Santa Sofia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 41°00′30″N 28°58′48″E / 41.0083°N 28.98°E / 41.0083; 28.98
Wikipedia, Entziklopedia askea
Hagia Sofia» orritik birbideratua)

Santa Sofia
Αγία Σοφία
Ayasofya
Istanbulgo gune historikoak
Kokapena
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaIstanbul probintzia
Metropolitan municipality in TurkeyIstanbul
Turkiako barrutiaFatih
Koordenatuak41°00′30″N 28°58′48″E / 41.0083°N 28.98°E / 41.0083; 28.98
Map
Historia eta erabilera
Irekiera532ko otsailaren 23a
Inaugurazioa1054
KomisarioaJustiniano I.a
Izenaren jatorriaJakinduria Santua
Erlijioaislama
kristautasun ortodoxoa
IzenaJakinduria Santua
Suntsipena404
532ko urtarrilaren 14a
Arkitektura
ArkitektoaIsidoro Miletokoa
Antemio Trallesekoa
Trdat arkitektoa
Mimar Sinan
Estiloabizantziar arkitektura
basilika
Ondarea

Santa Sofia[1] edo Jainkotiar Jakinduriaren eliza, batzuetan Hagia Sofia, (grezieraz: Άγια Σοφία; turkieraz: Ayasofya) antzinako basilika kristaua da, gero meskita eta tarte luze batez museoa izan da (Ayasofya Müzesi), Istanbulen kokatua. 2020ko uztailaren 27tik aurrera, berriro ere meskita bat da.

537an eraikia Erdi Aroaren hasieran, oso ezaguna egin zen batez ere bere kupula erraldoiagatik. Garai hartako munduko eraikin handiena izan zen eta eraikuntza lan paregabea. Bizantziar arkitekturako lan gailena da[2] eta esaten denez "arkitekturaren historia aldatu zuen"[3].

Antemio Trallesekoa eta Isidoro Miletokoa arkitektoek ia oinplano karratuko gisan eraiki eta petxinen gainean jarritako erdiko kupula batekin estali zuten. Kupula lau arkuren gainean dago eta arku horieei beste hainbeste zutabek eusten diete. Bi kupulaerdik egiten dute erdiko kupularen kontrahorma lana eta harresi irekiak kontrahormek ziurtatzen dituzte. Gainera, bizantziar mosaiko ederrak ditu.

2007an, Munduko 7 mirari berriak aukeratzeko zerrendako eraikinetako bat izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraiki zenean, Hirutasun Santuaren bigarren pertsonari eskaini zitzaion, Jesusi, alegia. 532 eta 537 urteen artean eraikia zen, Bizantziar Inperioko hiriburu Konstantinoplan (gaur egun, Istanbul) enperadorea Justiniano I.a zela.

Konstantinoren basilika primitiboaren gainean eraiki zuten, bost urtean, Justiniano I.aren erregealdian. Antemio Tralleskoa matematikaria eta Isidoro Miletokoa fisikaria lanen arduradunak izan ziren. Agatiasen hitzetan, «materia solidoari geometria aplikatzen» saiatu ziren. Justinianok —enperadore horren kronista ofizial Prokopio Zesareakoak dioenez»—, Santa Sofia amaitua ikusi zuenean, honako hau oihukatu zuen: «Salomon, gainditu zaitut!» (Νενίκηκά σε Σολομών).

Bizantzioko eraikuntzetan ez dago Santa Sofia bezalakorik. Hura izan zen sortaldeko arkitektura kristauaren abiagunea. Sartaldekoak beste bide bat hartu baitzuen, garrantzi handiagoa emanez eraikuntzaren kanpoaldeari ; haietan barnealdeak ez ziren hain zabalak ez hain bikain apainduak.

Kristau elizatzat erabili zuten mila urtez baino gehiagoz, 360an sagaratu zutenetik 1453ko Konstantinopolisko erorialdia arte. XV. mendeko urte hartan, meskita bihurtu zuten otomandarrek. Sofia tenpluan babes hartu zuten beldurturiko biztanleek, otomandarrek hiria erasotzean. Santa Sofia meskita bihurtzean gehitu zitzaizkion lau minareteak, baita barneko medailoi apaingarriak ere.

