Pololoak (komikia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Pololoak (komiki seriea)
Pllk.jpg
Topikoen inguruko umorezko komiki seriea
Datuak
Idazlea Patxi Gallego
Argitaratze-data [2004-2011]
Generoa Umorezko komikiak
Hizkuntza eu
Argitaletxea Elkar
Herrialdea Euskal Herria
Bilduma Pololoak
OCLC 850990029


"Pololoak" Patxi Gallego gipuzkoarrak egindako komiki sorta baten izenburua da; serieak badu ere "Xabinaitorren balentriak" azpititulua. Helduei zuzendurik, istorio hauek umore generoan sartuta daude bete-betean. Horietan, egileak "Xabinaitor" izeneko pertsonaiaren abenturak kontatzen ditu, oso superheroi atipiko eta lizuna izanda: Neska poxpolinen atzetik ibiltzen da, hauek salbatu nahian, baina haiengandik gertu egon orduko zakila tentetu eta super-botereak hortik ateratzen ditu. Bai superheroien komikiak orokorrean, bai egungo egungo euskal gizartea eta horren inguruko topikoak parodia tonuan azaltzen ditu helduei zuzendutako komiki bilduma honetan.[1].


Nondik norakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komiki hau jatorriz euskaraz argitaratua dago. Autorearen asmoa da, nolabait, superheroien komikien pertsonaiak euskaratzea. Edo hobe esanda, euskaldunak bihurtzea. Horretarako, pertsonaia nagusia Xabinaitor da, Sabino jaioa, baina behin botereak lortuta, izenaz aldatzen duena, Spiderman euskaldun bat izango bailitzan. Bere inguruan pasatuko dira Kariñe, superheroiaren neskalaguna, Aldanondo inspektorea (Superlópez komikiaren “Inspector Dan”ari omenaldi bat, segur aski), H jauna homeopata, Mari jainkosa, eta abar. Baina autorearen nahia ez da hor gelditzen. Komikiaren aitzakiarekin, azken 20 urteotan Euskal Herrian gertatutako aldaketa sozialak islatzen ditu.[2]. Bide batez, helduei zuzendutako umorezko komikia ere bada, horrelako gutxi direlarik. Izan ere, euskal komikigintza helburu pedagogikoen zama astuna lepotik kentzeko ahaleginean ikur gisa hartua izan da Pololoak seriea.[3].

Binetetan erraz identifikatzen dira narrazioaren kokapen geografikoak, hiriburuak Bilbo eta batez ere Donostia, mendiko paisaiak zeinetan naturaren alde bukolikoa gailentzen den (Urbasa, Anboto, Pirinioak, Bardeak…), udako festak Iruñeko Sanferminak, Bilboko Mari Jaia, Gasteizko Zeledon, euskal komunikabideak, etab.

Pertsonai nagusien jazkeran, superheroien ohiko osagarriez gain, hau da, kapa edo aurpegiko mozorroa, irudian nabarmenak dira euskal jantzi eta apaingarri topikoak, hala nola, Txapela, abarkak, lauburuak, pololoak, pospolin jantziak, etab. Halere, horrez gain, beste erreferentzia askok nazioarteko herri kultura garaikidean oinarri dute eta ez dira falta beste super-heroiei egiten dizkiena, gehienak Superman eta Superlópez baina baita Batman, Spiderman, Hulk edo Silver Surfer besteak beste, eta horien inguruan narratzailearen iritziak.[4].

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabino Xabinaitor bihurtzen da

Sabino Lizuniaga mutil trankil eta jatorra da, zeinak egun batean, eta krisi existentzial baten ostean, deskubritzen baitu super-usaimena duela. Baina bere botere hori ez da jende guztiaren aurrean azaltzen, neskekin bakarrik, baizik. Hori dela eta, zorabiatzen hasten da, emakumeen lurrinaren eraginez obsesio sexuala pizten baitzaio. Baina fenomeno hau Mari jainkosaren plana baino ez da, Sabino emakumeen salbatzaile eta zaindaria bihurtzeko. Horretarako, beste botere batzuk ematen dizkio, hegan egiteko ahalmena eta zakilaren superindarra, alegia. Beraz, Sabino Xabinaitor superheroia izango da, beti neskak salbatzeko prest.

Kariñe

Hau guztia gertatzen den bitartean, emakumeen ikuspuntua ezagutarazten digu komikiak, Kariñe deituriko neska batena, hain zuzen ere. Bere kasuan, ez da azaltzen krisi existentzial bat, baizik eta ase gabeko behar bat. Izan ere, Kariñeren kasuan, desio sexual aseezina ikus dezakegu, neska zinikoa izatea bihurrarazten duena. Asma dezakegunez, Xabinaitorren bikote perfektua da.

Kariñeren bahiketa

Xabinaitorrek neska asko salbatzen du, heriotza ziur baten atzaparretik aldenduz. Baina emakumeak, eskertzeko moduan, gizonaren “botere” hain handia ikusita, berarekin joaten dira harreman “estuak” ezartzera. Horren ondorioz, Ertzaintzak ez ezik, Guardia Zibilak ere bahitzailetzat jotzen dute, eta tranpa berezi bat prestatzen dute, non amua Kariñe izango den. Behin ikusita, Xabinaitorrek neska harrapatzen du, polizia osoa lur jota utzita, eta bere altxorrarekin alde egiten du.

