Arrano arrantzale
Arrano arrantzale | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Pandionidae (en) |
Generoa | Pandion |
Espeziea | Pandion haliaetus |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 1,6 m |
Eguneko zikloa | eguneko |
Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) erdi-mailako hegazti harraparia da, arrantzan nagusia, bere elikadura arrainetan oinarritzen da eta mundu osoan zehar aurki daiteken espeziea da (Antartikan izan ezik).
Garai batean espezieak Euskal Herrian habia egiten bazuen ere, egun desagertuta dago finkatutako espezie bezala, nahiz eta neguan arrano arrantzaleak gurean azaltzen diren. Urdaibain esate baterako neguko ohiko bisitariak dira.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina ertaineko harraparia da. Hegoen tamaina 46-50 cm ingurukoa da eta buztana berriz, 20 cm ingurukoa. Pisua 1,5 kg-ren bueltan egon ohi da. Emeak, gutxi gorabehera, arrak baino %20 handiagoak izan ohi dira eta sabelalde ilunagoa izaten dute.
Bizkarraldea marroi ilun kolorekoa izan ohi da, burua salbu. Sabelaldea, berriz, argiagoa, zurixka, nahiz eta hegoen puntak eta karpoen ingurua beltzak izaten diren. Lema-lumak eta arraun-lumek xingola transbertsal ilunak izaten dituzte eta sabelaldean intentsitate aldakorreko xingolak izan ohi dituzte. Erpeak marfil kolorekoak dira.
Aurpegian mokotik hasi eta bizkarreraino hedatzen diren antifaz iluna dute. Begiak horiak dira eta mokoa, berriz, oso zorrotza izan ohi da, urdin-gris kolorekoa.
Banaketa eta habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduan zehar banaketa oso zabala duen hegaztia da, kontinente guztietako kostaldetan agertzen baita, Antartikan salbu. Hegoamerikan, berriz, migrazioan soilik agertu ohi da eta ez du bertan habiarik egiten.
Ipar hemisferioan, normalean, goi-latitudeetan egin ohi du habia eta bertan parekatzen dira. Bikote gehienek Europa eta Siberia iparraldean egiten dute habia. Negua, aldiz, Ekuatore inguruan igarotzen dute. Tarteko latitudetan pase garaian soilik agertu ohi da, migrazioa burutzean. Australian, berriz, nagusiki sedentarioa da.
Europako populazioan 8.000-10.000 bikote inguru kalkulatu dira[1]. Iparraldeaz gain badira Mediterraneo inguruan habia egiten duten bikoteak ere. Negua igarotzera gehienak Afrikaraino joaten diren arren, badira Iberiar Penintsulan gelditzen direnak ere. Espainia hegoaldeko eta Extremadurako urtegietan eta Ebroren deltan negua igarotzen duten gero eta ale gehiago dago.
Arrano arrantzalea Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian ez dago bikote habiagilerik, nahiz eta garai batean espeziea bertan ugaltzen zen.
Aipatzekoa da Urbaibai biosferan egiten ari den lana espezie hau bertan habiagile izateko. Anbizioz beteriko programa europearra da eta Urdaibai Bird Center erakunde ornitologikoa da proiektua aurrera eramaten ari dena, erakunde eta herrialde ezberdinen kolaborazioarekin. Urdaibairekin batera aipatzekoa da ere arrano mota hau Txingudiko hezegunean duen presentzia. Alegia, euskal kostaldeko bi hezegune handienetan (Urdaibai eta Txingudi) ikus daiteke arrano arrantzalea, bietan programa bereziak abiatuta dituzte haren presentzia areagotzeko eta habiagile izateko.
Egun behatzen diren gutxiak migrazioan izaten dira, udazkenean Afrikara bidean eta udaberrian goi-latitudeetara bidean. Lehen aleak abuztuaren amaieran iristen dira eta urrira arte aleak behatzeko modua izan ohi da, Urdaibain batez ere. Zenbait udazkenetan estuarioan sei aleraino ere izan dira.
Espezie hau Euskal Herritik desagerrarazi zuten hainbat faktore egun oraindik irauten dute. Esate baterako 2011.ko urrian arrano arrantzale bat tiroz bota zuten Zumarragako ehiza lerro batean kezka handia sortuz Euskal Herriko talde ekologista eta naturazaleen artean, espeziea Europa guztian oso babestuta dagoelako[2].
Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendaren kalteberen kategorian sartu zuten.[3]
Portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrainak harrapatzeaz bizi den espezialista izaki, arrano arrantzalea ur-habitatei estuki loturiko hegaztia da. Ur garbiak izatea ezinbestekoa da, arranoak arrainak ikusi eta ehizatzeko modua izan dezan. Ur sistema kontinentaletan zein kostaldean bizi ohi da eta padura, laku eta urtegietako ur lasaiak bilatu ohi ditu.
Kostaldean habia egiten duten bikoteek labarrak hautatzen dituzte. Europa eta Asia iparraldean kumatzen dutenek, ordea, habitat kontinentalak hautatzen dituzte nagusiki, eta habia zuhaitzetan egin ohi dute[4][5].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrano arrantzalearen dietaren %99a arrainek osatzen dute. Arrainok ur gazi zein gezatakoak izan ohi dira. Oso noizbehinka gertatzen diren hegazti eta narrastien harrapaketak ere dokumentatu dira[5]. Urazaletik gertu ibiltzen diren arrainak hautatzen dituzte eta sakonera gutxiko eta ur garbietako inguruneetan ehizatu ohi dute. Harrapakinen tamaina oso aldakorra izan daiteke. Arrain txikienek 10 zentimetroko tamaina izan dezakete eta handienak 60 cm izatera iritsi daitezke. Hauen pisua 100 eta 610 gramoren bueltan ibili ohi da[6][7][8].
Arrantzarako hegan dabiltzanean, uretatik distantzia gutxira biraka planeatu ohi dute. Behin harrapakina lokalizatzean zuzenean uretara erortzen uzten dute beren burua eta uretara sartu aurretik erpeak aurreratzen dituzte oinekin arraina harrapatzeko.
Arrantzara ongi moldaturiko hegaztia da. Aurreko kanpoaldeko behatza atzeragarria du erpeak luze eta kurbatuak dira. Ondorioz ez du arrain irristagarriak harrapatzeko arazorik izaten. Heste mehar oso luzea du digestioa hobeto burutu ahal izateko eta sudur-balbulek uretara zanbuila egitea ahalbidetzen diote.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguru tropikal eta subtropikaletan espezie sedentarioa da eta gainerako guztian, berriz, migratzailea. Europa iparraldeko populazioak migratzaileak dira eta Mediterraneoko eta Kanariar uharteetakoak, berriz, sedentarioak[5][9].
Iparramerikako populazio migratzaileek negua Amazonasen arroan eta Hegoamerikako iparraldeko kostan igarotzen dute. Europa iparraldean habia egiten dutenek berriz, Afrika erdialderaino burutzen dute migrazioa eta badira Hegoafrikaraino iristen direnak ere. Migratzaile transahararra den arren, gero eta gehiago dira negua Iberiar Penintsularen barnealdean igarotzen dutenak.
Migrazioa abuztuan hasten da eta bidaia bakarrik burutzen dute, egunez. Bidaiak hilabete inguru irauten du eta emeak izan ohi dira migratzen duten lehenengoak. Arrak baino 2-3 aste lehenago abiatzen dira.
Habia lekuetara itzulera otsailaren amaieratik maiatzera bitartean ematen da eta bidaia hau azkarrago burutu ohi dute.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa eta Asia iparraldeko populazioak martxoa amaiera aldera hasten dira habia lekuetara iristen. Arrak emeak baino apur bat lehenago iristen dira. Zenbait kasutan hainbat bikoteren habiak elkarrengandik oso gertu (50-100 m) kokatzen dira, eta portaera erdi-koloniala erakusten dute.
Habia adar lehorrekin burutzen dute eta urtea joan urtea etorri tamaina handitzen joate dira. 2 metroko diametroa izatera iritsi daiteke eta 1,5 metroko altuerako habiak behatu dira, nahiz eta normalean 0,5-0,6 metroko altuera izaten duten[10][4].
Bikotea habian kokatzen denean gorteiua hasten da. Bikoteak eztei-hegaldiak burutzen ditu eta arrek apeu deigarriak jaurtitzen dituzte. Garai honetan habia zaharra berritu edo berria eraikitzen dute. Goialdean material leun eta lehorrak jartzen dituzte: hostoak, lastoa, algak... Kopulak behin eta berriz gertatzen dira eta araldia 45 egun izatera iritsi daiteke.