1935ean, museo bihurrarazi zuen Turkiar Errepublikaren fundatzaile eta lehendabiziko presidente Mustafa Kemal Atatürkek.

2020ko uztailaren 24ak berriro ere meskita izendatu zuen Recep Tayyip Erdoğanek.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 360 – Santa Sofia inauguratu zen, Konstantinoren agintean.
  • 404 – Jatorrizko teilatua deuseztu zen sute batean.
  • 415 – Santa Sofia zaharberritu zen eta Teodosio II.ari eskaini.
  • 532 – Santa Sofia berriz erre zen eta egitura guztiz suntsitu, inguruko beste elizekin batera. 93 egun ondoren berreraikuntza hasi zen.
  • 537 – Berreraikuntza amaitu zen dekorazio eta apaingarri ugarirekin.
  • 553 – Lurrikarak Santa Sofia kolpatu zuen, ekialdeko arkua ahulduz.
  • 558 – Beste lurrikara batek zartadura eragin zuen bi erdien artean. Hilabete gutxi batzuen ondoren, kupula nagusia erori zen ekialdeko kupulardiarekin batera. Aldarea, ziborioa eta anboia suntsitu ziren.
  • 562 – Berrereikuntza burutu zen.
  • 726 – Erlijiozko ilustrazio eta eskultura-lanak kendu zituzten.
  • 842 – Berriz dekoratu zen.
  • 859 – Sute handi batek eliza kaltetu zuen.
  • 869 – Lurrikarak kupulardi baten erortzea eragin zuen.
  • 989 – Beste lurrikara handi batek mendebaldeko kupula bota zuen.
  • 994 – Eliza berriz ireki zen berreraikuntza lanen ondoren.
  • 1204 – Santa Sofia katedral katoliko bihurtu zen.
  • 1261 – Santa Sofia eliza ortodoxo izatera itzuli zen.
  • 1344 – Lurrikarak kalteak eragin zituen.
  • 1346 – Zati batzuk erori ziren eta eliza itxi zuten.
  • 1354 – Berriz ireki zen berreraikuntza lanen ondoren.
  • 1453 – Konstantinoplaren erorialdiaren ondoren, meskita bihurtzeko agindu zuen Mehmed II.ak. Jainkozko liturgia (meza ortodoxoa) eten zen.
  • 1573 – Kanpoaldea aldatu zen meskiten ohiko itxura izateko.
  • 1717 – Barneko zaharberritzea hasi zen.
  • 1734 – Hainbat eraikuntza gehitu zizkioten, hala nola liburutegia eta madrasa (eskola koranikoa).
  • 1847 – Meskita itxi zen zaharberritze lanak egiteko.
  • 1849 – Meskita berriz ireki zen.
  • 1919 – Jainkozko liturgia (meza ortodoxoa), 1453an eten zena, jarraitu eta osatu zen, greziar apaiz militar batek ospatua[4]
  • 1935 – Eraikina museo bihurtu zen[5], meskita izateari utziz.
  • 2019 – Erdogan presidenteak berriz meskita izatea iradoki zuen[6].
  • 2020 - Berriro meskita izendatu zuten.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko Hagia Sofiaren ebaketa
Oinplanoa :
a) Galeriaren oinplanoa (goiko erdia)
b) Behe solairuaren oinplanoa (beheko erdia)

Bizantzioko arkitekturak Justinianoren garaian (527-565) iritsi zuen heldutasuna. Santa Sofia da haren erreinaldian egin zen arkitektura lan inportanteena, arkitekturaren historiako zoragarrienetako bat. Antemio Tralleskoak asmatu zuen proiektua eta Isidoro Miletokoak burutu zituen eraikitze lanak. Hain zoragarria iruditu zitzaion jendeari eraikuntza ezen Jainkoak berak asmatu zuela eta Justiniano enperadoreari aingeru baten bidez jakinarazi ziola zabaldu baitzen. Justinianok berak jarraitu zituen garaiko katedral handiena eraikitzeko lanak, eta munduko handiena izaten jarraitu zuen 1.000 urtez Sevillako katedrala amaitu zen arte[7].

