Edukira joan

Grazian Adema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gratien Adema» orritik birbideratua)
Grazian Adema
Grazian Ademaren omenezko monumentua Senperen.
Bizitza
JaiotzaSenpere1828ko apirilaren 14a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaBaiona1907ko abenduaren 10a (79 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakpoeta, apaiz katolikoa eta idazlea
Lan nabarmenak
MugimenduaEuskal Pizkundea
Izengoitia(k)Zaldubi
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 315

Grazian Adéma Goienetxe[1][2], goitizenaz Zaldubi (Senpere, 1828ko apirilaren 14a - Baiona, 1907ko abenduaren 10a), lapurtar apaiza eta euskal idazlea izan zen. Gauden gu Eskualdun abesti abertzale ezagunaren egilea izan zen.

Grazian Adéma Senperen jaio zen 1828ko apirilaren 14an. Aita, Bertrand Adéma, Gaskoiniakoa zen, eta ama, Catherine Goienetxe, Senpereko Helbarrungoa. Sorterrian lehenbiziko ikasketak eginik, Larresoroko seminario ttipian sartu zen; bertan, besteak beste, Joan Batista Elizanburu ezagutu zuen. Baionako apaiztegian ikasi zuen ondoren, eta 1853ko abenduaren 17an apaiztu zen Baionan. Orduko, Larresoron eta Baionan idatziak zituen zenbait olerki eta alegia.[3][4]

Hilabete batzuk Larresoron irakasle eman ondoan, Hazparneko apaizlagun izendatu zuten 1854an. Hazparne Ipar Euskal Herriko "hiriburua" zen garai hartan, eta ditxolari, bertsolari eta pilotari anitzekin gurutzatzeko parada izan zuen apaiz gazteak. 1858an, tifus izurrite batek inarrosi zuen herria, eta hilurren zeuden gaixo asko zaindu zituen haien azken orenetan, Gaskoia pilotaria barne.[4]

1860an, Bidarraiko erretore izendatu zuen Baionako apezpikuak. Ez zuen asko idatzi Nafarroa Behereko herri horretan igaro zituen hamabi urteetan; alabaina, garai horretakoak dira Xuriko izenburuko bertso ospetsuak, Joanes Otsaldek hasiak eta Zaldubi-k bururatu zituenak:[4]

Mehetegiko xakurra,
Zangoz, errainez makhurra.
Berga bat luze muthurra,
Larrutik hurbil hezurra,
Urthe guzia barura,
Zeren zen toki xuhurra.

Amak ttikitik utzia,
Esnerik gabe hazia,
Tripa errainei josia,
Uliek jaten hasia;
Xurikok bere bizia
Hola derama guzia.[5]
...

1872an, 44 urte zituela, Atharratzeko erretore nagusi izendatua izan zen. Lourdesen eta Betharramen Escual herritik pelegri cirenen orhoitzapena (1875) eta Escualdun pelegrinaren bidaltzailea[6] (1877) argitaratu zituen urte haietan,[3] eta zenbait eliz-kanta ere, horietako batzuk oraindik ere Iparraldeko elizetan kantatzen direnak, hala nola, Oi Gurutzea![7] eta Adora dezagun.[8][4] Bestalde, 1873ko Lore Jokoetako lehen saria irabazi zuen "Bildotxa eta Otsoa" eta "Belea eta Axeria", alegiekin. Erregezalea izaki, Betirisants,[9] errepublikaren aurkako bertso sorta bortitza aurkeztu zuen 1875eko Lore Jokoetara. Politika-bide desberdinean zebilen Joan Batista Elizanburu adiskide zaharrak Lehen eta Orai koplaren bidez eman zion arrapostu.[10] Horiek horrela, 1876an berriz ere egin zion eraso errepublikari Zaldubi-k, Errepublika izenburuko bertsoekin:[4]

Erreg' Enperadore et' Errepublika:
Xuxen, makhur, nahaste, zenbat itzulika!
Ai, ai, ai! mutilla, zenbat itzulika!

Gobernamenduetan zoin da zuzenena?
Ethorkiz, legez eta obraz hala dena.
Ai, ai, ai! mutilla, obraz hala dena.

Errepublika onik othe daite nihun?
Baietz, diote; bainan nekhez eta urrun.
Ai, ai, ai! mutilla, nekhez eta urrun.

Frantses Errepublika zer den orai guziz,
Kanta zezakeiagu, berak erakutsiz.
Ai, ai, ai! mutilla, berak erakutsiz.

Liberté, Égalité eta Fraternité:
Ah! hiru gezur hoiek egiak balite!
Ai, ai, ai! mutilla, egiak balite!

Lehengo denboretan errege batto zen.
Orai denak errege: hori duk hoi zuzen!
Ai, ai, ai! mutilla, hori duk hoi zuzen![11]
...

1883-1887 bitartean, zenbait alegia argitaratu zituen Revue des Basses-Pyrénées et des Landes aldizkarian. Garai hartan hasi zen idazten Eskualduna aldizkarian ere.[3]

1890etik aitzina Baionako katedraleko kalonjea izan zen Zaldubi. Irudian katedrala XX. mende hasieran.

1890eko uztailaren 10ean, Baionako katedraleko kalonje izendatu zuten; 62 urte zituen. Hurrengo urtean, Joan Batista Elizanburu hil-hurran zegoela jakin zuelarik, bisita egin zion Sarako haren etxean. 1892an, Donibane Lohitzuneko euskal besten karietara, Eskualdunak[12] kantua sortu zuen, eta Gauden gu Eskualdun ospetsua 1893an:[4]

Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun
Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.''

Agur eta ohore Eskualherriari:
Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;
Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.
Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri.
[13]
...

