Argitxu Noblia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Argitxu Noblia
Argitxu Noblia Biarritzen 2010-8-7.jpg
municipal councillor Itzuli


lehendakari

Bizitza
Jaiotza Angelu1942ko apirilaren 3a (77 urte)
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerak katedraduna eta politikaria
Enplegatzailea(k) Seaska
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Euzko Alderdi Jeltzalea
Eusko Alkartasuna

Argitxu Noblia[1] (Angelu, 1942ko apirilaren 3a) Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren erreferentzia nagusietakoa da, eta zenbait talde eta elkarte sozial, abertzale eta euskaltzaleren kide edo animatzailea. Lanbidez medikua da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak Bamakon (Mali) bizi zirelarik, Euskal Herrira itzuli eta Angelun jaio zen 1942an; zortzi seme-alaben artean nagusia da. Lehen ikasketak Angeluko Stella Maris ikastetxean eta Biarrizko lizeoan egin zituen. Bordeleko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak egin zituen hamar urtez, eta lanbidez medikua anestesista da Baiona aldean 2002n erretiratu arte.

1965ean Lazaro Arandia Hego Euskal Herriko iheslari eta pilotariarekin ezkondu eta Angelun bizi izaten denbora batez egon ondoren Baionara joan ziren. 1975ean Manex Goihenetxerekin ezkondu zen; ezkondu eta hamar bat urtera banandu ziren.[2] Sei semeren ama da: Aitor, Mikel, Ellande, Odon, Ortzi (Goihenetxeren semea, batxiler adinean tragikoki hila) eta Nouhou (Boli Kostatik etorria).

Euskalgintzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama zelarik 1969an Libe Goñi lazkaotarra irakasle izateko konbentzitu eta Ipar Euskal Herriko lehen ikastola sortu zuen; sarritan lehena Arrangoitzen sortu zela esaten bada ere, Baionan -bere etxean bertan- eta Biarritzen lokal batzuetan esperientzia batzuk garatu zituzten lehenago;[3] Seaskako aurreneko lehendakaria izan zen, eta 1969tik 1979ra arte ardura hori izan zuen.

Elkar argitaletxea 1971n Baionan sortu zuten 20 euskaltzaleetakoa izan zen[4] eta Gure Irratia bultzatu zuen Entzun Ikus elkartea sortzen ere lagundu zuen.

Politika munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordeleko ikasle garaian Enbataren lehen garaiarekin bat egin zuen; hala ere, guztiz ados egon ez eta Euskal Gazte Ikasleen Alkartasuna (EGIA) taldea sortu zuenetakoa izan zen.

1989tik 1995 arte Baionako Herriko Etxeko kontseilaria (familian aitona eta birraitona banak lehenago izan zuten kargua) izan zen Henri Grenetekin, hau ere -aurreko familiakideak bezala- Noblia bezala medikua; Aitor Arandia semea ere Henriren semea den Jean Grenet oraingo auzapezarekin kontseilaria da. 1997an Frantziako Biltzar Nazionalerako hauteskundeetan Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutian EAJren izenean aurkeztu zen, 2008an Donibane Lohizuneko kantonamenduan Kontseilu Orokorrerako[5] eta urte bereko ekainetik 2009ko uztailera alderdi honetako Ipar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen;[6] Ramuntxo Kanblong ordezkatu zuen, Aitor semeak -printzipioz kargua hartu behar zuenak- lehendakaritza horri uko egin eta gero. EAJn maila horretako ardura (herrialde baten lehendakaritza) hartu zuen lehen andrazkoa izan zen. EAJk 2009ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Europe Écologieren zerrendaren aldeko botoa eskatu ez izanak eta alderdi barruko arazoek bultzatuta kargua utzi zuen;[7] beste emakume batek, Txaro Goikoleak, hartu zuen bere lekua. Eskualde eta Herri Solidarioak (Régions et peuples solidaires) alderdien federazioarekin kolaboratzen du. Eusko Alkartasunean da 2012az geroztik.

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arlo sozial desberdinak jorratzen dituzten elkarte batzuk sortu edota sortzen lagundu du:

Saritua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1995ean frantses gobernuaren Sari Humanitario Handia (Grand Prix Humanitaire) eman zioten.[11]
  • 2009ko urrian Femmes 3 000 federazioak boluntario lanaren palmak (Palmes du bénévolat) saria eman zion.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Vingt ans de suicides au Pays Basque ikerketa lana (Baiona, 1977).[12]
  • Pour la Paix en Pays Basque Bakea Bai liburu kolektiboa (Jakin, Baiona; ISBN 2-84806-004-2) koordinatu zuen. Bakea Bai elkarteaz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ofizialki Claire, berak izen biak erabiltzen ditu; euskaraz sarriago Argitxu.
  2. Manex Goihenetxe Bidegileak bilduman; ikus 5. or.
  3. Historiako zertzeladak: Libe Goñi, Seaskako lehen irakaslea, Amagoia Martija, Hik Hasi aldizkaria.
  4. Elkar Badok.infon.
  5. Kantonamenduen programen neurketa, Kontseilua, 2008; ikus 2.or.
  6. Kargua hartu zuenekoa Garan.
  7. Kargua utzi zuenekoa aipatu egunkarian.
  8. Arroudet hitzak, okzitaniera normalizatuan arrodet, "(errotaren) turbina" esan nahi du.
  9. Elkartearen webgunea.
  10. Pour la Paix en Pays Basque Bakea Bai liburuko 65-67.or.
  11. Noblia Euskomedian.
  12. Erabaki konplexua, baina heldu beharrekoa, Larrun, 153. zkia.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]