Arkitektura nagusiki barne-espaziala du. Horrela, kanpoaldeko itxura barnealdearen emaitza funtzionala da eta, otomandarrek bereziki aldatua, minarete, ezproi eta beste arintze batzuekin aberastu da historian zehar. Eraikinaren ideia, eraiki behar zen kupula handia, lau arkuren bidez eutsia izatea zen, bultzadak desbideratuko zituzten kupulaerdi eta hormabularren bidez indartuak. Horrela, hormigoiaren erabilera ekidin zen, adibidez, Erromako Agriparen Panteoian ez bezala.

Oinplanoa 71x76,2 metroko[2] laukizuzen bat da, ia laukia. Kupula, 55,6 metroko garaiera eta 31,24-30,86 metro arteko diametroa duena, lau puntutan danborrik gabe eutsita dago, eta berrogei leihok banandutako beste hainbeste hormabularrez inguratua dago: Prokopiok dioenez, "zerutik, urrezko kate baten bidez zintzilikatua" dagoenaren itxura duk. Kanpoaldetik, eliza handiaren masa harmoniarekin baina grazia handirik gabe altxatzen da. Kupulak antzinako basilikentzako oso arrotza zen zentralizazio bat ezartzen zuen, baina petxina eta ahaleginak alboetako nabeei emanez, baita argiaren erabileraren fintze bati esker "ez dirudi oinarri solidoan jarrita dagoenik".

Kupula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohiko basilika-oinaren arabera egin zen eraikuntza, baina kupula handi batekin eta bultzada berdintzeko sistema batekin : luzera ardatzean jarritako bi kupulaerdi, ardatz horri buruz diagonal jarritako bi nitxorekin. Zama banatzeko sistema hori zela-eta, ez zen zutaberik jarri beharrik izan basilikaren habearteak bereizteko. Erromatarren eta paleokristauen garaiko basiliketan, berriz, ezaugarri nagusietako bat zutabeak ziren.

Zutabeak, eraikuntzaren euskarri nagusiak, harriz egin ziren, adreilu-morteroetan izaten diren uzkurtze eta zabaltze efektuak ez izateko. Zutabe nagusiek 44 metroko karratu bat eratzen zuten eta haien gainean lau arku handi eraiki ziren. Arku horien erpinen eta arkuak elkartzen dituzten petxinen gainean eraiki zen kupula nagusia, berrogei nerbiok ataldua barrutik eta beste hainbeste nerbio laburrek sendotua kanpotik ; nerbioetan tartekaturik leiho txiki batzuk egin ziren kupula argitzeko eta pisua arintzeko[8].

Kupula, labeko ganga eta absidea.

Kupulak kanporantz egiten duen indarrari eusteko bi kupulaerdi egin ziren luzerako ardatzean. Kupulaerdiek kupula nagusiaren diametro berdina dute eta, arestian esan den hezala, ardatzari buruz diagonal jarrita dauden bina nitxotan deskargatzen dute beren bultzada. Zehar ardatzean, berriz, iparraldeko eta hegoaldeko arkuen tinpano hormetan deskargatzen da bultzada, hormotan zulatuta eta elkarren gainean jarrita dauden bi arku ilaren (sei arku txiki goikoan eta lau handi behekoan) arkuen zutabeen bitartez.

Eraikitze lanean arazo handiak sortu ziren eta sortu ahala konpondu behar izan zituzten arkitektoek. Lau arkuen bultzada zela eta, eraiki ahala okertu zen eraikuntza, eta kupula egiten hastean hark estali beharreko espazioa uste baino gehiago zabaldu zela ohartu ziren. 558an kupula lurrera erori zen, lurrikara batzuen ondoren, eta berriro eraiki zuten 563an, aurrekoa baino bost metro garaiago. 975ean, beste lurrikara baten ondoren, mendebaleko kupulaerdia lurreratu zen eta berriro eraiki behar izan zuten. Gero, atari handi bat erantsi zioten mendebalean, eta 10.000 metro koadrotik gora hartzeraino handitu zen azkenerako.

