Espainiako Gerra Zibila Karrantza Haranean

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karrantzaren kokapena Bizkaian.
Espainiako gerra zibila Karrantza Haranean
Nafarroa, Araba eta Iparraldeko Frontea
Data19361939
LekuaEuskal Herria Hego Euskal Herria
EmaitzaNazionalen (frankisten) garaipena, Bigarren Errepublika desagertzea, Espainian demokrazia galtzea eta Francoren diktadura ezartzea
Gudulariak
Espainiako Errepublika

Nazionalak

Militar afrikanistek egindako eta Eskuin Autonomoen Espainiar Konfederakuntzako (CEDA) alderdi politikoek lagundutako estatu-kolpearen ondorioz, Gerra Zibila hasi zen 1936ko uztailaren 18an, eta Karrantza Haranean tropa frankista matxinatuek herria militarki hartu zuten arte iraun zuen; hau da, 1937ko abuztuaren 24ra arte.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko 30eko hamarkadaren erdialdean, Karrantza Haranak 4.800 biztanle inguru zituen[1], gehienak nekazari eta abeltzainak. Gizarte kontserbadorea zen eta korronte politiko nagusiak tradizionalismo monarkikoa eta Euzko Alderdi Jeltzalearen nazionalismoa ziren.

Bestalde, ezkerreko alderdi errepublikazaleek Izquierda Republicana (IR), Alderdi Sozialista eta Euskadiko Partidu Komunista- presentzia nabaria zuten. Hala ere, gerra hasi baino lehen, haien presentzia nabarmen hazi zen 1936ko otsaileko hauteskunde orokorretan[2], hamarkada horretan estatu osoan zehar egon ziren langile-borroken ondorioz.

Estatu-kolpea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko uztailaren 18an estatu-kolpea hasi zenean, Karrantzan anabasa izugarria zegoen, eta inork ez zekien zehazki zein mugimendu-mota zen. Gobernuko irratien arabera, egoera kontrolpean zegoen, eta lasaitasuna eskatzen zuten. Beste irrati batzuek, berriz, aurkakoa zioten. Herrian inork ez zuen argi, eta egun batzuk igaro arte ez zen jakin kolpe militarra zela.[3]

Bizkaiko Gobernadore Zibilak eta alderdi politikoek boluntarioen miliziak sortzeko agintea eman zuten, Errepublika defendatzeko. Horrela, 1936ko uztailaren 24an udalbatzak egindako ezohiko bilkuran, jarduneko alkate Víctor Santibáñez Ocejo buru zela, Errepublikaren Defentsa Batzordeak egindako proposamena eztabaidatu eta aho batez onetsi zen.

“...haraneko herritarren artean harpidetza zabaltzeko, Fronte Popular eta Euzko Alderdi Jeltzalearekin batera, lehenengo entrega gisa 300 pezetarekin hasita”.

Tokiko Errepublikaren Defentsa Ekimen hori Batzordeak zuzenduko zuen, eta bildutako dirua mantenu-gastuak eta ezarritako boterearen defentsan ibiltzen ziren milizianoen beste gastu partikular batzuk ordaintzeko erabiliko zen.

Karrantzako udala. 1934

Horretaz gain, Bizkaiko Gobernu Zibilak eskatuta, Karrantzan Errepublikaren behin-behineko Guardia sortu zen, haranean Errepublikaren arerioen jarduerak zelatatzeko eta asaldura- ekintzak eta legalitatearen aurkako erasoak egitea saihesteko. Horrela, hainbat pertsona, eskopetak zituztela, patruilak egiten hasi ziren herrian, eta baita eskuindarrak atxilotzen ere. Hogei atxilotu inguru eraman zituzten herriko etxera, Ambasaguas auzoan zegoena, eta ondoren, Molinarreko bainuetxera; izan ere, horren eraikinak autoritateek konfiskatu eta kartzela bihurtu zituzten. “Villarías” zutabeko milizianoek galdekatu ostean, Bilboko Larrinagako kartzelara bidali zituzten. Atxilotu batzuk, zuzenean, Barakaldoko Portuko nasan ainguratuta zegoen “Cabo Quilates” kartzela-ontzira eraman zituzten. Bertan, hainbat judizioz kanpo hil zituzten, 1936ko urriaren 2an. Horietako bat Karrantzako apaiz eta Ahedoko parrokiako ekonomo Andrés Ranero Múgica izan zen.[4]

