Patxi Saez Beloki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Patxi Saez Beloki

Patxi Saez Beloki, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016ko otsailaren 12ko jardunaldian.
Bizitza
JaiotzaBeasain1964ko martxoaren 8a (60 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jardueraksoziolinguista
KidetzaEuskaltzaindia

patxisaez.eus
Twitter: PatxiSaez Edit the value on Wikidata
Helduen alfabetatze-euskalduntze arloan euskalgintzan ari ziren euskara irakasleei ikusgarritasuna emateko Patxi Saez Beloki euskaltegietako irakasleen adibide grafiko bihurtu zen "Euskal Hitz" Euskararen I. Erakusketa Orokorrean (Azpeitia, 1991).[1] Argazkia: Euskal Hitz, Pepe Gil.

Patxi Saez Beloki (Beasain, Gipuzkoa, 1964ko martxoaren 8a) soziolinguistahizkuntzaren soziologian aditua— eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea;[2] Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria da 1999. urtetik. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio eta Gizarte Zientzietan lizentziaduna eta Unibertsitate Espezialista Hizkuntza-plangintzan. 2019. urtetik Aittu! Euskara Elkarteko lehendakaria da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikastolako haurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroan Beasaingo lehenengo ikastolako ikaslea izan zen[3] eta Beasaingo ikastolaren hasiera hartako oinarri eta zutabe izan zen Ixabel Olano Segurola beasaindarra izan zuen andereño.[4] Idazten eta irakurtzen txotxekin ikasi zuen —Elbira Zipitriaren ikasbidearekin— eta oinarrizko matematika, berriz, plastilinaz egindako pottoka eta kanikekin ikasi zuen; [5] ikastolan izan zituen lehenego bi ikasliburuak Martin Txilibitu eta Xabiertxo izan ziren.[6]

Euskararen irakaskuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gazterik ekin zion euskalgintzako ibilbideari: 16 urterekin Beasaingo gau eskolan eta Lazkaoko Euskal Eskolan euskara irakasten hasi zen.[7] Garai hartan bi ikastegi horiek Goiherriko Euskal Eskolaren baitan zeuden,[8] Dionisio Amundarain euskararen sustatzaile eta ekintzailearen gidaritzapean.[9]

1981ean Eusko Jaurlaritzak HABE —Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea— abian[10] jartzearekin eta 1983an legezko izaera[11] ematearekin batera Euskal Autonomia Erkidegoko hamar mila biztanletik gorako herri askotan udal euskategiak[12] ireki zituzten eta irakasle premia sortu zen. Hortik, Patxi, 19 urterekin, 1983-1984 ikasturtean, Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegian hasi zen irakasle. 20 urte zituela (1984an) Azpeitiko Udal Euskaltegian irakasle lanpostua lortu zuen oposizio-lehiaketa bidez. Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendaria ere izan zen 1997tik 1999ra.[13] Patxi Saezek, guztira, 19 urte egin zituen euskararen irakaskuntzan.

Hizkuntza planifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999an, Azpeitiko hizkuntza planifikazioa bideratzeko, Azpeitiko Udalak Euskara Patronatua sortu zuen[14] eta sorreratik erakundearen arduradun teknikoa da.

Euskalgintzari lotutako bere ibilbide profesionaletik eta euskararen gizarte-ekintzailetza aktibotik hainbat ekimen berritzaile eta urratzaile jarri ditu abian:

EBPN[15][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Saez Beloki, Iñaki Etxezarreta zinegotziarekin batera, Euskal Herriko udalerri batean abian jarri zen lehenengo Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkezten Azpeitiko udaletxeko batzar-aretoan 2001eko azaroaren 23an. Argazkia: Euskaldunon Egunkaria.

Azpeitian Euskara Biziberritzeko Lehenengo Plan Nagusiaren[16] diseinu teknikoa egin zuen eta 2001. urteko abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Azpeitiko 657 lan eta gizarte erakundek eta 5.000 azpeitiar baino gehiagok Euskara Biziberritzeko Azpeitiko Lehenengo Plan Nagusia abian jartzearen aldeko babesa eman zuten beren sinadura emanez udaletxeko arkupetan jarritako sinadura mahaietan.[17] Azpeitikoa izan zen Euskal Herriko udalerri batean abian jarri zen lehenengo EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia).[18] [19]

Erabili.com[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003-04-01ean euskararen eguneroko aktualitatea eta iritzia jorratzen zuen lehenengo hedabide digitala jarri zuen abian (Erabili.com)[20] eta editore lanetan aritu zen zabalik iraun zuen 12 urteetan, 2015ko abendura arte. Erabili.com agerkariak 2.500 harpidedun baino gehiago izan zituen munduko 80 herrialdeetan eta euskalgintzako eragileen artean oso erabilia eta ezaguna bihurtu zen euskarari buruz egunero argitaratzen zituen berriengatik eta, batik bat, euskaltzale eta adituen[21] iritziak eta eztabaidak argitaratzen zituelako. Euskarari buruzko albiste iturri erreferentziala[22] bihurtu zen; izan ere, besteak beste, Europa Press albiste agentziak erabili.com agerkariak argitaratutako informazioa zabaltzen zuen.[23]

Udal-eskumenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Saez Beloki, Ana Mendizabal Euskara batzordeburua, eta Julian Eizmendi alkatea, Azpeitiko Udalaren Euskararen ordenantzari babesa eman zion Gipuzkoako Batzar Nagusien 2009ko urriaren 7ko bilkuran. Argazkia: Urola Kostako Hitza

