Grekoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Grekoa

Bizitza
JaiotzaHeraklion eta Fodele, Heraklion (en) Itzuli1541eko urriaren 1a (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Gaztelako Koroa
 Veneziako Errepublika
Talde etnikoagreziarra
HeriotzaToledo1614ko apirilaren 7a (72 urte)
Hobiratze lekuaMonastery of Saint Dominic of Silos (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
greziera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, eskultorea, arkitektoa eta arkitektura proiektuen marrazkilaria
Lantokia(k)Venezia
Erroma
Madril eta Toledo
Lan nabarmenak
MugimenduaEspainiako Pizkundea
manierismoa
Izengoitia(k)Theotocopuli, Dominico
Genero artistikoaerretratua
margolaritza mitologikoa
margolaritza erlijiosoa
icon painting (en) Itzuli
genero-margolana
margolaritza historikoa
paisaia margolaritza
erretratua
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Musicbrainz: 21277222-fcc3-4b27-ab06-65d4a962a928 Discogs: 2249249 Find a Grave: 6986333 Edit the value on Wikidata

Doménikos Theotokópoulos[1]grezieraz: Δομήνικος Θεοτοκόπουλος— (Heraklion, Kreta, 1541Toledo, Espainia, 1614), Grekoa[1]greziarra») izengoitiaz ezaguna, Pizkunde amaierako margolaria izan zen, helduaroko lanetan oso estilo pertsonala garatu zuena. Espainiar margolaritzako maisu handia izan zen, baina haren estilo guztiz berezi, dramatiko eta espresionista ez zuten bere garaikideek inoiz ondo ulertu, modernoegia bide zelako. Horregatik, askoz geroago, XX. mendean, lortu du merezi zuen ospea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak, lehen lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doménikos Theotokópoulos 1541n jaio zen, Candia hirian (gaur egun Heraklion), garai hartan Veneziako Errepublikaren jabetzakoa zen Kreta uhartean. 26 urte arte bertan bizi izan zen eta uhartean indarrean zegoen post-bizantziar estiloan, ikonoak margotzen hasi zen. 1563ko margolari maisua zen[2]

Domenikosek bere jaioterriko uhartean ikasi zuen pintura, garai hartan Kretan indarrean zegoen bizantziar ondoko estiloko ikonoen margolari bihurtuz. Hogeita bi urte zituela, dokumentu batean Domenigo maisua gisa deskribatzen zen, eta horrek esan nahi du pintorearen lanbidea ofizialki betetzen zuela[3]. 1566ko ekainean, lekuko gisa sinatu zuen kontratu batean, Ménegos Theotokópoulos maisua, margolaria (μαΐστρος Μένεγος Θεοτοκόπουλος σγουράφος) izenarekin, Menegos zen Doménicos-en forma dialektal veneziarra.

Bizantziar ondoko estiloa, Erdi Arotik, ikonoen pintura tradizional, ortodoxo eta grekoaren jarraipena zen. Deboziozko koadroak ziren, arau finkoak jarraitzen zutenak. Bere pertsonaiak eredu artifizial oso finkatuetatik kopiatzen ziren, eta ez ziren, inolaz ere, naturalak, eta ez ziren analisi psikologikoetan sartzen, urrea zelarik koadroen hondoa. Ikono horiek ez zuten Pizkundearen naturalismo berriaren eraginik[3].

Hogeita sei urte zituela, Kandian bizi zen oraindik, eta haren lanak oso estimatuak izan behar zuten. 1566ko abenduan, Grekoak Veneziako agintariei baimena eskatu zien enkante batean «urrezko hondoan exekutatutako Kristoren Pasioaren taula» bat saltzeko. Domenikos gaztearen ikono bizantziar hau urrezko 70 dukatetan saldu zen, Tizianoren edo bertako Tintorettoren lan baten balio bera[3].

Garai honetako lanen artean, Ama Birjinaren Heriotza (Virginis dormitio) dago, Sirosko Dormicion elizan kontserbatua. Etapa horretako beste bi ikono ere identifikatu dira, Domenikos sinadura bakarrik dutelarik: San Lucas Ama Birjina margotzen eta Errege Magoen Adorazioa, biak Atenasko Benaki Museoan. Artelan horietan, artistak mendebaldeko artearen motibo formalak sartzeko zuen interes hasiberria ikusten da, hori guztia Kretara iristen ziren grabatuengatik eta pintura italiarrengatik ezaguna. Modenako Galeria Estenseko Modenako Triptikoak, Kreta eta Veneziaren arteko garaian kokatuak, artistaren ekialdeko artearen kodeak apurka-apurka uztea eta mendebaldeko artearen baliabideak pixkanaka menderatzen joatea ikusten da[4].

