Nikolas Txiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nikolas txiki» orritik birbideratua)
Nikolas Txiki
Argitalpena
Lehen agerpena1959
SortzaileaRené Goscinny
MarrazkilariaJean-Jacques Sempé
Datu biografikoak
HerrialdeaFrantzia
SexuaGizonezkoa
http://www.petitnicolas.com/

Nikolas Txiki (jatorriz frantsesez Le petit Nicolas) René Goscinny idazle eta gidoilari frantsesak idatzitako eta Jean-Jacques Sempé ilustratzaileak ilustratutako liburu bilduma bat eta Haur eta Gazte Literaturako pertsonaia literarioa da [1].

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikolas Txikiren abenturak, lehenbizikoz, Belgikako aldizkari batean istoriotxo formatuan agertu ziren. Goscinnyk Le Moustique aldizkariarekin (1956-1958) 28 istorio sinatu zituen (astero bat), Agostini izengoitia erabiliz. Sempék, ordea, bere izenean sinatu zituen. Gero, proiektua bertan behera geratuko zen, ilustratzailea ez zelako gustura sentitzen betetzen zuen paperarekin.

Henri Amorouxek,  1959an “Sud Ouest Dimanche” egunkariaren eguberrietako edizioan, Nikolas Txiki agertzea ahalbidetu zuen. Arrakasta berehalakoa izan zen eta obrak bere behin betiko forma hartu zuen: gaur egun ezagutzen ditugun irudiez osaturiko kontakizun motzak.

Pilote egunkarian 1959tik bere lekua izan zuen eta arrakasta izugarria 1965 arte, urte horretan Goscinnyk Nikolasen abenturei amaiera eman zien[2].

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikolas Txiki lehenengo pertsonan idatzitako haurren arrazoitzeko eta adierazteko moduak, mundu ikuskerak eta haurtzaroarekin loturiko beste zenbait gai (adiskidetasuna, istiluak, eskolako harremanak, maitasuna, etab.) jasotzen dituen narrazioa da; gainera, idazleak darabilen haur-lengoaiaren bitartez protagonistaren barne sentimenduak ezagutu daitezke.

Goscinnyk sortutako haur hori 60ko hamarkadako hiri batean bizi da eta erdi mailako klaseko familia frantses batetik dator. Nikolas eta bere lagunak etengabe arazoetan sartzen dira, guraso eta irakasleen desesperazioa eraginez. Aldi berean, helduen mundu konplexua (hezkuntza, familia arteko gatazkak, bizilagunen artekoak, aita eta nagusiaren artekoak, etab[3].) ere agertzen da deskribatuta, haurren inozentziak, askotan, helduen munduko zentzugabekeriak eta kontraesanak erakustera ematen dituelarik.

Kapituluak independenteak dira, nahiz eta batzuetan Nikolasek aldez aurretik gertatutako zerbaiti erreferentzia egin. Obra bera orden jakin bat jarraitu gabe irakur daiteke, datu esanguratsu batzuk haurtzaroaren parte diren errepikapenen bitartez eskaini arren. Adibide gisa, gelakide batzuen ezaugarriak gogoratzerakoan: "Alzeste, etengabe jaten ari den laguna da." [4]

Pertsonaia nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikolas[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonaia nagusia da eta beraren eta bere lagunen abenturak kontatzen ditu.

Nikolas haur jostari eta bromazalea da eta asko gustatzen zaio barre egin eta lagunekin ondo pasatzea. Egiten dituen bromak ez dira gaiztoak izaten, halere, aita eta ama sarri haserratzen dira. Asmo txarrik ez duen mutikoa bada ere, eta beti ingurukoei laguntzeko prest agertzen den arren, egoera korapilatu eta istilu bihurtzen amaitzen du; gainera, protagonistaren alde traketsak ez du bere mesedetan jokatzen, dena puskatzen baitu.

Borondate on horren barruan, adiskidetasuna, maitasuna eta justizia bezalako balioak oso presente edukitzeaz gain, leialtasunari garrantzia ematen dio, hau da, berak dioenez lagunak onak izan behar dira, bestela, ez dira lagunak. Gainera, eskuzabala da eta diru apur bat aurrezten duenean amari opariak erosten dizkio. Dena den, sarri petraltzen da eta momentu horietan, mehatxua erabiltzeko joera erakusten du.

