Klima aldaketaren ondorioak
Klima aldaketa Lur planetaren toki guztietan eragiten duen fenomenoa da, klima eta tenperatura alterazioak eraginduz, eta batez ere gizakion inpaktuak gauzatua. Zenbait tokitan, muturreko fenomeno meterologiko edo prezipitazioak gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira eta beste hainbat lurraldeetan, ordea, muturreko beroaldiak edo lehorteak nabarmentzen dira. Bestalde, izotz metaketak urtzen ari dira, eta ur-maila igotzen ari da [1]. Klima aldaketaren ondorioak gure eguneroko bizitzarako eta planetaren etorkizunerako oso larriak izan daitezke, hortaz, irtenbideak bilatu eta ekimenak garatzea ezinbestekoa da.
Ondorioak ingurumenean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tenperatura globalaren igoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima aldaketak planetaren temperatura igotzea eragin du. Tenperatura igoera, batez ere, gizakiok sortutako berotegi-efektuko gasak isuritzearen ondorioz izan da, erregai-fosilen erabilera bultzatuta. 1850etik aurrera, Lurreko tenperatura batez-besteko 0.11º Fahrenheit (0.06º Celsius) igo da hamarkada bakoitzean, 2º F igoz guztira [2]. Zehazki, 1982 urtetik hona, berotze-erritmoa hiru aldiz azkartu egin da (0.36º F igoz hamarkada bakoitzean). Azkenengo urtea, 2023, urterik beroena izan dela konfirmatu dute ikerlariek [3]. Lur planetaren tamaina eta itsasoen bero ahalmena kontuan hartuta, erregistratu egin diren tenperatura igoerak industrializazio-alditik hona benetako igoera esanguratsuak izan direla egiaztatu dute zientzialariek [2].
Zehazki, azken urteko, 2023ko, uztailean, orain arte inoiz behatutako fenomeno eta datuak lortu dituzte ikerlariek. Izan ere, Ipar hemisferioko lurralde askotan, batez ere Europa hegoaldean, bero-uhin larriak erregistratu egin dira: Italian, Grezian Espainian +4ºC anomaliak erreportatuz [4]. Gainera, Ipar Afrikan ere, +7ºC anomaliak ere jasan ditu [4]. Beste lurralde batzuetan, esaterako, Estatu Batuak edo Japonia, tenperatura altuak erregistratu zituzten, uztaila Japoniako historian zehar hilabeterik beroena izanik. Bestalde, Chinak historian zeharreko tenperatura altuena erreportatu zuen (52,2ºC) [5]. Hego Amerikan, negu-erdiko tenperaturak, urteetan zehar erregistratutako batez-bestekoak baino altuagoak ere izan ziren.
Muturreko fenomeno metereologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, klima aldaketak mundu osoan zehar muturreko fenomeno metereologikoak eragiten ari ditu; besteak beste, baso-suteak, lehorteak, prezipitazioak, uholdeak, bero-boladak edota itsasgorak eragindako uholdeak. [6] Bero edo tenperatura igoerak, baso-suteen arriskuak igotzen ari ditu eta lehorrak ziren toki geografikoak gero eta lehorragoak bihurtzen ari dira, lehorteak gertatzeko arriskuak agertuz. Bestalde, atmosfera beroagoak, ur lurrun gehiago mantendu dezakeenez, prezipitazio bortitzak agertzen ari dira zenbait tokitan. Prezipitazio horiek ekosistemen iragazteko-gaitasunak gainditzen baditu, uholdeak eragindu ditzake. Azkenik, bero-bolada horiek bai lurrazalean eta baita itsasoan ere eragin dezakete, adibidez, itsas-biodibertsitatean, organismo askok ez baitaude tenperatura-igoera horiei aurre egiteko prest [6]. Fenomeno horiek batera gertatu daitezke, biztanleria eta ekosistementzako ondorio sakonak eraginduz.
Itsas-mailaren igoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasoaren batez besteko maila 21-24 cm igo da 1880 urtetik hona. Azkenaldian, konkretuki, itsas-mailaren igoera-erritmoa bizkortu egin da; izan ere, urtero igotzen den neurria bikoiztu egin da 2006-2015 tartean [7]. Tenperatura igoera eta berotze globala izan dira itsas-maila gehiago igotzea eragin duten faktore nagusiak.
Itsas-maila bi eratara igotzen da: alde batetik, glaziarrak edo izotz-geruzak urtuz eta bestalde, ur bolumena handituz [7]. Glaziarrei dagokienez, Groenlandia eta Antartika dira izotz-kopuru handiagoa duten lurraldeak. Bi toki geografikoen izotz-masa osoa bat-batean urtuko balitz, itsas-maila 65 metro igotzea eragingo luke [8]. Aire-epel edo berotua glaziarraren azalera urtu egiten du eta gainera, glaziarraren masa zulatzen du, glaziarraren oinarrira helduz. Glaziarraren oinarrian urtze prozesua gertatuz gero, izotz-zati edo icebergs eratzea eragiten du [8].
