Tončka Čeč Olga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tončka Čeč Olga
Tončka Čeč.jpg
Bizitza
JaiotzaTrbovlje1898ko maiatzaren 16a
Herrialdea Jugoslavia
 Austria-Hungariako Inperioa
HeriotzaAuschwitz1943ko azaroaren 3a (45 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakesloveniera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta partisanoa
Jasotako sariak

Antonija “Tončka” Čeč, ezizenez “Olga” -Klek, Trbovlje udalerria, Austrohungariar Inperioa (egun, Esloveniako Errepublika); 1898ko maiatzaren 16-Auschwitz, Gobernu Nagusia, Hirugarren Reicheko Alemania (egun, Oświęcim, Poloniako Errepubika); 1943ko azaroaren 3-, jugoslaviar-esloveniar sindikalista eta partisano komunista izan zen, Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatua.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzarien familia batean jaio zen. Eskolan Lehen Hezkuntza bukatuta, enplegu administratiboko ikastaro batzuk egin zituen, eta laster zerbitzuen sektorean lana aurkitu zuen. 1918an Austriako Graz hirian lan egin zuen denbora batez[1]. Hala ere, laster esloveniar meatzarien sindikatuarentzat hasi zen lanean, eta Jugoslaviako Alderdi Sozialdemokrataren kide egin zen[1]. Alderdi hau sozialdemokratan eta komunistan zatitu ostean bigarren horiekin lerratu zen Čeč. 1920an, trenbideetako greba handian parte hartu zuen, eta garai batez Trbovljen grebalariak kontrola izatera iritsi ziren[1][2]. Bestalde, emakumeen aldeko lana ere ez zuen aparte utzi, 1920an Jugoslaviako Alderdi Komunistaren Esloveniako emakumeen komitea sortu zuen[1].

1921an jugoslaviar Gobernuak Jugoslaviako Alderdi Komunista debekatu egin zuen. Hau Tončka Čečentzat kolpe latza izan zen, horitik aurrera poliziaren zelatapean egon baitzen, bere etxea hainbat aldiz miatu zuen poliziak (orduko poliziaren zerrenda baten arabera, Trbovljeko komunisten burua zen Čeč). 1922an zortzi hilabete eman zituen espetxean. Espetxetik ateratzerakoan, Esloveniako meatzarien sindikatuko zuzendaritzako kide aukeratu zuten, baina 1923an bertan sindikatu hori ere legez kanpo utzi zuen Gobernuak[1]. 1923ko Alderdi Komunistaren Esloveniako Probintzi-komitearen parte aukeratu zuten, eta beste greba bat zela eta beste hiru hilabete eman zituen kartzelan[1].

1924an, Celje hirian (beste iturri batzuen arabera Trbovljen) komunisten eta Jugoslaviar Nazionalisten Erakundea Gobernuaren aldeko antolakunde eskuindarraren kideen artean borroka bat izan zen. Iturri batzuen arabera, Tončka Čeček parte hartu zuen eta atxilotua eta epe labur batetarako espetxeratua izan zen[2], hala ere, beste iturri batzuen arabera ez zuen parterik hartu eta epaiketan errugabe atera zen[1]. Espetxetik aterata, Ljubljanan lan berri bat topatu zuen, non Alderdiaren alde lan egiten hasi zen[2] -emakumeen askapenean batez ere, Emakume Sozialisten Komiteak fundatuz, Emakumearen Astea antolatuz eta abar[1]-, eta iturriren baten arabera, New Yorken ere denboraldi batez bizi zen[2].

Tončka Čečen biografian arlo ezezagunen bat, agian, lan kulturala izan zen, langileentzat eta bereziki langile emakumeentzat talde kulturalak sortu baitzituen 20ko hamarkadan. Trbovljen antzerki-taldeak, tanburitsa taldeak eta “Ledina” eta “Vesna” elkarte kulturalak sortu zituen[1].

1927an Sobietar Batasunera eraman zuten trebatzera (halako garaietan, Internazional Komunistak beste alderdietako kide esanguratsuei SESBen ikasteko aukera ematen zien, aukeratua izate honek Čečen garrantzia bistaratzen digu). 1927 eta 1932 artean, Moskuko Mendebaldeko Gutxiengo Nazionalen Unibertsitate Komunistan ikas zuen, eta 1932tik 1937ra Sobietar Batasuneko meatzarien sindikatuan lan egin zuen[1]. 1937an itzuli zen Trbovljera, non berriz herriko komite komunista zuzendu zuen[1]. Ordurako Jugoslaviako Alderdi Komunistaren baitan Esloveniako Alderdi Komunista sortua zen, eta Tončka Čeč Alderdi honen Komite Zentraleko kide egin zen. 1940an klandestinitatera egin zuen[2], 1939an meatzarien greba batean parte hartuta beste behin atxilotua izan ostean[1].

Partisanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941ean guda hastearekin batera jugoslaviar partisanoekin bat egin zuen. Esloveniako Alderdi Komunistaren arduradun izan zen lehenbizi Zagorje herrian, eta gero Celje hirian[2]. Segituan hasi zen inguru horietan komunisten peko Askapenerako Frontea sortzen, eta batez ere honen barruan emakumeak borrokan antolatzen[1]. 1942an Kozjansko eskualdeko Alderdi Komunistaren arduradun izendatu zuten. 1942ko abuztuan Gestapok atxilotu zuen Topolovo inguruan bataila baten ostean, zauritua izan ostean[1][2].

Čeč lehenbizi Brežice herriko erietxean izan zuten eta handik Celjeko Stari Pinker izeneko kartzelara eraman zuten, eta handik Maribor hirira. Atxiloaldian zehar torturatua izan zen, alemaniarrek publikoki –beste atxilotutako eta are hilotz batzuekin batera- Celjeko Udaletxearen aurrean eskegi zuten, bera iraintzen zuen kartel batekin (hil gabe, umiliazio moduan eta partisanoen aldekoentzat ohartarazpen moduan baino), baina Tončka Čeč ez zen bere borrokaz damutu[1][2]. Auschwitzeko sarraski-eremura eraman zuten, non iturri batzuen arabera 1943an gas kameran hil zuten[2] eta beste batzuen arabera, tifusez hil zen[1].

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953an, Jugoslaviako Tito lehendakariaren dekretu baten bidez, Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten. Trbovljen eta Celjen eskola banak bere izena dute, eta Eslovenian hainbat herri eta hiriko kaleek ere bere izena daramate[1][2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q (Eslovenieraz) ŠTERBENC SVETINA, Barbara (zuz.). (2013). «TROHA, Nevenka: “Čeč, Antonija (1896–1943)"» Novi Slavonski Biografski Leksikon (Esloveniar Hiztegi Biografiko Berria). Ljubljana: Esloveniako Zientzia eta Arteen Akademia..
  2. a b c d e f g h i j (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Народни хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). Belgrad: Mladost (Gazteria).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]