Bainuetxeko eraikinez gain, gaur egun Biañezko El Karpin jauregia dena eta horren lursaila ere konfiskatu zituzten. Hasieran, jauregia boluntarioek erabili zuten; kontzentratuta zeuden bitartean lurra landu eta patatak erein zituzten. Gerran zehar zenbait tona patata bildu eta haraneko herritar guztien artean banatu zituzten. Ondoren, haurtzaindegi bihurtu zuten, Socorro Rojo Internacional[5] erakundeak kudeatua; eta azkenik, Enkarterriko gerrako azken hilabeteetan zehar, militarren kuartel nagusia izan zen.

Abuztuan eta irailean zehar, armada errepublikazaleek lubakiak eta gotorlekuak egin zituzten Armañon, Ilsos de Ribacoba eta Ubalen, eta, horretarako, diziplina-batailoi bat erabili zuten.

Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenean, agindua eman zuten, frontera joan nahi zuten boluntarioak Ambasaguas auzoan elkartu ziren, eta milizianoz beteriko bi kamioi atera ziren. Gauez Bilbora heldu eta Deustuko Unibertsitatean bildu ziren, frontera joateko aginduaren zain.

Konpainiak antolatzeko orduan, “norbaiti Karrantzako laurogeirekin konpainia egitea bururatu zitzaion, baina irizpide oneko agintari batek beste konpainia batzuekin nahastea erabaki zuen; izan ere, borrokan ezbeharrik gertatuz gero, Karrantza gazterik gabe geratuko zen”.[6] Horrela azaldu zuen Matías Ruiz Martínez de Lahidalgak, UGT 3 “González Peña” batailoiko milizianoak, “Una vida marcada por la guerra” liburu autobiografikoan idatzitako memorietan.

Geroago, 1936ko urriaren 7an sortu berria zen Euskadiko Gobernuak, urriaren 18ko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariaren bidez, 1932, 1933, 1934 eta 1935[7] urteetan gudari izandakoak deitu zituen.

Jarraian, abenduko 8an, 16an argitaratutako dekretuaren bidez, 1931 eta 1936ko gudariak ere deitu zituen. Batailoietan bildutako dozenaka boluntarioak aintzat hartu gabe, gudari izandako haiekin Karrantzan 300 pertsona inguru mobilizatu ziren.

Horietako asko norberaren ideia politikoekin bat zetozen batailoietan sartu ziren, esate baterako, Euzko Alderdi Jeltzalearen “Abellaneda” eta “Muñatones”; Gazteria Sozialista Bateratuen “Meabe 1” eta “Meabe 2”; Euskadiko Partidu Komunistaren “Perezagua” eta “Rosa Luxemburgo”; UGTren batzuk, besteak beste UGT 3 “González Peña”, UGT 10 “Reserva”, UGT 8 “Jean Jaures”; eta gutxi batzuk Ezkerra Errepublikanoaren “Azaña-Guipúzcoa” edo “Zabalbide” batailoietan.

Ehunka karrantzarrek egin zuten borroka Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako fronteetan.

Iparraldeko fronteko mapa. 1936-1937.

