Paul Cézanne

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paul Cézanne
Paul Cézanne
Datu pertsonalak
Izen osoa Paul Cézanne
Jaio 1839ko urtarrilaren 19a
Aix-en-Provence (FrantziaFrantzia)
Hil 1906ko urriaren 22a
Aix-en-Provence (FrantziaFrantzia)

Paul Cézanne (pɔl se'zan; Aix-en-Provence, 1839ko urtarrilaren 19a - Aix-en-Provence, 1906ko urriaren 22a) frantziar margolaria izan zen, inpresionismotik kubismorako trantsizioko eragile nagusietako bat.

Garaiko artista guztien artean, Cézanne izan daiteke XX. mendeko artistengan eragin handienetakoa izan zuena (Henri Matissek, adibidez, Cézanne-ren kolorearen erabilera goresten zuen, eta Pablo Picassok haren konposizio lauaren egitura garatu zuen kubismoa sortzeko). Hala ere, itzalean bizi izan Cézanne, eta bakandurik lan egin. Ez zuen kritikariengan konfiantzarik, lagun urri zituen, eta 1895 arte oso gutxitan erakutsi zituen margolanak. Familiatik ere aldenduta bizi izan zen, familiakoek ez baitzuten aintzat hartzen sortutako arte iraultzaile hori.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia burges aberats batean sortu zen; aita bankaria zuen. Aix-en bertan egin zituen ikasketak, Bourbon eskolan lehenbizi (1852-1858), eta marrazki-eskolan gero. Bourbonen Émile Zola ezagutu zuen, eta lagun handia egin zuen. Zuzenbide-ikasketak egin zituen aitaren borondatea betetzeko, baina berak margolari izan nahi zuen, eta 1861ean Parisa joan zen pintura-ikasketak egitera. Urte hartako erakusketa ofizialean, margolari-belaunaldi berriak beste joera batekoak baziren ere, orduko pintore errealista eta akademikoen lanak ederretsi zituen -Alexandre Cabanel (1823-1889), Gustave Dore irudigile ospetsua (1832-1883), Jean-Louis-Ernest Meissonier (1815-1891)-, baina Louvreko museoan Caravaggio, Velázquez, Ribera eta Zurbarán bezalako maisu handien lanak eta pintore holandarren eta veneziarrenak ikusi eta aztertu zituenean, berehala ohartu zen batzuen eta besteen artean zegoen amildegi sakonaz. Aurkikuntza horrek -esanahi handia izan zuen haren margolari-ibilbidean-, krisi larria eragin zion. Hala, pintatzeko gauza ez zelako ustean etsita, jaioterrira itzuli eta aitaren banketxean lanean hasi zen. Baina margotzen jarraitu zuen.

Hain zuzen ere, garai horretakoa du bere aitaren erretratuetako bat (Louis-Auguste Cézanne, 1860-1863, National Gallery, Londres), eta bere lagun Achille Emperaire ipotxarena, besteak beste. 1862ko azaroan Parisa joan zen berriro, margolari izateko eta margolaritzatik bizitzeko asmo sendoarekin.

Parisen Zolarekin harremanetan jarri zen berriro, Éugene Delacroix eta Gustave Courbet frantses margolarien lanak aztertu zituen, Salon des Refusés erakusaretoa bisitatu zuen (inpresionistek erakusketa ofizialaren itxikeriari aurre egiteko antolatua), eta Charles Suisseren Akademian Armand Guillaumin (1841-1927) eta Camille Pissarro (1830-1903) ezagutu zituen. Margolari horiek ezagutzeak, Pissarro ezagutzeak batez ere, garrantzi handia izan zuen bere artearen norabidean: harreman horren eraginez, bere estilo landugabea, kolore ilunekoa eta materiaz betea aldatuz joan zen pixkanaka-pixkanaka, eta estilo berezi bat sortu zuen, bere-berea, berak «couillard» deitu zuena, arau akademiko guztietatik, eskola eta aurreiritzi guztietatik bereizia.