Historialari batzuek onartzen dute bere erlijioa ortodoxoa zela, baina beste aditu batzuek uste dute gutxiengo katoliko kretarraren parte zela edo katolizismora bihurtu zela uhartea utzi aurretik[5].

1567an, veneziar hiritarra izanik, ikasketak Venezian egitea erabaki zuen. Tizianoren estudioan sartu zen, zeina baitzen une hartan hiriko margolari nagusia. Erroman ere izan zen, Michelangeloren manierismoa ikertzen, baina ez da egonaldi horren xehetasunik gorde. Grekoak Italian margotu zituen lanak erabat dira XVI. mendeko Pizkundeko estiloan eginak. Ez dute bizantziar estiloaren arrastorik, ez bada, agian, gizon helduen aurpegietan, hala adibidez Kristo itsua sendatzen margolanean (Gemäldegalerie, Dresde). Italiako lanetan hasi zen erakusten Grekoa erretratu egile gisa zituen dohain handiak, Giulio Clouro eta Vincentio Anastagiren erretratuetan bereziki.

Grekoa eta Toledo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirutasun Santua (1577-79, olioa ohialean, 300x179 cm, Pradoko museoa, Madril) Toledoko Santo Domingo komentuko elizarako margotu zuen.

1577. urteko dokumentu batean azaltzen da Grekoa aurreneko aldiz Espainian, Madrilen lehenbizi eta Toledon gero. Espainiara joateko arrazoietako bat Filipe II.aren proiektu handiaren berri izana izan daiteke, alegia, El Escorialeko San Lorenzo monasterioaren eraikuntza. Bestalde, espainiar elizgizon garrantzitsuak ezagutu zituen Erroman. Haietako bat, Luis de Castilla, Grekoaren adiskide mina zen, eta haren anaia batek, Diego Gaztelakoak, egin zion Espainiako lehen agindua.

Harrezkero Toledon bizi izan zen, lanpeturik beti, hiriko eta probintzietako eliza eta komentuetako eskaerak betetzen. Humanista, irakasle eta idazleen adiskide izan zen. Hala, adibidez, Luis de Gongora poeta handiak soneto bat idatzi zuen bere hilobirako. Izan ere, Grekoa hil ondoren zerrendatu ziren jabetzek oso gizon jantzia zela ematen dute aditzera, eta Pizkundeko humanista benetakoa. Ondo ezagutzen zituen klasikoak, eta haiek jatorrizko hizkuntzetan irakurtzeko gauza zen.

Grekoaren lehen agindua Toledoko Santo Domingo komentuko elizako aldare nagusirako eta albo aldareetarako margolanak izan ziren (1577-1579). Berak egin zuen erretaulen ertzetzako arkitektura diseinua ere, Palladio veneziarraren estiloan. Aldare nagusiko lana, Andre Mariaren Jasokundea (Art Institut, Chicago), estilo berri baten adierazgarri da: teknika, margo eta argi zurien erabilera libreari dagokionez, veneziarra da; baina koloreen indarra eta kontrasteen manipulazioa, disonantea ia, guztiz bereziak dira.

Orgazko kondearen ehorzketa (1586-88, olioa ohialean, 480×360 cm, Santo Tomé eliza, Toledo).

Aldi berean, orijinaltasun harrigarriko beste maisu lan bat sortu zuen, El expolio (Kristo bere tunikaz erantzia, 1577-1579, Toledoko Santa Maria Katedrala). Lehen planoan konposizioa bertikala eta trinkoa da, erakusteko Jesukristoren sufrimendua bere torturatzaileen eskuetan. Espazioa tratatzeko modua manieristena da baina, jendetza adierazteko, buruak lerroka-lerroka elkarren gainean ipintzea, bizantziar teknika da. Bestalde, Grekoaren giza irudia luzatzeko joera nabarmenagoa da garai honetan, hala adibidez San Sebastianen martirioa lanean (Palentziako katedrala). Joera hori bera ageri da Michelangeloren lanetan, Tintoretto eta Veronese veneziarrengan eta margolari manierista nagusiengan.