Arlo akadamikoari dagokionean, klaseko txikiena den pertsonaia hau ikasle arrunta izan arren, kaligrafia eta aritmetikako ariketekin ez da batere ondo moldatzen. Bere irakasleak asko distraitzen den ikaslea izateaz gain, apur bat bihurria dela pentsatzen du.

Animaliak oso gustuko ditu, horien artean, Rex txakurra, Bonbon katua eta King zapaburua.

Nikolasen familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Nikolasen ama: etxekoandrea da eta askotan Nikolasi errieta egiten dio bere bihurrikeriengatik. Bere senarraz kexu da maiz, gizona ez delako batere ulerkorra.
  • Nikolasen aita: bulego batean lan egiten du eta bere nagusia M. Moucheboume du izena. Etengabe kexu da bere lan egoera dela eta. Etxera iristean, egunkaria irakurtzea gustatzen zaio bere pipa erretzen duen bitartean. Bere semearekin barkaberagoa da emaztearekin baino. Gazteetan izandako arrakasta akademiko eta kiroletako sariez aritzen da beti, nahiz eta horien ebidentziarik ez erakutsi, ezkontzaren ondorioz galdu baitziren. Aspaldiko lagun baten bisitari esker, ordea, Nikolasek jakingo du aita gaztea zenean ez zela berak dioen bezain zintzoa izan.
  • Meme: Nikolasen amona da, amaren aldetik. Bere biloba asko mimatzen du, hori dela eta, eta Nikolasen aita ados egon ez arren, amonak opari eta litxarreri asko ematen dizkio haurrari. Nikolasek amona asko maite du, etortzen den bakoitzean sorpresak ekartzen dizkiolako (argazki kamara, erlojua, etab.) Amonari ez zaio bere alabaren senarra batere gustatzen, eta horregatik etengabe bere jarreraz kexu da.
  • Osaba Eugenio: Nikolasen aitaren anaia da eta ordezkari lanetan aritzen da.
  • Izeba Dorotea: bere gaiztotasuna denek ezagutzen dute.
  • Nikolasen lehengusuak: Eloi, Roch, Lambert, Elbira eta Klarisa.
  • Nikolasen amaren ahizpak: Pulkeria, Eulogia, Klarisa eta Matilde.

