Joan III.a Sobieski
Joan III.a Sobieski (polonieraz: Jan III Sobieski; 1629ko abuztuaren 17a - 1696ko ekainaren 17a) Bi Nazioen Errepublikako errege garrantzitsuenetako bat izan zen. Horrez gain, Poloniako errege eta Lituaniako Duke Handia ere izan zen, 1674tik hil zen arte.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joan Sobieski 1629an jaio zen, Olesko familia-gazteluan, eta Teofila Janina emaginaren eta bere senar Jakue Sobieskiren semea zen. Antza denez, bi seme izan zituen bikoteak. Joan eta Marek anaia Krakoviara joan ziren ikastera. Ikasketak amaituta gero, aitak Europara bidali zituen bidaiatzera, ezagutza mundutarrak jasotzeko. Frantzian erbesteratuta zegoen Estuardo etxearekin egin zituzten harremanak.
1648an, kosakoak matxinatu egin ziren, eta bi anaiak etxeratzera behartu zituzten. Aita liskar horietan hila zen, eta amak bi semeak aberriaren alde borroka egitera bultzatu zituen. Bi anaiek borrokan egin, eta handitasunez itzuli ziren.
1651n, bi anaiak gudu-zelaira itzuli ziren, kosakoen eta tatariarren auka egiteko, eta Joan zauritu egin zuten.
1665ean, Joan, Maria Kasimira de La Grange d'Arquien frantziarrarekin ezkondu zen.
1665eko apirilean, indar armatu poloniarren Hetman (jeneral buruzagia) izendatu zuten.
1673an, armada turkiarraren aurkako borrokan armada poloniarrak izugarrizko jipoia jasoa zuela, elurretan belaunikatu zen gizataldea, Czestochowako Andre Mariari errezatzeko. Chocimeko guduan poloniarrek garaipena lortu zuten, eta itzuleran heroi gisa hartu zuten Joan III.a Polonian, 60 bandera turkiar eta atzemaniko altxor ederra baitzekartzan berarekin.
Errege aldarrikatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1674an, Joan, Frantziaren babesa zuela —aurrerantzean aliatu izango zuen—, Varsoviako Dietak Poloniako errege izateko hautatu zuen.
Joan III.a Poloniakoak Ukrainaren parte bat berreskuratu zuen (1676), eta, 1683an, austriarrak otomandarren mende erortzeko zorian zirela, 400.000 gizon bere mendean hartu, Vienara joan eta Habsburgotarren leinua salbatu zuen. Oso ezaguna da Vienako guduan jokatu zuen papera dela medio, Mendebaldeko Europa turkiarren inbasiotik salbatu baitzuen.
Ezaguna izan zen Joan III.a Sobieskik kultura eta arteak babesteko zuen joera; artisauak bultzatu zituen, eta bromazalea eta xaloa zenez, mundu guztia hurreratzen zen harengana.
1696ko ekainean hil zen Wilanów jauregian, apoplexia bat izan ondoren.
Joan eta bere emazte Kasimira, 1716an hila, Krakoviako gazteluan hobiratu zituzten.
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan III.a Sobieski |