Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua
KokalekuaGipuzkoa, Espainia
IzendapenaBatasunaren Garrantzizko Leku

Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua Hernioko mazizoan kokatutako naturgune babestua da 2012az gero, Urola-Kosta eta Tolosaldea eskualdeen artean kokatutakoa[1]. Babestutako eremuak 2.158 ha-ko azalera du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hernio eta Gazume mendiek osatzen duten mazizo karstikoa babesteko lehen urratsak 1997an egin ziren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaularitzak Natura 2000 sarean sartzeko zerrendan jartzea erabaki zutenean, flora- eta fauna-espezie batzuentzat habitat oso egokia zelako[2]

2004an egin zen bigarren urratsak, Europako Batzoreak Hernio-Gazume mazizoa Batasunaren Garrantzizko Leku izendatu zuenean.

Hernio-Gazumek 2012an erdietsi zuen egun duen babes-egoera Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuenean urriaren 12ko dekretuaren bidez.

Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua 9 udalerrien lurretan hedatzen da: Aia, Albiztur, Alkiza, Asteasu, Bidania-Goiatz, Errezil, Hernialde, Larraul eta Tolosa.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorago aipatu bezala Hernio-Gazume mazizo karstikoa eta horrelakoen pasaia tipikoa du: harkaiztiak, leize-zuloak, dolinak eta lur azpiko urak. Basoek eta larreek osatzen dute paisaia.

Baso kaduzifolioa da nagusi non pagoa nabarmentzen den, baina landatutako espezie exotikoz estalitako sailak, alertzez eta intsinis pinuez batez ere, ez dira bakanak. Pagadia nahikoa gaztea da, garai bateko egurraren ustiaketaren ondorioz, baina azpimarratzekoak dira ikazkintzaren lekuko diren pago motzak. 1960ko hamarkada arte inguruko herrietako baserritarrentzat jarduera inportantea izan zen ikazkintza[3].

Harkaiztia hegazti sarraskijaleen habitata da. Sai arreak (Gyp fulvus) nagusia da kopuruz, baina azpimarratzekoa da sai zuri (Neophron percnopterus) bikote batek urtero egiten duela habia Hernio-Gazume KBEn Alkizako lurretan. Miru gorriek (Milvus milvus) ere bizilekuak dute bertan.

KBEko ugaztunen artean kiropteroak, saguzarrak, dira aipagarrienak. Hernio-Gazumen 13 espezie desberdin identifikatu dira, basoan zein kobazuloetan habia egiten dutenak.

Intsektuen artean egurraren deskonposizioa eragiten duten saproxilikoak dira berezi aipagarriak, arkanbeleak (Lucanidae) eta Rosalia alpina batez ere.

Eremuaren kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hernio-Gazume KBE egoera naturala hobetzeko eta zaintzeko plan amankomunik ez dago erakunde desberdinen artean diseinaturik. Udalek, bakoitzak bere kaxa, egiten dituzte beharrezkoak dira lanak.

Udal guztien artean Alkizakoa da nabarmentzekoa. Alkizan kokatzen da, udalaren ekimenez, Hernio-Gazume KBEren interpretazio-zentrua: Fagus-Alkiza.Halaber, Naturtzaindia fundazioarekin elkar hartuta hainbat interbentzio egin ditu udalerriko lurretan Hernio-Gazume KBEren egoera naturala hobetzeko, hala nola, sagurzar-kutxak jartzea basoan, anfibioak ugaltzeko bi urmael egitea, larreak berreskuratzeko lanak, hesi bizia aldatzea eta basoaren biodibertsitatea emendatzeko interbentzioak<[4].

Iribeiti_pagadi
Iribeitiko pagadia pago motzez osatuta dago gizakiaren mendeetako interbentzioaren lekuko

Hernio-Gazume KBEaren lurrak gizakiaren interbentzioa pairatu izan dute milaka urtetan zehar, Itxuraingo tumulua horren lekuko esaterako, brontze-aroko aztarna baita. Neurri handi batean gizakiak landutako paisaia da eta gizakiaren beharren arabera aldatuz joan dena. Karobiak, txondor-plazak, lera-bideak eta pago motzak erabilera horren lekukoak dira.

Oraintsu arte nagusia zen paisaiak XVI.-XVII. mendeetan du jatorria baso industrialki ustiatzen hasi zenean egur-ikatza egosteko eta itsasontziak eraikitzeko zura lortzeko eta artoa ereiten hasi zenean. Lepatutako arbolak dira horren lekuko. Egun, pasaia hori aldatzen ari da baserriko lanak ekonomiaren oinarria izateari utzi diotelako eta, ondorioz, basoa hedatzen ari da etengabe eta horri lotutako fauna ugaritzen<[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 219/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Hernio-Gazume (ES2120008) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzekoa. https://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/d/2012/10/16/219/dof/eus/html/webleg00-contfich/eu/.
  2. Hernio-Gazume KBE – FAGUS Alkiza. (Noiz kontsultatua: 2022-12-10).
  3. «Memoria itzali ez dadin, herriko ikazkinei omenaldia egin diete - Alkiza - Tolosaldeko ataria» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2022-12-10).
  4. https://www.fagus-alkiza.eus/wp-content/uploads/2021/05/fagus-eskuliburua.pdf.
  5. (Gaztelaniaz) Aragon Ruano, Alvaro. (2001). El bosque guipuzcoano en la Edad Moderna: aprovechamiento, ordenamiento legal y conflictividad. Aranzadi.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]