Ahmed I.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ahmed I.a

Ahmed I.a (1590-1617) Otomandar Inperioko sultana izan zen 1603tik hil zen arte. Mehmed III.a aitaren (1595-1603) ondorengo izan zen tronu otomandarrean, 13 urte zituela, eta adinez nagusi izan baino lehen tronura iritsi zen lehen sultan otomandarra izan zen.

Bere aurrekoak ez bezala, sultan adeitsu eta sentibera izan zen. Bere alderik gizatiarrena erakutsi zuen anaia Mustafa asasinatzeari uko egin zionean.

Eskriman eta ekitazioan iaioa zen oso, eta hizkuntza asko zekizkien.

Bi aldiz ezkondu zen, eta hainbat seme-alaba izan zituen; horien artean, Murad IV.a eta Ibrahim I.a.

Agintaldiaren lehen urteetan erabakimen eta indar handia erakutsi zituen, baina, aurrerago, haren jokatzeko modua ikusita, ezaugarri horiek ezbaian jarri ziren. Bai Hungarian eta bai Persian egindako gerrek Inperioarentzat alderdi kaltegarriak ekarri zituzten, eta Zsitvatorok-eko Ituna eta gero, 1606an sinatua, Austriak urtero ordaintzen zuen zerga abolitu egin zen. Georgia eta Azerbaijan Persiaren mende jarri ziren.

Meskita Urdina

Ahmed jauregiko bizitzaren plazer eta luxuetan murgildu zen, eta horrela bizi izan zen agintaldia 1617an amaitu zuen arte. Desmoralizazioa eta ustelkeria ohiko bihurtu ziren, bai estamentu publikoetan, eta bai armadan bertan, eta diziplinarik eza eguneroko ezaugarri bihurtu zen.

Tabakoa Otomandar Inperioan haren garaian sartu zela esaten da.

Ahmedek tifusa harrapatu, eta horren ondorioz hil zen, 1617an.

Gaur egun, Ahmed batez ere Ahmed sultanaren meskita eraikitzearen ondorioz gogoratzen da. Meskita Urdina izenaz ere oso ezaguna da, eta arkitektura islamikoaren maisulanetako bat da. Ahmed sultana aipatutako meskitaren hormen kanpoaldeko mausoleo baten hobiratua dago.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ahmed I.a Aldatu lotura Wikidatan