Jefferson Davis
Jefferson F. Davis (Fairview, Kentucky, 1808ko ekainaren 3a - New Orleans, Louisiana, 1889ko abenduaren 6a) estatubatuar politikari eta militarra izan zen. Estatu Batuetako Gerra Zibilaren garaian, 1861-1865 bitartean, Estatu Konfederatuetako presidentea izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jefferson Davis Fairviewen jaio zen, Kentucky estatuan, 1808ko ekainaren 3an. Aita, Samuel Davis, galestar jatorriko lur-jabea zen,[2] eta ama, Jane Cook, eskoziar-irlandar jatorrikoa.
1824an hasi zituen ikasketa militarrak West Point akademia ospetsuan. 1828an graduatu ondoren, lotinant izan zen Wisconsinen eta Black Hawk gerran parte hartu zuen 1832an. 1835ean utzi zuen kargua, eta Mississippiko Vicksburgen kokatu zen, kotoi sail handi baten jabe zelarik.[2]
Alderdi Demokratako kide, kongresista hautatu zuten 1845ean, senatari 1847an. 1846-1848 bitartean, Mexikoren aurkako gerran parte hartu zuen. Kongresuko esklabotzaren aldeko fakzioaren burua izan zen.[2]
1860ko azaroan, Abraham Lincoln hautatu zuten AEBetako presidente. Hurrengo hilabeteetan, zazpi estatu bereizi ziren Batasunetik: Hego Carolina, Mississippi, Florida, Alabama, Georgia, Louisiana eta Texas. Zazpi estatu horietako ordezkariek erakunde politiko berri bat eratu zuten, Ameriketako Estatu Konfederatuak, hiriburu Montgomery zuela.[2]
1861eko otsailaren 9an, Estatu Konfederatuetako presidente aukeratu zuten. Armada konfederatua antolatu zuen, eta apirilaren 12an Gerra Zibila piztu zen Fort Sumterren. Hasieran konfederatuak irabazten hasi baziren ere, (Bull Rungo guduak, 1861eko uztailean eta 1862ko abuztuan) 1863ko uztailean Gettysburgen garaituak izan ostean gain behera joan ziren.
Gerra galdu eta gero, 1865eko maiatzaren 10ean atxilotu eta bi urte eman zituen Fort Monroen, inoiz epaitu ez zuten arren. Askatu zutelarik, Kanadara erbesteratu zen. Estatu Batuetara itzuli zelarik, negozio pribatuetan aritu zen, 1889ko abenduaren 6an hil zen arte.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Davis, Jefferson. Lur hiztegi entziklopedikoa, euskadi.eus (kontsulta data: 2024-11-22).
- ↑ a b c d e Jefferson Davis. spartacus.schoolnet.co.uk (kontsulta data: 2024-11-22).