EZLN

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
EZLNren bandera

Nazio Askapenerako Armada Zapatista (EZLN), Chiapaseko (Mexiko) talde iraultzaile armatua da. Nahiz eta gehienbat indigenez osatua egon, erakundeak bere burua kapitalismoaren aurkako mugimendu zabalago baten zati ikusten du. Taldearen izena Emiliano Zapata iraultzailearenetik dator, eta inperialismoaren aurkako 500 urteko erresistentziaren oinordeko gisa ikusten dute beren burua.

Tzotzil, tzeltal, tojolabal, txol eta lakandon indiarrez osatua dago bereziki. 1994tik, Marcos subkomandantea izenaz ezagutzen den buruzagiaren zuzendaritzapean izan da.

Matxinada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapatisten matxinada 1994ko urtarrilaren 1ean hasi zen, Chiapasko estatuan, Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren gobernuaren kontra, egun hartan Mexiko Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunean sartzen zela baliaturik. Zapatistak matxinatzera bultzatu zituen arrazoien artean honako hauek aipa daitezke: herrialde osoko indiarren eta nekazarien txirotasuna, indiarrei kendutako lurren jabetza berreskuratzeko aldarrikapena, eta aberastasunaren banaketa zuzenago bat eta Mexikoko etniek estatuaren eta errepublikaren organizazioan parte hartzeko eskubidea izatea aldarrikatzea, Mexikon bizi diren etnia guztien kultura-ezaugarriak onartuak eta aintzat hartuak izan zitezen. Nahiz eta baliabide naturaletan Chiapas den Mexikoko estaturik aberatsenetako bat (petrolioa, zurak, meak eta nekazaritzarako lur emankorrak), gizarte-sektoreen arteko gorabeherak eta desberdintasunak ere beste inon baino handiagoak dira Chiapasen, oraindik ere estatuko antolakuntza soziopolitikoa antzinako egitura autoritario latifundistetan oinarritzen delako. Hala, zapatisten armadak zenbait udalerri hartu zituelarik, gobernuak Mexikoko armada federaleko soldaduak bidali zituen haiei aurre egitera, eta guduak izan ziren estatuko hiri nagusietan, San Cristóbal de las Casas eta Ocosin hirietan, besteak beste. Aurrerago, Mexikoko gobernuaren bitartekaritzaz, Barruti Federaleko alkate ohi Manuel Camachok eta San Cristóbal de las Casasko apezpiku Samuel Ruiz Garcíak bake-elkarrizketak hasi zituzten, gatazkari irtenbide edo konponbide baketsua eman nahiz. Chiapasko Elizak bake-elkarrizketak bultzatu zituen indiarren eta nekazarien alde, haien oinarrizko eskubideak defendatuz. Meniak menia, baina, gatazkak bere horretan iraun zuen.

Negoziazioak eta gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996ko urtarrilean, Mexikoko gobernuak eta zapatistek Konstituzioak indiarren autonomia ezagutzea hitzartu zuten. Handik hilabete batzuetara, zapatisten armadak (EZLN) talde politiko bihurtzea erabaki zuen, herrialdearen demokratizazio-prozesuan parte hartu ahal izateko, baina erabaki hura ez zen 1997ko iraila arte gauzatu, Mexikoko hiriburuan, manifestazio jendetsu baten ondoren Nazioaren Askapenerako Fronte Zapatistaren sorrera iragarri zuten arte, alegia. Ernesto Zedillo Ponce de León lehendakariaren gobernuarekin izenpeturiko hitzarmen-prozesua bertan behera gelditzeak sorrarazi zuen frontea, baina Marcos subkomandanteak berehala aldarrikatu zuen aurreko zapatismoaren borrokari eusteko beharra. 1997ko abenduaren 22an talde paramilitar batek ehunka nekazari hil zituen Acteal herrian, Chiapasen, zapatistek kontrolatzen zuten eremutik hurbil. Zedillo lehendakariak negoziazio-prozesua azkartzeko agindua eman zuen, eta kargutik kendu zuen barne-ministroa. Bien bitartean, Mexikoko gudarosteak zapatisten kuartel nagusia inguratu zuen Lacandonako oihanean, baina ez zuen lortu Marcos subkomandantea atxilotzerik. 1998an, Julio César Santiago Díaz jenerala atxilotu zuten Actealko sarraskian parte hartu izanaz akusaturik, haren mendeko armadak erasotuei laguntza eskaini ez izanaz, hain zuzen. Bi hilabete geroago, ekainean, Samuel Ruiz García apezpikuak bertan behera utzi zuen gobernuaren eta zapatisten arteko bitartekaritza-lana, lehendakariari trabak jartzea leporatu ondoren. Hilabete hartan bertan, bederatzi pertsona hil ziren Mexikoko gudarostearen eta zapatistenaren arteko borrokan, zapatistek berek sortu zuten eta Mexikoko armada desegiten hasi zen San Juan de la Libertad udalerrian.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: EZLN Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]