clockwork Orange (A Clockwork Orangeren gai nagusia) - Wendy Carlos
- The Thieving Magpie (Gioachino Rossiniren La gazza ladra, Deutsche Grammophon)
- Theme from A Clockwork Orange (Beethoviana) (A Clockwork Orange, Beethoviana - Wendy Carlos
- Ninth Symphony, Second Movement (Abridged) (Bederatzigarren Sinfonia, bigarren mugimendu -laburtua-, Deutsche Grammophon)
- March from A Clockwork Orange (A Clockwork Orangeren martxa - Bederatzigarren Sinfonia, laugarren mugimendu) - Wendy Carlos eta Rachel Elkind.
- William Tell Overture (Guillermo Tellren obertura, Gioachino Rossini) - Wendy Carlos
- Pomp and Circumstance 1. Martxa - Sir Edward Elgar
- Pomp and Circumstance IV. Martxa (Abridged), Sir Edward Elgar
- Timesteps (Excerpt) - Wendy Carlos
- Overture to the Sun - Terry Tucker
- I Want to Marry a Lighthouse Keeper - Erike Eigen
- William Tell Overture (Abridged) - Deutsche Grammophon
- Suicide Scherzo (Bederatzigarren Sinfonia, Bigarren Mugimendu, Abridged) - Wendy Carlos
- Bederatzigarren Sinfonia, Laugarren mugimendu, (Abridged), Deutsche Grammophon
- Singin' in the Rain, Gene Kelly, hitzak: Arthur Freed, musika: Herb Brown.
Gai nagusia Henry Purcellen Music on the Death of Queen Maryren bertsio elektronikoa da. Martxa hori 1694an sortu zen Maria Erregina Londreseko kaleetan zehar Westminster abadiaraino egin behar zuen ibilbiderako.
Filma zabaltzeko arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britania Handian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britainia Handian filmaren aurkako kanpaina gogorra egin zuten. Batez ere sexuaren inguruko bortizkeria kritika asko eragin zituen. Prentsak, bestetik, kaleko txiro bat jipoitu izana eta bortxaketa baten jatorria filmaren eraginaren ondoriotzat azaldu zuen. Bortxaketaren kasuan, antza, bortxatzaileak Singing in the Rain ("Euripran kantatzen") kantatu omen zuten. Kubrickek, orduan, heriotza mehatxuak jaso zituen eta filma erretiratzeko eskatu.
Ameriketako Estatu Batuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ameriketako Estatu Batuetan filmari X sailkapena (sexu gogorreko filmena) eman zioten. Kubrickek filmaren 30 segundo moztea onartu zuen, eta, ondorioz, R sailkapena eman zioten. Horri esker 1973an berriz estreinatu zen.
Hispanoamerikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hispanoamerikan filma 1999an estreinatu zen. 21 urtez gorako ikusleentzat sailkatu zuten, eta mota askotako kritikak jaso zituen, talde kontserbadoreen aurkako jarrera nabarmena izanik. Zenbait herritan ezin izan zen estreinatu, gazteentzat arriskutsua omen zelako.
Konduktismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filmean Alexek jasotzen duen terapia konduktista da.[2] Psikologia horren arabera, geure eskarmentutik ikasten dugu eta horrek gure jarrera eta izaera baldintzatzen ditu. Era berean, gure jokabidea baldintzatzen dute errefortzuek, bai positiboek, bai negatiboek. Gure pertsonalitateak ingurugiroan ez ditu aukera askeak sortzen, estimuluen bidez mugitzen baita. Horrela, zerbait ondo egiten dugunean, laudorioak jasoko ditugu eta kontrako kasuetan, zigorra jasotzen dugu eta errua sortaraziko digu. Laudorioa eta errua irrazionalak dira eta hori dela eta, ez dago duintasunaren askatasunik, geure ingurugiroaz baldintzatuta gaudelako. Jokatzen dugu arrazoi batzuengatik, inguruan zerbait gertatzen da eta horregatik sentitzen eta pentsatzen dugu modu batean edo bestean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) A Clockwork Orange filmaren IMDBko fitxa ikusgai
- (Gaztelaniaz) Filmaren inguruko oinarrizko hogei informazio.
- 1971ko filmak
- Stanley Kubrickek zuzendutako filmak
- Stanley Kubrickek idatzitako filmak
- Anthony Burgessek idatzitako filmak
- Patrick Mageek antzeztutako filmak
- Adrienne Corrik antzeztutako filmak
- Miriam Karlinek antzeztutako filmak
- Malcolm McDowellek antzeztutako filmak
- James Marcusek antzeztutako filmak
- Margaret Tyzackek antzeztutako filmak
- Michael Batesek antzeztutako filmak
- David Prowsek antzeztutako filmak
- Steven Berkoffek antzeztutako filmak
- Carol Drinkwaterrek antzeztutako filmak
- Aubrey Morrisek antzeztutako filmak
- George Coulourisek antzeztutako filmak
- Gillian Hillsek antzeztutako filmak
- Katya Wyethek antzeztutako filmak
- Pat Roachek antzeztutako filmak
- Helen Fordek antzeztutako filmak
- Stanley Kubrickek ekoitzitako filmak
- Warner Bros.ek ekoitzitako filmak
- Warner Bros. Picturesek ekoitzitako filmak
- Erresuma Batuko filmak
- Espetxe filmak
- Zientzia-fikziozko eleberrietan oinarritutako filmak
- Etorkizunean girotutako filmak
- Hiri tribuei buruzko filmak
- Nerabe filmak
- Gogoaren kontrolari buruzko filmak
- Psikopatei buruzko filmak
- Bortxaketa eta mendekuari buruzko filmak
- Mendekuari buruzko filmak
- Etxe erasoei buruzko filmak
- Kultuzko filmak
- Zentsuratutako filmak
- Autozentsura
- Lizunkeriari buruzko eztabaidak filmetan