2005eko abenduaren lehenengo egunean «Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza»[24] onartu zen aho batez Azpeitiko udala osatzen zuten alderdi eta zinegotzi guztien aldeko botoarekin (EAJ, EA, PSE-EE eta PP).[25] Ordenantzari estatuaren abokatuak, EAEko Espainiako Lurralde Ordezkaritzak galdaturik, auzi-eskea jarri zion «gaztelania baztertzen» zuela argudiatuz. EAEko Auzitegi Nagusiak 2007. urtean,[26] aurrena, eta 2009an Espainiako Auzitegi Gorenak[27] [28] Azpeitiko ordenantzaren aurkako epai bana eman zuten. Espainiako auzitegietatik eman zituzten epaiek ukatu egiten zuten Azpeitian euskara «askatasunez» egiten zenik, izan ere, epaileen ustez Azpeitiko Udal ordenantzak, nahitaez, Azpeitian euskara erabiltzeko beharkizuna ezartzen zuen. Ildo beretik, ordenantzak Azpeitian gaztelaniaz egitea «galarazi» egiten zuela zioten. Horrez gain, bi epaiek baieztatzen zuten udalek ez zutela «eskumenik» euskara sustatzeko. Espainiako justiziatik etorritako epaiek hautsak harrotu zituzten Euskal Herriko herritar eta politikarien artean. Epaiak «erokeria juridikotzat» hartu ziren eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek[29] Azpeitiko ordenantza «eredugarria» zela esateaz gain, udalek hizkuntza-politikako arauak eta ordenantzak ezartzeko «beharra eta eskubidea» zutela aldarrikatu zuten aho batez, gipuzkoarren ordezkaritza zuten alderdi politiko guztien aldeko botoarekin (PSE-EE, EAJ, H1!, EB-B-Aralar, PP eta Alternatiba).[30] Espainiako epaitegietatik jasotako erantzunak agerian utzi zuen euskararen aldeko udal politikak garatu ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoko udalek premia gorria zutela udal eskumenak aitortuko zizkien lege bat izateko. Eskumen horiek EAEko udalei Eusko Legebiltzarrak aitortu zizkien 2016an indarrean jarri zuen Euskadiko Udal Legearen[31] bidez, Azpeitiko Udalak ordenantza bidegilea onartu eta auzitegiz auzitegi 11 urteko gurutze-bide eta gurutzadan ibili eta gero.[32][33]

Espainiako eta Frantziako estatuek euskara administrazio publikoan —batez ere herritarrengandik hurbilen dagoen udal administrazioan— kate motzean eta larre motzean nahi zutela salatu zuen Patxi Saezek.[34] Ildo beretik, Frankismoaren diktaduraren ondoren, 1978ko Konstituzio Legearen eskutik EAE eta Nafarroa erakundetu zirenetik, Espainiako epaitegietatik, behin eta berriro —sistematikoki— txori izan nahi zuen euskarari hegoak ebaki egin zizkiotela deitoratu eta gaitzetsi zuen.[35]

Elegune[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Saez Beloki Elegune aurkezten Udaltop Euskal Herriko Udaletako Euskara Zerbitzuen XIII. Topaketan (2021).[36] Argazkia: Udaltop

2006-09-22an Elegune,[37] [38] Enpresen Hizkuntza-Gestioa Hobetzeko Euskal Herriko lehenengo zentro teknikoa,[39] jarri zuen abian Euskara Patronatuak Patxi Saez Belokiren gidaritzapean. Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera daude Patxi Saezek formulatutako Gurdiaren Paradigmaren ardatzean, baita Eleguneren sorburuan ere. EAEko hamar mila biztanletik gorako udalerri askok XX. mendearen 80ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearen sorrerarekin batera, herritar helduen artean euskararen ezagutza zabaltzeko premiatik udal euskaltegiak sortu zituzten moduan, XXI. mendearen hasieran helduen lan arloan euskararen erabilera zabaltzeko premiatik sortu zen Elegune egitasmoa Azpeitian. Euskara sustatzeko udalen ekintzailetzatik sortutako bi azpiegitura horiek, euskaltegiak eta Elegune, euskararen erabateko gizarteratzea lortzeko gurdi bereko bi gurpil dira: bata ezagutzaren hedatzaile eta bestea erabileraren bultzatzaile. XXI. mendearen hasiera hartan langile euskaldunez betetako enpresak ziren Azpeitikoak. Siadeco Ikerketa Elkarteak Azpeitiko esparru sozioekonomikoan 2003an egindako ikerketaren arabera, [40] Azpeitiko 131 enpresetan lanean ari ziren 4.000 langileetatik %90 euskaldunak ziren; makina erreminta eta metalaren industrian, berriz, langileen %95 ziren euskaldunak eta handizkako salerosketa arloko langileen %99 ziren euskararen jabe. Enpresetako langile euskaldunen kopurua Azpeitiko herritar euskaldunena (%88) baino handiagoa zen. Baina lan kontuetan erdara zen nagusi. XXI. mende hasierako Azpeitian euskarak enpresetan sartzeko itxitura eta horma gotorrak zituen. Eta erresistentzia haiek gainditzeko sortu zen Elegune egitasmoa. Planifikazio zentroa izateko sortu zen Elegune, hain zuzen ere, langile euskaldunez osatutako enpresetan euskara produkzio-sistemaren eta produkzio-prozesuaren ardatz-hizkuntza bihurtzeko helburuarekin jaio zen, azken batean, enpresen jarduna euskarazko bizibidera ekartzeko sortu zen Elegune. Lan erakundeak euskararen altzora ekartzeko Euskal Herrian abian jarritako lehenengo udal zerbitzua da Elegune.[41] Elegune Azpeitiko industria arloko langileen %55 elkartzen zituzten 12 enpresa handienen babesarekin jarri zen abian.[42] ELEGUNEk Euskaltzaindiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, ADEGI enpresari elkartearen eta Azpeitiko Udalaren babesa izan zuen bere sorreran.[43]

Euskarak bere nagusitasun guneen (arnasguneen) osaketarako behar beharrezko duen funtsezko ekaia (berezko hiztunak)[44] bizikidetzarako gizarte egitura iraunkorretan elkartzeko (familia, lagunartea, auzoa, herria...), laneko arlo guztietan euskara nagusitzea ezinbesteko motorra ikusten zuen Patxi Saezek.[45]

EtorkiZUn[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an EtorkiZUn egitasmoa jarri zuen abian Azpeitiko Euskara Patronatuak herriko ikastetxe guztiekin elkarlanean,[46] Azpeitira etorri berriak ziren 6 urtetik 16 urte arteko haur eta gazte etorkin guztiei euskara ikasteko bide eraginkor bat eskaintzeko, betiere, Azpeitiko gizarte bizitzan errazago txertatzeko helburuarekin.[47] Egitasmoaren lehenengo bost urteetan ia 500 neska-mutil aritu ziren.[48]

