Gladys del Estal
Gladys del Estali 2006an eginiko omenaldia. |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Gladys del Estal Ferreño | |
| Jaio | 1956 | |
| (Venezuela) | ||
| Hil | 1979ko ekainaren 3a | |
| Tutera, Nafarroa (Euskal Herria) | ||
Gladys del Estal Ferreño (Venezuela, 1956 - Tutera, Nafarroa, 1979ko ekainaren 3a) informatika programatzaile eta ekintzaile ekologista bat izan zen, Guardia Zibilak Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear batean erail zuena. Euskal herritar gurasoengandik Venezuelan jaioa, Euskal Herrian bizi zen lau urte zituenez geroztik. Donostia hiriko Egiako Kolektibo Ekologista taldeko kidea zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
Gladys del Estalen gurasoak —Enrike del Estal eta Eugeni Ferreño— euskal herritarrak ziren. Enrique del Estal eusko gudaria izan zen Espainiako Gerra Zibilean; Errepublikaren aurka matxinatutako indar faxistei aurre egin zien, Meabe Batailoiko kidetzat. Gerraondoan, Venezuelako Caracas hirian errefuxiatu ziren. Gladys 1956. urtean jaio zen, eta artean lau urteko zelarik, familia Euskal Herrira itzuli zen familia osoa. Hasiera batean, Donostiako Egia auzoko Aldakonean bizi izan ziren, baina geroago Atotxako dorreko etxebizitza batera aldatu ziren. Gladysek Presentación de María ikastetxean egin zituen lehenengo ikasketak, eta administrazioa ikasi zuen Nazaret Zentroan. Ondoren, Kimika ikasteari ekin zion, eta aldi berean programatzaile informatikoa zen enpresa txiki batean.
1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys tiroz erail zuen, Nafarroako Tutera hirian.[1][2] Protesta antimilitarista eta ekologistako ekitaldi batean parte hartzen ari zen Gladys. Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiaraztearren eginiko ekitaldi hura erreprimitu zuten indar armatuetako kide batek hil zuen, bertatik bertara tiro eginda. Lekukoek diotenez, José Martínez Salasek «tía buena» esan zion Gladysi, hark «hijo de puta» erantzun zion, eta orduan Josék bere armaren kulatarekin jo zuen; Gladys lurrera erori zen, eta, altxatzen ari zela, Martínez Salasek tiro egin zion buruan. Tiroa garondotik sartu eta sudurretik atera zitzaion. Gladys ospitalera eraman zuten, larri zaurituta, eta laster hil zen.[2]
[aldatu] Gladys erail izanaren ondorioak
Mugimendu antinuklearra, ordu arte funtsean baketsua izan zena, gogor astindu zuen gertaera horrek, eta behin betiko aldatu zen.[3] Euskal Herriko gizarteak hainbat egunez herri mobilizazio handiak eginez erantzun zuen, eta indarkeriazko gertakizunak izan ziren Hego Euskal Herriko zenbait hiritan.
Gladys erail zuen guardia zibila, José Martínez Salas, 1981eko abenduaren 14an epaitu zuten Iruñean; epaia izan zen Josék «arduragabekeria» izan zuela, eta hemezortzi hilabeteko espetxealdira kondenatu zuten. Espetxealdi hori ez zuen osorik bete,[2] eta kondena arin horrek protesta mobilizazioak eragin zituen berriro.
Euskal herritarren alaba eta Euskal Herrian hezi eta hazia zen arren, Gladys «venezuelar» gisa agertu zuten Espainiako hedabideetan.[4] Fito Rodríguezen ustez, hedabide horiek «ezin zurituzkoa zuritzen» saiatu ziren, eta venezuelar jatorri hori baliatu nahi izan zuten atzerritik protesta horretan parte hartzera berariaz etorritako aktibista bat zela pentsarazteko.[5] Pedro J. Ramírezek «ETA konglomeratua» delako bati leporatu zizkion Tuterako gertaerak.[6]
[aldatu] Gaur egun
Gaur egun, Gladys del Estalen bizitokia zen Donostia hirian, haren omenez jarri zioten izena Gladys del Estal zubiari. Egia auzoko hainbat herri taldeek, gainera, Kristinaenea parkeari Gladys de Estal parkea izena jartzeko eskakizuna egin izan dute. 2006an, parke hartan Gladysen aldeko omenaldia egin zen, horregatik parke horri batzuetan Gladysenea ere deitzen zaio.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Ainhoa AROZAMENA AYALA: «Central nuclear de Lemóniz: muerte de Gladys del Estal», Auñamedi Eusko Entziklopedia.
- ↑ a b c «30 años del asesinato de Gladys», Diario de Noticias de Navarra, 2009ko ekainaren 7a.
- ↑ Carlos S. OLMO BAU: «Ilegalismos en la defensa del medio ambiente», Revista Telemática de Filosofía del Derecho, 3. zenbakia, 1999/2000, 19-30. orrialdeak.
- ↑ Fermín GOÑI: «Eduardo Ameijide: "Respeto todas las peticiones, pero no pienso dimitir"», El País, 1979-06-06.
- ↑ Manex ALTUNA: «30 años sin Gladys, símbolo antinuclear», Gara, 2009-06-06.
- ↑ Pedro J. RAMÍREZ: «Las cien caras de ETA», ABC, 1979-06-10.
[aldatu] Kanpo loturak
- «Gladys del Estal hil zutela 30 urte pasa dira», Euskadi Irratiko Faktoria saioan 2009ko ekainaren 6an hilketaren lekuko batek adierazitako oroitzapenen audioa, EITB.com webgunean eskuragarri (iraupena: zazpi minutu). Audio fitxategiaren zuzeneko esteka: <http://www.eitb.com/multimedia/audios/2009/06/03/111737/P40304_20090603_104205.mp3>.
- Juan Mari BELDARRAIN: «Gladys del Estal, gaur», Berria, 2006-06-02.
- 1979ko kronologia, Argia.com.
- Fermin GOÑI: «La Guardia Civil retiró un monolito dedicado a Gladys del Estal», El País, 1980-06-03.