Basagaingo herri harresitua

Koordenatuak: 43°10′16″N 2°04′40″W / 43.171213°N 2.07778931°W / 43.171213; -2.07778931
Wikipedia, Entziklopedia askea
Basagaingo herri harresitua
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAnoeta
Koordenatuak43°10′16″N 2°04′40″W / 43.171213°N 2.07778931°W / 43.171213; -2.07778931
Map
MultzoaEremu Arkeologikoa, Monumentua
Azalera7ha
Historia
GaraiaBurdin Aroa
KulturaBarduliar
Indusketa
ZuzendariakXabier Peñalver
Bisitagarriabai
Altitudea295 m 295 m

Basagaingo herri harresitua, Anoetako Basagain mendian dagoen Burdin Aroko herrixka gotortua da, Oria ibarraren gaineko ikuspegi zabala duena, iparraldean Donostialde eta Tolosaldearen arteko mugatik hasi eta hegoaldean Tolosaldea eta Goierri arteko mugaraino. Herrixka honen irudikapena Anoetako armarri berrian ageri da[1][2][3][4].

Berez, Oria ibar guztian mendi kazkoetan kokatutako Burdin Aroko herrixka multzoetako bat da, Buruntza, Intxur eta Murumendiren antzera.

Basagain herrixka ikertzen dihardu Aranzadi zientzia elkarteak, 1994tik. Urtero, irailean hiru astez, boluntarioen laguntzaz indusketak egiten dituzte bertan.[4] Bertan aurkitutako objektuak

Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, 2010ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

2018ko uztailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Basagainen ustezko historiaurreko lehenbiziko euskal hiri planoa topatu zela iragarri zuen[5].

Basagainen aurkitutako beira-orezko lepoko-aleak. Burdin Aroan Europako erdialdetik ekarriak ziren.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdin Aroko herrixka gotortua mendiaren gailurrean dago, 295 metroko garaieran. Malda handiak ditu alde guztietara, eta horrek zaildu egiten du bertaraino iristea. Herrixkaren mugak erraz antzematen dira, haren perimetroan eraikitako harresi exentuaren arrastoak ikus daitezkeelako eta harresiak herrixka osoa ixten duelako[6]. Harresitik barnera igarotzeko, ateren batek behar zuen ekialdeko hegalean.

Harresia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harresiaren egitura, oro har, erraz igartzen da denboraren poderioz beraren gainean amildutako materialak sortzen duen goititzeari erreparatuta. Gaur egun egitura zuzenean ikus daiteke ekialdeko bi tokitan egin diren indusketa arkeologikoei esker. Paramentu bikoitzeko lana da, hau da, bi horma eta hauen arteko barnea material betegarriz osatua. Paramentu biak lehorrean hartutako kareharrizko harlauzaz eginak daude, baina barrualdekoak kanpokoak baino handiagoak dira. Horma barruko betegarria irregularragoa da.

Landaredia gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrixkaren hormaz barrualdeko gunean garoa eta belarra hazten dira gehien bat (salbu eta erdialdean iparralderanzko lur-zerrenda txiki batean, non bertako espezieak hazten baitira), inolako basogintza-ustiapenik gabe alegia. Horrenbestez, basoa bera da (pinuak, pagoak, haritzak...) argi eta garbi harresiaren kanpoaldeko lerroa markatzen duena. Herrixkaz kanpoaldera dagoen ia lur guztia, hesitik bertatik hasita, basogintzarako erabiltzen da.

Gailurreraino pista baten bitartez irits liteke, ekialdetik. Behin tontorrera helduta, erdibitu egiten da, eta hainbat bide sortzen dira herrixkan zehar ibiltzeko, baita gunea inguratuz ere.