Kariñeren agurra, Xabinatorren aioa

Hasieran, Kariñek ez du bere bahitzailearekiko begirunerik izango, ostikadak, hitz lodiak eta koskak zuzentzen baitizkio. Baina laster ulertuko du bere bizitzako mutila dela, eta maitemintzen da. Biok, egun zoragarriak pasatuko dituzte, baina den-denak amaiera bat izan behar duenez, alde batetik Guardia Zibilaren eraginez, eta bestaldetik Mari jainkosaren influentziaz, bikotea desegiten da. Kariñek Xabinaitorri azaltzen dio ezin duela berarekin bizitza osoa eman, mutilak beste neskengan pentsa behar duelako eta, beraz, alde egiten du.

Superheroia lur jota geratzen da, eta poliziarekin azken borroka baten ostean, zaurituta geratzen da. Marik eskaintzen dio hilezkortasuna, baina berak ezetz erantzuten dio.

Mari

Seriean zehar, tarteka azaltzen da Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia superbotere emaile gisa. Hasiera batean, H jaunak emandako homeoparia pilulei esker jasandako mutazioak ematen badio ahalmena Xabinaitorri, abenturak aurrera jo ahala, Marik baldintzatzen ditu bai ahalmena bai superheroiaren misioa. Eginkizun hori hain zuzen izango da euskal neskak salbatzea eta haiei plazer sexuala ematea. Beste pertsonaiekin alderatuta, pertsonai honen marrazki estiloa ezberdina da, gutxiago du karikaturatik eta gehiago izaera artistikotik. Proportzioarekin ere jolasten du marrazkilariak, gainontzeko pertsonaiak baino askoz tamaina handiagokoa baita.

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komiki hau ez da soilik apustu ausart bat; esan daiteke euskal nobela grafikoan azken urteotako apustu ausartena dela. Bere baitan aurkitu daitezke komikia, prosa, poesia eta abestiak. Gainera, marrazkiak eta koloretzeko lana bikainak dira, itxura oso erakargarria osatzen dutelarik. Lan ordu asko dago inbertituta komiki horretan, istorio bat ez ezik, sozietatearen aldaketaren irudi bat aurkeztu nahi izan duelako. Agerikoa izateaz gain, eskertu ere egiten da. Lehen begiradan, pentsatu daiteke komiki “sexual” bat dela, baina hortik haratago, ondo islatzen ditu baita ere, 80-90-2000 hamarkadetako aldaketa sozialak. Hor dago bere indar nabariena, eta hori da hain berezia bihurtzen duen ezaugarria. Askorentzat primerakoa da, baita ere, hizkuntzaren aldetik egin den lana, euskalki ezberdinak, euskaldun berriekin, frantsesarekin eta ingelesarekin nahastuz. Kritikari gehienek erabilitako bereizgarria “dibertigarriarena” da.


Pololoak trilogia sarkasmoz josia dago. Hainbat erreferentzia egiten ditu euskal politikagintzari, sexualitateari, fenomeno sozialei (janzkeraren tendentziei, kirol zaletasunari, telebistari…), zinemari, adibidez Spaghetti western, euskal kantagintzari eta musikari, bizitzako aroei (haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa), beste komiki edo artelanei…etab.

Umorea zorrotz eta bizia da, gainera, ez da inoren alde erabat azaltzen. Adierazgarria da euskal politikagintzaz originaltasunez aritzen dela ikuspuntu neutraletik, baina aldi berean, abertzale zein ez abertzale, hala nola abertzaleen artean dauden joera ezberdinak kritikatuz. Hala, Xabinaitorren aita EAJko jarraitzaile amorratua den bitartean, ama EAren aldekoa da. Xabinaitorrek, aldiz, gatazka ideologikoa du bere baitan. Komikian zehar, Ezker Abertzalearekiko erreferentziez gain, alderdi espainolak ere ageri dira, hala nola PSOE edo hark diseinatu eta sustatutako ZEN plana, Guardia Zibila, Ertzaintza, etab. Talde eta erakunde guztien lepotik egiten du barre, batez ere kultura folklorearen sinonimo gisa hartua denean, beti ere, euskaldun baten ikuspuntutik eta euskaldunentzako egindako begi-keinuak egiten. Izan ere, seriean zehar, Euskal Herriko topiko eta estereotipo guztiekin jolastu eta parodia egiten du. [5]

Marrazkigintza

Marrazkia zuri-beltzea, koloreztatua, argazkiak eta collage tartekatzen dira narrazioaren mesedetan. Nabarmentzekoa da ere lan osoan zehar presente dagoen testuartekotasunaren eragina marrazkietan eta elementu horien arabera erabilitako estilo ezberdinak. Marrazki propioak nagusiki azaltzen badira ere, beste komikien estilo eta erreferentziak ageri dira. Komikigintzako beste superheroiengan inspirazioa antzeman da, alde batetik Supermanen hiperbole izatea, neskak nola liluratzen dituen barre eginez eta haren janzkeraren osagaiak eraldatzen eta, bestetik, antzekotasunak dituela Jan komikigileak sortutako Superlópez pertsonaiarekin. [6]