Itsas-mailaren igoerak hainbat ondorio izan ditzake: kostalde-azalera murriztea, hondartzen desagerpena, ur-akuiferoak ur gaziaz betetzea eta ondorioz iturri edangarriak mehatxatzea...etabar. Izan ere, zenbait lekutan faktore hauek erabakigarriak izan daitezke; herrialde askok ur-edangarri iturri mugatuak dituzte eta. Adibidez, Egipton, nekazaritza-landak Nilo ibaiaren deltan oinarritzen dira, hortaz, kostalde-azalera murriztuz edo ur-gazia agerraraziz, ondorio larriak izan zitzakeen populaziorako [9].
Flora eta faunarekiko ondorioak (Habitat suntsipena)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistemen galera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima aldaketak eragindako tenperatura igoerak eta ezusteko fenomeno metereologikoak ekosistemen funtzionamenduari eragin diote. Esaterako, uretako sarbide edo elikagai eskuragarritasunak mugatu dituzte eta ekosistemak bizigaitz bihurtu dira animalientzako. Elikagaien kate-trofiko osoa alderatu egin da, toki geografiko hartara migratu egiten duten espezieei eta indibiduo lokalei eraginduz. Arriskuan dagoen leku geografiko baten adibidea Artikoa da. Klima aldaketaren ondorioz, bilioika espezie eusten dituen elikagai-katea hausten ari da. Zientzialariek, azken bost urteotan, arrain espezie eta hainbat itsas-ornogabeen desplazamendua (bizi-baldintza egokien bila) eta desagerpena erregistratu egin dute. Ekosistema kritikoa bilakatu da itsas-ugaztunentzako, esaterako, itsas lehoiak, bale gris migratzailea, zenbait hegazti edota beste espezie askorentzat, adibidez, hartz polarra. [10] Zientzialarien arabera, Artikoa tenperatura-aldaketak jasan izan ditu historian zehar, baina orain jasaten ari direnak gehiegi irauten ari dute. Aldaketa lazgarri horiek espezie asko galtzea eragingo dute, eta beste batzuek muturreko baldintzetara egokitzea lortuko duten ezezaguna da [10].
Beste arriskupean dagoen ekosistema Australiako Koral Hesi Handia da. Ipar-ekialdeko kostaldean kokatzen den ekosistema honek, 344.400 km2 azalera du eta munduko koral-uharri ekosistemarik handiena da; 3000 koral-uharri ditu, 600 uharte kontinental, 300 inguru mangladi uharte eta 9000 espezie [11] [12]. Klima aldaketak koral-uharriei eragiten dien inpaktu nagusiena da [13]. Batetik, tenperatura igoerak coral bleaching izeneko fenomenoa, hau da, koralak zuritzea eragiten du. Fenomeno hau gertatzen da, tenperatura igotzean, koralekin sinbiosian bizi diren alga mikroskopikoak (zooxantella) kanporatzen direlako. Alga mikroskopiko horiek koralen elikagai-iturriak izateaz gain, kolorea ematen diete, eta haien desagerpenaren ondorioz, koralak zuritzen dira, eta hiltzeko arriskua handiagotzen da [14]. Bestalde, beste inpaktuetako bat, ozeano azidifikazioa da. Izan ere, erregai fosilen ondorioz, CO2 kontzentrazioak atmosferan igo egin du, eta ozeanoak atmosferaren 30% CO2 inguru xurgatzen duenez, itsasoak xurgatutako karbono dioxidoa handiagotu egin da ere. Ioi honek uretan, erreakzio kimiko desberdinak eragiten ditu, eta ioi karbonatoaren kantitate murrizten du. Ioi karbonatoa ezinbestekoa da itsas-oskolen eta koralen kanpo-eskeletoak osatu ahal izateko [15].
Biodibertsitatearen galera, espezieen desagerpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tenperatura igoerak batez ere, espezieen bizi-zikloak eta ugaltzeko aukerak aldatu ditzake, harrapakin-harrapatzaile harremanetan eta kate-trofikoetan eraginduz. Esaterako, harrapakinak goizago ugalduz gero, horrek eragin dezake depredatzaile eta harrapakinen arteko desorekak denbora-tarteetan. Fenomeno hauek, endemikoak diren espezientzat zehazki, oso arriskutsuak izan daitezke, migrazio-aukera mugatuekin, eta euren arrakasta-biologikoa harrapakin ugaritasunen araberakoa izanik [3]. Kasu praktiko bat ezagutuz, (Phocoena sinus), "vaquita marina" deiturikoa, Kaliforniako Golfoan bizi den itsas-ugaztun bat da eta desagertzeko arriskua kritikoan dago (2018ko ikerketek 20 indibiduo inguru atzeman zituzten) [16]. Espezie hau oso habitat mugatu batean bizi da eta jadanik beste zenbait giza-inpaktu jasaten ditu (bycatch, gehiegizko arrantza...etabar). Horri, klima aldaketak eragindako harrapakinen eskuragarritasun aldaerak gehituz, bere desagerpena iragarri dezake [3].
Gizarterako arriskuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasunerako ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tenperatura altuak pertsonen osasunean eragin dezakete, heriotza gauzatzera helduz. Batez ere biztanleria zahar edo umeek arriskupean dauden populazioa dira [1]. Klima aldaketak dakarren ingurumen ondorio desberdinek patologia edo arrisku desberdinak eragin ditzakete biztanleengan, ondorengo taulan behatu ditzakegunak [17].
Klima aldaketa inpaktua | Osasunerako ondorioak |
---|---|
Eguraldi aldaketa bortitzak | Zauriak, osasun-mental arazoak |
Muturreko beroa | Beroarekin lotutako gaixotasunak, heriotza, arazo kardiobakularrak |
Airearen kutsadura | Asma, gaixotasun kardiobaskularrak |
Uraren kalitatean alterazioak | Bakterioekin erlazionatutako gaixotasunak: Kolera, lleptospirosia, algen-lorazioak. |
Ur eskuragarritasuna | Malnutrizioa |
Alergenoen igoera | Arnas-alergiak, Asma |
Ekosistemen suntsipena | Migrazioa, osasun-mental arazoak |
Ondorio ekonomikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima aldaketak indibiduo eta herrialdeen arteko desberdintasunak areagotu ditzake. Hau da, energia-iturri edota baliabideak urriagoak direnean, gatazkak sorrarazi daitezke. Ondorio ekonomikoen sakontasuna baldintzatuta egongo dira herrialdeek eta politikoek hartzen dituzten neurrietaz. Hau da, noraino inplikatuko diren arabera, egungo ingurumen-krisia paliatzea lortuko dugu edo ez. Politika-berdeak nabarmenduz gero, agian ondorioak ez dira hain larriak izango. Hala ere, klima-krisirako esku-hartzean eragile guztien koordinazioa ezinbestekoa da; bai enpresa, agintari, eta herritarrena [18].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Consecuencias del cambio climático - Comisión Europea» climate.ec.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ a b (Ingelesez) «Climate Change: Global Temperature | NOAA Climate.gov» www.climate.gov (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Global Warming Effects» Environment 2024-02-14 (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ a b «July 2023 sees multiple global temperature records broken | Copernicus» climate.copernicus.eu (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ «Surface air temperature for July 2023 | Copernicus» climate.copernicus.eu (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ a b (Ingelesez) Colbert, Angela. «Extreme Weather and Climate Change» Climate Change: Vital Signs of the Planet (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ a b (Ingelesez) «Climate Change: Global Sea Level | NOAA Climate.gov» www.climate.gov (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ a b (Ingelesez) Team, By Esprit Smith, NASA's Earth Science News. «The Anatomy of Glacial Ice Loss» Climate Change: Vital Signs of the Planet (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ (Ingelesez) «Global Climate Change, Melting Glaciers» Environment 2009-10-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ a b (Ingelesez) «Unprecedented die-offs, melting ice: Climate change is wreaking havoc in the Arctic and beyond» Los Angeles Times 2021-12-17 (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ Protecting the Great Barrier Reef. .
- ↑ (Ingelesez) «Great Barrier Reef» education.nationalgeographic.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ (Ingelesez) US Department of Commerce, National Oceanic and Atmospheric Administration. «How does climate change affect coral reefs?» oceanservice.noaa.gov (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ (Ingelesez) US Department of Commerce, National Oceanic and Atmospheric Administration. «What is coral bleaching?» oceanservice.noaa.gov (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ (Ingelesez) US Department of Commerce, National Oceanic and Atmospheric Administration. «What is Ocean Acidification?» oceanservice.noaa.gov (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ (Ingelesez) Vaquita – IUCN – SSC Cetacean Specialist Group. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
- ↑ (Ingelesez) «Climate Effects on Health | CDC» www.cdc.gov 2022-05-03 (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ Breckenfelder, J., Maćkowiak, B., Marques-Ibanez, D., Olovsson, C., Popov, A. A., Porcellacchia, D., & Schepens, G.. (2023). The climate and the economy.. .