Horietan hirurogei inguru hil ziren. Kasu dramatikoenetako bat Los Lombanos auzoko eta “Rosa Luxemburgo” batailoiko Juan Domínguez Barreras-ena izan zen. Hamabost urte baino ez zituela hil zen Legutioko guduan , 36ko abenduaren 2an. Ezbairik gabe, gudan hil den karrantzarrik gazteena da.[8]

1937ko martxoaren amaiera aldera, Mola aginduaren ondorioz, tropa frankistek egindako bultzada zela eta, ehunka baja egon ziren Euzko Gudarostean; horietako asko karrantzarrak. José Antonio Aguirreren Gobernuak, apirilaren 8ko dekretuaren bidez, 1929, 1930 eta 1937ko gudariak deitu behar izan zituen, eta hurrengo hilean, maiatzaren 7an, 1928, 1938 eta 1939koak deitu ziren (maiatzaren 9ko EHAA).


Datu horiek aintzat hartuta, esan daiteke gure probintzian eta Enkarterri eskualdean gatazkak iraun bitartean, ehunka gazte karrantzarrek borroka egin zutela frontean. Bilbo 1937an erori zen arte, Enkarterriko mendebaldean, eta zehatzago Karrantzan, atzeguardian lasaitasun “urduria” bizi izan zen. Baina dena aldatu zen hiriburua uztailaren 19an erori zenean. Handik gutxira Ezkerraldeko herriak hartu zituzten, eta, horrela, gerraren krudeltasun guzti-guztia Karrantzara heldu zen.

Luftwafferen eta Italiako Aviazione Legionariaren bonbardaketak hasi ziren. Karrantzan hamabost aire-eraso zenbatu ziren, nagusiki Ambasaguasko burdinbidearen gunean eta, bereziki, Molinarren. Bertan zeuden bainuetxeko Odol Ospitalea eta haranetik Kantabriarantz joateko irteera-errepidea. Bonbardaketetan 24 hildako egon ziren. Horietako bat Juan Arizaba Bustinduy izan zen, hamar urte bakarrik zituen Eibarko mutiko bat. Frontetik eta okupatutako guneetatik ihes egiten zuten ehunka errefuxiatuz bete ziren errepideak. Iheslariak gure haranera heltzen ziren babes bila.

Frankistek aurrera egiten jarraitu zuten gupidarik gabe, eta hilabete eskas batean Enkarterriko ekialdea hartu zuten, Galdamesko, Sopuertako eta Zallako bataila latzen ondoren. Bazirudien matxinatuek Turtzioz, Artzentales, Karrantza eta Lanestosaz jabetu behar zutela, baina frontea gelditu egin zen, Errepublikako Gobernuak Bruneteko gudua hasi zuelako, hiriburua setiatzen ari ziren frankistei eraso eginez. Ondorioz, armada frankistak beste fronte batzuetako soldaduei alde egiteko agindua eman behar izan zien, baita Bizkaiko frontekoei ere.

Horrela, frontea bi hilabetez geldirik egon zen Otañesen (Kantabria ), Alen (Sopuerta-Turtzioz), Kolitza (Balmaseda), Burgueno eta Armañón (Karrantza) mendien artean; beraz, Euzko Gudarosteak kontraerasoa egiteko aukera izan zuen.[9]

Ondorioz, guda latzak izan ziren Alen eta Kolitza mendien tontorretan. Hain zuzen ere, bi hilabete horietan zehar, hegazkin alemaniar eta italiarrek, hurrenez hurren 80 eta 70 hegazkinekin (ehiza-hegazkinak eta bonbaketariak), arestian aipatutako Karrantzako bonbardaketa gehienak egin zituzten. Zehazki, haraneko lehena 37ko ekainaren 17an izan zen, eta ekainaren 19an tren-geltokia, bainuetxea eta Molinar bonbardatu zituzten. Ekainaren 21ean errepidearen, geltokiaren eta bainuetxearen bidegurutzeari eraso zioten, 30ean Molinar auzoari, uztailaren 1ean Villaverde-Molinar errepideari; eta azkenik, uztailaren 2an, berriz ere Kantabriara ateratzeko errepideari eraso zioten, Molinarren parean.[10]

Karrantzako UHP (Uníos Hermanos Proletarios) bandera. JSUko 5. Meabe 4. Eusko Gudarosteko 5.