Hizkuntza politikaren udal-neurketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak[49] Euskal Herriko udalerrien hizkuntza-politikak aztertu eta neurtu zituen euskararen historian lehenengo aldiz. Euskararen gizarte-egoera hobetzeko hartutako erabakiak, baliabideak eta emaitzak neurtu zituen Kontseiluak udalerriz udalerri. Lehenengo neurketa hura egin ondoren plazaratutako sailkapenean Azpeitia zegoen lehenengo tokian.[50]

Bikain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an, Azpeitiko Udalak euskararen kudeaketa neurtzen duen Eusko Jaurlaritzaren goi mailako Bikain ziurtagiria lortu zuen.[51] Azpeitikoa Euskal Herriko lehenengo udala izan zen urrezko Bikain egiaztagiria lortzen.[52]

Aittu![aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019an, aurreneko Euskaraldiak Beasaingo udalerrian 2.368 herritarrekin izandako parte-hartze zabalaren ondoren[53] eta Beasaingo euskalgintza egituratu nahian, 64 beasaindar elkartu ziren euskara elkarte bat eratzeko eta abian jartzeko.[54] Patxi Saez ere beasaindar horien artean ibili zen elkartearen sortzaile eta sustatzaile lanetan. Hortik, 2019ko ekainean, Aittu! Euskara Elkarte berriaren lehenengo Batzar Nagusian lehendakari izateko hautatu zuten.

Musukoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko apirilean, Covid-19 izurriak milioika kutsatu eta hildako eraginez Euskal Herrian eta munduan barrena oldarraldi betean ziharduenean, gaitzari aurre egiteko ahoa eta sudurra estaltzeko musuko babesgarriari musukoa esatea proposatu zuen Patxi Saezek sare sozialen bidez.[55] Hitz berriak berehalako onarpena izan zuen[56] [57] eta tximista bezala zabaldu zen euskararen hiztun-herrian.[58] Izandako oihartzun[59][60] eta erabilera zabalaren[61] ondorioz, Labayru Hiztegiko[62] eta Elhuyar Hiztegiko[63] lexikografoek berehala hiztegiratu zuten.

Ez Euskaltzaindiak[64] eta ez Berria egunkariak, ordea, ez zuten onartu 'musukoa' erabiltzea. Berriaren Estilo Liburuak, gainera, berariaz mugatu zuen erabilera, "inoren esanetan bakarrik"[65][66] erabili behar zela zehaztuz.[67]

Elefantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Saez Beloki, ELA euskal langileen sindikatuaren XIV. kongresuaren atarikoan, «Elefantea bidegurutzean» hitzaldia ematen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 180 ordezkari sindikalen aurrean (Donostian, 2017ko ekainaren 2an).[68] Argazkia: Manu Robles-Arangiz Fundazioa

2015eko urriaren 13an Elefantea ikusi[69] artikulua argitaratu zuen Erabili.com agerkari digitalean. Artikulua bi helbururekin eman zuen argitara: batetik, euskararen berreskurapena ziklo amaiera batera iritsita zegoela ikusarazteko eta, bestetik, ziklo berrian euskara laneratzeko estrategiari heldu behar zitzaiola aldarrikatzeko.[70][71]

« Azken urteotan euskalgintzaren inguruko gogoetetan aipatzen den bezala, ziklo luze baten bukaeran eta beste bat hasi nahian gaude euskaldunak. Patxiren artikuluak testuinguru horren usaina du nabarmen: eguneroko lanetik burua altxatu, eta epe luzeko ikuspegiz etorkizuneko erronka nagusiak zein diren finkatzerakoan ekarpen kualifikatua egin digu artikulu honen bidez. Izan ere, euskararen berreskuratze bidean proposamen argia planteatzen du Patxik hurrengo hamarkadetarako: lan mundua euskalduntzea da euskarak EAEn duen erronka nagusia. »

—Iñaki Iurrebaso[72]


Euskara gizarteko ardatz-hizkuntza bihurtzeko zabaldu beharreko ziklo berrian ezinbestean lan-munduaren elefanteari heldu beharra ikusten zuen Patxi Saezek: «Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?».[73][74]

« “Lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean” euskarak ez du etorkizunik zure ustez. Nik erantsiko nuke kultura soziolinguistikoaren oinarrizko printzipio bat ezarri duzula euskararen aldeko borroka-leku ideologikoan eta politikoan. Hizkuntza plangintzan eta glotopolitikan lehentasunik baldin badago, lanaren eremuari zor zaio lehentasun hori. Eta arrazoia begien bistan dago: botere-gune estrategikoa da ekonomiaren sistema, eta sistema estrategiko horretatik kanpo dagoen komunitate linguistikoa hotzak akabatzen dago. »

Joxe Manuel Odriozola[75]


Elefantea ikusi artikuluari euskalgintzako esparru askotako 50 aditu eta ekintzailek baino gehiagok erantzun zioten eta, iritzi truke horretatik, eztabaida bizia sortu zen ondorengo urteetan jarraitu beharreko estrategien gainean. Eztabaidak eztabaida eta iritziak iritzi guztiak bat etorri ziren euskalgintzan eta euskararen biziberritzean ziklo bat amaitu zela eta beste bat zabaldu beharra zegoela.[76]

Euskararen biziberritzean zabaldu beharreko ziklo berriari begira, euskalgintzan predikamendu handia zuten ahotsak, Jon Sarasuarena kasu, bat etorri ziren Patxi Saezen lan-munduaren giltzarritasunaren tesiarekin.[77]

« 40 urtean inbertsio handia egin dugu hezkuntzan, baina ez du inolako zentzurik aurrean lan mundu erdaldun eta erdalduntzaile baten horma badago. Belaunaldi horiei iruzur ez egitekotan, eta orain artekoari zor diogun begiruneagatik, apustu sendoa egin behar da. »

Jon Sarasua[78]


Patxi Saezek idatzitako Elefantea ikusi artikuluaren eragina nabarmena izan zen euskalgintza zibil eta instituzionalaren luze-zabalean. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Eremu Sozioekonomikoan 2019-2023 epealdirako ondu zuen Euskararen Lehenengo Plan Estrategikoaren Liburu Zuria argitaratu zuen[79] eta bertan hitzez hitz jasotzen zenez, «alor sozioekonomikoko euskararen plan estrategikoa lantzen hasteko giltzarri diren hainbat dokumentu» erdigunean jarri zituen prozesuan parte hartu behar zutenekin partekatzeko eta prozesuaz hausnarketa egiteko. Hausnarketarako hautatutako dokumentuen artean Patxi Saez Belokiren Elefantea ikusi artikulua zegoen erdigunean.