1866an margolan bat bidali zuen erakusketa ofizialera, baina ez zuen lortu epaimahaikoen onespena (urte askotan bidali zituen bere lanak erakusketa ofizialetara, baina behin bakarrik onartu zioten bat, eta hura bere lagun Guillauminen bitartekotzari esker; oharkabean pasa zen, gainera).

Bada, lana onartu ez ziotela-eta, gutun bat idatzi zion Arte Ederretako buruari kultura ofizialak zeraman bidearekin bat ez zetorrela azalduz. 1870. urtean, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerra piztu zenean, Proventzan zegoen. L'Estaquen bizi izan zen -Marseillako golkoko hiri bat-, bere amaren etxe batean, bere andre Marie-Hortense Fiquetekin eta semearekin. Han paisaia eta izadi hil asko margotu zituen, aurrekoetatik desberdinak, kolore biziagoak eta margo ore arinagoak erabili baitzituen. Ondo bereganatua zuen ordurako inpresionismoaren funtsa: kolorea elementu eraikitzailea da, ez bakarrik koloreen arteko aurkakotasunaren bitartez, baita fusioaren, dardaren eta gardentasunen bitartez ere. 1872an Pontoisen jarri zen bizitzen, Pissarro bezala. Gero eta harreman estuagoa izan zuen Pissarrorekin, eta harekin eta beste margolariekin batera lan egin zuen, aire zabalean beti. Gero, Auvers-sur-Oise-ra joan zen bizitzera, eta bi urte egin zituen han, Gachet doktorearen etxean. Margolari-belaunaldi gaztearen pintura-molde herria aintzakotzat hartzen zuen bakarretakoa zen Gachet. Auversen Urkatuaren etxea margotu zuen (1873, Paris, Musee d'Orsay), bere lan aipagarrienetako bat, handik aurrera urratuko zuen bide berriaren aurreneko maisulana. 1874an, Pissarrok bultzatuta, inpresionisten lehenengo talde-erakusketan parte hartu zuen, Nadar argazkilariaren estudioan (Gaspard-Félix Tournachon). Bigarrenean ez zuen parte hartu, lehenengoan izandako porrotak nahigabetuta. Hirugarrenean, berriz, 1877an, hamasei lan bidali zituen, baina oso harrera txarra egin zien kritikak, eta baita publikoak ere. Cezanne L'Estaquera erretiratu zen, eta lagunengandik ere banandu zen.

1886an Zolak L'Oeuvre argitaratu zuen. Obraren protagonista pintore bat zen, porrot egindako pintore bat, eta Cézanneri iruditu zitzaion Zolak bere obraren kritika egin nahi izan zuela pertsonaia hartaz baliatuz. Cézannek harremanak eten zituen idazlearekin, eta ez zen inoiz gehiago harekin elkartu. Urte hartan aita hil zitzaion, eta emaztea eta semea Parisen utzita Aixera joan zen.

Aixen Sainte-Victoire mendiko koadro asko eta izadi hil asko egin zuen. Cézanneren helburu nagusia bere koadroetan zuzeneko sentipenaren bizitasunari -inpresionistek sustatutako ezaugarria-, konposizio txukuna eta erritmoa eranstea zen. Eta kolore hutsa erabiliz lortu zuen hori, usadiozko pinturaren modelatuaren eta argilunen beharrik gabe. Harentzat forma eta kolorea bi elementu desberdin ziren; pintatu ahala marrazten zuela zioen, eta margolana koloretan aberatsa zenean formetan betea zela.

1895. urtean Vollardek erakusketa handi bat antolatu zuen haren margolanekin bakarrik.