Laburra izan zen, eta ez oso ona, Grekoaren harremana Filipe II.aren gortearekin. Erregeak ez zuen onetsi San Maurizioren martirioa (1580-1582, El Escorial) eta Grekoarenaren ordez beste margolan bat eskatu zuen. Segur aski, ez zen erregearen gustukoa gertatu koloreen erabilera bitxia (hori distiratsuak arropen urdin ilunarekin kontrastean), nahiz eta ikusle modernoarentzat bereziki deigarria den koloreen trataera ausart hori.

Ondorengo lan bat da, Orgazko kondearen ehorzketa (1586, Santo Tomé eliza, Toledo), aditu guztien arabera, Grekoaren maisu lana. Lan honetan, jeinu honen arte harrigarriaren adierazgarri bikainak dira zeruaren ikuskizun naturaz gaindikoa eta erretratuen erakustaldi harrigarria. Izan ere, erabat bereizi zituen Grekoak hor -bai eta beste lanetan ere- zerua eta lurra. Goian, hodei forma erdi abstraktu eta birakarietan ageri da zerua, eta santuak luzeak eta izpiritu modukoak dira. Behean, normala da dena, irudien eskala eta proportzioetan. Ezkerraldean ikusten den mutila Grekoaren semea da eta bere sakeleko musuzapian artistaren sinadura eta 1578 data ageri dira, mutilaren jaiotza urtea hain zuzen. Gizonak, XVI. mendeko arropez jantziak, Toledoko gizarteko kide nagusiak dira dudarik gabe. Inoiz baino argiago ageri da hemen Grekoaren konposizioen metodo manierista, ekintza guztiak lehen planoan gertatzen baitira.

Bestalde, eta erretratu gutxi egin bazuen ere, beste espainiar artistek baino hobeto adierazi zuen Grekoak gaztelar nobleen seriotasun eta dotoretasuna. Ikusgarriak dira Eskua bular gainean ageri den zalduna (Pradoko museoa, Madril), Antonio de Covarrubias (Louvre, Paris) eta Julián Romero y su santo patrono (Pradoko museoa, Madril), zuri-beltzez eginak, zorrotzak eta zehatzak.

San Martin eta eskalea (1597-99, olioa ohialean, 98×191 cm, Arte Galeria Nazionala, Washington)

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1590etik aurrera, izugarria izan zen Grekoaren produkzioa. Toledo inguruko eliza eta monasterioetarako egindako lanen artean daude Familia Santua Magdalenarekin eta Familia Santua Santa Anarekin. Zenbait aldiz errepikatu zuen Baratzeko otoitza, non forma bitxien eta kolore distiratsu, hotz, bortxatuen bitartez gauzatzen den naturaz gaindiko mundua. Grekoak baztertu egin zituen santu nagusi gehienak, eta sarritan errepikatu zuen gai bera: Santo Domingo, Maria Magdalena, San Jeronimo kardinala, San Pedro negarrez. Asisko San Frantzisko zen, nolanahi ere, artistak gehien miresten zuen santua. Hogeita bost bat original gorde dira santu horrenak, San Frantzisko eta Leon anaia heriotzaren gaineko meditazioan, besteak beste.

Azkenaldiko obretan artista urrundu egiten da errealitatetik, eta bere barne munduaren aberastasuna adierazten du. Gorputzak luzatu egiten dira, haragizko pisutasuna galtzen dute, eta gero eta gehiago hartzen dute Grekoaren koadroak sarritan argitzen dituzten sugarraren antza. Lerro bertikalen nabarmentzeak gorena jotzen du Toledoko San Jose kaperaren dekorazioan (1599). Han zegoen San Martin eta eskalea (Washingtongo Arte Galeria Nazionala). Koadro horretan, aldi berean ageri dira eskalearen anatomiaren distortsioa eta zaldiaren trataera akademikoa. Argi dago beraz egilea ez zegoela, esan izan den bezala, ez astigmatismoak, ez eromenak joa.