Kike Amonarriz soziolinguistak ere 2019an argitara eman zuen "Euskararen Bidegurutzetik" liburuan horrela dio:

« Asko izan dira lan-mundua euskalduntzearen garrantziaz ohartarazi duten ahotsak. Patxi Saezen "Elefantea ikusi" artikuluak mugarri bat jarri zuen eta eztabaida aberatsa zabaldu. »

Kike Amonarriz[80]


Gurdiaren Paradigma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Saez Beloki Gurdiaren Paradigma aurkezten Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016ko otsailaren 12an. Argazkia: Deia, J.M Martínez

2015eko Euskararen Egunean, abenduaren 3an, Euskal Herriko 16 hedabideetan Euskaltzaindiari egindako proposamen eta eskutitz irekia[81] argitaratu zuen euskararen Akademiari eskari zehatz bat eginez: euskararen batasunetik igarotako azken 50 urteotan Euskal Herriko gizartean euskararen normalizazioa lortzeko jarraitutako paradigma berritzeko eta, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko. Euskaltzaindiak aintzakotzat[82] hartu zuen Patxi Saezen eskaria eta 2016ko otsailaren 12an, Bilboko egoitza nagusian, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldia antolatu zuen.[83] Sortutako jakinmina ikusita —astebete aurretik Euskaltzaindiaren areto nagusian tokirik ez baitzegoen bertaratzeko eskariei erantzuteko— jardunaldia interneten, streaming bidez, zuzenean jarraitzeko aukera eman zuen Euskaltzaindiak bere historian lehenengo aldiz.[84] Horrela, Euskaltzaindiaren areto nagusia bete jende zegoela, ehundik gora euskaltzain, ikertzaile eta euskaltzaleren aurrean, eta baita interneteko leihotik so zituen beste hainbaten begiradapean, Patxi Saezek ahuldutako hizkuntzak indarberritzeko paradigma berria aurkeztu[85] zuen: Gurdiaren Paradigma edo Behar Naturalaren Paradigma.[86]


« Zeren Patxi Saezek eskatzen duena, funtsean, paradigma aldaketa bat da, alegia, eta betiko adibidea erabilita, garai batean Fisika Newtonek sortutako paradigmatik ikusten genuen, gero (XX. mende hasieran) iraultza zientifiko bat gertatu zen eta paradigma aldatu zen, hortik aurrera Fisika Einsteinek sortutako paradigmatik hasi ginen ikusten (erlatibitatearen teoria). Esan nahi ote du horrek Newton oker zegoela eta Einstein zuzen? Newtonek deskribaturiko legeak okerrak eta zentzugabeak zirela? Ez, jaun-andreok, paradigma aldaketa bat ez da hori, beste hau baizik: Einsteinek ez zuen Newton desegin, gainditu bai ordea, Fisika ulertzeko modu berri bat eskaini, zeinaren bidez aurrerakada zientifiko itzelak gertatu ziren. Zeren, funtsean, Newtonen paradigma agortua zegoen, eman beharrekoa emanda, elkortua, bizigabetua. Hitz batean, ordurako hila eta fosiltzen hasia. »

Pruden Gartzia[87]


Hizkuntza gutxituak biziberritzeko eredu soziolinguistiko berria proposatzen du Gurdiaren Paradigmak. Eredu teoriko bat da, hizkuntzaren gurdia bi gurpilen gainean ardazten duena —ezagutzaren gurpila eta erabileraren gurpila—. Bi gurpil horiek ardatz berean dabiltza jirabiraka, elkar elikatuz.[88] Hizkuntzaren gurdia mugiarazteko indarra, berriz, hiztunek hizkuntza hori giza-komunikaziorako tresna gisa erabiltzeko duten behar naturalaren[89] neurri berekoa da. Hortik, Gurdiaren Paradigmaren eredu teorikoa Maslow piramidearekin edo giza-beharren hierarkiarekin lotuta dago. Azken batean, Gurdiaren Paradigmaren bi gurpilak mugiarazteko indar hori, behar natural[90] hori, hizkuntza gutxitua ardatz-hizkuntza duten antolaketa sozialek sorrarazten dutela dio Patxi Saezek eta hizkuntza gutxitu ororen indarberritzea hizkuntza gutxituaren arnasgune soziofuntzional horiek babestetik eta berriak sortzeko bidetik etorriko dela dio.

« Ezagutza eta erabilera gurdi bereko bi gurpilak dira: ezinbestean elkarrekin biratu behar direnak, gurdia ondo ibiliko bada. Beharra da gurdiaren ardatza. Patxik bete-betean asmatu duela iruditzen zait. BEHARRA DA GAKOA.[92] «Beharrezkotasuna». Era ezberdinetan formulatu daiteke: arnasgune (geografikoak zein soziofuntzionalak), espazio normalizatuak, espazio hegemonikoak, dentsitate handiko guneak… edo —Patxik dioen moduan— «euskaraz egiteko ziurtasun eremuak». »

—Alex Vadillo[91]


Eredu teoriko horren erdigunean berezko hiztunak[93] jartzen ditu Patxi Saezek. Berezko hiztunak dira Behar Naturalaren Paradigmaren eragile eta ekintzaile nagusiak; modu naturalean hizkuntza gutxitua berezkoa duten hiztunak dira, hizkuntza horretan bizi eta pentsatzen duten hiztunak.[94] Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak arrazoitzeko mintzabide, izan ere, bere-berea duten hizkuntza hori dute beren kolkorako barne-mintzo eta gogoetarako tresna.[95] Berezko hiztunek elkar hartuta elkarbizitzarako gizarte-egiturak osatzen dituztenean (familia, lagunartea, auzoa, herria…) gizarte-egitura horiek hizkuntza gutxitua komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzeko Behar Naturalaren sortzaile eta jagole bihurtzen dituzte.

