Patxi Uribarren
| Patxi Uribarren | |
|---|---|
(2009) | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Etxaguen (Aramaio), 1942ko urriaren 31 (83 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Deustuko Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | idazlea, unibertsitateko irakaslea, itzultzailea, lexikografoa eta apaiz katolikoa |
| Enplegatzailea(k) | Bizkaiko Foru Aldundia Euskal Herriko Unibertsitatea |
| Kidetza | Euskaltzaindia Udako Euskal Unibertsitatea Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea Euskal Idazleen Elkartea Bostak bat (lantaldea) |
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijio-ordena | Karmeldarrak |
Aita Patxi Uribarren Leturiaga (Etxaguen, Aramaio, Araba, 1942ko urriaren 31 - ) elizgizon karmeldarra, euskal idazlea, irakaslea, itzultzailea eta euskaltzaina da. Aramaioko (Araba) Etxaguen herriko Uribarren baserrian jaioa, Bilboko (Bizkaia) Santutxun bizi izan zen unibertsitatean ikasten hasi zen garaitik 2010a arte. Geroztik, Markina-Xemeinen bizi da.
Ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikasketa orokorrak hainbat tokitan egin zituen: Zornotzan, Alesbesen, Markinan, eta Gasteizko karmeldarren etxeetan. Teologiako lizentzia Bilbon burutu zituen 1969an, Begoñako Karmelo komentuan eta Deustuko Unibertsitatean urte bina ikasi ondoren. Geroago, Filosofia eta Letretako lizentzia ere eskuratu zuen, Deustuko Unibertsitatean, 1974an; lizentzia amaierako lana Aramaioko toponimiaz egin zuen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Lizentzia bietako amaierako lanak euskaraz idatzi zituen, nahiz eta garai hartan ohikoa ez zen. 1972an, Euskaltzaindiaren D eta B irakasle tituluak bereganatu zituen.[1][2]
Langile eta ekintzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile lanak egiten aritu zen 1983 eta 2007 bitartean, erretiratu zen arte. Uribarren izan zen lehiaketa bidezko lehen itzultzaile ofiziala Bizkaiko Foru Aldundian.
Euskal alorrean lan ugari egindakoa da; gehienetan, antolatzaile eta irakasle.
Santutxuko gau-eskolak antolatu zituen, Jose Ramon Etxebarriarekin eta beste adiskide batzuekin, Karmelo elizako lokaletan; hamabost urtez eman zituen eskolak han.[3] Hurrengo urteetan, gau-eskola haietako irakasleen artean euskara ikasteko Euskalduntzen metodoa (hiru liburuki) eta Alfabetatzen liburua prestatu zituzten.
Garai hartan, Deustun zegoen Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolan euskarari lekua egiteko planak gertatzen aritu zen. Hezkuntza Zientzien Institutuaren (HEZI) laguntzaz, Irakasle Eskolako ikasleentzat udako ikastaro trinkoak antolatu zituen. Eta Euskaltzaindiaren D eta B tituluetarako ikastaroen antolatzaile, irakasle eta epaimahaiko kide izan zen, harik eta langintza hori 1991n Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zen arte.
1976an hasi zen beharrean Leioako Zientzia Fakultatean eta Deustuko Irakasle Eskola hartan, euskararen irakaskuntza antolatzen. Geroago, 1978an, Euskal Filologiako espezialitatea abian jartzeko ekimenean ere parte hartu zuen. Zazpi urtez Euskal Filologiako irakasle izan zen, Irakasle Eskolan; alfabetatze, dialektologia eta morfosintaxi eskolak eman zituen han.[1]

Euskaltzaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1971z gero, euskaltzain urgazle izan da, harik eta 2008ko irailaren 26an euskaltzain oso izendatu zuten arte, Henrike Knörrek utzitako tokia betetzeko.[4] «Izan zirelako gara, eta garelako izango dira» izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Aramaion, 2010eko maiatzaren 28an.[5][6] 2017an, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen, Joan Mari Torrealdairekin batera.[7]
1976tik zenbait batzordetan parte hartu izan du, batzordekide lanetan edota aholkulari lanetan, hainbat arlo lantzeko: irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, hiztegigintza, onomastika, euskalkiak, euskararen sustatzea, eta abar.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bostak Bat lantaldearen bost sortzaileetako bat izan zen 1981ean. Taldeak Adorez hiztegi-sorta bultzatu zuen.
