Malnutrizioanutrizio desegokia edo nutrizio egoeraren alterazio bat da, nutriente gabeziak —adibidez, kwashiorkorrak— edo gehiegiak —adibidez, obesitateak— eragindakoa.[1] Nutrizio txarraren edo elikagaiak metabolizatzeko edo asimilatzeko arazoren baten ondoriozko egoera da.[2] Maiz, elikadura urritasunaren sinonimotzat jotzen bada ere, hark ez bezala, malnutrizioak alderdi biak, gutxiegizkoa nahiz gehiegizkoa, hartzen ditu.
Herrialde garatuetan eta garapen bidean daudenetan, malnutrizioaren arrazoi nagusietako bat da dieten sinplifikazio orokorra, batez ere karbohidrato finduetan (gari, arroz eta azukretik datozenak), gantzetan eta olio prozesatuetan oinarritzen baitira.[3] Halako «elikagai modernoek» jaki tradizionalak eta autoktonoak bazter utzi, ahantzarazi eta ordeztu dituzte kasu askotan, nahiz eta jaki tradizionalak elikagarriagoak izan ohi diren.[4]
Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz, desnutrizioa da munduan osasun publikoak duen mehatxu indibidualik handiena.[5] Nutrizioa hobetzea da, oro har, konponbide eraginkorrena.[6] Malnutrizioa arintzeko larrialdiko neurrien artean dago mikronutriente defizitarioak hauts indartuzko zorroen bidez hornitzea, edo kakahuetegurinaren bidez, edo zuzenean gehigarrien bidez.[7][8] Gosearen aurka borrokatzeko erakunde humanitario askok jarraitzen duten eredua da gosea pairatzen duten pertsonei kupoiak edo dirua ematea, bertako nekazariei eros diezaieten jatekoa, herrialde emaileetan elikagai erosketa masiboak egin ordez, garraio gastuak eta diru xahuketa alboratu nahirik.[9][10]
Emaziazioa da gizakiak pisu nahikorik ez izatea, bakoitzaren garaieraren arabera. Pisu galera larri bat eta ez aspaldikoa adierazi ohi du, pertsonak behar adina jan ez duelako edo gaixotasun infekzioso batek, beherakoa adibidez, pisua galtzera eraman duelako. Emaziazio ertaina edo larria duen haur txiki batek hiltzeko arrisku handiagoa du, nahiz eta tratamendu egoki batek aise senda dezakeen.[5]
Hazkunde atzerapena desnutrizio kroniko edo errepikakor baten ondorioa da. Oro har, lotuta egon ohi da baldintza sozioekonomiko eskasekin, amaren nutrizio eta osasun eskasarekin, gaixotasun kronikoekin edo bularreko haurrarentzat eta haur txikiarentzat egokiak ez diren elikadura edo zaintzarekin.[5] Hazkunde atzerapenak eragotzi egiten die haurrei beren ahalmen fisiko eta kognitiboa erabat garatzen.
Gutxiegitasun ponderala da haurrak adinari dagokiona baino pisu txikiagoa izatea. Gutxiegitasun ponderala duen haur batek hazkuntza atzerapena, emaziazioa edo aldi berean bi gaitzak izan ditzake.[5]
Bitamina eta mineralen (mikronutrienteak) eskasiak talde berean bil daitezke. Organismoak mikronutrienteak behar ditu entzimak, hormonak eta hazkuntza nahiz garapen egokirako funtsezkoak diren beste substantzia batzuk sortzeko.[15]
Mundu mailan, iodoa, A bitamina eta burdina dira garrantzitsuenak osasun publikoari dagokionez; horien gabezia mehatxu handi bat da mundu osoko populazioen osasunerako eta garapenerako, batez ere diru sarrera apaleko herrialdeetako haurrentzat eta emakume haurdunentzat.[16]
Pertsona batek gehiegizko pisua du bere garaierari dagokion pisu estandarra baino gehiago duenean. Gizentasuna, oro har, eta gantz gehiegi pilatzea, bereziki, osasunerako kaltegarri izan daitezke.
Gorputz masaren indizea (GMI) pisuaren eta altueraren arteko erlazio bat da, komunitate zientifikoak onartua duena gehiegizko pisua eta obesitatea zehazteko. GMI honela definitzen da: masakilogramotan zati garaiera ber bi metrotan. Helduetan, gehiegizko pisua 25 edo gehiagoko GMI batek definitzen du, eta obesitatea 30etik gorako indize batek.[17]
Gehiegizko pisua eta obesitatea jandako kalorien —gehiegi— eta gorputzak erabilitako kalorien —gutxiegi— arteko desorekaren ondorio izan daitezke. Mundu osoan batez beste, gizakiak gero eta elikagai eta edari kalorikoagoak kontsumitzen ditu (azukre eta gantz asko), eta jarduera fisiko gutxiago egiten du.[18]
Elikadurari lotutako gaixotasun ez-transmitigarriak
Malnutrizioak infekzio arriskua eta gaixotasun kutsakorrak areagotzen ditu. Adibidez, tuberkulosi aktiboaren hasieran arrisku faktore garrantzitsu bat da.[20] Gizakien kontsumorako egokia den edateko urik ez duten komunitate edo eremuetan, osasunerako arrisku gehigarri horiek arazo larri bat dira. Era berean, malnutrizioaren kiribilaren parte dira gizakiaren energia gutxitzea eta burmuinaren funtzionamendua kaltetzea. Horrela, malnutrizioa jasaten dutenek elikagaiak eskuratzeko aukera urriak dituzte, gehienetan ez baitute gutxieneko gaitasunik behar besteko eginkizunei aurre egiteko, soldata bat irabaztearren edo hezkuntza jasotzearren.[21]
Elikagaien eskasia edo prezio handia malnutrizioa eragin edo lagundu dezaketen faktoreak dira, teknologia urria duten herrialdeetan. Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) arabera, malnutrizioa jasaten duten haurren % 80 garapen bidean diren herrialdeetan bizi dira, nahiz eta herrialdeek baduten gaitasunik elikagai superabita sortzeko.[28]Amartya Sen ekonomistak ohartarazi zuenez, XXI. mendearen lehen hamarkadetan goseteak beti zuen zerikusia elikagaiaren banaketa arazoekin edo pobreziarekin, nahiz eta munduko biztanle guztiak elikatzeko adina elikagai egon. Malnutrizioa eta gosea elikagaien eskuragarritasunaren edo banaketaren arazoekin, eta erosteko ahalmenarekin bereziki lotuta zeudela baieztatu zuen.[29]
Erregai tradizionalen ordez bioerregaien erabilerak ere eragin dezake elikagaien eskaintza murriztea eta prezioa goratzea.[31] Nazio Batuen Elikadura Eskubidearen errelatore berezia izandako Jean Ziegler suitzar soziologoak proposatu zuen bioerregaiak egiteko nekazaritzakohondakinak erabiltzea, laboreak berak erabili ordez.[32]
Ume jaio berriak ez edoskitzea faktore bat izan daiteke, haurrengan malnutrizioa hedatzeko. Garapen bidean diren herrialdeetan, haurreri bularrik ez emateko erabakiaren jatorrian egon daiteke familiak uste izatea botilaratutako esnea hobea dela haurrak elikatzeko.[33][34]Munduko Osasun Erakundearen arabera, amek edoskitzaroa uzten dute ez dakitelako nola bularra eman haurrari, edo bularra ematerako garaian arazoak edo deserosotasunak dituztelako.[35][36]
Pertsona baten dieta elikagai iturri bakar batean gehiegi oinarritzen bada, malnutrizioa sor daiteke; hala gerta daiteke batik bat artoa, patatak edo arroza jaten dutenen kasuan. Arrazoia izan daiteke elikadura egokiaz heziketarik ez izatea, baina, gehienetan, eskura elikagai mota bakarra dutenengan gertatu ohi da malnutrizio forma hori.[37]