Etxeen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen egindako indusketa sistematikoetan aurkitu diren lurpeko aztarnek erakusten dute nola moldatzen ziren orduko gizaki haiek beren etxeak egiteko, nolako ekoizpen-moduaz baliatzen ziren eta nolakoa zen haien bizimodua. Badakigu, adibidez, hormak adar-bilbe batez eginda daudela; bilbe hori buztinezko geruza batez estalita dago, eta kanpoalderantz azalera leuna erakusten du. Gainera, seguruenik pintatuta egongo zen azalera hori, Euskal Herriko mota honetako beste eraikin batzuetan ikusten den moduan.[7]

Indusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aranzadi zientzia elkartea 1994an hasi zen Anoetako Basagaingo Burdin Aroko herrixkan indusketak egiten. Ordutik, irailero hiru aste egiten ditu lanean boluntario talde batek, Xabier Peñalver arkeologoaren zuzendaritzapean. Hogei lagun inguruan aritzen dira aztarnategian, goizean hasi eta iluntzera arte.[4] Aurkitutako objektuan Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren "Gordailua" Zentroan daude.[3]

Burdin Aroaren inguruan azken urteetan egin diren aurkikuntzek Euskal Herriko isurialde atlantikoa Europaren maila berean kokatzeko balio izan dute.[4]

« Lehenengo arrastoak topatu genituen arte, pentsatzen zen Kantauriko isurialdean Burdin Aroko jendea kobazuloetan bizi zela. Argumentu nagusia zen mendialdean ezinezkoa zela aire zabalean bizitzea. Basagainen bezala beste hainbat herrixkatan egin ditugun aurkikuntzek kontrakoa frogatzen dute. »

Xabier Peñalver[4]

1989. urte inguruan izan zuten Aranzadikoek Basagaingo herrixka izan zitekeenaren lehenengo albistea. Koldo Oriak egin zuen aurkikuntza, Anoetara bizitzera mugitu berritan. inguruak ezagutzen zebilen, eta harresi baten forma izan zezakeen zerbaitekin egin zuen topo. Konturatu zen, gainera, mendi kasko osoa inguratzen zuela harresiak. Aranzadikoei abisua eman zien, eta haiek indusketa sakonago bat egin zuten. Lehenengo azterketa txiki batean errotarri bat aurkitu zutenez, indusketa sakonago bat abiatu zen orduan. Historia ikasitakoa da Oria, arkeologia espezialitatea egina, eta urteetan irakasle jardun du Tolosan. Behin erretiroa hartuta, boluntario aritzen da Basagainen.[4]

Aurkikuntza garrantzitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oria ibaiaren ibarrean Burdin Aroko lau herrixka topatu dira: Buruntza Andoainen, Basagain Anoetan, Intxur Tolosa-Albizturren eta Murumendi Beasainen. Lau herriak, begi kolpe batean, bata bestearekin lotuta daude. Itsasoaren mailatik 295 metrora dago Basagain, eta 2,8 hektarea ditu. Basagaindik Oriako ibar guztia kontrola zezaketen, baita Hernio azpiko ibar osoa ere. Indusketaren zuzendariaren esanetan, ordea, burdinak eraman zituen garai hartako biztanleak Basagaingo gain horretara. Indusketan ez zuten laberik topatu, baina, esate baterako, burdinaz egindako golde nabarra topatu zuten.[4]

Gure aroaren aurreko milurteko epea da Burdin Aroa, eta bigarren zatian hasi zitzaion burdina brontzeari gaina hartzen. Karbono-14 bidezko datazioak egin dituzte Basagainen, eta herrixkan aktibitatea K.a. 300 urtean hasi eta K.o. lehenengo hamarkadetara bitartekoa izan zela frogatu dute.[4]

Edo denbora-lerro luzeago batean kokatuta, mundu mailako Harri Aroatik Burdin Arora bitartean:[1]

Burdin AroaBrontze AroaHarri AroaBasagain Herri harresitua

Nekazaritza eta abeltzaintza izan zituzten jarduera nagusiak, eta herrixken arteko merkataritza ere bazegoela uste dute indusketako arduradunek. Gune harresitua zen, baina bazuten harremanik beste gizataldeekin. Basagain landa eremuko herria zen, eta bertakoek bazuten harremana ingurukoekin eta baita urrunagokoekin ere. Aurkitutako materialen artean, Europa erdialdetik etor daitekeen besoko bat topatu dute, beiraz eginiko bitxi bat.[1][4]

Historiaurreko lehen hiri-planoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basagaingo aztarnategian aurkitutako ebakidurak dituen harlauza.
Ebakidurak dituen Basagaingo harlauza. Ikertzaileek uste dute hiri-plano bat irudikatzen duela.

