Mircea Eliade

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mircea Eliade
Mircea Eliade
Mircea Eliade.
Datu pertsonalak
Izen osoa Mircea Eliade
Jaio 1907ko martxoaren 9a
Bukarest (Errumania)
Hil 1986ko apirilaren 22a
Chicago (AEB)

Mircea Eliade (Bukarest, Errumania, 1907ko martxoaren 9a - Chicago, AEB, 1986ko apirilaren 22a) filosofo, erlijioen historialari eta poesia- eta eleberri-idazle errumaniarra izan zen. Zortzi hizkuntza hitz egin eta idaztera iritsi zen (errumaniera, frantsesa, alemana, italiera, ingelesa, hebreera, pertsiera eta sanskrito) eta Eranos-eko Zirkuluko partaide izatera iritsi zen.

Poesiazko liburuak eta eleberriak idatzi ditu, errumanieraz eta frantsesez: Maitreyi, 1933; La Foret interdite (1955, Baso debekatua), baina erlijioen historia landu du batez ere.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliaderen etxea, Bukaresten, 1934 eta 1940 artean.

Filosofia ikasketak egin ondoren, filosofia eta pentsamolde hinduaren konparazioan espezializatu zen. Lau urte eman zituen horretarako Kalkutan (1928-1931), eta han, sanskritoa ikasteaz gainera, indiar sistema filosofikoak aztertu zituen. Bukarestera itzulirik, mitologia konparatuzko ikerketak egiten hasi zen. Gerra garaian, Errumaniako kultura ordezkaria izan zen Londresko eta Lisboako enbaxadetan. 1945ean Parisa joan zen eta bertako L'Ecole Pratique des Hautes Etudes-eko irakasle jardun zuen, harik eta 1957an Estatu Batuetara joan zen arte. Chicagoko unibertsitateko Divinity School-en irakasle izan zen, eta 1960an History of Religions aldizkari garrantzitsua sortu zuen. Chicagon hil zen 1986. urtean.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yoga, immortalite et liberte (1936) da Eliaderen metodoaren lehen erakusgarri inportantea. Yoga deskribatu ez ezik, testu brahmanikoen argitan interpretatzen du, eta orobat ikertzen du zernolako sustraiak dituen taoismoan, sufismoan, Sartaldeko alkimian, bai praktikei, bai teoriari dagokionez; hau da, historia baino areago konparazioa egiten du, erlijiotasunaren azterketa fenomenologikoaren eta tematikoaren bitartez, ageriko ikurretatik abiatuz. Gai honen inguruko liburu eta artikulu asko idatzi zuen, besteak heste, Le Mythe de l'eternel retour (1949, Itzulera etengabearen mitoa), Traite d'histoire des religions (1949, Erlijioaren historiaren azterlana), eta Le Sacre et le Profane (1956, Sakratua eta profanoa).

A History of Religious Ideas (1978-1985, Ideia erlijiosoen historia), hiru liburukiz osatutako lan handia, alor horretan Eliadek bildu zuen jakintzaren bilduma da. Usadiozko historia, aurreko lanetan baztertu zuena, agertzen da hemen: Buddharen bizitza, islamaren zabalkundea, kristau sekten kronologia ... Baina ez da ohiko sintesia, lan honetan logos-aren, kontzientziaren garrantzia azpimarratzen baita, egitura sozialak eta ekonomikoak "idealizatzen" baititu garai jakin bateko teologian. Bibliatik sortutako erlijioek, adibidez, denek dute gizakia ulertzeko modu jakin bat, "kriatura" gisa, eta orobat munduaren bilakaera "jainkozko historia" baten gisa; ez dira ulertzen beraz Kreazioaren eta Eroraldiaren teologia biblikoaren argitan ez bada. Eliaderen iritziz, ez badira kontuan hartzen erlijio forma baten sorreran nagusi ziren baldintza intelektualak, ezin ulertu dira mitoak eta errituak, pentsamolde zehatzen arabera finkatuak daudenak; pentsamolde horiexek argitzea da hain zuzen Eliaderen lanaren xedea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mircea Eliade Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Mircea Eliade