Bi hilabetez borroka bortitzak izan ondoren, abuztuaren 24an matxinatuek lerro leialak gurutzatu zituzten. Nafarroako Hirugarren Brigadako zutabe bat Armañon-La Escritatik jaitsi zen, eta Biáñez eta Santecilla auzoen artean borrokaldi bat gertatu zen.[11] Gaztelako Bigarren Brigada erdiko beste zutabe bat Orduntetik jaitsi zen, eta, horrela, tropa frankistek harana hartu zuten.[12]

Gaztelako Bigarren Brigada erdiak, Antonio Rodríguez Díez komandantea buru zuela, udaletxea hartu zuen, eta egun horretan bertan, ezohiko osoko bilkuraren bidez, udalbatza berria eratu zuten. Hasieran, nahiz eta bitarteko alkatea José Sainz Munsuri zela agertzen den, 1937ko abuztuaren 28tik aurrera Francisco Vicario Calvo izan zen alkate, egun horretan bertan izendatu baitzuten ohiko bilkura batean.

Errepresio frankista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalbatza berria sortzearekin batera purgak hasi eta aurreko hamasei auzo-alkateak kargugabetu zituzten. Horien ordez, 1937ko irailaren 22ko osoko bilkuran nahierara hautatu zituzten beste batzuk, erregimenaren aldekoak zirenak.

Gainera, 1937ko urriaren 7an, udaletxeko idazkari Sabino de Orueta jauna, Estainslao de las Rivas y Eguia mediku titular jauna, Francisco Pellicer Ahedo eta Pedrio Ruiz Trueba udaltzain jaunak, Domingo García Negrete udaleko igeltsero-hargin jauna eta beste asko kargugabetu zituzten, Elviro Ochoa Gómez “Txistularia” barne.

Guadalajarako Artxibo Militarreko datuen arabera, 1937 eta 1939 urteetan zehar hogeita zortzi karrantzar kondenatu zituzten sei eta 30 urte bitarteko kartzela-zigorrera.

Okerrena herriko kargu politikoen aurkako errepresioa izan zen; besteak beste, Teodoro Cisnerosen[13] aurkakoa, haranetik alde egitera behartu baitzuten. Beste batzuk, ordea, zorigaiztokoagoak izan ziren. Adibidez, Alderdi Sozialistako presidente Valentín Blanco Bilbon fusilatu zuten eta Karrantzako “Sindicato de Oficios Varios” sindikatuko arduradun Benito Palacios Matienzo garrotez hil zuten Santanderren. Horrela, Karrantzako bederatzi pertsona hil zituzten haraneko gerra amaitu ondoren.

Bederatzi urte geroago, 1946ko ekainaren 9an, Kontxa auzoan, udaletxetik gertu, monumentua inauguratu zuten “Gurutzada Nazionalean” zehar, haraneko hildakoen omenez. Inaugurazio-ekitaldira probintziako eta herriko erregimeneko agintariak bertaratu ziren.[14]

"Hildakoen monumentu" zaharra, gaur egun "Bakearen monumentua". Concha, Karrantza, 2022.


Monumentuan hildako soldaduen izenak idatzita agertzen ziren, batzuk frankisten alde borrokatzera behartuak izan zirenak. Horren adibide ditugu Los Lombanos auzoko Agustín eta Pedro Oquina García anaien kasua, zeintzuk MAOC 2 “Guipúzcoa” eta 58. “Lenin” batailoietan ibili ziren, hurrenez hurren; edo Santoñan atxilotu eta zortzi hilabete ondoren Teruelgo frontean hil zen Manzaneda de Sierrako Antonio Olazábal “Txontxu”rena, Meabe 2 “Stalin” batailoiko milizianoarena.

