Monogamia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bikote zahar bat, Kaszubski enparantza, Gdynia

Monogamia (grezierazko μονός monos, bat, eta γάμος gamos, ezkontza, hitzen lotunea), animalien artean, ugalketa eta hazkuntza aroan sexu-lotura baztertzailea duen bikotearen harremana da eta, gizakien artean, gizonezkoa emakumezko batekin edo emakumezkoa gizonezko batekin baino gehiagorekin aldi berean ez ezkontzea defendatzen duen sistema soziala da[1]. Bere jarraitzaileek monogamo dute izena.

Monogamia ez bezala, badaude bi pertsona baino gehiago elkartzen duten harremanak: adibidez poligamia (poliandria edo poliginia), poliamodioa, eta abar[2].

Harreman honek hainbat alderdi ditu:

  • Sozialak
  • Sexualak
  • Genetikoak
  • Ezkontzazkoak

Ezaugarri biologikoak eta antropologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamia otsoetan

Monogamiaren aurrekariak zein diren segurtasunez azaltzea ezinezkoa da, hamaika teoria eta hipotesi baitaude sistema sozial hau azaltzen saiatu direnak. Dena den, Barash-ek The Myth of Monogamy (2001) liburuan dio gizakiak bidaide sexual bat baino gehiago izateko joera izan duela, eta ebidentzia biologiko eta antropologiko ugari daudela hori frogatzen dutenak. Beraz, gizakia ez da naturalki monogamoa.[3] Ebidentzia horiek kontuan hartuz badakigu gaur egun gizakiak hain barneratuta eta onetsita duen sistema soziala ez dela gure arbaso guztien bizimoldea izan. Ikertzaile honen arabera, ugaztunen % 3 bakarrik da monogamoa (otsoak, orkak, pinguinoak...) eta % 3 horietatik % 90 hegaztiak dira.[3]

Arcadi Navarro konferentzia batean

Pompeu Fabra Unibertsitateko biologia ebolutiboaren ikertzaile Arcadi Navarroren arabera, monogamiaren jatorria anizkuna da. Horrez gain, izakiak izan duen eboluzio bateratuaren erantzun gisa sortu da.[4] Faktore erlijiosoek, kulturalek, biologikoek, ekonomikoek... hartzen dute parte monogamiaren sorreran eta eboluzioan eta horren ondorioz daude hainbat ikuspuntu daude monogamiaren jatorria definitzen duten teorietan.

Monogamiaren sorrera hainbat arrazoirengatik gauzatu zen:

  1. Seme-alabak edo umeak zaintzeko eta babesteko arraren eta emearen artean.
  2. Sexu-transmisiozko gaixotasunak saihesteko.
  3. Gizartea antolatzeko.
  4. Ondasunak banatzeko.

Monogamiaren eboluzioa animalietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamia zisnetan

Espezie monogamoak animalien erreinu osoan sakabanatuta daude: intsektu gutxi batzuk eta arrain gutxi batzuk monogamoak dira. Hegaztien hamar espezietik bederatzi monogamoak dira. Hegaztietan harreman monogamikoak nagusitzen dira emeak arrautzak zaindu eta umeak zaindu behar izaten dituelako, eta arrak janariz hornitzen duelako familia guztia. Hori horrela, bikotean biak dira esanguratsuak. Ugaztun gutxi batzuk bakarrik dira monogamoak. Monogamia praktikatzen duten espezieek inguruko zirkunstantziagatik eta bizimoduagatik dira monogamoak. Monogamian animalien senak eta inguruak eragin zuzena du eta harreman mota hori ez da heredatzen.

Monogamia gizakietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamiaren zabalkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maitasun erromantikoa

Monogamiak kulturizazio prozesu bati esker lortu du gaur egun duen indarra eta presentzia gizartean. Monogamia mendebaldeko gizartean hertsiki errotuta dagoen giza harremana da eta bi pertsonek izan dezaketen harreman mota idilikoena da. Maitasun erromantikoaren kontzeptua elikatu du monogamiak. Horren ondorioz, gizakia inkontzienteki harreman monogamoen bila dabil.