Berriro ere kritikak eta jendeak hotz samar hartu zituen haren lanak, baina abangoardiako artista gazteek eta bere garaikideek maisutzat hartu zuten. 1899an Salon des Indépendants erakusketan parte hartu zuen, eta haren lanek jakin-min handiagoa piztu zuten orduan. Ezaguna izaten hasi zen, eta aholku eske joaten zitzaizkion pintore gazteak, Émile Bernard eta Charles Camoin, adibidez. 1904an Salon d'Automne izeneko erakusketan areto oso bat hartu zuten bere lanek. Kubistek haren jarraitzaileak zirela aitortu zuten, haren joera konstruktibistan eta errealitatearen elementu estrukturalen erabileran (kuboa, esfera, zilindroa, konoa) oinarritzen baitziren kubismoaren ezaugarri nagusiak. Haren azken urteetako lanak maisulanak dira guztiak, adituen ustez: Karta-jokalariak (1890-1892, Museed'Orsay, Paris), Gizon pipaduna (1890), Annecy aintzira (1896), Bainu-hartzaileak (1898–1905). 1907an, bera hil eta hurrengo urtean, atzera begirako erakusketa handi bat antolatu zen, eta ordutik aurrera hasi zen Cézanne-ren balioa benetan aintzakotzat hartzen.

Cézanneren obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cézanne-ren margolaritza-prestakuntzan garrantzi handikoak izan ziren Courbet-en konkrezio konstruktiboa, Delacroix-en erromantizismo eta lirismo koloretsua, eta Honoré Daumier-en lana, Cézanne-ren beraren ustez bi margolari handi horien nolakotasun piktoriko guztiak beregan zituena. Margolari horiek utzitako arrastoa nabarmena da Cézanne-ren lehenengo lanetan, margoaren erabilera oldartsuan, tonu ilunetan eta kolore nahastura kargatuetan. 1865 eta 1869 bitartean, erretratu sail bat egin zuen, Dominique osabaren erretratuak izenez ezagunak, non, bolumenaren arazoa konpontzeko, espatulaz zabaldutako materiaren loditasuna baliatu zuen. Pendulu beltza izeneko obran (1869-1870, Paris, Niarchos bilduma) argi dago konposizioan jarri zuela bere arreta osoa. Pissarroren bilaketa kromatikoak eta konstruktiboak akuilaturik, errealitatea modu optikoago eta sintetikoago batez irudikatzen hasi zen, patetismorik gabe: gorago aipatu den Urkatuaren etxea hori izan zen haren estilo berriaren maisulanetako bat. Hala ere, bai margolan horretan, eta baita garai horretako beste batzuetan ere (kolore argikoak eta konposizio-oreka zorrotzekoak dira horiek, adibidez, Gachet doktorearen Auvers-eko etxea (1873). Argi dago inpresionismotik urruntzen hasia zela: kolorezko paisaiek formaren bolumenak nabarmentzeko erabiltzen zituen, argiaz-eta hainbeste arduratu gabe. Cézanne-k inpresionismoa «gotortu» nahi zuela zioen. Aixeko 1833-1837 bitarteko aldian izadiaren irudiaren kontrol formal-konstruktiboa zorroztuz joan zen; urte haietan, kolorez moldatutako forma solidoak gauzatzen saiatu zen. Horregatik, ez da harritzekoa gai bat hartu eta hura askotan margotu izana: batez ere L'Estaque herriko ikuspegiak, Château Noir-ekoak eta Sainte-Victoire mendikoak. Cézanne-k izadi hil ikusgarrietan irudikatu zuen izadiko gauzen eta eguneroko bizitzaren iraunkortasuna eta betikotasuna. Bere bizitzako azken urteetan, bainu-hartzaileen margolan asko egin zituen. Lehenago ere eginak zituen bainu-hartzaileak, haina oraingoak askoz koadro handiagoak ziren, abstraktuagoak, klasizismo berri batera hurbiltzen den forma eta kolore-sintesi bat eginez.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margolanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Natura hilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Urmargoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erretratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Paul Cézanne
Biografia
Frantzia
Artikulu hau Frantziako biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.