« Komunikaziorako euskara ardatz izango duen gizartea eraiki behar dugu. Barre eta negar euskaraz egingo duten euskaldunekin osatutako gizartea eraiki behar dugu. Oroimenean gordetako bizipenak euskaraz dituzten euskaldunekin osatutako gizartea. Atsekabean barrua euskaraz hustuko duten euskaldunekin osatutako gizartea eta, atsegin betean, pozak eta alaitasunak euskaraz biziko dituen gizarte euskalduna izan behar dugu jomuga. »

Patxi Saez Beloki[96]


Beasaingo soziolinguistarentzat hizkuntza gutxituaren biziberritzeak, lehen-lehenik, Maslow piramidean gizabanakoak dituen oinarri-oinarrizko beharrak betetzeko, komunikazio efektiboa eta afektiboa asetu behar du —amaren eta seme-alaben arteko harreman-lokarria eta baita familiarteko eta lagunarteko harreman-lotura estuenak ere—. Norbanakoaren lehen sozializazioaren oinarrizko komunikazio-beharrak asetu ondoren, bigarren sozializazioaren komunikazio-premietan ardaztu behar da hizkuntza-biziberritzea: hezkuntzan eta kulturgintzan. Bigarren sozializazioan gizarte eragile oso garrantzitsuek parte hartzen dute, hala nola, eskolak eta komunikabideek, azken horien artean toki nabarmena dute internetek eta sare sozialek. Azkenik, Gurdiaren Paradigmaren arabera, lana da gizarte-antolaketaren bilakaerarekin lotura estu-estua duen giza jarduera, giza-behar natural guztietan eragina duena. Gizateriaren historiaren sokan lana dago gizarte aldaketa eta giza aitzinamenduaren ardatzean. Gizartean txertatuta bizi den gizakiak lana du bizibide eta bizimodua ateratzeko bizimolde.[88] Lanaren edo beharraren bidez, elikatzeko giza-premiarik oinarrizkoenetik hasi, eta Maslow Piramidearen tontorrean dagoen autorrealizazioaren arteko gizakiaren premia guztiak asetzen dira. Beraz, Gurdiaren Paradigmaren arabera, hizkuntza ororen bete-beteko normalizazoa, hizkuntza lan-arloan erabateko ohikotasunez erabiltzearekin bideratzen da, lana baita gizabanakoaren gizarte antolaketaren jarduera nagusia.

« «Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena»: horra zure beste iritzi bat. Bete-betean asmatu duzu gai horretan ere: “sozializazioaren faktorerik garrantzitsuena lana da”, dio batetik Andre Gortzek. Eta bestetik: “kohesioa eta herritartasuna oinarritzen diren lana” ezin da murriztu nolanahiko ‘lana’ kontzeptura, zeren eta “lana kategoria antropologikoa izateaz gain, gizakiaren bizi-iraupena bermatzen duen beharrizana da” (“Metamorfosis del trabajo”, 1995).[97] Labur-zurrean: lanak bizi du gizakia beste ezerk baino areago. »

Joxe Manuel Odriozola[75]


Euskaltzaindia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Saez Beloki Euskaltzaindiaren historiako lehenengo Jagon jardunaldi telematikoan COVID-19 pandemiaren garaian (XXV. Jagon jardunaldia, Donostia, 2020).[98] Argazkia: Euskaltzaindia.

Patxi Saez Belokik 2015eko abenduaren 3ko Euskararen Egunean Euskal Herriko 16 hedabideetan[99] Andres Urrutia euskaltzainburuari zuzendutako eskutitz irekia argitaratu zuen.[100] Eskutitzean eskari zuzena egin zion Euskaltzaindiari: azken 50 urteotan indarrean zegoen euskararen paradigma aldatzeko prozesuan gidaritza hartzeko.

Euskaltzaindiak onetsi[82] egin zuen Patxi Saez Belokiren eskaria eta “Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak” Jardunaldia[101] antolatu zuen euskararen normalizaziorako bidean handik aurrera jorratu beharreko lan-ildoak zehazteko.[102]

2017an Euskaltzaindiak Patxi Saez Beloki Sustapen Batzordeko kide[2] izendatu zuen akademiaren baitan bere ekarpena egin zezan.

XXI. mendearen hasmentan euskarak lan arloan zentraltasuna irabazteko zeukan erronkari buru egiteko Patxi Saezek ezinbestekoa ikusten zuen Euskaltzaindiaren ekintzailetza eta jagoletza:

« Euskaltzaindia herri gogotik sortutako erakundea da eta mendeurreneko gogoetatik gogo berriturik ekin dio etorkizunari. Euskaltzaindia hor izan da beti euskararen historiako ekintzailetzan: ikastolen sorreran, euskalduntze-alfabetatzea antolatzen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera eramaten, euskararen lehenengo gaitasun agiriak banatzen... eta zalantzarik ez dut euskarak lan arloa irabazteko dituen premiei erantzuten ere hor izango dugula Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai. »

Patxi Saez Beloki[103]


2022ko azaroaren 18an, Sustapen Batzordeak antolatutako XXVII. Jagon Jardunaldiaren baitan, «Euskararen Gogoetagunea»[104] aurkeztu zuen Euskaltzaindiak euskararen etorkizun-ikuspegia landu eta euskararen biziberritzean arnas luzeko bisioa eta estrategiak marrazteko eta adosteko, beti ere, adostasun horietatik Euskal Herriko herri-erakundeen hizkuntza-politiketan jauzi berrietarako bidea egiteko. Euskaltzaindiaren «Euskararen Gogoetagunetik» marraztutako lau jauzi edo eskala handiko operazio berri horien artean lan-mundua zegoen lehentasunezko tokian.[105]

Jon Sarasua, Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea, aurkezpen-hitzaldian, euskararen arlo guztietako berrogei euskalari eta aldezkarien aurrean, horrela mintzatu zen ponentziaren kapitulu zentralera iritsi zenean:

« Lau jauzi, arlo handi, planteatzen ditugu etorkizun-ikuspegi honetan. Lehenik eta behin, jauzi-elementu funtsezko bat: lan-eremua. Eta, hemen, bisio honek planteatzen du uhin-aldi bat edo munta handiko olatu bat, eskala handiko operazio edo jauzi bat behar dugula euskararen lan-eremuko garapenean. Lan-eremua euskalduntzearen garrantzia Patxi Saezek ikusarazi zuen orain dela urte batzuk. »

Jon Sarasua[106]


Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Elefantea ikusi, erabili.com, 2015-10-13.
  • Beharra da giltza, Euskera aldizkaria, Bilbo: Euskaltzaindia, 61-2 ikerketa zenbakia, 2017ko azaroa, 439-460 orr.
  • Ardatzean jartzeko garaia, Hermes pentsamendu eta historia aldizkaria, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 57. zenbakia, 2017ko azaroa, 130-133 orr.
  • Euskararen misterioa, Hermes pentsamendu eta historia aldizkaria, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 60. zenbakia, 2018ko abendua, 84-91 orr.
  • Hizkuntzak egiten gaitu, Berria, Noticias de Gipuzkoa, Deia, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2016-11-12.
  • Euskararen zubigileak, Berria, Noticias de Gipuzkoa, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2016-11-05.
  • Berezko hiztunak, Berria, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Goierriko Hitza, Busturialdeko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Urola-Kostako Hitza, Puntua, Uztarria, Bizkaie, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2016-12-01.
  • Euskarak Bilbo behar du, Berria, Gara, Deia, Irutxuloko Hitza, Busturialdeko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Puntua, Uriola, Uztarria, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2017-01-24.
  • Euskararen bizi puskak, Berria, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Deia, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Busturialdeko Hitza, Uztarria, Bizkaie, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2017-03-21.
  • Hizkuntzakeria I, Berria, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Noticias de Alava, Irutxuloko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Busturialdeko Hitza, Puntua, Gara, Sustatu, Uztarria, Zuzeu, patxisaez.eus, 2017-04-27.
  • Hizkuntzakeriaren jokoa II, Berria, Deia, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Noticias de Alava, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Busturialdeko Hitza, Irutxuloko Hitza, Puntua, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2017-06-06.
  • Lingua Navarrorum eta hizkuntzakeria III, Berria, Noticias de Navarra, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava, Deia, Gara, Puntua, Sustatu, Zuzeu, patxisaez.eus, 2017-10-16.
  • Hizkuntzakeriaren arrautza IV, Bizkaie, Berria, Zuzeu, Sustatu, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Noticias de Alava, Gara, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Busturialdeko Hitza, Elinberri, Puntua, patxisaez.eus, 2018-04-9.
  • Hizkuntzakeriaren piztijendea V, Zuzeu, Sustatu, Berria, Gara, Noticias de Gipuzkoa, Elinberri, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Busturialdeko Hitza, patxisaez.eus, 2018-06-01.
  • Egiazko Euskaldunak, Berria, Sustatu, Zuzeu, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Gara, Elinberri, patxisaez.eus, 2018-09-01.
  • Euskararen ezkutuko bilera, Noticias de Gipuzkoa, Zuzeu, Sustatu, Deia, Gara, Noticias de Alava, Elinberri, Puntua, Goiberri, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, patxisaez.eus, 2018-10-24.
  • Euskaraldiaren indarra, Puntua, Berria, Gara, Zuzeu, Sustatu, Elinberri, Bizkaie, Goierriko Hitza, Busturialdeko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Noticias de Alava, Deia, Enbata, Iparraldeko Hitza, Diario Vasco, El Correo, patxisaez.eus, 2018-11-23.
  • Perretxikoak ikusi, Enbata, Gara, Bizkaie!, Zuzeu, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Elinberri, Goierriko Hitza, Sustatu, Puntua, Berria, Deia, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, patxisaez.eus, 2019-05-10.
  • Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa, Zuzeu, Sustatu, Berria, Enbata, Goierriko Hitza, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava, Gara, Elinberri, El Diario Vasco, El Correo, Noticias de Navarra, Lea-Artibai eta Mutrikuko hitza, patxisaez.eus, 2019-10-06.
  • Eta hortara goaz, Puntua, Hirutxuloko Hitza, Enbata, Berria, Gara, El Diario Vasco, El Correo, Zuzeu, Sustatu, Elinberri, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Bizkaie, Goierriko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Deia, Noticias de Alava, patxisaez.eus, 2019-12-03.
  • Amaren Sua, Puntua, Hirutxuloko Hitza, Enbata, Berria, Gara, Goiena, El Diario Vasco, El Correo, Zuzeu, Sustatu, Elinberri, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Goierriko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Deia, Noticias de Alava, Herria, patxisaez.eus, 2021-12-03.

Hitzaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Intxausti Rekondo, Joseba. (1987). Euskal Hitz. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia, 79 or. (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  2. a b Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren Sustapen Batzordea Euskaltzaindiaren Orrialde Ofiziala
  3. Saez Beloki, Patxi (2022) Umetako lokarriak Twitter, 2022-05-09.
  4. Saez Beloki, Patxi (2022) Umetako Lokarriak Goiberri aldizkaria 465. zk., 2022ko maiatza.
  5. Usurbe aretoko mezuak Goiberri aldizkaria 164. zk., 2015eko urria.
  6. Ixabel Olano: "Ez dakit zer eginez, baina euskarari eutsi egin behar diogu" Goierriko Hitza, 2015-10-04.
  7. Egileak: Patxi Saez Beloki Booktegi, 2019-03-07
  8. Sarriegi Eskisabel, Andoni (1988) Maizpide euskaltegi-barnetegi berria Lazkaon. Andoni Sarriegiren hitzaldia: Goierriko Euskal Eskolaren historia Zutabe aldizkaria, 17 zenb, 105-110 orr., 1988-08-29
  9. Amundarain Sarasola, Dionisio (1985) Goiherriko Euskal Eskola eta euskararen irakaskuntza Zutabe aldizkaria, 9 zenb, 33-42 orr., 1985-12-14
  10. «HABE: aurrekariak eta sortze legea» www.habe.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  11. (pdf) Azaroaren 25eko 29/1983 LEGEA, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeako Erakunde Sortaraztezkoa eta Euskaltegiak Araupetzezkoa.. EHAA, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria,183. zk., 1983ko abenduaren 12a (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  12. «Euskaltegiak» HABE (Noiz kontsultatua: 2023-05-09).
  13. «Mende laurdeneko euskalduntzea» Azpeitian Zer? 2009ko iraila (Noiz kontsultatua: 2020-02-16).
  14. «Euskara Patronatua sortu dute Azpeitian» (pdf) Euskaldunon Egunkaria 1999-03-12 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  15. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 1999, ISBN 84-457-1414-7
  16. «Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzeko eskaria 34 herrik egin dute» Euskaldunon Egunkaria 2000-12-01 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  17. «Biziberritze Plana sinatu dute Azpeitiko herritarrek.» Euskaldunon Egunkaria 2001-12-04 (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  18. «Estreinakoz Azpeitian aplikatuko da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia» Euskaldunon Egunkaria 2001-11-24 (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  19. «Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia udaletan: Plana garatzeko eskaria egin dute 34 herrik» (pdf) Euskararen Berripapera, 115 zenb, 2001ko abendua, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  20. «Azpeitiko Euskara Patronatuak Erabili.com webgunea jarri du sarean» Uztarria.eus 2003-04-01 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  21. Ibon Sarasola eta erabili.com eskutik berriro Uztarria sare-aldizkaria, 2005-11-09, 15:11
  22. EiTBk landutako hizkuntza-irizpideak erabili.com-en Sustatu sare-aldizkaria, 2004-05-18, 13:05
  23. «Euskara Patronatua interneten ere punta-puntan» Azpeitian Zer? 2006ko martxoa (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  24. «Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza» GAO, 19. zenbakia, 2006ko urtarrilak 30 (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
  25. «Udalaren hizkuntza euskara izango dela arautu dute» Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2005-12-03 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  26. «EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Azpeitiko Udalaren euskara ordenantza» Berria 2007-03-19 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  27. «Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du euskararen ordenantza» Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2009-06-22 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  28. «Azpeitiko alkateak dio udal euskara ordenantzak ez duela gaztelania diskriminatzen» Berria 2009-06-25 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  29. «Osoko Bilkura» Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Bilkura-egunkaria (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
  30. «Legearen hormen artean» Urola-Kostako Hitza 2009-12-03 (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  31. 2/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.. (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  32. Saez Beloki, Patxi. (2016). «Udalek euskara sustatzeko legezko ahalmena dute lehenengo aldiz» www.patxisaez.eus, 2016-04-21 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  33. Goikoetxea, Garikoitz. (2016). «Udal Legea, beste zimendu bat» Berria, 2016-04-17 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  34. Saez Beloki, Patxi (2023) Kate motzean Argia, 2023-12-03.
  35. Saez Beloki, Patxi (2022) Justiziaren mailupean Goiberri, 2022-11-17.
  36. «Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketan parte hartu du Azpeitiko Udalak» uztarria.eus (2021-05-06) (Noiz kontsultatua: 2021-05-08).
  37. ELEGUNE, Azpeitiko Euskara Patronatua ELEGUNE, Enpresen hizkuntza kudeaketarako gune teknikoa Azpeitia, 2023-03-16.
  38. «Enpresetan euskara planak garatzeko zentroa abian jarri du Euskara Patronatoak» Diario Vasco 2006-09-20 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  39. Ibargutxi, Felix (2006) Azpeitia bide-erakusle Diario Vasco, 2006-09-24
  40. Siadeco (2003) Azpeitiko Esparru Sozioekonomikoan Euskara Sustatzeko Azterketa Donostia, Siadeco Ikerketa Elkartea, 2003
  41. «Enpresen hizkuntza-gestioa» Sustatu.eus 2006-09-26 (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
  42. «Herriko enpresetan euskara garatzeko Elegune sortu dute» Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2006-09-15 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  43. «Lantegietan euskara behintzat krisian sartu ez dadin» Azpeitian Zer? 2009ko apirila (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  44. Saez Beloki, Patxi (2023) Berezko hiztunik gabe arnasgunerik ez patxisaez.eus, 2023-03-29.
  45. Saez Beloki, Patxi (2019) Eta hortara goaz patxisaez.eus, 2019-12-03.
  46. «Etorkinentzako laguntza programak martxan jarri dituzte» Uztarria.eus 2006-10-21 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  47. «Etorkizunean euskaldun» Azpeitian Zer? 2009ko martxoa (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  48. «Etorkizun egitasmoaren hamargarren ikasturtea abian da» Uztarria.eus 2015-10-28 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  49. Udal hizkuntza-politiketarako neurketa Euskararen Gizarte Erakundeen Kotseiluaren ikerketa 66 herrietan, 2006
  50. «Azpeitikoa aurrena euskal udalen hizkuntza politikaren azterketan» Uztarria.eus 2007-01-18 (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  51. «Udalak Bikain ziurtagiria lortu du» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
  52. «Ziurtagiria eskuratzen duen lehenengo udala» Azpeitian Zer? 2010eko azaroa (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
  53. Saez Beloki, Patxi. (2018). «Aittu euskaraz» www.patxisaez.eus, Beasain 2018-12-03 (Noiz kontsultatua: 2023-05-09).
  54. «Aittu euskara taldea sortu da, herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko.» Goierriko HItza (Noiz kontsultatua: 2020-02-04).