- Hiztegi 5000 (2006, Internet-zerbitzua)[8]
- Euskal Aditza (hiztegieran antolatua) (2006).
- 3000 hiztegia (1996).
- Europa hiztegia (1993).
- Eskola hiztegia (1991).
- Euskarazko hiztegia (1986-1990).
- Sinonimoen hiztegia (1983)
Hainbat lagunen artean sorturiko Hizkuntzaz jabetzen (0-6) liburua ere aipagarria da (2012).[9]
Honetaz gainera, Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Karmel, Herria 2000 Eliza, Euskara, Mahatsondo eta Txirritola aldizkarietan hainbat artikulu eta itzulpen argitaratu izan ditu. Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan ere argitaratu ditu hainbat gogoeta euskaraz.[10][11][2]
Gogoz, karmeldar ikasleen aldizkariaren sortzailea eta zuzendaria izan zen 1965-1969 urteetan Bilboko Karmelon.
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 125 lan baino gehiago bildu dira.[12]
Ikerlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bostak Bat lantaldeko zenbait ikerketan ere parte hartu izan du. Ikerlanak egin ditu, gehienak Adorez taldearekin:
- Aramaioko toponimia (1973-1974).
- Elizako irakurgaietako lexiko bateratua.
- Bizkaierarako lexiko propioa.
- Lino Akesoloren lexikoa.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko kide izanik, Klasikoak pentsamendu sortarako itzuli beharreko liburuak aukeratzeko sortutako batzordean aritu zen, 1992 eta 2009 artean.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zornotzako Lore Jokoen saria (1968),
- Iruñeko Lore Jokoen saria (1969),
- Arabako Foru Aldundiaren Kultura Batzordeko kide izendatu zuten onomastikaren arlorako (1971)
- Lehenengo Korrikan lekukoa eraman zuen (Bilbo, 1980),
- Bilboko Galería del Libro-ren Zilarrezko Lauburua Bostak Bat lantaldeari (1987),
- AEKren omenaldia (Bilbo, 1990),
- Aramaioko Udalak seme kutuna (1999),
- Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Ibilaldian (Bilbo, 2001),
- Euskal Herriko Unibertsitatearen omenaldia (Leioa, 2010),
- Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma Bostak Bat lantaldeari (2011)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Uribarren, Patxi. Euskaltzaindia (kontsulta data: 2017-12-02).
- 1 2 Patxi Uribarren Leturiaga. Karmel Aldizkaria (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Santutxuko kilometroetan 1965eko 'gau eskolako' irakasle eta ikasleak omenduko dituzte. uriola.eus Santutxu (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Berria.eus. «Patxi Uribarren aukeratu dute euskaltzain oso Henrike Kn�rren ordez - Berria» Berria (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Uribarren, Patxi. «Izan zirelako gara, garelako izango dira.» (PDF) Euskaltzaindia (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Patxi Uribarren: "Izan zirelako gara, garelako izango dira". Euskaltzaindia (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ «Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai, euskaltzain emeritu» Plazaberrri (Euskaltzaindia) 2017-12-01 (kontsulta data: 2025-10-18).
- ↑ ADOREZ Hiztegiak. (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Hizkuntzaz jabetzen (0-6). Mendebalde Euskal Kultur Alkartea D.L. 2012 ISBN 9788415508083..
- ↑ "Anaitasuna" aldizkaria. (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Patxi URIBARREN - Jakin.eus. (kontsulta data: 2017-12-02).
- ↑ Patxi Uribarrenen produkzioa Inguma datu-basearen arabera (>125 produktu).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Patxi Uribarrenen biografia, Karmel aldizkarian.