Arnasgune

Wikipedia, Entziklopedia askea
Azpeitia eta Usurbil UEMAko udalerriak dira (Berria.eus)

Arnasgune soziolinguistikako kontzeptu bat da. Estatu Batuetako Joshua Fishman soziolinguistaren ingelesezko breathing space kontzeptua euskarara ekarri zuen Mikel Zalbide hizkuntzalari eta soziolinguista donostiarrak. Arnasgune hitza erabiltzen da demografikoki euskal hiztun asko biltzen dituzten guneei buruz hitz egiteko. Haiek irudikatzeko modurik errazena udalerri euskaldunetan pentsatzea da. Udalerri horietan euskara modu naturalean transmititzen da, eta bertako herritarrentzat beraien bizimodua euskaraz egitea gauza normala da.

Zalbideren arabera, hizkuntza batek iraungo badu, behar-beharrezkoak ditu arnasguneak, lasai eta beste hizkuntzen mehatxurik gabe sentitzeko inguruak. Dena den, arnasguneak ez dira udalerriak soilik. Udalerri erdaldun bateko kafe antzoki bat arnasgunea izan daiteke, bertako jardun guztia euskaraz egiten badu; edo ekintza jakin bat arnasgunea izan daiteke, bertan arau soziala euskara delako (bertsolaritza, esaterako).

Gaur egun, politikoki eta sozialki onartuta dago beharrezkoa dela euskararen arnasguneak babestea eta garatzea. Hain zuzen, arnasguneak oinarri dituen erakunde bat dago Hego Euskal Herrian: UEMA. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 107 udalerri biltzen ditu, eta arnasguneetan hizkuntza mantentzeko zein zabaltzeko lan egiten du, udalei zein udalez kanpoko zerbitzuei begira (hezkuntza, aisialdia, merkataritza, turismoa...).

Arnasguneen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago marra zehatz bat adierazteko zein diren arnasguneak eta udalerri euskaldunak[1], baina hainbat datuk lagundu dezakete bereizketan: ezagutza zein erabilera % 80 inguruan dituztenak izan ohi dira, oro har, arnasguneak. Hortik beherako zifretan, udalerri euskaldunak izan arren, agian, ez da horren erraza erabat euskaraz bizitzeko ohitura duten udalerriak aurkitzea. Arnasguneek honako ezaugarri bereiziak dituzte:

  • Transmisioa: Arnasguneetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza, gurasoetatik seme-alabetara, modu naturalean. Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da beraientzat euskaraz bizitzea eta izatea. Oso faktore garrantzitsua da hori, hizkuntzak iraungo badu.
  • Indarra: Bizi-bizirik dago euskara arnasguneetan; hizkuntza "normala" da, eta egunero berritzen ari da. Garai eta ohitura berrietara egokitzen da euskara arnasguneetan, bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dutelako.
  • Eredu izatearen garrantzia: Arnasguneetako herritarrak eredu izan daitezke euskararen normalizazioan. Erakutsi dezakete posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela bizitzako esparru guztiak euskaraz egitea: lagunartea, lana, bizitza sozial guztia... aldi berean, arnasguneetako instituzioak ere izan daitezke eredu, eta erakutsi dezakete euskara politikarako eta administraziorako hizkuntza ere badela. Gauza garrantzitsuen eta garrantzirik ez duten gauzen hizkuntza ere badela euskara.

Arnasguneen garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnasguneetatik euskara zabal daiteke Euskal Herriko beste txoko batzuetara. (UEMA)[2]

Hizkuntza ekologiaren[3] marko teorikoan kokatzen da arnasguneen diskurtsoa. Esan ohi da Amazonia dela naturari arnasa ematen dion birika. Horregatik ondo zaindu beharreko ingurua da, haren galerak ekarriko lukeelako gainontzeko guztia arriskuan jartzea. Bada, udalerri euskaldunak dira euskararen Amazonia. Haietan garatzen, erabiltzen eta biziberritzen da hizkuntza modu naturalean, eta motor papera dute hizkuntzaren normalizazio prozesuan, arnasguneetatik zabal daitekeelako euskara gainontzeko txokoetara. Beraz, euskarak iraungo badu, arnasguneak babestea eta zabaltzeko lan egitea beharrezkoa dela ulertzen da.

Ekologia, aniztasuna eta iraunkortasunaren diskurtsoak soziolinguistikara ekarri dira hizkuntza ekologian. Galtzeko arriskuan dagoena zaintzea da, azken finean, helburua. Balore etikoak errespetatzea eskatzen dute ekologia mota guztiek: aniztasuna, berdintasuna, elkartasuna. Natura zaintzeko saiakera egiten dugun bezala, hizkuntza gutxituak koka daitezke ikuspegi horretan. Galtzeko arriskuan dauden espezieek lege babesa dute, onartuta dagoelako munduari aberastasuna ematen diotela. Hizkuntzekin gauza bera gertatzen da. Hori da arnasguneen diskurtsoaren oinarria.

Ekologiatik hizkuntza ekologiara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hartz arrea galtzeko arriskuan dagoen animalia espezie bat da.