Nartexa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ate Inperiala zen sarrera nagusia, exo- eta esonartexen artean. Enperadoreak bakarrik erabiltzekoa zen. Atariaren gainean dagoen mosaikoa Kristo eta enperadore izengabe bat irudikatzen du. Kanpoko nartexetik doan aldapa luze batek Goiko Galeriara darama.

Barnealdea eta dekorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantzioko arkitekturaren xedea barne espazioak sortzea zen, eta Santa Sofiako eraikitzaileek ere, joera horri jarraiki, barneari eman zioten lehentasuna, kanpoaldearen kaltean, Santa Sofia kanpotik ez baita oso ikusgarria. Kupula, kupulaerdi eta nitxoen arteko loturak espazioa horizontalean eta, areago oraindik, bertikalean luzatzen denaren itxura ematen dio. Kupula sail horri eusteko ez hormarik ez, itxuraz, zutaberik izateak areagotu egiten dute barrunbearen efektua. Zutabeak alboko habearteetatik ikusita baizik ez dira nabarmentzen, baina fustearen marmolezko azal polikromoa hondoko hormaren zokaloarekin nahasten eta berdintzen da.

Barneko dekorazioaren eginkizuna espazioari handitasun efektua ematea zen.

Lehenago esan den bezala, marmol kolore askotako azalek estaltzen zituzten zutabeak, pilareak eta horma-zokaloak. Zorua, berriz, marmol gris ilunezkoa zen. Horma garaiak, gangen azpia eta kupulak, berriz, mosaikoz hornitu ziren : gurutzeak eta izarrak urrezko hondo batean. Kapitelak eta arku tarteak hosto itxtuan zizelkatu ziren. Kupula handiaren erdian, apaingarri gisa, mosaiko bat zegoen : gurutze handi bat zirkulu batean sartua. Gainerakoan, aldarearen eta koruaren artean, urrezko lanparak eta zilarrezko xaflak zeuden apaingarri gisa.

Dekorazioak sortzen zuen efektua argiak areagotzen zuen. Leihoak estrategikoki banatuak eta beira koloreztatuez estaliak zeuden. Argitasuna handituz-handituz zihoan alboko habearteetatik erdikora. Han, erdiko habeartean, kupula nagusiko leihoek eta arlotetako tinpanoetakoek oso ondo argiztatzen zuten eraikuntzaren erdigunea.

Bestalde, mosaikoak berariaz jarri ziren urrezko lanparen kolore horixkaz argi egin zezaten gaueko elizkizunetan.

Izen bereko beste eliza batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. a b Fazio, Michael; Moffett, Marian; Wodehouse, Lawrence. (2009). Buildings Across Time. ISBN 978-0-07-305304-2..
  3. Simons, Marlise. (1993-8-22). Center of Ottoman Power. The New York Times.
  4. (Grezieraz) Ο κρητικός παπα-Λευτέρης Νουφράκης και η ξεχασμένη Λειτουργία στην Αγιά Σοφιά
  5. (Ingelesez) Kinross, Lord. (1972). Hagia Sophia. S. Arthur Dembner, 30, 35, 45, 80 or. ISBN 978-0882250144..
  6. (Ingelesez) Erdogan again suggests converting Hagia Sophia into mosque. .
  7. (Ingelesez) Melton, J. Gordon; Baumann, Martin. (2010). Religions of the World: A Comprehensive Encyclopedia of Beliefs and Practices. 513 or..
  8. (Ingelesez) Mainstone, R.J. (Rowland J.). (1988). Hagia Sophia : architecture, structure, and liturgy of Justinian's great church. Thames and Hudson ISBN 978-0500340981. OCLC .15378795.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]