Nahiz eta sekulako hedapena izan duen monogamiak, Maryland Unibertsitateko ikerketa bateko erantzunek adierazi dute munduan dauden 238 gizartetatik 43 gizartek, hau da gizarteen % 16k, bakarrik hartzen duela monogamia bikote harreman natural gisa.[4] Talde etnikoak eta tradizio musulmanak poliginia deitzen zaion harreman mota praktikatzen dute.

Nekazaritza

Monogamiaren jatorri soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakietan harreman monogamoak Neolitoan hasi ziren, gizakiak nomada izateari utzi zionean. Nomadak zirenean talde txikitan ibiltzen ziren eta dena partekatzen zen, ehizatutakoa, umeen hazkuntza, etxea, janaria eta baita jarduera sexualak ere. Sedentarismoak indarra hartu zuenean eta leku jakin batean finkatzen hasi zirenean erlazio itxiak, hau da, harreman monogamoak indarra hartu zuten.

Abeltzaintza

Abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin jabetza pribatua sortu zen. Horrek sexualitate monogamoa sortu zuen. Hori horrela, familiaren ondarea, hau da, jabetza pribatua herentzia gisa seme-alabei pasatzea ideia ona iruditu zitzaien eta horren ondorioz monogamia nagusitu zen. Héctor Bernal-en (2010) [5]arabera patriarkatua, gizonezkoen monogamiak eragin zuen. Orduan sortzen da esklabotza eta horrekin jabetza pribatua sortzen da. Patriarkatua sortu ondoren, familian emakumeentzako eta gizonentzako rol ezberdinak jartzen dira indarrean.

Monogamiari kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dibortzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat iritziren arabera harreman monogamoak gainbehera izugarria jasan ohi dute gaur egun. Hainbat inkestatan jaso diren erantzunek adierazten dute ezkontzen diren erdiak baino gehiago banantzen direla. Banaketa horien ondorioz, pertsonak harreman batetik bestera ibiltzen dira (Serieko monogamia).

Konpromiso eza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dibortzioak dakartzan arazoak ekiditeko gizakiak gero eta gehiago saihesten ditu ezkontzak.

Desleialtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desleialtasuna eta engainua onartezinak dira monogamian, zure bikotea ez den batekin ezin baituzu harreman sexualik edo erromantikorik izan. Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, Espainian emakumeen %27 eta gizonen %37 desleiala izan da gutxienez behin ezkondu eta ondorengo hamar urteetan. [6] Datu horiek kontuan hartuz ondoriozta dezakegu harreman monogamoetako arazo larri bat dela desleialtasunaren kontua.

Bazterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamiak eskatzen duen esklusibotasunaren ondorioz pertsona asko baztertzen dira. Monogamia pertsona batek bizi guztirako beste pertsona bat aukeratzera mugatzen da.

Monogamia ezarpen soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamia ezarpen soziala eta kulturala da, hau da, sistema politiko, ekonomiko eta sozial jakin batean oinarritutako harreman mota. Monogamia ez da naturala, ez da biologikoa eta ezta genetikoa ere.

Kontrakritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasun sexuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamia praktikatzen duen bikote batek sexu-transmisiozko gaixotasunak harrapatzeko probabilitate gutxiago du.

Balore pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monogamiak, ugalketa eta sexu grina asetzeaz gain, behar emozionalak asetzen ditu, eta hori zailagoa da harreman poligamoetan. Harreman monogamo iraunkorretan, bestearen nortasuna, asmoak, trebetasunak, gabeziak... ezagutzen dituzu. Hori ordea oso zaila da erlazio poligamoetan, noizbehinkako eta elkarrekiko konpromiso eta inplikazio gutxiko harremanak izaten baitira gehienetan.