XIX. mendearen amaieran, beste euskaltzale askok bezala, Euskal Akademia baten premia garbi ikusten zuen Zaldubi-k. Dirurik ez, ordea, asmo hori aitzina eramateko. 1901eko ekainean Martin Gilbeauk, Donibane Lohitzuneko medikuak, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskalari, euskal idazle eta euskaltzaleen biltzar baterako deia egin zuelarik, Zaldubik onespena eta babesa eman zion. Hendaian egin zen biltzarra, urte bereko irailean, eta hari egokitu zitzaion mahaiburu izatea. Berehala sekulako gatazkak piztu ziren parte-hartzaileen artean, eta Baionako kalonjea ez zen gauza izan giroa baretzeko.[14] Batzarraren porrotaren ondoan, Eskualzaleen Biltzarra sortu zuten Gilbeauk, Zaldubi-k eta beste lagun batzuek.[4]

Bizitzaren azken urteetan, urtero joaten zen Aldudeko Harpekoiturriko urak hartzera. Han ezagutu zuen Jean Etxepare medikua, Zaldubi-ren ohituren berri zehatza utzi ziguna:[15]

...
Udako goizetan bederatziak artino hozpil baitago oraino, gauaz bezala, gai hotako airea, Harperat bazoan bizpahiru adixkiderekin, plazako gazte andana bat ondotik jarraikitzen zitzaizkola. Ezagutzen zituen hok denak; denentzat! bazuen elhe on edo behako ezti bat. Lañoa zelakotz eta xehea ezin gehiago, maite zuten orok.

Harpeko ur hotx mehe garbitik edan eta, jartzen ohi zen erregebidearen bazterrean dagon kotor ttipi baten gainean. Inguratzen ginuen. Orduan bazuten haren ezpainek zerbeit, zerbeit erraiteko! Batzuetan ezin athertua, xaharra baitzen eta xaharra baino gehiago... koblakaria. Zer nahi bazakien Eskual-herriaz, Eskual-herriko xokoetan aditzen diren hizkuntza bereziez. Ez dut uste nehork maitatu duen Eskual-herria bihotz kartsuago batekin eta ukan fede gehiago gure etorkizunean.

Arratsaldetan haren atseginik handiena Aldudako plazan batzu eta bertzeekin elheketa artzea. Hemengo jendea argitua zaukan, ikusia, idekia, ohartua izpirituko gauzer. Gogotik entzuten ere zuten orok, ez baita deus jakintsun batentzat goxoagorik.
...

Grazian Adema Baionan hil zen, 1907ko abenduaren 10ean. Hango katedralean egin ziren haren aldeko hileta elizkizunak, eta Senpereko hilerrian ehortzi zuten.[4]

« Pentsatzen dut Bizenta Mogel, Zaldubi edo Oxobi bezalako alegialariei buruz, haiek abiarazi zutelako narrazio generoa euskal literaturan: lortu zuten, alegia genero erdi-jaso erdi-herrikoia hautatu zutelako, irakurlego zabala ukan zutelako xede, eta ez beste batzuek bezala publiko kultua bakarrik (hala nola Juan Antonio Mogelek Peru Abarkarekin). »

Katixa Dolhare-Zaldunbide[16]


  • 1875'an Jubilau urthe sainduan Bazco biharamun eta hirugarrenean Lourdesen eta Betharramen Eskual herritic pelegrin cirenen othoitzapena, 1875, Baiona
  • Escualdunen Lorudeco cantica, 1875, Baiona
  • Eskualdun Pelegrinaren bidaltzailea, 1877, Baiona.
  • Eskual herrico Eliza bestak, 1898, Baiona.
  • Kantikak eta Neurtitzak, 1991, Gero.
  • Kanta eta neurtitza hautatuak, 2006, Hiria.
  • Saindu batzuen biziaz, 2007, Euskaltzaindia.
  • Artzain beltxaren neurtitzak, 2009, Euskaltzaindia.
  • Alegiak eta bertze neurtitzak, 2010, Euskaltzaindia.
  • Kantikak, 2010, Euskaltzaindia.
  • Prediku zenbait. Hazparnen eginak (1854-1860), 2010, Euskaltzaindia.
  • Notice sur le Yeu de Paume ou Rebot, jeu national des Basques, 1894, Baiona

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Onaindia, Santi. Grazian Adema, «Zaldubi» (1828-1907). Euskal literatura III, Etor, 1974, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  3. a b c Zuloaga, Eneko. Adéma, Gratien – “Zaldubi”. Euskal Literaturaren Hiztegia, ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  4. a b c d e f g h Charriton, Piarres. Gratien Adéma Zalduby-ren bizia eta lanak (1828-1907). Gratien Adéma Zalduby-ren Artzain beltxaren neurtitzak, 31-38. orrialdeak, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  5. Adema, Grazian. Xuriko (1867). klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  6. Adema, Grazian. Escualdun pelegrinaren bidaltzailea. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-9).
  7. Adema, Grazian. Gurutze Sainduari (1877). klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  8. Adema, Grazian. Jesusen Azken Afaria. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  9. Adema, Grazian. Betirisants. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-9).
  10. Elizanburu, Joan Batista. Lehen eta Orai. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-9).
  11. Adema, Grazian. Errepublika. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-9).
  12. Adema, Grazian. Euskaldunak. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-9).
  13. Adema, Grazian. Gauden gu Eskualdun. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  14. Zalbide, Mikel. Hendai-Hondarribietako biltzarrak:XX. mendeko hizkuntz plangintzaren iturburu. euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-9).
  15. Etxepare Bidegorri, Jean. Zalduby Aldudan. Buruxkak, 1910, klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
  16. «Akademia eta herrigintza» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]