2017an beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuten Basagainen: Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri planoa izan daitekeena. Peñalverren esanetan, harlauza horretan irudikatzen dena herrixkaren zati baten oinplanoa izan daiteke. “Gure hipotesia da ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dagoela, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak daudela irudikatuta, beren artean ondo bereizita”.[1][4]

« Harlauzan agertzen diren lerroak azaltzeko gure hipotesia da ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dagoela, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak daudela irudikatuta, beren artean ondo bereizita. »

Xabier Peñalver[4]

2020ko abenduan dibulgaziorako liburu bat kaleratu zuten Aranzadiko kideek, eta Anoetan aurkeztu zuten. 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean beste argitalpen bat egin zuten, zehatzagoa eta 300 marrazki, plano eta irudi baino gehiago zituen.[4]

Aranzadi elkarteak egiten dituen indusketa lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Anoetako Udalaren laguntzarekin antolatzen dira. 2016an inbertsio berri bat egin zuen udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Inguruko lurrak erosi zituen, interpretazio mahaiak, panelak eta eserlekuak jarri zituen, eta hara joateko bidea erakusteko seinaleak jarri zituen. Horiei esker paseo bat emanez aspaldikoak nola bizi ziren irudika daiteke.[4]

Lepoko-aleak, fibulak, iltzeak, burdinazko armak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai horretan brontzea produzitzen jarraitu zuten, lehenagoko garaietan bezala. Alabaina Burdin Aroan benetako eraldaketa handienetako bat gertatu zen: burdinaren mineraletik burdina lortzea alegia. Burdina objektu asko egiteko erabili zen, nekazal zein abeltzaintza jardueretarako lanabesak eskuratzeko, etxeak eraikitzeko edota armak egiteko. Basagainen topatutako aztarnak: Aiztoak, goldearen nabarrak, iltzeak, fibulak...[2][1]

Beirazko piezak lepoko edo eskumuturrekoak egiteko erabiltzen zituzten, gehienetan urdin kolorezkoak. Basagainen aurkitutako beirazko piezek europar kontinenteko beste toki batzuekiko harreman komertzialak garatu izanaren aukera agertzen dute. Nekazal produktuekin elkartrukatuko zituztelarik beirazko piezak.[2][1]

Zeramika pieza ugari ere aurkitu da Basagainen, gehienak puskatutako ontziak. Ontziak, normalean azpi laukoak erabiltzen zituzten (sukaldean erabiltzeko) eta beste ontziak oso neurri handikoak izan ohi ziren likidoak eta janariak jaso ahal izateko (ura, aleak, fruituak e.a.). Zeramika piezak lurrean egindako zuloetan egosten zituzten. Nahiz eta zeramika pieza gehienak eskuz egindakoak ziren, Kristo aurreko 500. urte ondoren kalitate hobeagoko zeramika mota agertu zen, tornuz egina. Kolorez argiagoa (gorri-laranja) eta oso milimetro gutxiko lodiera zuten pareta fineko piezak.[2][1]

Basagain herria Burdin Aroko kronologian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdin aroaren data eta garapena desberdina da eremu geografikoaren arabera. Oro har, K.a. XII. mendean hasi zen Ekialde Hurbilean, Antzinako Indian (Rigveda ondoko garaian), eta Antzinako Grezian. Europako beste tokietan geroago hasi zen.

Burdin Aroaren bukaera, Mediterraneo aldean, Helenismo eta Antzinako Erromarekin etorri zen; Indian, budismo eta jainismoaren garapenarekin; Txinan konfuzianismoarekin; eta, Ipar Europan, lehenengo Erdi Arora arte ez da gertatuko. Hauek hitzarmen historiografikoak dira, Burdin Aroaren amaiera, Historiaren (idatzizko iturri historikoen) hasieran jarri izan baita.

Ameriketan eta Australasian burdinaren erabilpena Europako kolonizatzaileek sartu zutela eta, ez zen inolako burdin arorik izan.