Espeziearen biziraupena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlazio poligamoetan dagoen konpromiso ezak ez du laguntzen seme-alabak zaintzeko orduan. Konpromisorik ez badago seme-alaben zainketan, umeen garapen pertsonala eta emozionala baldintzatzen da. Harreman monogamoetan, bi gurasoek, printzipioz, erabateko arreta eskaintzen diete seme-alabei. Hori horrela ondorengoen osasuna eta biziraupena ziurtatzen da.

Monogamia antzinako gizartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiak agerian uzten du monogamia gizarte praktika gisa garatu eta hedatu dela. Laura Betzigek dio lehen sei estatu handietan herri xumeak harreman monogamoak zituela baina eliteak poligamia praktikatzen zuela. Estatu horietako batzuk honako hauek dira: Mesopotamia, Egipto, Mexiko, Peru, India eta Txina.[7]

Antzinako Mesopotamia eta Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mesopotamia eta Egipto

Babiloniar eta Asiar familiak monogamoak ziren hasiera baten, baina gobernatzaileak poliginia praktikatzen hasi zirenean, biztanleen ohiturak aldatzen hasi ziren.

Mesopotamiako gizartean patriarkatuan zegoen familia zentralari house (etxea) deitzen zioten. Familia bat eraiki nahi bazen, gizona emakume batekin ezkondu behar zen, baina emazteak edozein arrazoirengatik ez bazituen umeak izaten, gizonak beste emakume batekin ezkontzeko eskubidea zuen. Hammurabiko araudiak ordea dio, emazteak senarrari amorante bat ematen badio morroi gisa, senarrak beste emakume batekin ezkontzeko eskubidea galtzen duela. Hori horrela, senarrak bi edo hiru urte itxaron behar zituen beste emazte bat izateko.[8]

Antzinako Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araudiak harreman monogamoaren apologia egiten bazuen ere, Egipton gizonak emazte bat baino gehiago izaten zituzten. Gizon batzuk estatus sozial baxuko emazteak uzten zituzten, klase sozial altuagoko emakume batekin ezkontzeko. Egiptoko emakumeak eskubidea zuten beraien senarrari dibortzioa eskatzeko, azken honek beste emazte bat bazuen.

Antzinako Israel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israel

Betzigek dio monogamiaren eboluzioa kristauen sozioekonomiari esker garatu dela Mendebaldeko gizartean, baina monogamia lehenago agertu zen antzinako Orientean. Bigarren Tenplu garaian ( K.a.530 eta K.o 70 urteen artean) egoera ekonomikoak monogamia guztiz babesten zuen. "Elkarrenganako leialtasuna" eskatzen zen harreman monogamo guztietan. Garai hartako ezkontzako dokumentuetan monogamiaren apologia agertzen da. Dokumentu horiek Elefantinan aurkitu ziren eta Babiloniako eta Asiako dokumentuen antzekoak ziren.

Antzinako Grezia eta Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezian eta Erroman harremanak monogamoak ziren gizonak eskubiderik ez baitzuten emazte bat zutenean beste emazte batekin ezkontzeko.

Monogamia gaur egungo gizartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko gizarteak monogamia ezarri zuen harreman idiliko gisa.[9] Garatutako herrialde gehienetan monogamia dago araudian. Poliginia debekatzen zuten lege batzuk ezarri ziren Japonen (1880), Txinan (1953), Indian(1955) eta Nepalen (1963).[10]

Emakumeen aldeko eskubideen mugimenduak ezkontzeko legezko modu bakarra bihurtzea nahi dute. Poliginia bateraezina da emakumeen mugimenduarekin, gizonei emazte bat baino gehiago izateko eskubidea ematen batio poliginiak.

Bikoteen konfiantza

Serieko monogamia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serieko monogamia gizon edo emakume batek bere aurreko harremana utzi ondoren beste gizon edo emakume batekin ezkontzea da. Ugalketa prozesuaren ikuspuntutik serieko monogamia poligamiaren antzekoa izan daiteke, gizonezko batek emakume bat baino gehiagorekin izan ditzakeelako seme-alabak.