  55. Saez Beloki, Patxi (2020) Musukoa Twitter harreman sarean Patxi Saez Belokiren Kontu Ofiziala, 2020-04-12, 10:30
  56. Arejita, Adolfo (2020) «‘Goia jo’, ‘Erpina’ eta maskarillaren ordez ‘musukoa’» EITB, Euskadi Irratia, Faktoria, 2020-04-20, 09:56
  57. Arejita, Adolfo. (2022). Faktoriako Geziak. Euskal Irrati Telebista-Euskaltzaindia, 2022-12, 78-79 or. ISBN 978-84-126313-1-9. (Noiz kontsultatua: 2023-02-08).
  58. Yoshida, Iromi (2020) Maskara, Musukoa… Uztarria.eus, 2020-12-12
  59. Urretabizkaia, Arantxa (2020) Musukoa, maskara El Diario Vasco, 2020-07-27
  60. Carretero, Iñaki. (2021). «Maskara musukoa dela?» Alea aldizkaria, Araba, 2021-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  61. Puppy-k musukoa eramango du pandemia dagoen bitartean guztiok babestera animatzeko Guggenhein Museoa, Bilbo, 2020-10-28
  62. Labayru Hiztegia (2020) Mosuko (bizk) ikusi musuko (bat) Labayru Fundazioa, Bilbo, 2020ko maiatza
  63. Elhuyar Hiztegia (2020) Musuko Elhuyar Fundazioa, Usurbil, 2020ko uztaila
  64. Euskaltzaindia (2024) «Maskara» eta «musuko» Euskaltzaindia, Bilbo, 2024ko urtarrilaren 10a
  65. Egaña, Andoni (2022) Ikusteke Berria, 2022ko apirirak 20
  66. Erro, Angel (2022) Maskara edo musuko Berria, 2022ko apirirak 22
  67. «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  68. Lan mundua zentrala da euskararen indarberritzean. Donostia, 2017-06-02. ELA sindikatua, Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioa. (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
  69. Saez Beloki, Patxi. (2015). «Elefantea ikusi» www.erabili.com, 2015-10-13 (Noiz kontsultatua: 2019-03-06).
  70. Gartzia, Pruden. (2015-11-11). «Iraultza zientifiko bat behar dugu» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-02).
  71. Goikoetxea, Garikoitz. (2016). Euskara Irabazteko Bidean. Elkar-Jakin-Berria, 65-66 or. ISBN 978-84-90276-75-4. (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
  72. Iurrebaso Biteri, Iñaki. (2015). «Etorkizuneko erronkak finkatzeko ekarpen kulifikatua» www.erabili.com, 2015-10-13 (Noiz kontsultatua: 2023-07-31).
  73. Saez Beloki, Patxi. (2018). «Elefantea ikusi» Donostia: Booktegi, 2018 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  74. Odriozola, Joxe Manuel. (2017). Nora goaz euskalduntasun honekin?. Elkar, 88 or. ISBN 978-84-90277-87-4. (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
  75. a b Odriozola Lizarribar, Joxe Manuel. (2016). Elefantea gidari ona da. (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  76. Rodriguez, Txerra. (2015-12-16). «Elefantea(k)» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-02).
  77. Sarasua Maritxalar, Jon (2020) Lan eremuko uhinaldiaz Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak, Lasarte-Oria, 2020-05-14
  78. Sarasua Maritxalar, Jon. (2019). «Euskaraldia, ederki. Baina ondo al goaz?» Berria, 2019-03-03 (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  79. Liburu Zuria, Euskal Autonomia Erkidegoko Eremu Sozioekonomikoan Euskararen Plan Estrategikoa 2019-2023. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen-Zerbitzu Nagusia, 38 or. (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
  80. Amonarriz Gorria, Kike. (2019). Euskararen Bidegurutzetik. Donostia: Elkar Argitaletxea, 229 or. ISBN 978-84-9027-978-6. (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  81. «Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia» Gara (Noiz kontsultatua: 2020-02-04).
  82. a b «Euskaltzaindiak euskara biziberritzeko erronkak aztertuko ditu otsailean egingo duen mintegi batean» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-02).
  83. «Berrikuntzarako zimendu bila» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-07).
  84. «"Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak" jardunaldia, streaming bidez» Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2020-02-04).
  85. «"Euskara biziberritzen jarraitzeko erronkak jardunaldia. Aurkezpenak (I)"» Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2020-02-04).
  86. Saez Beloki, Patxi. (2017-11). «Beharra da giltza» Euskera aldizkaria, Bilbo: Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2019-03-06).
  87. Gartzia Isasti, Pruden. (2015). «Iraultza zientifiko bat behar dugu» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  88. a b Saez Beloki, Patxi (2016) Elefantearen Paradigma Ikusi Bilbon, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian 2016-02-12an irakurritako hitzaldia
  89. Saez Beloki, Patxi (2018) Euskararen behar naturala Berria, 2018-02-08.
  90. Saez Beloki, Patxi (2018) Euskararen behar naturala Zuzeu, 2018-03-23.
  91. Vadillo Otxoa, Alex. (2016). Elefantea, autoritatea, zorua eta beste. Allartean bloga, Garabide Elkartea (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  92. Saez Beloki, Patxi. (2016). «Euskara, beharra da gakoa» Berria, 2016-02-18 (Noiz kontsultatua: 2021-04-22).
  93. Saez Beloki, Patxi (2016) Berezko hiztunak patxisaez.eus , 2016-12-01.
  94. Saez Beloki, Patxi (2023) Berezko hiztunik gabe arnasgunerik ez patxisaez.eus, 2023-03-29.
  95. Saez Beloki, Patxi (2017) Ardatzean jartzeko garaia Hermes pentsamendu eta historia aldizkaria, 57. zenbakia, 130-133 orr., 2017ko azaroa. 
  96. Saez Beloki, Patxi. (2019). «Zer izan behar du Euskaltzaindiak datozen urteetan, zein da haren egitekoa?» Patxisaez.eus, 2019-10-06 (Noiz kontsultatua: 2021-10-16).
  97. Gorz, André. (1995). Metamorfosis del trabajo. Madril:Sistema argitaletxea, 158 or. (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  98. Entitate pribatuak: nola eman zerbitzua euskaraz herritar eleaniztunei?. Donostia: Euskaltzaindiaren XXV. Jagon jardunaldia, 2020ko azaroaren 6an (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  99. «% 80 baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados» Zuzeu orainkaria, 2015-12-16, 12:20 (Noiz kontsultatua: 2021-06-04).
  100. Saez Beloki, Patxi. (2015). «Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia» Uztarria.eus, 2015-12-03 (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  101. Euskaltzaindia (2016) Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak Jardunaldia (egitaraua) Euskaltzaindia.eus, 2016-02-12
  102. Osa Ibarloza, Erramun (2016) Euskaltzaindia eta euskararen normalizazioa Karmel aldizkaria, 294 zenbakia, 2016-2 apirila-ekaina, 27-39 orr.
  103. Saez Beloki, Patxi. (2019). «Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa» Berria, 2019-10-15 (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
  104. “Euskararen Gogoetagunea” aurkeztu du Euskaltzaindiak Euskaltzaindia, XXVII. Jagon Jardunaldia, 2022-11-18.
  105. «Eskala handiko erreakzio egitura bat planteatu behar dugu, edukiak izango dituena» Berria, 2023-01-15.
  106. Sarasua Maritxalar, Jon. (2022). «Euskararen Gogoetagunearen aurkezpena eta euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun ikuspegia». Donostia: Euskaltzaindia, Sustapen Batzordea, XXVII. Jagon Jardunaldia, 2022ko azaroaren 18a (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Patxi Saez Beloki
Wikidatan datu irekiak daude honi buruz: Patxi Saez Beloki