Malnutrizioaz mintzatzerakoan gosearekin bakarrik pentsatu ohi da, nahiz eta hiperrelikadura edo gainnutrizioa ere badiren malnutrizio mota bat. Munduko leku askotan, bereziki Mendebaldeko herrialdeetan, bi faktoreren konbinazio gertatu ohi da: alde batetik, janari ez-nutritibo gehiegi daude eskura, oso prezio apalean; bestetik, bizimodu sedentariorako joera nagusitzen da. Bi faktore horiek obesitate epidemia bat eragin dute, ez bakarrik mundu garatuan, baizik diru sarrerak handitzen ikusi dituzten garapen bidean dauden herrialdeetan ere.[28]
Elikagaien eskasia eragin dezake nekazaritza ekoizpenaren plangintza txarrak, hala nola laboreak txandakatzen edo lugorrietan egindako akatsak, nekazaritza errendimenduak handitzeko beharrezko den teknologia edo baliabide falta —besteak beste, nitrogenoongarriak, pestizidak edo ureztatze sistemak. Zenbait herrialdetan, pobrezia orokorraren ondorioz, estatuak ez du gaitasunik nekazaritza berriztatzeko teknologia bere gain hartzeko, eta nekazariak, berriz, ahalik gabe gelditzen dira. Halako egoeratan, nekazaritza ekoizpena apala izan ohi da, soldatak urriak eta elikagai merkeen prezioak merkeagoak dira.[38][12]
Aipatutako faktore zuzenez gain, badira zeharkako mehatxu potentzialak batzuk elikagai eskaintza globalaren aurka, malnutrizioaren hedadura eta eragina areagotu dezaketenak.
Klima aldaketa faktore eragile garrantzizko bat da, elikadura segurtasuna auzitan jarri baitezake munduko eskualde askotan. Klima aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldea (IPCC, ingelesezko siglan) 2023an emandako datuen arabera, gizakiak eragindako klima aldaketak muturreko eguraldi episodioak eragin ditu dagoeneko mundu osoko eskualde guztietan. Horrek eragin kaltegarri sakonak ekarri ditu elikagaien eta uren segurtasunean, giza osasunean eta ekonomietan edo gizartean, eta kalte materialak naturan eta pertsonetan.[39][40]
Erlauntzen despopulazioaren sindromea (ingelesez Colony collapse disorder) da erle arruntenerlauntz koloniak bat-batean desagertzea, elikagai erreserba nahikoak izan arren.[41] Mundu osoan labore gehienak erleek polinizatzen dituztenez, arazo horren hedadura elikagai eskaintzaren aurkako faktore indartsu bat izatera iritsi daiteke.[42]
Ug99 ainoak (Puccinia graminis) eraginda, gariaren gaineko oxido izurrite bat garatzeko arriskua sortu zen XXI. mendearen lehen hamarkadan, Afrikan eta Asia osoan. Adituen iritziz, onddoa airearen bitartez barreiatzen denez, munduko gari laboreen % 80 arriskuan egon daiteke.[43][44]
Malnutrizioa munduaren garapenaren aurkako erronkarik larrienetako bat da, nahiz eta, oro har, ez zaion behar besteko garrantzirik aitortzen. Kostu ekonomiko eta humano izugarriak ditu, bereziki populazio txiroen, emakumeen eta haurren gain gogorkiago jotzen baitu.
↑(Ingelesez)Crilly, Rob. (2008-06-04). «UN aid debate: Give cash, not food?»The Christian Science Monitor (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-11-01).
↑(Ingelesez)National Health System. «Malnutrition»NHS UK (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-11-02).
↑(Ingelesez)«WHO Technical Note»Communicable Diseases and Severe Food Shortage: WHO Technical Note (World Health Organization) 2010-10 (kontsulta data: 2025-11-02).