Giorgio de Chirico

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Giorgio de Chirico
Giorgio de Chirico
Giorgio de Chirico 1936an.
Datu pertsonalak
Jaio 1888ko uztailaren 10a
Volos, Tesalia (Grezia)
Hil 1978ko azaroaren 20a
Erroma (Italia)

Giorgio de Chirico (Volos, Tesalia, Grezia, 1888ko uztailaren 10aErroma, Italia, 1978ko azaroaren 20a) margolari surrealista izan zen, jatorri greziar eta italiarrekoa. Antzinako Erromako artea beti kontuan hartuta, De Chiricok bere ikuspegi filosofikoa garatu zuen artearen inguruan. Hala, eskola metafisikoa zeritzona sortu zuen.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezian jaio arren aita-ama italiarrak zituen. Alberto Savinio italiar idazlea Giorgio De Chiricoren anaia zen.

Lehenengo ikasketak Atenasko Akademian egin zituen, baina 1906-1909 urteetan Munichera joan zen; han osatu zituen arte ikasketak. Gaztetatik miretsi zuen Nietzscheren filosofia eta Klingerren literatura. De Chiricoren lana Antzin Aro klasikoaren eta mitologiaren gurtzan batetik, eta bestetik, Alemaniako kultura figuratiboan eta filosofikoan oinarritzen da. Bestalde, Arnold Bocklin suitzar pintorearen lanek eragin nabarmena izan zuten De Chiricorengan. 1911n Parisa joan zen, eta han ezagutu zituen Guillaume Apollinaire idazlea eta Picasso. Artista horien bidez ezagutu zituen De Chiricok abangoardiako artea eta literatura.

Pintura metafisikoa ofizialki 1915ean sortu zen, eta De Chirico hartzen da, hain zuzen ere, pintura mota horren sustatzaile nagusitzat. Urte horren aurreko De Chiricoren lanek, abangoardiako higikundeek ez bezala, errealitate sendo eta zehatza erakusten dute, eta gizakiaren barne azterketa eta irudimena azaltzen dituzte. Garai horretan Italiako plazak saila marraztu zuen, zeinean arkitektura osagaiek bereganatzen baitituzten espazio hutsak, Ferrarako eta Turingo arkupeetan adibidez. Mota horretakoak dira Infinituaren nostalgia (1913-1914, New York, MOMA) eta Kale baten misterioa eta malenkonia (1914, bilduma partikularra, New Canaan) lanak. Lan horietako osagai guztiak -zehaztasunez aztertua den errealitatea, perspektiba klasiko batean txertaturik dagoen espazio argi eta geldia- bihurtzen dira, trasposizio fantastiko baten bidez, errealitate oniriko eta surrealista baten adierazle. Espazio hutsetan «manikia» delako pertsonaia agertzen da, pintura metafisikoaren oinarrizko pertsonaia hain zuzen.

Italiako plazak sailaz gainera, Musa asaldagarriak (1917) eta Metafisika Handia (1917, New York, MOMA) egin zituen garai horretan. 1919. urtetik aurrera, izpiritu modernoaren kontrako jarrera hartu zuen eta tradizio eta pintura klasikora itzuli zen (Rubens eta Renoir pintoreak gogoratzen dituen estiloa); literaturaren aipamenak batetik, eta bestetik, Erromako eta Greziako hondakinen oroitzapenak aitzakiatzat hartu zituen ironia intelektualista erabiltzeko. Azken garai horretako lanetan garai metafisikoko gaiak erabili zituen berriz ere: manikia, mitologia, eta baita sinbolismo surrealista nabarmena. Ironia ere aurki daiteke lan horietan, baina baita formaren oparotasun gero eta sentikorragoa ere. 1968. urtetik aurrera De Chirico eskulturan hasi zen lanean; ordu arte pinturan erabili zituen osagai ikonografiko berdinak landu zituen pitinadun metaletan.

Erakusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De Chiricoren lanen lehenengo erakusketa 1936an egin zen New Yorken, eta Parisen eta Erroman ondoren. De Chiricoren lan osoa erakusten zuten erakusketak ugari eta garrantzi handikoak izan ziren: Veneziako Bi Urtekoa (1948, 1956), Milango Palazzo Reale (1970), Parisko Marmottan museoa (1975) eta Parisko MNAM (1982).

De Chiricoren lanak munduko hainbat museotan ikus daitezke : Milan (Brera), Chicago (Art Institute), Erroma (GAM), Hanburgo (Kunsthalle), New York (MOMIA) eta Parisen (MNAM), eta Italiako (Milan : Jucker, Jesi, Toninellil, Mattioli bildumak), Frantziako eta Ingalaterrako (Londres, R. Penrose bilduma) hainbat bilduma partikularretan.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De Chiricok, bestalde, literatura eta antzerki lanak ere egin zituen (Hebdomeros, Paris, 1929; Memories de ma vie, Erroma, 1945).

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giorgio de Chirico Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]