1918-1921 bitartean boltxebikeek gerra zibilari aurre egin behar izan zioten. Gerraren sorburuan bi arrazoi nagusi izan ziren: alde batetik, Armada Zuriaren sorrera, errejimen tsarista edota 1917ko urrian eraitsitako behin behineko gobernua berrezartzeko helburuz, eta, bestetik, Estatu Batuetako, Britainia Handiko, Frantzia eta Japoniako gudarosteak herrialdean sartu izana.
Armada Zuriaren barnean izan ziren zatiketak eta haien proposamenen arrakastarik eza (ez zuten, adibidez, biztanle sektore behartsuenen egoera aldatzeko konponbiderik eskaintzen eta beren etsaiak bezain indarkeriara emanak ziren) lagungarri izan ziren boltxebikeentzat. Gerra zibila 1921ean amaitu zen, Armada Zuria menderatua izan zenean.
Urte horietan Gerra komunismoa delakoa nagusitu zen[2], zeinak industria erabat estatuaren esku utzi eta ekonomia jarduera pribatu oro eragotzi baitzuen. Uste izatekoa denez, herrialdearen egoera ekonomikoa ez zen, gerra zibila tarteko, izan zitekeen hoberena. Egoera horretan kokatu behar da disidentzia oro zapaltzeko politikarekin segitzen zela ahaztu gabe, Kronstadteko gerra ontzidiaren basean izan zen matxinada anarkista.