Elbira Zipitria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Elbira Zipitria
Elbira Zipitria
Elbira Zipitria, 1939an, Saran
Datu pertsonalak
Izen osoa Elbira Justa Zipitria Irastortza
Jaio 1906ko maiatzaren 28a
Zumaia (Gipuzkoa)
Hil 1982ko abenduaren 26a
Donostia (Gipuzkoa)

Elbira Justa Zipitria Irastortza[1] (Zumaia, Gipuzkoa, 1906ko maiatzaren 28a - Donostia, 1982ko abenduaren 26a) maistra, ikastolen sortzaileetarikoa, euskararen sustatzaile eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalari izan zen. Eusko abertzale sutsua eta eusko abertzaletasunaren eragile, jeltzalea (Emakume Abertzale Batzako kide) eta katoliko fededuna, frankismoaren urte beltzenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuena. Pedagogia aurrerakoia erabili zuen, besteak beste ikasle zituen neskatoen eta mutikoen arteko berdintasuna aldezten zuena.[2][3][4]

« Zu, oso tradizionalista izan zinen bizitzako aspektu askotan, hala ere, Eskola Berriaren printzipioak ikusteko gaitasuna erakutsi zenuen, Adolf Ferriere, Maria Montessori, Ovidio Decroly eta zure irakurketen ardatza baitziren. Jakin ezazu, Elbira, zuk markatutako ildo nagusiak, 100 urte geroago ere egungo heziketa gidatzen duten ardatzak direla: ikasle guztiengan sinistea, eleaniztasunaren garrantzia, ikasketa prozesuan haurren protagonismoa bermatu beharra...  »
«Elbira Zipitria andereñoari»[5]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922an, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako ikasketak hasi zituen, eta lau urte geroago nota bikainekin burutu. Errepublika garaian sortu zuen bere lehen ikastola, Donostiako Parte Zaharreko Ikatz kalean. Francoren altxamenduaren ondorioz, mugaz gaindi, Sarara joan behar izan zuen ihesi. Baina, urte gutxiren buruan, itzuli eta gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, berriz ere ikastola bat martxan jarri. Eragin itzela izan zuen gerra ondorengo ikastolen hasieran; esan daiteke hura izan zela euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak lotu zituena.[6][4][5]

Euskara eta pedagogia berritzailea; bi ardatz horiek oinarri hartuta, ondorengo ikastolen sustraiak errotu zituen Elbirak. Piaget, Freinet, Makarenko eta Montessori pedagogoen teoriak gurera ekartzen lehena izan zen. Oso irakaskuntza aurreratua erabili zuen, garai hartako eskolekin aldea oso handia zen.[6][4]

Ikastolen alde lanean jardun zuen, 1982an zendu zen arte. Baina ez zen soilik haurren andereño izan. Ikasleekin batera, euskarazko irakasle bilakatu nahi zuten Irakasletzako ikasleak etortzen zitzaizkion Elbirari, praktikak egitera; geroko ikastolen hazia erein zuten irakasle berriak. Gehienak emakumezkoak izaki, andereñoen andereño izan zela idatzi zuen Joxemi Zumalabek 1982an (eta, geroztik, beste hainbatek ere erabili du izendapen hori, Elbira Zipitriari buruz). Zipitriarekin praktikak egindako irakasle haietako bat Kontxi Beitia da, Pasaiako Ikastolaren sustatzailea. «Ez dizut erakutsiko zuretzat soilik, baizik eta Euskal Herrian zabaltzeko niregandik ikasi duzuna». Zipitriak irakasle gazteei emandako mezua da, Beitiak dioenez.[6][7][8]

Helduei euskara irakasten ere jardun zuen. Gau eskola zuen antolatua, batez ere euskaldun zaharrak alfabetatzeko. Eta, euskararen irakaskuntzan, Elbirak berebiziko urratsa egin zuen: euskal aditza irakasteko, erdal gramatiketako terminologia iluna baztertuta, lehendabizikoz hasi zen NOR-NORI-NORK, hitz horiekin, erabiltzen; ordu arte, sujeto, paciente, recipiente eta gisakoak erabili izan ziren.[9][10]

Euskara batua ez zuen sekula onartu, eta bere bizitzako zio bihurtu zuen haren aurkako gurutzada, bere azken urteetan. Izaera hermetikoa zuen, oso gogorra zen jendearekin, gizonezkoekin batez ere. Hala ere, ezagutu zuten askok maitatua izan zen, eta ezagutu zuten guztiek aitortu dute dioten zorra.[11][8]

Sariak eta omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b Mari Karmen Mitxelena Illarramendi: Elbira Zipitria (1906-1982) , Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005.
  3. Mari Karmen Garmendia Lasa eta J. Iñaki Etxezarreta Alberdi: «Ezkutuko ikastola : Elvira Zipitria», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. a b c Arantxa Urbe: «Elbira Zipitria, andereñoen andereño», Argia, 1975. zenbakia, 2005-01-16.
  5. a b Resu Abasolo eta Juana Lopez de Muniain: «Elbira Zipitria andereñoari», Berria, 2006-05-28.
  6. a b c «Elbira Zipitria», Eskerrik Asko Andereño webgunea.
  7. Joxemi Zumalabe: «Elbira, andereñoen andereño», Argia, 1982-12-22.
  8. a b Ekain Rojo: «Garai ilunetako euskararen argia», Berria, 2007-12-30.
  9. «Elbira Zipitria Irastortza», Bagera.net Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen gunea.
  10. Onintza Irureta: «Nahasteko baino ez du balio subjektuak», Gontzal Fontanedari eginiko elkarrizketa, Argia, 2101. zenbakia, 2007-09-09.
  11. Resu Abasolo, Juana Lopez de Muniain eta Arantxa Urbe: Ilunetik argira. Elbira Zipitria, Xangorin, 2004.
  12. Elbira Zipitria kalearen orria, Donostiako Udalaren webgunean.
  13. «Premios Elvira Zipitria y Mari Carmen Alzueta», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  14. «Elbira Zipitria in memoriam», Gipuzkoa Kultura webgunean.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Resu Abasolo, Juana Lopez de Muniain eta Arantxa Urbe: Ilunetik argira. Elbira Zipitria, Xangorin, 2004.
  • Mari Karmen Mitxelena Illarramendi: Elbira Zipitria (1906-1982) , Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005.
  • Jesus Maria Larrazabal Antia: Elbira Zipitria gogoan: piageten argitan, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2006.