Mikhail Bakunin
Wikipedia(e)tik
Mikhail Bakunin (1814 - 1876) iraultzaile errusiarra, anarkismoaren fundatzaileetako bat da. 1830eko hamarkadan Hegelen jarraitzailea izan zen eta geroago, 1848ko Alemaniako iraultzan (Dresdrengo altxamendua bezala ezagutua) parte hartu zuen. 1849an atxilotu eta Errusiara bidali zuten. Bertan, bizitza osorako espetxe zigorra ezarri eta Siberiara bidali zuten. 1861ean bertatik ihes egin eta Londresera iritsi zen.
Londresen zegoela, Bakuninek Bakea eta Askatasunaren aldeko Ligan parte hartu zuen. Mugimendu hartatik bereiztu ziren bera eta bere jarraitzaileak (gutxiengoa osatzen zuten), eta Demokrazia Sozialistaren Nazioarteko Aliantza sortu zuten. 1869an Aliantza hark Langileen Internazionalarekin bat egin zuen.
Internazionalaren baitan, Bakuninek Karl Marxi aurre egiten zion joeraren buru ihardun zuen; hots, joera anarkista edo libertarioaren erreferente bihurtu zen. Hala, Frantzia eta Suitzan barna lan politiko handia aurrera eramango du. 1872an Internazionaletik kanporatuko dute.
Bi urte geroago, 1874an, Bolongnan (Italia) altxamendu batean parte hartu zuen, nahiz eta mugimenduak ez zuen luzaroan iraun. 1876an Bernara (Suitza) joan eta bertan hil zen urte hartako uztailaren 1ean.
Mijaíl Alexándrovich Bakunin (1814-05-30 – 1876-05-01) errusiar anarkista iraultzaile ezaguna izan zen, Marx-en garaikidea. Anarkista filosofoen lehenengo belaunaldiko ospetsuena da eta anarkismoaren aitatzat jotzen da.
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
Pryamukhinon jaio zen, Moskuren ipar-ekialdean eta 14 urte zituelarik San Petersburgora joan zen non Artilleriako Unibertsitatetik entrenamendu militarra jaso zuen. 1832an bere ikasketak amaitu zituen eta bi urte geroago Guardia inperial errusiarrean menpeko ofiziala izendatu zuten eta Minsk eta Goradnia-ra bidali zuten. Bere aitak zerbitzu militarrarekin edota zibilarekin jarraitzea nahi zuen arren, 1835ean Bakuninek biak utzi zituen eta Moskura alde egin zuen filosofia ikasteko esperantzarekin. Moskun ohiko ikasle unibertsitario talde batekin elkartu zen eta hauekin filosofia idealistari buruzko ikasketak egin zituen batez ere (Kant, Schelling, Fichte, Hegel...).
1842an Alemaniara bidaiatu zuen eta Berlinen mugimendu sozialista gaztearen buru nagusiekin kontaktuan jarri zen. Garai hartan, Parisen, Proudhon, George Sand eta zenbait exiliatu polakoak ezagutu zituen. Geroago Suitzara bidaiatu zuen eta bertan mugimendu sozialista guztietan aktiboki parte hartu zuen denbora luzez. Suitzan bizitzen zen bitartean errusiar gobernuak Errusiara bueltatzeko agindua eman zion. Bere desobedientziaren ondorioz, bere jabetzak konfiskatu zizkioten eta 1848an Parisera itzuli zenean, Errusiaren aurka argitaratu zituen zenbait testuengatik Frantziatik kanporatua izan zen.
1848ko mugimendu iraultzailean parte hartu zuen eta 1849ko Dresdeko Insurrekzioaren partaide izateagatik, atxilotu, heriotz zigorra ezarri zioten eta geroago bizitza osorako espetxe zigorra. Azkenean, Bakunin autoritate errusiarrei entregatu zieten eta hauek kartzeleratu eta 1855ean, Siberiako kontzentrazio-esparru batera bidali zuten. Baimen bat aprobetxatuz Japoniara ihes egin zuen, gero Kaliforniara pasa zen, Panamako kanala gurutzatu zuen eta New York-era heldu zen non zenbait iparamerikarrek (Henry Longfellow idazleak adibidez) jaso zuten. Bertako langile mugimenduarekin harremanean zeuden pertsonekin elkartu zen denbora batez eta 1861ean Ingalaterrara alde egin zuen. Bere bizitzako azken urteak mendebaldeko Europan exiliatuta bizi zituen, Suitzan batez ere.