1988. urtean monumentuari sinbolo frankistak eta soldaduen izenak kendu zizkioten, eta bakearen omenezko ikurra bihurtu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa, Fondo: Archivo histórico municipal de Carranza. Signaturak: CARRANZA 0147/001 CARRANZA 0128/004. .
  2. [Bigarren Errepublikako Emaitzak. 1936ko Hauteskundeak https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/informazioa/bigarren-errepublikako-emaitzak-1936ko-hauteskundeak/ 1936ko Espainiako hauteskunde orokorrak. ].
  3. (Gaztelaniaz) Ruiz Martínez de Lahidalga, Matías,. (2008). Una vida marcada por la guerra. Cardeñoso, 72-73 or. ISBN 978-84-8190-533-5...
  4. Causa General Carranza. .
  5. (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (1998). 1936 Guerra Civil en Euskal Herria, V. Liburuki.. Aralar, 179 or. ISBN 84-95261-00-6..
  6. (Gaztelaniaz) Ruiz Martinez de Lahidalga, Matias. (2008). Una vida marcada por la guerra. Cardeñoso, 78-79 or. ISBN 978-84-8190-533-5..
  7. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria EHAA. 1936ko urriak 18.. .
  8. «Gogora aplikazioa» www.gogora.euskadi.eus 2020-10-06 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  9. Barrio Marro, Javier. (2017). Itxaropena ez da iñoiz galtzen. Enkarterri 1937 Gerra Zibilaren azken hilabeteak Euskadin.. , 110 or. ISBN 978-84-88088-96-3..
  10. (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. Atlas de bombardeos en Euskadi 1936-1937. Gogora, Memoriaren Intitutua., 453-457-461-467-469-471 or..
  11. Barro Marro, Javier. (2017). Itxaropena ez da iñoiz galtzen. 1937 Enkarterri Gerra Zibilaren azken hilabeteak Euskadin. , 205 or. ISBN 978-84-88088-96-3..
  12. Barrio Marro, Javier. (2017). Itxaropena ez da iñoiz galtzen. Enkarterri 1937 Gerra Zibilaren azken hilabeteak Euskadin.. , 64-65 or. ISBN 978-84-88088-96-3..
  13. (Gaztelaniaz) haitzgorri. (2019-09-15). «KARRANTZAKO ERREPUBLIKAZALEAK» ERREPUBLIKA PLAZA (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  14. [https://liburutegibiltegi.bizkaia.eus/bitstream/id/329418/b1126214x_1946_07_09.pdf La Gaceta del Norte "En Carranza se inauguró un Monumento a los caídos del valle". 1946/7/9. ], 6 or..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1936 Guerra Civil en Euskal Herria. Egaña, Iñaki. Aralar Ed. Andoain, 2000, ISBN 84-95261-00-6.
  • Atlas de los bombardeos aéreos en Hego Euskal Herria (1936-1937). Irujo Amezaga, Xabier. Gogora Institutua, Bilbo, 2020.
  • Itxaropena ez da iñoiz galtzen. Enkarterri 1937 Gerra Zibilaren azken hilabeteak Euskadin. Barrio Marro, Javier, 2017. ISBN 978-84-88088-96-3.
  • Las bases sociales del Frente Popular en Euskadi y la defensa de la República. Vargas Alonso, Francisco Manuel. UPV-EHU, Leioa, 2015.
  • Una vida marcada por la guerra. Ruiz Martínez de Lahidalga, Matías, 2003, ISBN 978-84-8190-533-5.
  • Gerra Zibila Sopuertan: Historia eta Memoria. De la Colina Menéndez, Javier; De la Colina Aranzeta, Javier; Barrio Marro, Javier. Sopuertako Udala-Ayuntamiento de Sopuerta, 2020, ISBN 9788409257614

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]