Errunaldia udaberrian gertatzen da goi eta latitude ertainetan. Tropikoan, berriz, errunaldia neguan izaten da. Normalean 3 arrautza erruten dituzte, 2 edo 3 eguneko tartearekin. Inkubazioa bi sexuek partekatzen dute, nahiz eta emeak izaten diren denbora gehien igarotzen dutenak. Garai honetan emea arrak elikatzen du.
34-43 egunera arrautzak era asinkronikoan zabaltzen dira, errun ziren antzeko tartearekin[6][5][9]. Kumeen lehen lumatxa motz eta ugaria izan ohi da, arrea goialdean eta zuria sabelaldean. Bi asteren buruan lumatxak gris ilun kolorea hartzen du. Kumeek jaiotzen direnetik izan ohi dute aurpegiko antifaza. Laugarren astean lehen lumak ateratzen zaizkie.
Txitoen zaintza emearen esku egon ohi da eta arra familia guztia elikatzeaz arduratzen da. Arrainak emeari ematen dizkio eta hau izaten da zati txikiak kumeei ematen dizkiena. Kumeak hazten direnean arrainak habian uzten ditu arrak eta beraiek bakarrik elikatzen dira. Lehen hegaldia 44-59 egunen bueltan ematen da migratzaileetan eta 50-76 bitartean sedentarioetan.
Ontogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heldutasun sexuala 3 urterekin lortzen dute eta lehen gurutzaketa 3 eta 5 urte bitartean ematen da[5]. Arrak, normalean, emeak baino lehenago gurutzatzen dira. Bizi-luzetasuna 20 eta 25 urte bitartean izan ohi da[9].
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa eta Asian arrano arrantzaleek ez dute harrapari zuzenik, nahiz eta kumeak eta arrautzak hontz handia (Bubo bubo), azeria (Vulpes vulpes), belabeltza (Corvus corone) eta arrano beltza (Aquila chrysaetos) bezalako harrapariengandik babestu beharrean izaten diren. Iparramerikan, aldiz, hontz amerikarraren (Bubo virginianus) erasoak behatu izan dira.
Arrano arrantzalearen arazo handiena habia egiteko lekua izan ohi da. Mediterraneoan kaio hankahoriek (Larus cachinnans) egiten dieten presioa aipagarria da[11][12][9][13].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ BirdLife International. (2000). Threatened Birds of the world. Bartzelona eta Cambridge: Lynx Edicions and BirdLife International.
- ↑ http://goierri.hitza.info/2011/10/26/arrano-arrantzale-bat-tiroz-hilda-agertu-da-zumarragan/[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .
- ↑ a b Cramp, S.; Simmons, K. E. L.. (1980). The Birds of the Western Palearctic. II. Oxford: Oxford University Press.
- ↑ a b c d e Poole, A. F.. (1989). Ospreys. A Natural and Unnatural History. Cambridge: Cambridge University Press.
- ↑ a b Green, R.. (1976). «Breeding behaviour of Ospreys Pandion haliaetus in Scotland» Ibis (118): 475-490..
- ↑ Gil Sanchez, J. M.. (1995). «Alimentación y selección de presa por el Aguila Pescadora (Pandion haliaetus) en el embalse de Cubillas (S.E. de España)» Ardeola (42): 133-138..
- ↑ Francour, P.; Thibault, J. C.. (1996). «The diet of breeding Osprey Pandion haliaetus on Corsica: exploitation of a coastal marine environment» Bird Study (43): 129-133..
- ↑ a b c d Thibault, J. C.; Bretagnole, V.; Dominici, J. M.. (2001). Le Balbuzard pêcheur en Corse. Du martyre au symbole de la protection de la nature. Ajaccio: Alain Piazzola.
- ↑ Thibault, J. C.; Patrimonio, O.. (1992). Falco pescatore Pandion haliaetus. in: Fauna d’Italia. Uccelli. I. Bologna: Calderini, 622-632 or..
- ↑ González, G.; Santiago, J. M.; Fernández, L.. (1992). El Águila Pescadora (Pandion haliaetus) en España. in: Colección Técnica. Madril: Icona.
- ↑ Triay, R.. (1993). «Evolución y Conservación del Águila Pescadora en las Islas Baleares» Quercus (90): 6-11..
- ↑ Siverio, M.. (2003). Seguimiento del Aguila Pescadora (Pandion haliaetus Linnaeus, 1758) en Tenerife, islas Canarias (1997-2003). Kanarietako Gobernua.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Pandion_haliaetus |