Isaak Babel

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Isaac Babel.

Isaak Emmanuilovitx Babel (errusieraz: Исаа́к Эммануи́лович Ба́бель; Odesa, Errusiar Inperioa, 1894ko uztailaren 12a - Butyrka espetxea, Mosku, Sobietar Batasuna, 1940ko urtarrilaren 27a) errusierazko idazlea izan zen. Judua zen jatorriz. Errusiako Iraultzaren alde egin zuen, eta Armada Gorriko zaldunerian sartu zen 1920an. Popuchiki («bidaiako lagunak») taldean parte hartu zuen. Sentiberatasun handiko idazlea izaki, zorroztasunez azaldu zuen bere garaiko bizimodua. Nobelak, ipuinak eta antzezlanak argitaratu zituen. Aipagarrienak hauek dira: Judu ipuinak (1917), Zalduneria gorria (1926), Odesako ipuinak (1931) eta Lehen maitasuna.

Literatura-garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizitzea tokatu zitzaion iraultza-aldiak eta 1920ko hamarraldian Errusiak bizi izan zuen egoerak bi norabidetan baldintzatu zuten Babelen literatura-garapena. Kontuan izan behar da, alde batetik, errusieraz adierazten zen literatura judua erabat desagertu zela judu-errusiar aldizkariak ixtera behartu zituztenean -esparru horretan kokatzen da Babelek 1913an argitaratu zuen lehen lana: Staryj Slojme (Salomon zaharra, Kieveko Ogni aldizkarian argitaratu zen ipuina)-. Garai hartan, errusierazko literatura juduaren ordezkari asko sobietar literatura gaztean sartu ziren, eta Babel bilakatu zen denetan ezagunena. Bestalde, gizarte -eta literatura-irakinaldi hartan indarrean zen balio-sistemak bultzatuta, herriak ideal berriak beretu eta barneratuko zituen itxaropena jaio zitzaion idazleari. Sustrai juduetan eta sobietar abertzaletasunean oinarrituta idatzi zuen Babelek lanik onena, mundu osoko literaturan obra bakar izango zena: Konarmija (1926, Zaldieria gorria).

Zaldieria gorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeita hamalau kontakizunez osatutako bilduma da (1933ko argitaralditik aurrera, hogeita hamabost), eta ez ditu ehun eta berrogeita hamar orrialde inguru baizik. Zortzi argitalpen izan zituen 1926tik 1933ra. Oro har, kritikak oso harrera ona egin zion liburuari, baina salaketa politikoak ere izan zituen hasieratik.

1920ko udan, Zaldizko I. Gudarostean zegoela Babelek idatzitako barne-egunkarian, argi ikusten da idazle gazte hark zer-nolako egoera bizi zuen. Kirill Liutov izengoitipean, kolaborazioak idazten zituen Krasnyj Kavalerist (Zaldun gorria) egunkarirako.

Zaldieria gorria liburuko narratzaileak (Liutov deituraz agertzen da) kontraesan nabarmenak erakusten ditu adierazten dituen iritzien eta portaeraren artean. Bakardadera kondenaturiko judu eskolatu hura -judua zelako bezainbat eskolatua zelako bakardadera kondenatua- beldur zen etxean eta auzoan ezagutu zuen kultura judua galduko ote zen, baina, aldi berean, irrikan zegoen kosakoen mundu hasa eta izukaitz hartan iraultzaren ideologia zabaltzeko eta txerarazteko. Hala ere, ez zuen guztiz bat egiten iraultzak aldarrikatzen zituen printzipioekin: juduen bizitoki eta mundu itogarriak atzera eragiten zion, kosakoen basakeriak izu-larritu egiten zuen, eta baita boltxebike batzuen fanatismoak ere.

