Erraldoiak (folklorea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Goliat senar-emazteak, Ath (Belgika), 1481ean eta 1715ean egindakoak

Erraldoiak giza irudiak dira, neurri handikoak, Europa mendebaldeko eta Hego Ameriketako herri batzuetako jaiak alaitzen dituztenak musikaren doinuez dantza egiten dutela. Antzina zurez, zumez eta larruz egiten ziren; egun, harrikartoiz edo poliesterrez eraikiak izaten dira, armazoia keretaz, zurez, burdinaz edo aluminioz egina dute, eta oihalez estalita daude. Euskal Herrian, bereziki Nafarroa Garaiko herrietako jaietan agertzen dira, eta desfilea egin ohi dute kaleetan zehar, maiz buruhandi edo kiliki izeneko pertsonaiekin batera. Horrelako hainbat figura direnean, multzoari konpartsa esaten zaio.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solsonako erraldoiak (Katalunia), 1675ean eta 1727an egindakoak
Portugalgo konpartsa Parisko inauterietako desfilean, 1906.
Erraldoiak eta buruhandiak Donostiako Loiola kalean, 1927.

Erraldoiei buruzko aipamenak oso-oso aspaldikoak dira, zeren eta greziar mitologian deskribatzen baitzituzten jada antzina-antzina lurpean bizi zen herri edo tribu gisa; eta haien borrokek gigantomachia deitua inspiratu zuten. Euskal Herrian ere badira haien antzekotzat har daitezkeen figurak. Pertsonaia mitiko hauen hainbat irudikapen gaur egun arte iritsi dira.[1]

Alabaina, ez dakigu, ez behintzat modu fidagarrian, figura hieratiko hauek kaleetan zehar paseatzeko ohitura nondik sortu zen, eta honi buruzko iritziak bat baino gehiago dira: badira, batetik, erregeak eta ahaltsuak irudikatzen dituztela uste dutenak, Jainkoaren mendeko agertzen ari direlarik, eta badira, bestetik, kristautasunak garaitu zituen paganismoa eta bizioak sinbolizatzen dituztela diotenak. Normalean, dena den, onartzen da figura hauei buruzko lehen berria, gure inguruan, 1263koa dela, Portugalgo Alenquerkoa.[1]

Ignacio Baleztenak dioenaren arabera, Arturo Kanpionek bere Don García Almoravid eleberrian egiten duen kontakizunak balio literario handiagoa du historikoa baino; Kanpionek 1276ko San Ferminen prozesioa deskribatzen du eleberrian, Nabarreriako kaleetan zehar igarotzen ari dela. Autore horrek dioenez, “baldarki zizelatutako zurezko hiru erraldoi zihoazen aurretik: Peru Suciales, ikazkina, ikatz-zakuak ardo-zahagiekin ordezkatzen dituena; Mari Suciales, aizkoraz zekale-opilak mozten dituen egurgilea; eta Jucef Lucurari, juduekiko ezinikusiaren pertsonifikazioa, bere buztan izugarria lepoan bildua, ahotik, berriz, esneko bi txerrikume dituela erdi irentsirik”.[1]

Jose Maria Coreraren iritziz, berriz, XVI. mendearen bigarren hamarkadan agertu ziren lehen aldiz erraldoiak Nafarroan, Iruñean San Ferminen prozesioaren aurretik dantzan, eta hainbat agirik erakusten du mende horretako bigarren erdialdean Migel Burladari eta honek lanean izandako lagunari 40 erreal ordaindu zizkietela, “San Roke dohatsuaren egunean erraldoiekin ibiltzeagatik”. Baina ia hirurehun eta berrogeita hamar urte lehenago ageri zaizkigu jada, 1380an hain zuzen, erraldoi eta buruhandi figurak Bartzelonan, Besta Berri edo Gorpuztiko ospakizun erlijiosoei loturik. Bilbon ere badira XVI. mendearen hasierako (1509) erreferentziak, Gorpuzti Eguna buruhandi eta erraldoi eta guzti ospatu izanari buruzkoak. Azpeitiak San Inazio Loiolakoaren kanonizazioa zela-eta antolatu zituen festetan ere izan zen, jasota baitago, “oso eite ederreko eta aberats jantziriko erraldoien dantza bat, eta lurralde honetan berria izanik asko gustatu zitzaion jendeari”; 1622. urtea zen.[1]

Juan Garmendia Larrañagak azaltzen du 1657an Frantzisko Azpillagak zortzi erraldoi-buru egin zituela Tolosan (Gipuzkoa) Iruñerako, eta horretarako eredu bat izan zuela, hain zuzen berdinak edo ahalik eta berdinenak egin zitzan. Eredua Nafarroako hiriburutik ekarri zion Joanes Loperenak, bere mandoa erabili baitzuen horretarako. Autore berak azaltzen dizkigu 1778an Gipuzkoako udal horrek egin zituen gastuak, Besta Berrirako erraldoi berri batzuk eta mamu edo herensugea erosi behar zituela eta. Gasteizen, iritsi zaigun aipamen zaharrena 1643koa da; urte horretan, Hiriak galdatu behar dituen Eskubideen Araudi berria-k jaso zuenaren arabera, zortzi dukat kuarto eman zizkioten erraldoiak zaintzeko ardura zuen pertsonari. Geroago, 1728an, berriro agertu zen erraldoiei buruzko aipamena Quincuatro Seráfico Franciscano izeneko foileto batean. Baina 1917an abiatu zen figura hauen aro modernotzat har dezakeguna, Arabari dagokionez.[1]

Gainbehera eta susperraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendearen hasieraz geroztik beherantz egin zuen erraldoien garrantziak, desegoki ikusten zituzten eta ekitaldi erlijiosoetan. Honen adibide garbia dugu Karlos III.aren errege agindu bat, 1798koa, ezartzen zuelarik “erresuma hauetako inongo elizatan, ez katedral, parrokia edo eliza erregularretan, ez egotea aurrean dantzarik ez erraldoirik”, erabat bazterraraziz gainera “praktika hori prozesioetan eta bestelako eliz ekitaldietan, ez baitator bat horrelakoetan ezinbestekoa den duintasun eta begirunearekin”.[1]

XIX. mendeko lehen hamarkadetatik aurrera, ordea, erraldoi eta buruhandiak gero eta kementsuago itzuli dira herri eta hirietako festa profanoetara, harik eta gaur egun gauza orokorra izatera iritsi diren arte, batez ere Katalunia, Valentzia, Gaztela eta Leon, Madril eta Gaztela-Mantxa erkidegoetan. Solsonan (Lleida) 260 erraldoi desberdin elkartzera iritsi dira, ehun bat lagunartetan elkartuta.[1]

Gure inguruotan, berriz, gizarte mailan 1854az geroztik lortua duen indarragatik Bilboko gargantua azpimarratu behar da, eta batez ere Nafarroa ingurua, zenbaitetan erraldoien lurralde ere esan izan diotena, 70 baino gehiago baitira erraldoien konpartsak, zenbaitetan ehun urtetik gorako figurak ere badituztenak. Tadeo Amorena maisua ere gogoan izan behar da, XIX. mendearen bigarren erdialdean egin baitzituen Iruñeko erraldoiak, “munduko lau alderdiak” irudikatzen dituzten figurak.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i   Erraldoi eta buruhandiak Aintzinako lanbideak, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa, gipuzkoa.eus . Noiz kontsultatua: 2019-4-18 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erraldoiak (folklorea) Aldatu lotura Wikidatan