Basagainen aurkitutako objektuak urte bitarte hauetan kokatu dira (90 urte gutxi gora behera): K.a. 370tik K.a. 220ra eta K.a. 170tik 120ra.[1]

Bikingoen AroaGermaniar herriakGermaniar herriakGermaniar herriakErromatar InperioaLa Tène kulturaHallstatt kulturaAntzinako ErromaEtruriarVillanovako kulturaEgiptoko Aro BerantiarraEgiptoko Inperio BerriaGrezia klasikoaGreziako Aro ArkaikoaGreziako Aro IlunaMaurya InperioaIparraldeko zeramika beltz leunduaren kulturaZeramika gris margotuaren kulturaAkemenestar InperioaBasagain Herri harresitua


Harrigarria da, Atenasko Partenoia zaharragoa da Basagainen orain arte aurkitu diren objektuak baino. Basagain herri harresitua bizirik egon zen bitartean, Burdin Aroan, munduan zehar baziren beste kultura batzuek egindako ekarpen nabarmenak, besteak beste, taula honetan daudenak:[7]

Qin Shi HuangUshebtiPartenoiaPersepolisko Gotorlekuko TaulatxoakEberdingenChavín de HuántarLa HoyaBasagain Herri harresitua

Basagain Anoetako armarri berrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anoetako armarri berria.

Anoetako herriak berriki erabaki du herriko armarria berriztatzea. XIX. mendeaz geroztik, Anoetako armarri zaharraren gaia bere hanken artean gurutze bat sostengatzen zuen eta liburu baten gainean kokatuta zegoen arkume baten errepresentazioa zen. Ikur horiek Anoetako herri modernoaren isla ez zenez, Anoetarren nortasuna indartu eta guztien partaidetza sustatu nahian, herriaren isla fidelago bat izango zen armarri bat lantzeko ekimen bat zabaldu zuen Udalbatzak.[1][8]

Udalak eskatuta Aranzadik diseinatu zuen armarri berria honako elementu hauekin:[8]

  • Behean Oria ibaia eta Basagain mendia
  • Erdian Basagain mendiko tontorrean Basagaingo herri harresitua, Herrixka honen garrantzia zalantzaz kanpo uzten duten indusketek aurrera jarraitzen dute. Armarrian mendia erliebe berde batekin eta herrixka egur eta harriz eginiko defentsarako elementuak dituen harresi batez inguratutako egurrezko etxetxo multzo batekin islatzen dira urrenez urren.
  • Goian Kukua: Anoetarren errepresentazioa da. Herriko ahozko literaturaren arabera, kukua, edo “cuculus canorus” Anoetarrei ezizena eman diena da. Kukuaren hegaldia armarrian agertzeak denboraren joan-etorria islatzen du, geografia zeharkatu duten belaunaldiak eta gaur egunera arteko historia. Kukua kolore beltzekin jarri dute, ar asko gris kolorekoak eta emeak marroiak direlako, ondorioz, kolore neutral bat aukeratzea erabaki zen, sexu arrazoiak direla medio, inongo berezitasunik egin ez dadin.

Udalak herritarrei galdeketa bat egin zieen eta azken armarri hori aukeratzea erabaki zen 2004an.[8][1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j Peñalver, Xabier; Uribarri, Eloisa. (2021). «Basagain - burdin aroko herri harresitu indigena (anoeta, gipuzkoa) = un poblado fortificado indigena de la edad del hierro (Anoeta, Gipuzkoa).» www.elkar.eus (Gipuzkoako Foru Aldundia) (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  2. a b c d «Basagain herrixka» Anoeta (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  3. a b Peñalver, Xabier; Uribarri Agirrebengoa, Eloisa. (2020). Basagain: Bi Aroen arteko herrixka = Un poblado en el límite entre dos Eras.. Aranzadi ISBN 978-8417713300..
  4. a b c d e f g h i j k l m Miranda, Jon. (2021-09-17). «Burdin Aroa ikergai Anoetan» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  5. «Posible primer plano urbano vasco de la prehistoria en Basagain. Deia, Noticias de Bizkaia» web.archive.org 2018-07-13 (Noiz kontsultatua: 2023-09-20).
  6. ««Sumatzen da Burdin Aroan bazekitela nola antolatu espazioa» - Anoeta» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2020-09-07).
  7. a b Peñalver Iribarren; San José Santamarta, Sonia; Lamia. (2003). «Bertan 20 - Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Kapitulo 7: Etxebizitzak» bertan.gipuzkoakultura.net (Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.) (Noiz kontsultatua: 2020-09-07).
  8. a b c «Ondarea. Armarri aldaketa» Anoeta (Noiz kontsultatua: 2023-12-23).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]