Deba (ibaia)

Koordenatuak: 42°57′45″N 2°33′02″W / 42.96240779°N 2.55065056°W / 42.96240779; -2.55065056
Wikipedia, Entziklopedia askea
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Deba (argipena)»
Deba
Itsasadarra
Deba (ibaia) is located in Euskal Herriko ibaien mapa
Deba (ibaia)
Deba (ibaia)
Deba (ibaia) (Euskal Herriko ibaien mapa)
Koordenatuak42°57′45″N 2°33′02″W / 42.96240779°N 2.55065056°W / 42.96240779; -2.55065056
KokapenaGipuzkoa
Luzera58 km
Arroa518 km²
Batez besteko emaria13,4 m³/s

Deba[1] Gipuzkoako ibaia da, Leintz Gatzaga inguruan jaio eta Deban itsasoratzen dena.

Euskal Herriko bostgarren ibaia da luzeraz, eta 58 kilometro ditu. Tamalez, Euskal Herriko ibairik kutsatuenetako bat da gaur egun.

Historia

Antzinean nabigagarria izan zen Altzola (Elgoibar) auzoraino, eta han komertziorako kai garrantzitsua zegoen (haren aztarnak badaude gaur egun ere). Kai haren garrantzia artilearen eta burdinaren garraioan zetzan. Artilea Gaztelatik Ingalaterrara garraiatzen zuten eta burdina Ingalaterratik hona. Hemen inguruko burdinoletan banatzen zuten. Jarduera hauek ontzi lauetan egiten zituzten, gabarra izenekoetan. Artilea Altzolatik Debararaino mandoetan eramaten zuten, han itsasontzietan sartzeko. Bueltako bidean ere burdina garraiatzen zuten.

XVIII. mendean, Argien mendean zehar, Mediterraneoa eta Atlantikoa Zadorra eta Deba ibaien bidez elkar lotzeko egitasmoa planteatu zuten. Gaztela eta Aragoi aldean, 1776 eta 1790 artean Frantzisko Xabier Muniberen aginduz zati batzuk egin bazituzten ere, proiektua ez zuten gauzatu ahal izan orografia zailak diru asko eskatzen zuelako.

Itsasadarraren ertzetan itsasontziak eraiki zituzten XX. mendearen hasiera arte. Tradizionalki turismo gunea ere izan zen, eta Altzolako bainuetxea tartean zegoen.

Ibarraren azken zatia haitzarte modukoa da, eta han aztarna arkeologiko garrantzitsuak topatu izan dituzte. Bertan Astigarribiako Ander Deunaren eliza dago, XI. mendeko osagai erromanikoak dituena. Astigarribia Debarako bide nagusian zegoen antzinean eta derrigorrez igarotzeko lekua zen. Gainera, handik igarotzean, zergak kobratzen zizkieten bidaiariei.

Azkenik, Deba ibaia mendebaldean karistiarren eta ekialdean barduliarren arteko muga naturala zen. Gaur egun oraindik mendebaleko euskararen eta erdialdekoaren artekoa ere bada.

Ibilbidea eta ibaiadarrak

Debagoienako eta Debabarrenako eskualdeak zeharkatzen ditu. Hegoaldetik iparraldera Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba udalerriak dauzka.

Ezkerraldeko ibaiadar nagusiak Aramaio, Angiozar, Aranerreka, Ego (Eibarko ibaiadar nagusia) eta Kilimon (Mendaro) dira. Eskuinaldekoak, aldiz, Oñati, Urkulu eta Antzuola ibaiak.

Ibaiaren kutsadura

2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Kadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak araututakoa baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kuprea, zianuroa eta merkurioa.[2]

Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzeetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.

Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Deba ibaian, ondoan industria jarduera handia duten Gipuzkoako beste ibai batzuetan bezala, oso atzeratuta doaz hondakin ur guztiak arazteko lanak.[3][4][5]

Ikus, gainera

Argazki galeria

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Deba (ibaia) Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa