Jose Manuel Lujanbio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jose Manuel Lujanbio
Jose Manuel Lujanbio
Txirrita (ezkerrean) eta Saiburu bertsolariak (argazkilaria: Indalecio Ojanguren).
Datu pertsonalak
Izen osoa Jose Manuel Lujanbio Retegi Ganborena Iraola
Ezizena Txirrita
Jaio 1860eko abuztuaren 14a
Ereñotzu, Hernani, Gipuzkoa ( Euskal Herria)
Hil 1936ko uztailaren 3a[1]
Altza, Donostia, Gipuzkoa ( Euskal Herria)

Jose Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita" (Ereñotzu, Hernani, Gipuzkoa, 1860eko abuztuaren 14a - Altza, Donostia, Gipuzkoa, 1936ko ekainaren 3a) bertsolaria izan zen. Bere ospeak Gipuzkoako mugak gainditu zituen, eta XX. mendearen lehenbiziko erdialdean Euskal Herri osoan famatu zen. Mingain zorrotz eta bizkorreko bertsolaritzat nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak herriaren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren bertsoetan garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotza eta familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Manuel Lujanbio Retegi 1860eko abuztuaren 14ko goizeko hiruretan jaio zen. Gurasoak Bautista Lujanbio Ganborena hernaniarra eta Juana Josefa Retegi Iraola oiartzuarra izan zituen. Aitaren aldeko aiton-amonak, Pedro Lujanbio eta Paskuala Ganborena, biak hernaniarrak, eta amaren aldeko aiton-amonak berriz, Inazio Retegi oiartzuarra eta Frantziska Iraola errenteriarra izan ziren.

Txirrita Gipuzkoako Hernani udalerriko Ereñotzu auzoan dagoen Latze edo Latze-Zar baserrian jaio zen. Baserri hori Hernanitik Goizuetara bidean, Ereñotzu auzoko kaletik zortzi bat kilometrora zegoen, Urumea ibaiaren eskuinaldean. Benta-txuri, Pago izarte eta Urdaburutik datorren eta Uxako-erreka deritzaion erreka baten ertzean.

Bere anaia-arrebak hauek izan ziren: Josefa Inazia Lujanbio Retegi (1958ko otsailaren 11an jaioa), Migel Jose (1862ko abenduaren 23an jaioa), Juan Maria (1865ko abenduaren 4an jaioa), Maria Aszension (1867ko azaroaren 20an jaioa), Juana Bautista (1870eko apirilaren 6an jaioa), eta azkenik Isabel Bizenta (1872ko azaroaren 5an jaioa).

Ereñotzutik Errenterira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hargin andaluza»

Latze baserrian hamahiru urte arte bizi izan zen. Hijos de Jaime Puig - Destilería de Leñas y Fábrica de Productos Químicos fabrika zenak Latze baserriko soro eta larreak hartu zituen, eta familia osoa Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen. Latze baserriak denbora askoan oso-osorik iraun zuen, baina azkenean erori egin zen.

Fabrika hura eraikitzean, langileen artean ba omen zegoen hargin andaluziar bat. Behinola, hargin andaluziar hark bezperan egindako horma okertuta aurkitu omen zuen, eta horma oker hura zuzendu nahirik bultzaka hasi omen zitzaion. Lantegi horretan ari zela, Txirritak ikusi egin zuen. Oraindik mutiko koxkorra zen, baina honako bertso hau bota zion:

« Aiziak biali du
andikan onuntza,
geroztik emen dabil
gure andaluza;
argiñ ona zala ta
zakurraren putza,
bera eroriko dek,
ez akiyok bultza.
 »

Gertaera honen beste bertsio baten arabera, oso hargin ona zela eta, berealdiko ospea zuen hargin andaluziar bat Ereñotzura etorri omen zen. Txirrita mutikoa, beste batzuekin batera hargin-mutil lanetan ibili ohi zen. Dirudienez aurreko egunean andaluziar harginak horma oker xamarra egin omen zuen (hargintzan honi bizkarra esaten omen zaio). Inork ez ikusteagatik, andaluziar hargina goizean goiz joanda, mailuarekin horma barrualdera kolpatuz ari omen zen Txirritak ikusi eta bertso ospetsu hori bota zion.

Txirrita baserrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antonio Zabalari kontatu ziotenez, Txirritagana jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Desamodio kontuak eta mota guztietako arrazoiengatik sortutako ezin ikusiak ziren, besteak beste, bertso-sorta horietako gaiak. Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak eta bere ilobak paperean jarri, gero inprentara eraman eta azoka egunetan saltzeko. Bertso asko galdu ez izana herriaren oroimenari eta Antonio Zabala bezalako bertso-paper biltzaileei zor diegu.

Eskola zaharreko bertsolari mutilzahar, parrandazale eta pikaroaren prototipoa bihurtu da Txirrita euskal iruditerian. Hargin ona izan arren, ez omen zitzaion lan egitea asko gustatzen eta ahal zuen guztietan jai hartzen omen zuen tabernan edanean eta jokoan aritzeko. Eskolarik gabea zen; inprentako hizkiak irakurtzeko gai bazen ere, ez zekien idazten eta bertsoak ilobari diktatzen zizkion.

1935ean lehen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan txapela eman zioten, bertsolariarentzako omenaldi gisa.

1936ko maiatza aldean Goizuetan izandako krisi baten ondorioz 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzako Gazteluene baserrian.

Bilbon, Hernanin eta Altzako hiru kalek bere izena daramate. Oreretan bada Txirrita-Maleo izeneko industrialde bat: Bere izena Txirrita eta Maleo baserrien artean egoteagatik datorkio.

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelketa Txapelduna Txapeldunordea
1935 Bertsolari Txapelketa Nagusia Basarri Txirrita
1936 Bertsolari Txapelketa Nagusia Txirrita  ????

Bertsoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jose Manuel Lujanbio Aldatu lotura Wikidatan
Wikiiturrietan badira testuak, gai hau dutenak:
Jose Manuel Lujanbio