Serieko monogamia oso ohikoa da Mendebaldeko kulturan. [11] Orain dela berrogeita hamar urte Mendebaldeko kulturan bizitza guztirako emakume edo gizon batekin ezkondu eta bikote berdinarekin pasatzen zuten bizitza osoa, hau da, harreman guztiz monogamoak zituzten. Horrela bizi izan dira aurreko belaunaldiak. Baina gaur egun serieko monogamiak hartu du nagusitasuna gure gizartean. Errealitate likido batean bizi gara eta harreman likidoak ditugu, ez dugu ezer finkorik ezta harreman serio edo luzerik ere. Harreman guztiz monogamioak atzean utzi dira eta serieko monogamiaren gaurkotasunak aldaketa ugari eragin ditu gizartean eta kulturan. Harremanak izateko ideien aldaketa horren ondorioz, gizakiak askatasun gehiago du gauza berriak esperimentatzeko, baina aldi berean konpromiso eza eta konfiantza eza izugarri areagotu da bikote gazteetan.

Txinako Errepublika

Txinako Errepublikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunismoaren sortzaileek zehaztu zuten monogamiak emakumeak zapaltzen zituela eta, beraz, ez zuela lekurik gizarte komunistan. Friedrich Engels-ek dio nahitaezko monogamiak prostituzioa eta moraltasun orokorra handitzea bakarrik ekar dezakeela, baina kapitala murriztearen eta klase-egitura sendotzearen onurarekin.[12]

Afrikako bikotea

Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako Batasunak Emakumearen Eskubideei buruzko Protokoloa onartu du. Protokoloak senar-emazte poligamoak legez kanpo uztea iradokitzen ez badu ere, 6. artikuluak ezartzen du "monogamia ezkontza-modu egokiena dela, eta emakumearen eskubideak sustatzen eta babesten direla ezkontzan eta familian". Protokoloa 2005eko azaroaren 25ean sartu zen indarrean.[13]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Monogamia. .
  2. Reichard, Ulrich H. eta Christophe Boesch Monogamy: Mating Strategies and Partnerships in Birds, Humans and Other Mammals. New York: Cambridge University Press, 2003. ISBN 0-521-81973-3, ISBN 0-521-52577-2.
  3. a b (Ingelesez) «The Myth of Monogamy: Fidelity and Infidelity in Animals and People - ProQuest» www.proquest.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  4. a b (Gaztelaniaz) «¿Estamos hechos para la monogamia?» Ethic 2021-01-27 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  5. (Gaztelaniaz) Bernal Mora, Héctor. (2010). La propiedad privada, la monogamia, el patriarcado, la esclavitud y el carácter de producción. Nómadas. Critical Journal of Social and Juridical Sciences ISBN 1578-6730..
  6. «Supplemental Information 3: An excerpt from Data Downloads page, where users can download original datasets.» dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  7. (Ingelesez) «APA PsycNet» psycnet.apa.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  8. (Ingelesez) Roth, Martha T.. (1987-10). «Age at Marriage and the Household: A Study of Neo-Babylonian and Neo-Assyrian Forms» Comparative Studies in Society and History 29 (4): 715–747. doi:10.1017/S0010417500014857. ISSN 1475-2999. (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  9. (Ingelesez) MacDonald, Kevin. (1995-02). «The Establishment and Maintenance of Socially Imposed Monogamy in Western Europe» Politics and the Life Sciences 14 (1): 3–23. doi:10.1017/S0730938400011679. ISSN 0730-9384. (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  10. (Ingelesez) Henrich, Joseph. (2012). The puzzle of monogamous marriage. National Library of Medicine ISBN 657–669..
  11. «Validate User» academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  12. (Ingelesez) Engels, Frederick. (2008). The Origin of the Family, Private Property and the State. Resistance Books ISBN 1876646357..
  13. (Ingelesez) «The Protocol on the Rights of Women in Africa: Strengthening the promotion and protection of women's human rights in Africa» Amnesty International (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]