Mercedes Sosa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mercedes Sosa
Mercedes Sosa 1960ko hamarkadan.
Mercedes Sosa 1960ko hamarkadan.
Datuak
Ezizenak La Negra Sosa
Jaioterria San Miguel de Tucumán, Tucumán, Argentina
Jaiotza data 1935eko uztailaren 9a
Heriotza herria Buenos Aires, Argentina
Heriotza data 2009ko urriaren 4a
Musika mota Argentinako musika folklorikoa
Tresnak Ahotsa, perkusioa, gitarra
Urteak 1950–2009
Webgunea http://www.imdb.com/name/nm0815302/

Haydée Mercedes Sosa (San Miguel de Tucumán, Tucumángo probintzia, 1935eko uztailaren 9a - Buenos Aires, Argentina, 2009ko urriaren 4a), Mercedes Sosa izenaz eta batzuetan La Negra Sosa ezizenaz ezaguna, Argentinako folkloreari zabalkundea eta berrikuntza eskaini zizkion abeslaria izan zen[1]. Nuevo Cancionero mugimenduaren baitan kokaturik zegoen, eta tango, rock eta pop musika estiloetan ere abestu zuen. Bere abestirik ezagunenak Canción con todos, Alfonsina y el mar, Gracias a la vida eta Duerme negrito dira. Zinema aktore lanak ere egin zituen.

Latinoamerika eta Europan arrakasta handia izan zuen. Atahualpa Yupanqui eta Jorge Cafrunerekin egin zituen kolaborazioak, eta baita oso estilo desberdinetako nazioarteko artistekin ere, hala nola Joan Baez, Pablo Milanés, Caetano Veloso, Milton Nascimento, Alfredo Kraus eta Shakirarekin.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabost urte zituela kantu lehiaketa batera aurkeztu zen eta lehen saria irabazi zuen, Triste estoy («Triste nago») sanbarekin. 1957an Oscar Matus musikagilearekin ezkondu zen, eta bestelako erritmo batzuk kantatzen hasi zen. 1962ean grabatu zuen bere lehen diskoa, La voz de la zafra, arrakasta handirik gabe. 1963an Movimiento del Nuevo Cancionero delakoaren sortzaileetako bat izan zen, Oscar Matusekin batera. Mugimendu artistiko horrek proiekzio kontinentala eman zion argentinar folkloreari, musika herrikoia indartsu hedatzen lagundu zuen eta ikuspuntu berritzailea gehitu zion ordura arteko musika tradizionalari[1].

1965ean, Nuevo Cancionero mugimenduaren ikur bihurtuko zen Canciones con fundamento diskoa argitaratu zuen, eta Jorge Cafrune, garaiko folklore abeslari garrantzitsuenaren eskutik, Cosquíneko festibalaren taulatu gainera igo zen, Argentinako folklore ekitaldirik garrantzitsuenean[1]. 1966ko Hermano diskoan Ernesto Sábato eta Eduardo Falúk ondutako La palomita del valle («Ibarreko usotxoa») grabatu zuen. Urte horretan arrakasta handia lortu zuen Samba para no morir («Sanba bat heriotza saihesteko») kantuarekin, eta hurrengo urtean Europan kantatu zuen lehen aldiz, Holanda, Belgika, Suitza eta Alemanian zehar.

Berehala jira gehiagotarako deitu zuten. Violeta Parrarekin batera Gracias por la vida («Eskerrik asko bizitzagatik») kantua kantatzen hasi zen eta ospe handia lortu zuen. Halaber, Víctor Jararen zenbait kantu kantatu zituen, batez ere Te recuerdo, Amanda («Oroitzen zaitut, Amanda») izenekoa. 1968an, Juan Carlos Onganíaren agintaldian, era horretako abestiak debekatuta egon ziren. 1972an Cantata sudamericana («Hegoamerikako kantata») grabatu zuen, arrakasta handirik gabe. Hala ere, hurrengo urtean disko berriak grabatu zituen, eta Espainia, Frantzia, Italia, Mexiko, Venezuela eta Perun kantatu zuen.