Gaur egun, Europan hartz arrearen 110 ale inguru geratzen direnez, espeziea galtzeko zorian dago. Lehen, ugaria zen Mendikate Kantaurikoan eta Pirinioetan, baina beste espezie batek (gizakiak) lekua kendu zion, ehizatuta eta haien bizitokia suntsituta. Egun, erakundeek hartz arrea zaintzeko, honako neurriak hartzen dituzte, besteak beste:

  • bizirik dauden hartzak babestu eta ugaltzen lagundu,
  • haien ekosistema zaindu eta errespetatu, eta
  • herritarrak sentsibilizatu, hartzen garrantzia ikus dezaten.

Euskara ere galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat da, beste hainbat hizkuntza bezala. Gainera, hartz arrea bezalaxe, euskara ez da hizkuntza gutxitua berez hala delako, haren aurkako neurriak hartu (izan) direlako baizik, urte frankotan eremua eta funtzioak jan dizkiotelako.

Euskarak bizitzeko, ulertzeko eta ikusteko modu desberdin bat eskaintzen dio munduari, eta aberasgarria da Euskal Herriarentzat ez ezik, gizarte guztiarentzat. Hain zuzen, horregatik, animaliak, landareak eta ekosistemak zaintzeko neurriak hartzen diren bezala, UEMAk eta beste hainbat eragile politiko eta sozialek defenditzen dute erabat beharrezkoa eta zilegi dela arnasguneak babesteko eta zabaltzeko neurriak hartzea, beti ere, modernitateari eta aldaketei lotutako guneak bezala.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetako joerari erreparatuz gero, Euskal Herriko gune euskaldunenak erdalduntzen ari dira, eta arnasguneak arriskuan daude kasu askotan[4]. Egia da azken urteetan lan handia egin dela euskararen normalizazioan eta alfabetizazioan: gero eta gehiago dira euskaraz dakitenak. Horrek ekarri du erabat erdalduna den udalerririk ez egotea, batik bat, EAEan. Ezagutzak, ordea, ez dakar berarekin erabilera, eta herri erdaldunak euskalduntzearekin bat, gune euskaldunenak erdalduntzen ari dira, homogeneizazio egoera batera hurbilduz. Ezagutza beherantz doa herri euskaldunetan, baina, batik bat, erabilera ari da jaisten: euskaraz egiteko hautua, alegia.

Hori azaltzeko hamaika faktore izenda daitezkeen arren, garbi dago ez dagoela arrazoi bakar bat errealitate horren aurrean, eta esparru guztiek eragiten diotela euskararen egoerari: immigrazioak, hirigintza ereduak, egoera sozioekonomikoak, kultura ohiturak... Gune erdaldunak euskalduntzen joatea benetan pozgarria eta txalotzeko da, eta oraindik indar asko dago egiteko bide horretan; baina, UEMAren ustez, euskaldunei goian heldu behar zaie, haiek direlako gainontzekoen eredu joera orokorretan, ezagutzari eta erabilerari dagokienez.

(UEMA)

Datuak: 1981-2011[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EUSTATen datuen arabera, 1981ean % 90etik gorako euskararen ezagutza zuten 56 udalerri zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (Nafarroako datuak ez daude udalerriz udalerri). 2011n, handik 30 urtera, 13 udalerrik soilik betetzen zuten ezaugarri hori[5].

Lehen hizkuntzari dagokionez, 1981ean, 56 udalerritan zuten ama hizkuntza euskara herritarren % 90ek baino gehiagok. 2011n, berriz, ezaugarri hori udalerri batek soilik zuen, Abaltzisketak (Gipuzkoa).

Etxeko euskararen erabilerari dagokionez, 34 udalerritan egiten zuten etxean euskaraz % 90ek baino gehiagok 1981ean, eta 2011n ez zegoen jada irizpide hori betetzen zuen udalerririk.

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri euskalduntzat jotzen dituzte euskal hiztunen ehunekoa % 70etik gorakoa dutenak. Baldintza hori betetzen duen 200.000 biztanle inguruko inguruneaz ari gara. Horietako asko, baina ez guztiak, eskuineko mapan ikus daitekeen legez, UEMAn sartu egin dira[6]. Orain arte UEMAn sartutako udalerriak hauek dira:

Araban[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Goikoetxea, Garikoitz. «Herri euskaldunak eta arnasguneak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).
  2. https://www.uema.eus/wp-content/plugins/udalerriak/images/mapa2.jpg
  3. Uranga, Belen. (PDF) Hizkuntza-ekologia. Ekologia biologia eta hizkuntza-ekologiaren arteko joan-etorriak.. (Noiz kontsultatua: 2019-06-28).
  4. «Arnasguneak. Etorkizuneko erronkak» (PDF) UEMA - IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).
  5. Martinez de Luna, Eriz eta Zalbide. (PDF) Euskararen bilakaera soziolinguistikoa: 1981-2011. (Noiz kontsultatua: 2019-06-28).
  6. «Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin» Bizkaiko Hitza 2016-07-01 (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]