Bestalde, Zaldieria gorria aldizkariko kontakizunen ordena ez dator bat benetako gertakarienarekin. Errepikatzen diren zenbait elementu paralelok osatzen dute liburuaren barne-jostura korapilatsua: kristau mitologiako hainbat irudi, folklorekoak, zeruko argizagiak, koloreen sinbolismoa eta beste hainbat leitmotiv. Aipatutako elementu horien bizitasuna eta erabili zuen hizkuntza distiratsua konbinaturik, prosa apaingarri deitu zaion idazkera sortu zuen Babelek.

Skaz formak (aho-hizkeraren estilizazioa, gizarte-maila apaletakoena, batik bat) eta Babelen hizkeraren berezitasunek oso ongi transmititzen dute kosakoen mundu basati hurbilgaitzak sortzen duen izua. Zaldieria gorriaren narrazio-ehundura guztia elkarrekin nahasten diren hainbat gaiz osatua dago: hasidismoarekin zerikusia dutenetatik hasi, poloniar katolizismotik pasatu, eta kosakoen mundua islatzen dutenetaraino, ia hirurehun urtez elkarrekin izandako historia islatzen dute. Egilea hiru ikuspegietan jartzeak halako harmonia bat ematen dio testuaren antolaketa zorrotzari.

Bi kulturatako partaide[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odesskie Rasskazy (1921-1932, Odesako ipuinak) izeneko lanean, Ukrainako portu-hiri hartako unibertso berezia erakusten da. Horretarako, Odesako hizkera erabiltzen du egileak, ukrainerazko eta yiddishezko esaeraz jositako errusiera, alegia, hura baitzuen gogokoena, bere ama-hizkuntza baitzen. Gaiak juduak dira erabat, eta Odesako gaizkileen eta lapurren mundua deskribatzen du; egilea, ordea, ez da mundu horretako partaide. Gogo biziz eta inbidia pittin batez idatzitako ipuinak dira, kanpotik, betiere. Liburua irakurtzean, ozen entzuten da desagertzen ari zen juduen mundu hark Babeli sortzen zion galdu-mina eta pikaro jende harekiko sentitzen zuen halako erromantizismo moduko bat.

Inor ondorio okerrak ateratzera eraman lezake hil ondoko argitaraldietan Istorija moej golubjatni, Pervaja Ijuhov, V podvale eta Probuzdenie (Nire usategiaren istorioa, Lehen maitasuna, Sotoan eta Esnatzea) ipuinak Avtobiograficeskie Rasskazy (Kontakizun autobiografikoak) izenburupean bildu izanak.

Alde batetik, ipuin horiek ez dute ziklo bat osatzen, eta, bestetik, tratatzen diren gertaerak eta egoerak ez dira idazlearen biografiatik ateratakoak, nahiz eta haren haurtzaroko giroa maisuki islatzen duten. Ipuin horietako elementu giltzarria, bestalde, haurraren ikuspegia da: begirada horrek ez ditu ezagutzen, ez bereizten, prozesu historikoetatik jaio diren gizarte-mailak eta erkidego nazionalak. Begirada hori bat dator neurri batean Babelek beti izan zuen posizio urrun eta inpartzialarekin. Besteetatik bakartuak bizi ziren juduen eguneroko bizimodua, pertsekuzioak eta pogromak bigarren planoan gelditzen dira haurraren bizitzako gertakari garrantzitsuagoen atzean: amodioaren aurkikuntza, lehen iruzurra, lehen maisua, eta abar. Hain zuzen ere, herriaren patu historiko gogorra bigarren mailan erakuste horrek ematen die ipuin horiei benetako kutsu tragikoa.

Antzezlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi antzezlan nagusi idatzi zituen Babelek: Zakat (1926-1927, Ilunabarra) eta Marija (1935, Maria). Lehenengoak paper berezia jokatzen du Babelen literatura-biografian. Antzezlanaren gaia Odesako ipuinetatik aterata dago, eta hangoak dira, orobat, obrako giroa eta pertsonaiak ere.

