Manex Goihenetxe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Manex Goihenetxe
Bizitza
Jaiotza Ezterenzubi1942ko irailaren 22a
Herrialdea  Nafarroa Beherea, Euskal Herria
Heriotza Laruns2004ko maiatzaren 2a (61 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
Jarduerak
Jarduerak historialaria eta politikaria

Manex Goihenetxe Etxamendi (Ezterenzubi, Nafarroa Beherea, 1942ko irailaren 22a - Biscau mendia, Bearno, Okzitania, 2004ko maiatzaren 2a) euskal historialari, kultur eragile eta politikaria zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazari-familia batean jaioa, Bretainiara joan zen ikastera; Batxilergoa Roazhonen atera zuen 1963an eta fraide ordenatu zen Ploermaeleko kongregazioan 1967an; fraide 1972 arte izan zen. 1969an Okzitaniako Tolosan Historiako lizentzia atera zuen eta irakasle lanean hasi zen. Paueko unibertsitatean maisu diploma atera zuen 1981ean, DEA delakoa[1] 1982an eta doktoregoa 1984an. Irakasle lanek Oloroe, Lurda (biak Okzitanian), Donibane Lohizune eta Kastellinera (Bretainia) eraman zuten.

Ikas elkarteko idazkari 1972tik 1983ra, talde honek eta Euskaltzaindiak batera antolatu zuten Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroak paratu zituen Donibane Lohizunen (1973 eta 1974an) eta Uztaritzen (1975-1976an); 1977tik 1979ra UEUko zuzendaria izan zen. 1975eko ekainaren 27an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta Eusko Ikaskuntzako kidea ere zen. Seaskako lehen langile finkoa izan zen (1977-1981) eta sare honetako irakasle eta beste ardura batzuk izan zituen erretiroa hartu arte (1981-2003) Kanbo, Baiona zein Ziburun. Unibertsitate irakaslea ere izan zen Paue eta Baionan. Zazpi bat hizkuntza zekizkien: euskaraz gain frantsesa, latina, ingelesa, espainiera, gaskoi-okzitaniera eta nafar-aragoiera. Horrela lortu zuen euskaraz ez dauden Euskal Herriari buruzko dokumentu andana aztertzea.

Kulturan euskaltzale eta politikan abertzale aritu zen beti; bere konpromiso politikoa Burgosko Prozesuaren denboretan hasi zuen. Enbata eta EHAS alderdi politikoen sortzaileetako bat izateaz gain Baiona Mendebaldea kantonamenduko Kontseilari Nagusia izateko hautagaia izan da.

Angeluko bizilaguna izan zen urte luzeetan eta Angelu Hegoalde kantonamenduan hautagai abertzalea izan zen 1999an; herri lapurtar honetako historia bildu zuen bere liburuetako batean. Herriko "Kimua" ikastolaren alde ere aritu zen.

2004ko maiatzaren 2an mendi-istripu bat izan zuen Bearnoko Biscau mendian eta bertan hil zen Anne-Marie Pargaderekin batera[2]. Bere errautsak Errozaten bota zituzten, Ezterenzubiko Intzagaraia jaiotetxetik oso hurbil[3].

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriari buruzko hainbat historia lan argitaratu ditu frantsesez zein euskaraz. Eremu honetan ikertzaile gakoenetakoa da; Histoire générale du Pays Basque seriea oso erreferentzia garrantzitsua da. Euskal Herri osoa historiaren ikuspuntutik aztertzen aintzindari eta bakarrenetakoa izan zen[4].

  • Histoire de la Colonisation Française au Pays basque.
  • Livre Blanc de la langue et culture basques. (1974)
  • Les origines du problème basque. (1975)
  • Pays Basque Nord: un peuple colonisé. (1979)
  • L´oppression culturelle française au Pays Basque. (1981)
  • Uztaritze au milieu du XIIe siecle. (1981)
  • Les origines sociales et historiques d'Eskualzaleen Biltzarra (1893-1913). (1984)
  • For et coutumes de Basse-Navarre. (1985)
  • Bayonne: Guide Historique. (1986)
  • Lapurdi Historian (Elkar, 1987, Donostia). Liburuen artean euskaraz dagoen bakarra.
  • Les Basques et leur histoire. Mythes et réalités. (1993)
  • Histoire d’Anglet. (1997)
  • Histoire générale du Pays Basque I. (1998)
  • Histoire générale du Pays Basque II. (1999)
  • Histoire générale du Pays Basque III. (2001)
  • Histoire générale du Pays Basque IV. (2002)

Euskaraz ordea artikulu luze (46) eta ikerketa lanen (hogei bat) zati oso inportante bat egin du. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 36 lan aipatzen dira.[5]

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Diplôme d'études approfondies.
  2. Albistea kaixo.com.
  3. Iturria: Bidegileak bildumako koadernoa.
  4. Josu Chueca, Berria, 2004ko maiatzaren 5a.
  5. (Euskaraz) Manex Goihenetxeren produkzioa Inguma datu-basearen arabera (36 produktu)