Narrazioa

Komikia izateaz gain, eleberri itxurako narraziozko pasarteak nahasten da lan osoan zehar. Azpimarratzekoak dira ere horien bitartez egiten den metaliteratura baliabideen erabilera. Tartean, egilea bera azaltzen da pertsonai gisa edo hainbat pertsonaien karikaturazko bertsioak istorioan txertatzen dira. Pasarte horiekin istorioaren hariak azpimarratzen dira, egileak kontatu gogo zituenak hartara eramaten du errelatoa eta horietan marrazkia hornitzen du kontaketa, ilustrazio gisa. Pasarte horiek oso fresko, bizi eta sinesgarriak suertatzen dira eta umore tonuari jarraituz, zirikatzeko gogoa, malezia punttua, ironia eta malaletxea erruz erakusten dute.[7].


Hizkuntzarekin jolasean

Lan honetan zehar euskara, gaztelania eta ingelesa nahasten ditu Patxi Gallegok, baina euskarazko obra dela eta irakurle euskaldunari zuzendurik dagoela, ezin da ukatu. Maisutasunez jorratzen ditu hizkuntzaren erregistro ezberdinak (formala / ez formala), hala nola euskalkiak; bereziki, gipuzkera –Xabinaitor bera eta bere gurasoak- eta bizkaiera –Mari sorgina eta Kariñe-, zenbait paiasaiaari lotuta, nafarrera eta lapurtera irakurgai dira atal batzuetan edo, nola ez, euskaldunberrien hizkera. Bestalde, argumentua hala eskatzen duenean, erdara ere erabiliko da, gizartearen diglosia islatzen.

Bizkaiera eta gipuzkerako aditz aldaerak, lexiko bereizgarria, interjekzio eta kontrakzioak barra-barra erabiltzen ditu, batik bat pertsonaiek hitz egiten dutenean. Hizkera formala, prosarako gordetzen du bereziki, Xabinaitor autobiografikoki aritzen denean. Euskaldun berrien ohiko akatsak islatzen ditu, ez bakarrik lexikalak, baita sintaktikoak eta fonetikoak ere (Cortaja deituriko ertzainarenak kasu).

Trilogia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo partea 2004 urtean argitaratu zen; bigarrena 2006 urtean eta horrekin lehenengo alea berrinprimatu omen zen. Azkena, 2009eta 2011 urteetan argiraratua izan da.

  • "Pololoak 1. Xabinaitorren balentriak. Poxpoliñen lurriña" (Elkar, 2004).
  • "Pololoak 2. Xabinaitorren balentriak.Poxpoliñaren bahiketa" (Elkar, 2006).
  • "Pololoak 3. Xabinaitorren balentriak.Atxeritoko balada" (Elkar, 2009).

Antzerkian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010 urtean obraren antzerkirako moldaketa estrenatu zen Xabinaitor izenburupeko ikuskizuna, Gorringo Antzerki Taldearen eskutik, Nagore Aranburuk moldatuta eta ETB-1eko Wazemank saioko taldekideek antzeztuta.[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mendiguren Elizegi, Xabier.- Patxi Gallego: Zenbait euskal topikoren inguruan iirbarren ironiko bat elkarrizketa Sustatu albistegian argitaratua, 2004ko azaroaren 16an [1]; kontsulta data 2019-06-23
  2. Serrano Mariezkurrena, Amaia.- "Pololoak trilogia (2004,2006,2009), Patxi Gallego"., hemen argitaratua: Egungo Euskal Komikiaren Historia. [Bilbao]: Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua, 2017. orr. 221-245. ISBN 978-84-9082-629-4. Euskal literatura saila, 17.
  3. Komikeri, euskarazko komikien blogan jasota, [2]; kontsulta data 2019-06-22
  4. Adibidez, ‘’Atxeritoko balada (the Balade of Acherito)’’ alearen 208-209 orrialdeetan, 2009ko argitalpenean.
  5. (Gaztelaniaz) Retolaza Gutiérrez, Iratxe.- ‘’Cómic y sistema literario vasco’’ , artikulua, ‘’Cuadernos de Alzate: revista vasca de la cultura y las ideas’’ aldizkarian argitaratua, ISSN 0213-1862, zk.º. 41, 2009, or.153
  6. Serrano Mariezkurrena, Amaia.- (2017) 227 orr.
  7. Ibon Egaña.-“Jatorrismoa” eta beste gaitz euskaldun batzuk, Berria egunkarian, 2004ko abenduaren 4an, Armiarmako Kritiken Hemerotekan kontsultagai; kontsulta data 2019ko ekainaren 27a
  8. ETBren erredakzioko albistea 2010eko martxoaren 22an argitaratua [3]; kontsulta data 2019-06-19

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]