Epikaren generoan gertaera bitxi soil bat zena, ordea, gai jasoago eta seriosago bilakatzen da forma dramatikoan. Belaunaldien ordezkapenaren betiereko tragediaren gaia lehen ere erabilia zen errusierazko antzerkigintza juduan, baina Babelen lumak maisulan bilakatu zuen tragedia hori, zeren eta herri juduak Bibliako antzinako jakinduria historian zehar bereganatu eta eguneroko jakinduria bilakatu baitzuen. Bestalde, ilunabarraren sinbolismo zabalak juduen aro patriarkalaren eta antzinako bizimoduaren galera adierazten du. Babelek ez zion mundu hari negar egin, baina hari itsatsita geratu zen, eta ez espiritu soilez, baita gorputzez ere. Idazleak ez zekien egunsentia nolakoa izango zen eta zer-nolako mundu berria argituko zuen. Estutasuna eta goibeltasuna nabarmen antzematen dira antzezlan horretan, eta obra horrek markatuko zuen, hain zuzen, Babelen beraren ilunabarraren hasiera ere. Politikaren munduko beste gertaera askorekin batera (Stalinen diktaduraren hasiera, nekazarien hondamendia, industrializazio basatia), garrantzizkoa izan zen Babelek hain maitea zuen herri judu tradizionala Errusiatik aienatu izanak: judu-errusiar idazlea jaio eta hazi zen mundua betiko desagertzea ekarri zuen horrek.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hamarkadan idatzitako zenbait kontakizun Babelen maisulanen artean sartu behar dira zalantzarik gabe, bai ikuspegiaren zorroztasunagatik, bai deskripzioen distiragatik, bai oharmen psikologiko zehatzagatik: Doroga (1930, Bidea), Ulica Dante (1934, Dante kalea) eta Di Grasso (1937).

1925etik aurrera, zinemarako lan egin zuen, filmetarako argumentuak idazten. Hasieran, Sholem Aleichem idazlearen gaietan oinarritu zen; gero, bere ipuinetatik atera zituen; eta, azkenik, enkarguzko lanak egin zituen, soldata ateratzea beste helbururik gabe. Babel bidelagunen multzoan sailkatu zuten, hau da, langile-klaseari eta haren literaturari leial izatea zin egin ez zioten idazleen multzoan, lehenbizi, etengabeko eraso politikoen pean zegoelako, gero, gerra zibilari buruz margotu zuen koadroa behar bezain heroikoa ez zelako, eta, azkenik, isilik egon zelako. Gorkiren sostengua eta adiskidetasuna benetako babesa izan ziren Babelentzat. Baina hura hil ostean, purga handien mende erori zen Babel: atxilotu, eta Siberiara eraman zuten.

Babelen obraren funtsa aurkakotasunean oinarritzen da gehienetan, eta talka hori izan ohi da kontakizunaren mamia: humanismoa - ankerkeria, idealismoa - sentsualitate baldresa, erabakitasun heroikoa - zalantzak, pertsona eskolatuak - kosakoak, ironia - sentimentaltasuna, eta abar. Dikotomia horren presentzia atergabeak Babel erromantiko gisa ikusarazten digu askotan. Idazleak berak idatzita utzi zuenaren arabera, Gogol, Maupassant, Flaubert eta Gorki gaztea izan ziren harengan eragin handiena izan zuten idazleak. Nolanahi ere, erabilitako gaiengatik eta idazkeragatik Errusiako 1920ko Belaunaldiko literatura-mugimenduan sartzen den arren, ez da ahaztu behar errusieraz idatzitako literatura juduaren barruan ere kokatu behar dela Isaak Babel.

Behin estalinismoa bukatu eta gero, Babelen idazlanak argitaratzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka, eta haren izen ona bere tokia hartzen joan zen berriro. 1960 ingururako, mundu osoan zabaldu zen Babelen obrari buruzko interesa, eta, geroztik, ez du gutxiagora egin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Isaak Babel Aldatu lotura Wikidatan