1868an Demokrazia Sozialistaren Nazioarteko Aliantza eratu zuen, honen programak Bakunin-en doktrina politikoaren oinarria osatzen zuten erreformak aldarrikatzen zituelarik: Nazio-Estatuen suntsipena, klase sozialen ezabapena, sexuen arteko berdintasuna, langileriaren antolakuntza alderdi politikoetatik kanpo, federazioen erakuntza... Dena den, nazioarteko erakundea zenez, Nazioarteko langileen Aliantzaren sarrera gaitzetsi zen (erakunde nazionalak soilik onartzen baitziren). Arrazoi honengatik, Aliantza desegin zen eta kideak euren kabuz Internazionalean sartu ziren. 1870ean Frantziako Askatasunerako Komitea eratu zuen, Lyon-eko Komunaren insurrekzioa gidatuko zuena. I. Internazionalean Bakunin-en eta Marx-en ideien arteko liskarren ondorioz, 1872an, La Haya-ko kongresuko antolakuntzatik anarkistak kanporatu zituzten. Bakunin pobreki Suitzan pasa zituen bere bizitzako azken urteak, talde anarkista txikiekin postaz mantentzen zuen harremana bere kemen bakarra zelarik.
[aldatu] Pentsamendua
Bakuninek garatu zuen anarkismoari anarkismo kolektibista edota anarkokolektibismoa deitu zaio. Proudhon eta gero Kropotkin-ekin batera, anarkista teorikorik garrantzitsuenetariko bat izan da eta baita ere anarkismoaren lehendabiziko bultzatzailea mugimendu politiko eta herrikoi gisa izan zela esan daiteke.
Bakuninen ustez, anarkismoak gizarte aske bat suposatzen du, ez dauka ez gobernu ezta aginte ofizialaren beharrik ere. Modu honetan, gizartea produktore eta kontsumitzaileen arteko federazioen bidez antolatuko litzateke eta elkarren artean konfederazioen bidez koordinatuko lirateke. Beraz, ez litzateke ez gobernu, ez sistema legegile, ezta indarkeria monopolizatzen duten botere betearazleen beharrik egongo. Dena den, Bakuninen iritziz, bakoitzari egindako lanaren arabera ordaindu beharko litzaioke klase alfer eta bizkarroi baten sorkuntza eragozteko.
Kropotkinen ustez, Bakuninen jarrerak burokrazia begirale eta erregulatzaile baten sorkuntzara bultzatzen zuen, autoritate nukleo baten beharra sortuz. Hala ere, kolektibismo bakuninistak bakoitzak bere merituaren arabera jaso behar duela defendatzen du, helburua ez baita berdintasun ekonomikoa baizik eta justizia ekonomikoa lortzea, horregatik, soldataren banaketa kolektiboki antolatu beharko litzateke irizpide demokratiko eta teknikoei jarraituz. Jabetza kapitalistari dagokionez, Bakuninek testu gehienetan ekoizteko tresnen kolektibizazioa defendatzen du. Propietatea, jabetza, lanean oinarritu behar da, horregatik Bakuninek herentzia mesprezatzen du.
Estatuak gizateriaren zapalkuntza suposatzen du, askatasun eza, ez da ustiapenerako tresna bat Marx-ek ustez zuen bezala, estatua bera ustiapena da. Estatua abolitu behar da. Zer leporatzen zion Bakuninek Marx-i? Marx-en ustez, estatua tresna bat denez, posiblea da hau konkistatzea eta beste helburu batzuetarako erabiltzea. Bakunin-en ustez, berriz, estatu guztietan elite bat sortzen da eta elite honek edozer egiteko prest egongo da bere boterea ez galtzeko. Horrexegatik askatasuna eta estatua bateraezinak dira.
Erlijioari egin zizkion kritikak Marx-enak bezalakoak izan ziren. Erlijioa = Gizarte kontrol tresna. Erlijioa errealitatetik alde egiteko asmatzen dugu. Marx-ek erlijioari buruz gutxi idatzi zuen bitartean, Bakuninek behin eta berriz erlijioari buruz hitz egiten zuen, askoz erradikalagoa da bere jarrera: “Erlijiotasuna eta gizatasuna batera ezinak dira, Jainkoa existituko balitz, gu desagertu beharko ginateke.”
Testu batzuetan Bakunin-ek biolentziaren erabilera onartzen du eta beste batzuetan gaitzesten du. Zenbait testuetan esanguratsua da baita ere bere jarrera antisemita. Azkenik nazionalismo eslabiarra azpimarragarria da Bakuninen ideietan, berak nazio guztiak erakunde berdinean elkartu nahi baitzituen eta horregatik joera antialemaniarra zeukan.
[aldatu] Lan idatzia
Jaumes Guillaumek, bere ikasleak, argitaratutakoa 1907 eta 1913 urte bitartean, lan gehienak amaitu gabe zeudelarik:
- Eslavoei deialdia
- Estatismoa eta anarkia
- Estatua eta komuna
- Federalismoa, sozialismoa eta antiteologismoa