Geratu diren hiru paisaietan, argi agertu zuen Grekoak dramatizatzeko zuen joera, deskribatzekoa baino areago. Toledoko paisaiak, Grekoaren eskuetan, ikuskari eta ia amesgaizto dira. Bereziki interesgarriak dira Toledoko ikuspegia (Grekoaren museoa, Toledo), zeren konposizioa, bolumen kubiko txikietan oinarriturik egina, Cezanneren artearen aitzindari gertatzen baita. Are bitxiagoa da Toledoren ikuspegia eta planoa (1610-14, Grekoaren museoa, Toledo): eraikin guztiak zuri distiratsuak dira eta San Joan Bataiatzailearen ospitalea hodei baten gainean ageri da, lehen planoan, artistak berak oihalean esplikatzen duenez, hobeto ikus zedin. Bestalde, plano batean jarri zituen hiriko kaleak.

Grekoaren margolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere karrera osoan zehar, elikagai izan zituen elementu desberdinak bateratu eta itxuraldatu zituen Grekoaren irudimen sortzaileak: Kretako jatorria, Italiako Pizkundearen ekarriak eta Toledoko giroa. XIX. mendera arte ahaztua egon ondoren, 98ko Belaunaldiak berraurkitu zuen Espainian, eta Maurice Barresek Frantzian (Greco ou le secret de Tolede, 1910). Artista bakarti, bitxi eta talentu handikotzat jo zuten. Gaur egungo kritika Grekoaren margolaritzaren nondik norakoak asmatzen saiatu da: proportzioen luzatzea manierista guztien ezaugarri komuna da, haina Grekoak bakarrik -manieristetan azkena eta handiena izan zenak- eman zion beste munduaren irrikaren esanahi mistikoa. Toledoko giroan loratu zen bereziki Grekoaren originaltasun handia. Izan ere, errepertorio ikonografiko zabala, ia osorik erlijiosoa, paisajea eta erretratua izan ezik gai profanoak ia debekatuak dituena, eman zizkion artistari giro hark. Beste edozein margolari baino areago da Greco bere ingurunearen zordun -Venezia, Toledo-, eta ingurune horretan da ulergarri, bertatik hartu baitzituen ereduak eta inspirazioa. Alabaina, bere oihaletan ageri den kanpoko munduaren itxuraldaketa dela-eta, sortzaile bakartua gertatu zen, benetako jarraitzailerik eta ondorengorik gabea. Velazquez bakarrik, biziki miresten baitzuen eta Grekoaren obrak ikertu baitzituen, har daiteke nolabait ere, bere teknika inpresionista horren ausardiagatik, Grekoaren oinordeko espiritualtzat.

Tenpluaren garbitzea, Venezia (1570)
Tenpluaren garbitzea, Erroma (1571-1576)
Tenpluaren garbitzea, Toledo (1610-1614)

Grekoaren margolaritzako heziketa konplexua izan zen, hiru iturri kultural ezberdinetan lortua. Grekoaren lehen heziketa bizantziarra, haren helduaroan loratu zen estiloko ikuspegi askoren eragilea izan zen. Bigarrena Venezian jaso zuen, Goi Pizkundeko margolarien partetik, bereziki Tizianogandik, olio-pintura eta haren kolore gama ikasiz (Grekoak bere burua beti Veneziako eskolako partaidetzat hartu zuen). Azkenik, Erroman egin zuen egonaldiak Michelangeloren lana eta manierismoa ezagutzea ahalbidetu zion, eta bere bizi estiloa bihurtu zuen, modu autonomoan interpretaturik.

Bere lana elizetako erretaulentzako ohial handiz, erlijio erakundeentzako gurtza margolan ugariz, zeintzuetan, sarritan, bere lantegiak lan egin zuen, eta maila gorenekotzat hartzen diren erretratu batzuez osatua dago. Bere lehen espainiar maisulanetan italiar irakasleen eragina ikus daiteke. Alabaina, laster eboluzionatu zuen estilo pertsonal batera, argitasun propiodun biziki luzatutako irudi manieristengatik bereizten dena. Oso argalak, mamutsuak eta espresiboak dira, definitu gabeko giroetan eta kontrasteak bilatzen dituen kolore gama batekin. Estilo hau Kontraerreformaren izpirituarekin identifikatu zen, eta geroz eta muturrerago iristen joan zen margolariaren azken urteetan.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. El Greco Museodelprado.es
  3. a b c (Gaztelaniaz) El Greco. 2022-12-12 (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
  4. (Ingelesez) «El Greco : Domenikos Theotokopoulos 1900 : 2 Sept / 2 Nov 2009 Museo del Palacio de Bellas Artes México D.F. | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
  5. «El Greco St Francis Receiving the Stigmata» web.archive.org 2007-02-07 (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Grekoa Aldatu lotura Wikidatan