Ideologia aurrerakoiarekin konprometitua agertu zen beti Mercedes Sosaren musika. Hala islatzen da 1970eko hamarkadan kaleratu zituen Traigo un pueblo en mi voz, Hasta la victoria eta Cantata Sudamericana lanetan. 1976ko estatu kolpea eman zutenetik Argentinan agintean zeuden militarrei ez zitzaien oharkabean pasa, eta erregimenak iraun zuen artean debekatuak izan ziren La Negra-ren diskoak. AAA talde paramilitarrak heriotzarekin mehatxu egin zuen, errepresioa eguneroko kontua zen, desagertuak… Hala eta guztiz ere, Mercedes Sosa Argentinan geratu zen. Harik eta 1978ko urrian, La Plata hirian kontzertua ematen ari zela, militarrek kantaria bera eta publiko guztia atxilotu zuten arte. 1979ko otsailean erbestera joan zen. Parisen bizi izan zen lehenengo, Madrilen ondoren[1].

Buenos Airesko Ópera antzokia 1982ko otsailean, erbestealditik itzuli ostean eman zuen kontzertuetako batean.

1979an disko bat grabatu zuen portugesez, Chico Buarque eta Milton Nascimentorekin. 1982an, militarren diktadura amaitu aurretik, Argentinara itzuli zen eta leku askotan kantatu zuen, arrakasta handiz. Kantaldi haietan futbol zelai osoak bete ziren jendez eta kantaldiak bilkura politikoak bihurtu ziren. Giro horren lekuko da Mercedes Sosa en Argentina zuzeneko diskoa. Hurrengo urteetan ibilaldiko emanaldirik garrantzitsuenak eskaini zituen, Europan eta Hego Amerikan batez ere. Argentinako beste artista askorekin elkarlanean aritzera bideratu zuen lanaren zati bat. Charly García, León Gieco edota Victor Heredia musikariekin batera, folklorea rockaren eta poparen esparrura zabaldu zuen[1]. 1989ko uztailean Frantziako Gobernuak Arte eta Letretako Ordenarekin saritu zuen.

Azken lanean, 2009an kaleratu zen Cantora diskoan, Joan Manuel Serrat, Caetano Veloso, Charly García, Luis Alberto Spinetta, Fito Páez, Lila Downs, Jorge Drexler, Shakira, Julieta Venegas eta Joaquín Sabinarekin batera egin du lan, besteak beste.

Mercedes Sosaren jaioterrian Chagasen gaixotasuna endemikoa da, eta hark ere 30 urtez pairatu zuen eritasun hori. 2009an haren osasuna okertu eta urriaren 4an, giltzurruneko gutxiegitasunak jota, hil zen[2].

Ibilbide artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskografia hautatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962ko La voz de la zafra diskoaren azala
Mercedes Sosa 1972ko Hasta la victoria diskoaren azalean
  • La voz de la zafra (1962)
  • Canciones con fundamento (1965)
  • Yo no canto por cantar (1966)
  • Hermano (1966)
  • Mujeres argentinas (1969)
  • Homenaje a Violeta Parra (1971)
  • Cantata Sudamericana (1972)
  • Hasta la victoria (1972)
  • Traigo un pueblo en mi voz (1973)
  • Mercedes Sosa interpreta a Atahualpa Yupanqui (1977)
  • Mercedes Sosa en Argentina (1982, zuzenean)
  • Alta fidelidad (1997).
  • Misa Criolla (2000).
  • Voz y Sentimiento (2003)
  • Corazón libre (2005)
  • Cantora (2009)

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Güemes, la tierra en armas (1971)
  • Argentinísima (1972)
  • Esta es mi Argentina (1974)
  • Mercedes Sosa, como un pájaro libre (1983)
  • Será posible el sur: Mercedes Sosa (1985)
  • Historias de Argentina en vivo (2001)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e   Mercedes Sosa kantariaren ahotsa itzali da, Argia astekaria, 2009-10-10, Creative Commons Aitortu-Partekatu-Berdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0), argia.eus, http://www.argia.eus/albistea/mercedes-sosa-kantariaren-ahotsa-itzali-da?botua=0&albiste_id=35679. Noiz kontsultatua: 2015-08-20 .
  2.   de Carlos, Carmen, Fallece a los 74 años Mercedes Sosa, ABC, 2009-10-05, abc.es, http://www.abc.es/20091004/cultura-musica/fallece-anos-mercedes-sosa-200910041649.html. Noiz kontsultatua: 2015-08-20 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mercedes Sosa Aldatu lotura Wikidatan