Nikolasen lagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alzeste: Nikolasen lagun-mina da. Potoloa da egun guztian zehar jaten dabilelako. Liburuan ageri diren ilustrazioetan beti zerbait jaten ari da, bere eskuak koipetsu eta zikinak izanik; arrazoi horregatik, bere lagunek ez diote inoiz eskua eman nahi izaten. Ez zaio bere janaria partekatzea gustatzen, hori delarik sarri lagunartean arazoak eragiten dizkion ekintza. Umore arraroa du baina, orokorrean, oso pertsona baikorra da.
  • Eudes: oso indartsua da eta ia beti biolentzia erabiltzen du nahi duen helburua lortzeko asmoz. Hala ere, oso lotsatia da, horregatik, bere lagunekin soilik borrokatzen da. Anaia nagusi bat ere badu, Jonas, eta soldaduska egiten ari da.
  • Rufus: bere aita polizia da eta, horregatik, txilibitu bat darabil beti soinean. Horrek, lagunartean arazoak sortzen dizkio, batez ere, arbitroa izan eta, aldi berean, jolastu nahi izaten duenean. Bere aitaren lanbidea oso serio hartzen du. Nahiko ikasle txarra da eta Nikolasek nota onak ateratzen dituenean inbidia apur bat sentitzen du. Gainera, maiz zigortuta egoten da. Oso umore oneko mutikoa da, eta baita lagunen laguna ere.
  • Clotaire: ikasgelako azkena da. Oso baldarra da baina, gainontzekoek lagun ontzat dute. Bere etxean telebista duen bakarra da. Klaseetan ez duenez inoiz arreta jartzen, gelako izkina batean zigortuta amaitzen du, izan ere, irakasleak zerbait galdetzen dionean ez da erantzun zuzena emateko gai izaten. Bizikletan ibiltzea du gustuko.
  • Geoffroy: bere aita oso aberatsa da eta opari asko egiten dizkio. Eskolara zerbait berria eramaten duenean misteriotsuarena egitea gustatzen zaio eta, horregatik, esku artean paketeren bat ekartzen duenean lagunak berehala gerturatzen zaizkio. Eskolara mozorrotuta joatea gustatzen zaio. Etxean duen luxua gustatzen zaio, baita harrokeriaz jokatzea ere, baina bere lagunek normalean ez dituzte bere istorioak sinesten. Bere ama ez da inoiz eskolako bileretara joaten eta bere ordez Alberto, txoferra, bidaltzen du.
  • Agnan: oso serioa da, klaseko lehenengoa delako, baita irakaslearen ikasle kutunena ere. Salatari hutsa da eta, horregatik, bere lagunek ez dute estimatzen. Gainera, irakasleak ikaskideren bat zigortzen duenean hau poztu egiten da. Ikasgelan betaurrekoak dituen bakarra da, eta horri esker besteek ez dute bera jotzen. Erraztasunez hasten da negarrez, arrazoi hori dela eta, futbol partiduetan beti arbitro edo atezain izendatzen dute.
  • Joakin: liburuetan ez da pertsonaia honi buruzko informazio askorik ematen. Bera baino gazteagoa den anaia bat du, Leonzio, eta horren jaiotzari kapitulu bateko protagonismoa eskaintzen zaio. Oso ona da kaniketara jolasten eta ilustrazioetan txapela batekin ageri ohi da.
  • Maixent: hanka luzeak ditu eta oso azkar egiten du korrika; Nikolas baino azkarragoa den bakarra da. Oso sentibera da. Gurasoak oso zuhurrak dira. Bere arreba Hermione ezkontzen denean, koinatu bihurtuko da, lagunengan inbidia sortzen duena.
  • Luisita: begi urdinak dituen neska hau Nikolasen lagun minenetakoa da. Oso azkarra da korri egiten eta baloiari indar handiz emateko gai da. Nikolas berataz maitemindurik dago.

Eskolako langileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Andereñoa: Nikolasen klaseko tutorea da, arazo asko sortzen dizkiona. Ikasleren bat zigortu nahi duenean zuk-az tratatzen du. Askotan zorrotza izan arren, Nikolasek estimu handia dio. 
  • Eskolako zuzendaria: klaseko giroa menderatu ezin denean bera agertzen da, betiko errituala jarraituz: “zutik” dio andereñoak; “eseri zaitezte” dio zuzendariak. Ikasleak maiz mehatxatzen ditu izkina batean zutik ipiniko dituela esanez; mehatxu hori, batez ere, Clotairekin erabiltzen du.
  • Dubon jauna, “Baxarri”: eskolako atezaina da. Oso zorrotza den gizon hau koloniako tropetan sarjentu izan zen. Erabiltzen duen hizkuntza nahiko zaila da.
  • Mouchabiere atezaina: "Baxarri" baino gazteagoa da eta ez da hain zorrotza. Ikasleek oraindik ez diote goitizenik jarri.
  • Vanderblerge anderea: kantu-irakaslea da. Istorio bakar batean agertzen da, non ikasleek “Marsellesa” abestu behar izaten duten.

Beste pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Rogelio Moucheboume: Nikolasen aitaren nagusia da. Bere lankideak esplotatzeaz gain, ez die soldata igoerarik ematen. Behin edo behin Nikolasi opariak egin izan dizkio.
  • Ikuskaria: abentura bakar batean agertzen da, beltzez jantzita, bekain eta betaurreko ilun handiekin. Ikasleek zituzten jarrerengatik berehala egin zuen alde.
  • Ministroa: pertsonaia hau eskolako ikasle ohia da. Nikolas eta bere lagunek luma estilografikoa oparitu behar zioten ohorea egiteko asmoz baina, euren jarrera ez zenez egokia bisitaren egunean zuzendaritzakoek horiek garbilekuan giltzaperatzea erabakitzen dute.
  • Ordezkoa: Nikolasen andereñoaren ordezkoa abentura batean agertzen da. Adinez nagusia den pertsona horrek, betaurrekoak eramaten ditu eta listu tantak askatzen ditu hitz egiten duen bakoitzean. Gainera, gor samarra ere bada.

Bizilagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Blédurt jauna: auzokidea da eta Nikolasen aita zirikatzea gustatzen zaio. Bledurt eta aita ondo eramaten dira eta askotan gelditzen dira elkarrekin merienda hartzeko, kriketean jolasteko edo paseatzeko.
  • Marie-Edwige: Nikolasen bizilagun gaztea da, Courteplaque familiaren alaba. Ilehoria den neskato hori oso bihurria da. Aingeru itxura izan arren, bere lagunak zoratzen ditu. Nikolasek egun batean zalantzak izaten ditu berarekin ezkondu ala ez.
  • Courteplaque anderea: Marie-Edwige-en ama da eta bere alaba gorestea gustatzen zaio.
  • Chouquette anderea: ogigilea eta gozogilea da. Nikolas eta bere lagunak (batez ere Alzeste) bere dendara hurbiltzen dira askotan.
  • Compani jauna: dendako gizona da eta oso alaia da. Nikolasekin oso ongi eramaten da, askotan gailetak edota olibak oparitzen dizkiolarik. Bere katuak “Gaileta” eta “Bonboi” izena dute. Zoritxarrez, Nikolasen amak ez du etxean katurik nahi eta Nikolasek gizonari itzuli behar izango dio katua.

Egileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • René Goscinnyk (Paris, 1926) oso txikia zenetik artearekiko interesa eta gaitasuna erakutsi zituen. Bere haurtzaroa Argentinan pasa zuen eta, ondoren, EEBBetan bizi izan zen.  Bertan, Mad aldizkarian bere lehenengo lana izan zuen, ilustratzaile gisa. Urte batzuk igaro eta bere enpresako nagusiek Parisera bidali zuten bertako delegazioaren zuzendari funtzioa betetzera. Han Albert Uderzo ezagutu zuen eta Asterix seriea sortu zuen. Komikiaren munduan arrakasta izan bazuen ere, gidoilari moduan haur literaturan benetako abilezia erakutsi zuen Nikolas txiki obrarekin. Bere obra guztietan umorea, narraziorako sakontasuna eta azkartasuna presente zeuden, betidanik eta betirako bere barnean haur baten arima baitzuen.[5]
  • Jean-Jacques Sempé (Bordele, 1932) Ilustratzailearen irudiak, beraien artean antzekoak izan arren, aldi berean oso desberdinak dira, bakoitzak bere berezitasunak baititu. Arrazoi hori dela eta, oso zaila izaten da bere lanen artean hautaketa bat egitea[6]. Bere marrazkiak ikusterakoan, irakurleak aurreikus dezake zer gertatuko den. Pertsonaietan dago bere fokua, hau da, horiek erabiltzen dituzten espazioen deskripzio gutxi eskaintzen du. Bere irudiek talde sentimendua goraipatzen dute. Pertsonaia bakoitzak ez du ideia bakar bat adierazten, baizik eta taldeari ematen zaio garrantzia, bere osotasunean. Pertsonaiak sortzeko duen ausardiak horien adierazkortasunerako funtsezkoa da.[7]

Istorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goscinnyk 222 istorio idatzi zituen, 8 liburutan bilduta, horietatik 5 bizi zela editatuak eta beste 3, 2000. urtean, bere heriotzaren ondoren argitaratuak.[3]

Obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012an IMAV argitaletxeak bost ale horiek 14 liburukietan berrargitaratu zituen.

Goscinny 1977an zendu zen eta 2004an Anne Goscinnyk, bere alabak, argitaratu gabe zeuden istorioak bildu eta argitaratu zituen.

  • Histoires inédites du Petit Nicolas (IMAV éditions, 2004)
  • Histoires inédites du Petit Nicolas - volume 2 (IMAV éditions, 2006)
  • Le Petit Nicolas - Le ballon et autres histoires inédites (IMAV éditions, 2009)[8]

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Nikolas Txikiren liburuan Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu dira. Jarraian, liburu horien itzulpenak egin dituzten idazleen izenak:

  • Nikolas Txiki (1994): Imanol Tapia

Beste edizio batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuetan zehar agertzen ez den kontakizun bat existitzen da, isolatuta agertzen dena. Nicolas vous présente Pilote du izena eta 224. Pilote aldizkarian agertu zen. Bere izenak ondo azaltzen du zergatik ez zen liburuetan agertu. Aldizkariko azalean Obelix ere agertzen da, arkatzez eginda. Kontakizun hori azkenean 2012an Les plus belles histories de Pilote-ko lehenengo tomoan agertu zen (1960-1969)[9]

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikolas Txiki filmeko aktoreak

2009ko martxoan Nikolas Txikiren 50.urteurrena izan zen, eta data aprobetxatuz, urte bereko urrian, Frantzian egokitzapen zinematografikoa estreinatu zen. Egokitzapen horren gidoilaria Alain Chabat eta zuzendaria Laurent Tirard izan ziren. Talde hori honako aktore zerrenda honek osatu zuen: Maxime Godart (Nikolas), Valérie Lemercier (ama), Kad Merad (aita), Sandrine Kiberlain (andereñoa), François-Xavier Demaison (Baxarri) y Daniel Prévost (aitaren nagusia) pertsonaia nagusietan.[10]


2009ko irailean Frantziako M6 telebista katean Nikolas Txikiren abenturen inguruko marrazki bizidunak ezagunak egin ziren[11].

Merchandising[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013 urtean Nikolas Txiki: lasterketa handia izeneko bideo-joko bat sortu zen smartphone eta tabletetan aritzeko, Bulkypix eta IOS/Android-en eskutik eginda.[12]

  • Nikolas Txikiren agenda 2008. Paris : IMAV éd., 2007, 180 or. (ISBN 978-2-915732-03-0)
  • Nikolas Txikiren egutegia 2008. Paris : IMAV éd., 2007, 14 or. (ISBN 978-2-915732-04-7)
  • Nikolas Txikiaren Flip book-ak - Bon Anniversaire. Paris : IMAV éd., 2008, 100 or. (ISBN 978-2-915732-15-3)
  • Nikolas Txikiaren Flip book-ak - Les jumelles. Paris : IMAV éd., 2008, 100 or. (ISBN 978-2-915732-16-0)
  • Nikolas Txikiaren Flip book-ak- Les singes. Paris : IMAV éd., 2008, 100 or. (ISBN 978-2-915732-17-7)
  • Nikolas Txikiaren Flip book-ak- Marie-Edwige. Paris : IMAV éd., 2008, 100 or. (ISBN 978-2-915732-18-4)
  • Nikolas Txiki : Un livre pop-up. Paris : Gallimard-Jeunesse, 2008, 13 or. (ISBN 978-2-07-062137-8). 6 egoera (orrialde destolesgarriak)
  • NIkolas Txikiaren agenda 2009. Paris : IMAV éd., 2008, 180 or. (ISBN 978-2-915732-19-1)
  • Nikolas txikiaren egutegia 2009. Paris : IMAV éd., 2008, 14 or. (ISBN 978-2-915732-20-7)
  • Nikolas Txikiren altxor kutxa: Leblon-Delienne

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Wayback Machine. 2008-05-09 (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).
  2. a b (Frantsesez) «Historique - Imav Editions» www.petitnicolas.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).
  3. a b Bach, Mauricio. «Goscinny: un maestro del humor» CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil 94 (1997ko maiatza) ISSN 0214-41230..
  4. René, Goscinny. (1982). Nikolas Txiki. Elkar ISBN 84-7529-009-4..
  5. Bach, Mauricio. «Goscinny: un maestro del humor» CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil 94 (1997ko maiatza) ISSN 0214-41230..
  6. Martínez Llorca, Ricardo. «El pequeño Sempé» CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil 54 (1993ko urria) ISSN 0214-4123..
  7. Rubio, Gabriela. «Jean Jacques Sempé: Distancia y cercanía» PEONZA: Revista de Literatura Infantil y Juvenil 95 (2011ko otsaila) ISSN 1130-8370..
  8. (Frantsesez) «Chronologie - Imav Editions» www.petitnicolas.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).
  9. (Frantsesez) «Plus belles histoires de Pilote de 1960 à 1969 (Les)» Dargaud (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).
  10. (Gaztelaniaz) El pequeño Nicolás (2009). (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).
  11. «Wikiwix's cache» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).
  12. (Frantsesez) «Le Petit Nicolas, La grande course sur iPhone, iPad et Android - Applicakids» applicakids.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]